"Angustia eta konfusio handiarekin idatzi dut nobela"

  • Izoztuta, "Lagun izoztua"ren egileari, laguna ez ezik, irudia geratu zaio, 1985ean eta Martuteneko kartzelan adiskide batzuek egin zioten argazki sorta hartan. Duela hamasei urtekoa da, beraz, idazlearen irudi ofiziala; bere egoeraren metafora azken batean, "klandestinitatean" eta "beste identitate batekin" bizi beharraren plasmazioa. Egoera horretan barneratzen du irakurlea "Lagun izoztua" nobelak, zalapartarik gabe, ozen baino ahopeka gehiago, dramatismo bareaz, eta gupidarik gabe aldi berean, hotzaren –hotz mota ezberdinen– desolazioa hezurretaraino sartuz.
     


2001eko azaroaren 18an

Le Carréren nobela bat betetzeko adina istorio bizi izan ditu dagoeneko iheslariak, baina horiek isilpean utziko ditu oraingoz, ezinbestean, erbestearen zakuan. Hortaz, «Lagun izoztua»ri buruz bakarrik hitz egingo digu Joseba Sarrionandiak aspaldiko partez emandako elkarrizketa bakanean; ordainetan, interlokutorea izango da identitatea ezkutuan utziko duena.

Hamabost urte daramatzazu exilioan, exilioko nobela atera zaizu. Aukeratu duzun abiapuntua da hau ala ezin zitekeen besterik izan?

Angustia eta konfusio handiarekin idatzi dut nobela hori; autobiografikoa ez den arren, fikzioa eginda ere, pertsonaia eta egoeretan inplikatuta sentitu naiz.

Autobiografikoa ez bada, testimoniala izango da orduan?

Ez da ez autobiografikoa ez testimoniala. Baina esperientzia pertsonalean oinarritzen da, ez nire esperientzia pertsonalean bakarrik, beste batzuen esperientzia pertsonalean ere bai, nobelan zehar kontatzen diren esperientzia pertsonalak imajinarioak diren arren.
Literatura imajinazio eta hizketa jokoa baino zeozer gehiago da, literaturak inoren esperientzia pertsonala zabaltzeko balio du. Bizitzaren bitarte batzuk argituz eta gertaerei zentzu bat antzemanez, literatura, esperientzia pertsonal horiek esperientzia kolektiboa bihurtzeko modu bat izan daiteke.

Posible ote da exiliatuak exiliokoa ez den literatura sortzea?
Posible bai, gramatika arauemaile bat ere idatzi ahal da erbestean. Baina bizimoduak bere baldintzak ezartzen ditu, eta gramatika arauemailea errazago osatuko da Linguistika Akademian lan eginez gero. Erbestean bestelako materiala eta giroa duzu, bestelako desasosegu bat. Erbesteko esperientzia humanoa duzu eskuan bere argi-ilunekin eta bere mugekin.
Ovidiok Erroma inperialean «Ars Amatoria» idatzi zuen, eta gero Itsaso Beltzaren bazterrean «Tristia» idatziko zuen. Alderantzizkoa egiteko, Erromako patrizioen afalostean «Tristia» errezitatzea eta gero Ponto Euxinoko bakardadean sedukzio teknikei buruzko lezioak emateko histrionismo handia behar da. Literatura artifizio bat da, baina badago hor ere benekotasun arazo bat.

Bi belaunalditako exilioa agertzen da zure nobelan: plano nagusian gaur egungoa eta atzean gerra ostekoa. Zein lotura dago bien artean eta zein ezberdintasun?

Gainean dugun estatu nazionalismo espainolaren aurkako errebeldia nahiko iraunkorra da gure historian. Baina kontestu desberdinetan eman da. Gerra zibilean legalitate errepublikanoa euskaldunen alde zegoen eta, legalitate hori gerran derrotatua suertatu arren, erbesteratuek estatu batzuen sostengua izan zuten, batez ere aliatuek bigarren gerra handia irabazi zutenez gero. Frankismoaren sasoiko erbesteratuek aterpea izan zuten, aterpe hori jauregia baino gehiagotan tejabana izan arren. Azken hogei urteotako erbestean, ostera, iheslariak ez du babeslekurik. Estatu espainolak satanizazio estrategia bat du gure aurka, ez bakarrik borroka armatuaren aurka, baizik eta independentzia politikoaren aldeko edozein gauzaren aurka, sorgin ehiza moderno bat, eta hori nabaritu egiten da.
Nazioartean estatuei komeni zaizkien legeak nagusitu dira, eta estaturik gabeko jendeak ez du anparorik ez sosegurik. Estatua da «nortasun agiria» eman ahal dizun bakarra, nortasun-agiria komilla artean esanda. Garai batean uste zen estatuak geroago eta ahulagoak izango zirela, baina ikusten da estatuak oso indartsuak direla eta geroago eta estatuen legea gehiago ezartzen dela.

Nobelako exiliatu horientzat mundu guztian oinak plantatzeko tokirik ez dagoela dirudi. Izena eta identitatea aldatuta bizi dira, poliziengandik ihesean, ezkutuka...

Bai, gaur egungo euskal erbesteratuak sarritan klandestinitatean jarraitu behar du eta orduan erbestea ez da bakarrik beste lur batean bizitzea, beste identitate batekin bizi behar du. Eta hori luzaroan gertatzen denez gero, urteen buruan zer gertatzen zaio agiri ofizialik gabeko nortasun horri? Auskalo zatitzen den edo indartzen den, edo ahultzen den... Eta erbesteratuaren nortasunak jasaten dituen trantzeoi buruzkoak dira nobelan zehar proposatzen diren galderetako batzuk.

Aberriarengatik exiliatu eta beste herri bat topatzen badu exiliatuak, berea traizionatuko ote duen kontzientzia txarra sortzen zaio?

Ez dut uste horrela denik gauza, jendea borrokaren zirkunstantziengatik erbesteratzen da, «aberri» hitza apur bat hantuegia da horretarako, eta, bestalde, beste herri batean integratzea ez dut uste inork traiziotzat hartuko lukeenik.
Baina erbeste egoera arazotsua eta aldrebesa da berez eta horrek arrazionalizatzeko beharra ezartzen dizu. «Arrazionalizazioa», badakizu, ez da gauzak logika arrazionalez pentsatzea baizik eta egoera edo zeure burua justifikatzeko egiten duzun diskurtsoa. Abandonatutako errealitateari buruzko diskurtsoa fosildu egiten da, pentsatzen eta egiten denaren arteko kontraesanak hasten dira. Orduan gerta daiteke, esate baterako, erbesteratuak diskurtso hiper-abertzale bat mantentzea eta azken batean Euskal Herrira itzuli nahi ez izatea. Erbestean luzaroan bizi izandako jende askori gertatu zaio hori, gerraondoko erbesteratu askori. Ez dakit zer gertatzen den, horri buruz galderak egiten ditut eta gertatzen dena ulertzeko ahalegina...
Mitologia literarioan Ulisesen itzulera aipatzen da erbestearekin lotuta, mito hori psikologiak ere jaso du eta argi dago bidaiariak eta erbesteratuak Ulises konplejoa duela. Baina nire ustez badago beste konplejo bat, bidaia utzi eta bertan geratzeko, eta ez dakit psikologian izenik izango duen...

Jose Uriosteren konplejoa izango da, ez?

Bai, Jose Urioste sorterrira itzuli gabe hil zen, itzuliz gero Orozkon zer topatu beldurrez.

Jose Urioste 36ko exiliatuak baserri bat eraikitzen du atzerrian, euskaraz irakasten die seme-alabei, euskal giroa mamitzen du familian... Haren alabak Maribeli taloak eginarazi nahi dizkionean, esperpentikoa da egoera.

Nobelan Jose Uriostek abertzaletasun fosildu, antzu, harro eta jadanik kitsch bat errepresentatzen du. Bera ez da pertsonalki azaltzen nobelan, baina bere seme-alabak bere herentziarekin bizi dira, ondare horren alde edo aurka. Alabak jatorriaren herentzia hori gorde nahi du, maite duelako. Semeak, ostera, ondare hori erdi maite erdi gorrotatzen du. Gauzak «heterotopia» eta horrelako beste hitz greko teknikoen bidez konprenitu nahi lituzke. Eta hitz teknikoak ez dira agian sentimenduak ulertzeko tresnarik egokiena...

Exiliatua indar bikoitzaren menpe: etxera darama batek eta besteak exilioan jarraitzera. Nola eragiten diote bi indar kontrajarri horiek?

Jose Uriosteri Euskal Herrira itzultzeko gogoarekin urteak urteen gainean pilatu zitzaizkion eta, azkenean, Euskal Herria urrun zuela ohartu zen, eta ez fisikoki bakarrik. Hala ere, bere gogoaren neurriko mitologia bat jarraitu zuen lantzen, egiazko Euskal Herriarekin zerikusirik ez zuena, bere egoera arrazionalizatuz, Euskal Herrira egundo itzuli gabe.
Baina bi joera horiek, sorterrira itzultzeko gogoa eta beharra, baina itzultzeko beldurra eta erbestean geratzeko beharra ere bai, erbesteratu bakoitzaren baitan aldi berean gertatzen dira eta, batzuetan, oharkabean.

Indar batek edo besteak irabazi, beti geratuko ote da erdibituta exiliatua?

Nire inpresioa da baietz, erbesteratuak iragana galdu du eta konparatuko nuke besoa edo zangoa galdu duen jendearen esperientzia anatomikoarekin, galdutako parte horrek hortxe balego bezala mina ematen duelako.
Euskal Herritik urrun geratzen den erbesteratuak parte galdu horren mina dauka, eta Euskal Herri txiki bat izango du armairu batean gordeta, liburu batzuk, musika kaset batzuk izango ditu, beso galduaren hondakina gordetzen duen mainguak bezala. Baina Euskal Herrira itzultzen denak ere ez du, seguru asko, bere parte galdu hura errekuperatuko, fisikoa eta norberarena den gauza bat galdu duelako, denbora, eta horrek ez du erremediorik.

Istorio nagusiarekin bilbatuta Kalaportukoa dago, eta hor nerabeen iniziazioa erritual guztiarekin. Badirudi Kalaportun kokatzen dela herrimina ez ezik, gaztemina ere...

Herrimina bai, behar bada, baina Kalaportuko parte horretan Andonik Goiori buruz hitz egin nahi du eta ia hasieratik argi dago asko asmatzen duela, berak Goio ezagutu orduko gauzak ere gehiegizko zehaztasunez kontatzen dituelako. Iraganaren historia, badakizu, erdi oroitu erdi asmatu egiten da.
Bestalde, ondo dago diozun «gaztemin» hitz hori. Herrimina beste gaztemina dago atal horretan. Gertatzen da jende batzuek ez dituztela helduerako epeak konplitzen, ez dute lantokian luzaroan iraun, ez dira ezkondu, ez dute soldata erregularrik, ez dute seme-alabarik, 14 urteak luzatu zaizkie. Horixe gertatu zaie nobelako pertsonaia gehienei, Goiori, Maribeli, Josuri, Andoniri... nerabezaroa luzatu egin zaie oharkabean. Harik eta zifrak okertzen zaizkiela ohartzen diren arte, 14 urte izan beharrean jadanik 41 urte bete dituztelako. Ia oharkabean zaharturiko nerabeak dira eta galdutako denborak memoria hondar batzuk baizik ez dizkie utzi.

Lagun iezaguzu, arrasto batzuk emanez, mapan Kalaportu bilatzen.

Kalaportu itsaso bazterrean dago, Gipuzkoan, Ondarroa baino sortalderago. Ez da geografia liburuetan aipatzen, baina ez jendea handik pasatu ez delako, denok pasatu gara inoiz, lanera joateko handixik, Kalaportu albotik, pasatu behar duzu ia goizero.
Dena dela, Kalaportu mapetan ez agertzea, kartografoen broma iruditzen zait.

Eta Pupuna?

Pupuna ere kartografoek tapatzen dute, eta Rio Quemado ere bai. Summer Town, ostera, uste dut elurrak tapatuko duela.

Denboraren tratamentua zehatza da oso nobelako hari bakoitzean. Maribelek orainaldian egiten du kontakizuna, Andonik iragana erabiltzen du Kalaportukoa azaltzeko, eta beste partean aditza geroaren formetan erabiltzen da.

Hari bakoitzean denboraren erabilera nahiko homogeneoa da. Baina hiru denborak txandaka aldatzen dira atalik atal.

Denborak txandakatzen direnez gero, iraganak orainaldia esplikatuko zuela uste nuen irakurri ahala...

Ez, hamalau urterekin gertatzen denak ezin dizu berrogeita batekin gertatzen dena ulertarazi. Iragan hori historiaurrekoa da, lokarriak badaude baina aro urrunegiak dira lokarri kausalak proposatzeko. Imajinatu zazpigarren mendea kontatzen dizutela hogeigarren mendean gertatu dena uler dezazun. Lokarriak eta analogiak bestelakoak dira.

Ez dago suspentserik eta, hala ere, dramatismo hotz bat dabil liburuan zehar...

Ez da argumentu-nobela, ez dut thriller bat egin nahi izan eta gertaeren kate kausalean begi asko geratu dira ezkutuan. Pertsonaia-nobelarik ere ez dut egin nahi izan, nondik datorren eta nora doan ondo ez dakien jendea dira pertsonaiak, iragana moztuta bizi dira gehienak eta etorkizun argirik gabe, baina inor ere ez da osorik erakusten, haien barru munduaren arrasto eta seinale batzuk baizik ez dira nobelan ematen. Izotzaren irudia erabiltzen da metafora moduan, iceberg bat uretan, eta egitura dramatikoa apur bat izotz zatiak uretan bezalakoa da.
Protagonista Goio da eta, hala ere, bera da pertsonaia guztietan moztuena. Goioren gaixotasuna enigmatikoa da, zer daukan eta zergatik, jitoan eta noraezean dabilela ikusten da, beste batek eramanda atoian mugitzen da ia beti.
Maribel ere deserrotuta dago, ez du arrazoi nahikorik ematen Goiorekin hain urrunera enbarkatzeko, eta gero zergati ezagunik gabe mugitzen da, esate baterako, Pupunaraino. Bera ere nahiko noraezean dabilela uste dut.

Goio-Gorria etengabeko bidaian dabil, eta Maribel ere bai, baina etxetik irten ere egin gabe mugitzen dizkie hariak Josu-Armandok. Narratzaile orojakilea?

Narratzailea ez dut uste oso orojakilea denik. Josu-Armando liburuaren autorea da, baina pertsonaia ere bai, eta oso interesatua gainera bere neskalaguna den Maribelen portaerari buruz esate baterako. Distantziamendu eta ikuspegi aldaketa batzuk daude hor. Narratzaile orojakilea izan ezin duenez, autoreak Maribel bera eta Andoni hartzen ditu narratzailetzat. Josuk Maribelen berarekiko separazioa ulertu behar du, nobelaren zeharkako gaietako bat hori da, eta lagunaren ikuspegitik errepasatu nahi du separazio hori, igual ispilu bat topatu nahi du bestearen kontakizun horretan, baina Maribelen narrazioak bazterrean uzten du Josu. Andonik eta Goiok ezagutu ere ez dute egiten, beste narratzaileek eta pertsonaiek nahiko bazterrean utzitako pertsonaia da azken batean autore hori.

Autoreak Goiori etorkizuna aurresaten dio. Gero aurreratu hori errekurtso literarioa da besterik gabe? Iragarpen iragarria? Ala nahi hutsa?
 
Fikzio bat dela esango dizut, gauzak ondo anbiguo uzteko.

Nolanahi ere bukaeran happy end horrekin harritzen gaituzu. Itxaropenari zirrikitua beti zabalik?

Etorkizunari eta esperantzari eta horrelako gauzei buruz, tokatu zaigun mundu honetan, ironia apur batekin baizik ezin da hitz egin, ezta? Bizipoza bai edozein kale izkinetan topa dezakezu, baina nobela amaierako hori ipuin portugesen bukaera zoriontsu malenkoniatsuen modukoa da: «Ezkonduko dira eta festa handi bat eginen dute, eta ni ez naute gonbidatuko». Horrela amaitzen dira ipuin portuges asko, eta happy end izango da nahi baduzu, baina tira, ezkontideak lorik egin gabe eta goizaldeko lehen argiekin munduaren azkeneko portuan zabor kamioi baten atzetik joatea zorion umila da.

Lehenengo nobela duzu. Ipuinak bai, hainbat idatzi dituzu. Zer alde dago genero bien artean idazlearentzat?

Ipuina oso laburra dela eta nobela oso luzea, jende argiak esaten duenez. Baina, apur bat finago esango dizut. Ipuina imajina batean oinarritzen da, poema bezala. Imajina hori duzu eskuan eta orduan ideia hori osatuz idazten duzu. Nobela, ostera, ez zaizu eskuan kabitzen. Pertsonaiak eta egoera bilakatuz doaz eta haien atzetik ibili behar duzu, nora doazen eta zer gertatuko den jakiteko; beraz, lan iraunkor bat egin behar duzu. Eta metaketa guztiaren ondoren igual, azkenean lortuko duzu ipuinean edo poeman abiapuntuan den imajina, baina konplexuagoa eta, hitz landu bat erabiltzeko, poliedrikoagoa.

Niri geratu zaidan imajina poliedrikoa giza-iceberg horiena da. Antarktikarako bidaian batez ere izugarrizko hotza sentitzen du irakurleak, fisikoa eta bestelakoa ere bai. Eta lengoaian ere bada hoztasun bat...

Badago irakurleari hotza emateko ahalegin bat nobelan zehar, eta barkamena eskatu beharko dut orain, batez ere negura sartuko garenean hori apur bat zitala delako. Ernest Hemingwayk «iceberg efektua» deitzen zion idatziaren ahalmen iradokitzaileari, bederatzitik bat literalki eta agerian emanez gainerako bolumena igarrarazteko ahalmenari. Lerro artean giro hori sortzen ahalegindu naiz, eta inork irakurtzean hotzikara sentitzen badu izotzaren bolumenaren beste zortzi parteak sumatu dituelako da. Ez dakit lortu dudan, ze hori idazten jartzen denak nahi duena da beti, lengoaia dentso eta sujerente baten bidez irakurlea liburuko mundu sekundario horretara eramatea.

Idazkera dela eta ustekabeko konparazioak egiten dituzu sarritan. Esaterako, gormutuen alfabetoaren aipamenak.

Hiztegia mugatua da, ez euskararena bakarrik, edozein hizkuntzarena, eta orduan hizkuntzaren mugak zabaltzeko ahalegin bat egin behar duzu, azaldu nahi dena bera ere normaletik apartatzen denean batez ere. Hori eguneroko hizkeran gertatzen da, lengoaia adierazkorragoa egiteko ahalegin bat dago beti, eta ahalegin hori literaturan ofiziozkoa da. Pertsonak egiten dituen keinuak adierazteko medio pobreak ditugu euskaraz normalean, gormutuen alfabetoaren aipamena hor adierazgarria denaren eta ez denaren muga seinalatzera doa. Gainera, nobelako pertsonaiok apur bat gormutuak dira, ez? Bestalde, denok ere nahiko gormutuak garela susmatzen dut...

Eta bbk horrekin egiten duzun jokoa?

Esperientzia pertsonalean oinarrituriko broma bat da. Euskal Herritik heldutako egunkari-anuntzio batzuetan bbk irakurri eta enigma bat egin zitzaidan, zer ote zen bbk hori. Euskaldunek arkano eta kriptograma asko erabiltzen duzue, ez zarete nik utzi zintuztedanean bezain jende tolesgabe eta arrunta. Propaganda ere apur bat arraroa egiten duzue batzuetan, eta horixe ba, bbk zeren sigla ote zen, eta bihotz bakartien klubarena otu zitzaidan.

Iceberga hartu duzu sinbolotzat, hamarretik bat bakarrik bistan duena. Poliki-poliki beste bederatziak ere ateratzen joango ote dira?

Icebergek ez dute berez erakutsi behar handirik, urtuz joaten dira apur- apurka.

Eta nantuak?

Nobelaren egituratik edo kutxatik kanpo geratu dira gauza batzuk, Bluefields aldekoak, Kalaportuko gertaera batzuk, Rio Quemado aldekoak, eta abar. 39 atalean Maribelek ia irakurri gabe erretzen duen gutuna, esate baterako -Andonik Maribeli nantuei buruz idatzitako gutun hori- nobelatik aparte argitaratuko da igual. Amazoniako tribu bat da nantuena, nantu hitzak ilargiarekin du zerikusia shuar mintzairan...

Baina horiek ere ez dira mapetan agertzen, ala?

Nomada ezkutuan-ibiltze-zaleak dira. Andoni nantuen bila itzultzen da eta bigarrengo bidaia horretan ez ditu topatzen, mapetan agertzen ez den jendearekin egotea bezalako gauzak ez baitira errepikatzen, horrelako trantze arraroak behin baino ez dira gertatzen eta, orduan, lehen enkontru hura da Andonik kontatzen duena gutun horretan, jende nomadaren bizimoduari eta etxeari buruzko hainbat gogoeta eginez.
Nobelan zehar badira beste erreferentzia indigena batzuk, alakalufeenak, kiowenak eta inuitenak. Alakalufeen paradisua aipatzen da, paradisuaren ideia sotil bat. Kiowen ipuina, komunitate barrurako elkartasuna eta kanporako mesfidantza proposatzen duen etika primitiboari buruzko galdera da. Goio ume inuit bihurtzen deneko ametsa galdutako gauzen errekuperazioari buruzkoa da, baina kontestu horretan galdera funtzioa du, ume ipuin bat delako.
Nantuen kasuan, filosofia elementaleko gogoeta batzuk egiten dira eta, beste gauzen artean, nobela osoaren sostengutzat inportantea den lengoaiari buruzko proposamen bat. Munduko gauzek errealitate ahula dutela esaten da, gauzen errealitatea itzaltzeko ia puntuan bizi direla. Errealitatea ez dela berezkoa, baizik eta gauzek edo gertaerek batak bestearekin bilatu beharreko zerbait, batak besteari araztasuna eta zentzua emanez. Eta hitzek ere bizia ematen dietela gauzei, errealitatea aratzagoa egiten dutela...

Lengoaiaren filosofia bat proposatzen duzu.

Proposamena nobela horren mugen barrurako baizik ez da. Nobela bat egitea errepublika bat asmatzea lakoa da, lege naturalak, geografikoak, politikoak eta linguistikoak behar ditu, eta itzelezko legegilea bihurtu behar duzu testua idazteko. Filosofia horrekin, lengoaia errealitateari bizi apur bat emateko gauza delako ideia horrekin, narrazioa Goioren sendabelarra dela iradokitzen da.
Idazleak bere buruari emandako konpensaziotzat har daiteke lengoaiaren filosofia hori, idaztean errealitateari zentzu pixka bat ematen diolako ilusioa behar duelako.

Orduan, idazteko motibazioa baduzu oraindik.

Ni idazten hasi nintzenean, euskaraz argitaratzen ziren liburu ia guztiak irakurri ahal ziren. Literatura oso eskasa zen eta uste dut irakurle bokazioarekin hasi ginela idazten, orrialde gehienak zuri zeuden eta, irakurri nahi genukeena aurkitzen ez genuenez gero irakurri nahi genituzkeen liburuak egiten.
Gauzak aldatu egin direla iruditzen zait, orain orrialde asko daude euskaraz idatzita, argitaratzen diren liburuen zerrendak luzeak dira eta Gutenberg Bibliotekan apal txiki bat dago euskaraz. Bernardo Atxaga eta beste batzuk primerako gauzak idazten dituzte eta errekonozimendua dute gainera Europa osoan. Baina duela hogei urte sehaskan zegoen jendeak ere oso ondo idazten du, edozein liburu hartzen duzu Unai ez dakit nork egina, Iturriagak, edo Elorriagak, edo Kirmen moduko izen berriko jendeak, eta idazten dutena oso ona da eta nik behintzat jadanik galdu egin dut orduan genuen idazteko «betebehar» sentimendu hori, nik egin dezakedana baino gehiago eta askozaz hobeto idazten duelako gazte pilo batek.
Ez dakit zertarako idazten dudan, lasai itzul naiteke irakurle izatera. Nobelan aitzakia hori ematen dut, gauzen errealitatea berez ahula dela, irrealitate arriskuekin bizi garela, eta bizitza benetakoagoa egiten dela harremanen bidez, hitzen eta literaturaren bidez. Lurra janez esaten da nobelan, errealitate kontzientzia gehiagorekin. Baina hori oso axiomatikoa eta oso literarioa da, aitzakia hori. Orrialde zuri batzuk topatzen ditut oraindik, betetzeko modukoak.
Ez dut liburu batekin mundua alda daitekeenik sinesten, baina tiroka ere ez da gehienetan ezer hobetzen. Zeharo alferrikakoa ez dela izango pentsatu nahi dut, lana ez dakit zertarako baina zeozertarako izango dela, hau ere sineskeria izan arren. Bizitzarekin loturiko zerbait izan beharko luke. Geroan badakizu liburuak zer izango diren. Dinosauroen oinatzen bila ibiltzen dira orain batzuk. Liburuak ere oinatzen modukoak izango dira, desagertuko diren animalien aztarnak.

Esandako guztiaren ondoren, ez dakit zer ematen duen hau galdetzeak... mezurik baduzu nobela horrekin?

Ez dut uste mezurik dudanik, maiuskulazko mezu horietakoa behintzat. Horrelakoak telebistan eta iritzi-artikuluetan ematen dira nahikoa, erdi promesa erdi agindu diren mezu politikoak eta etiko itzaltsuak. Nobelan ez dago horrelakorik, lekukotza bat ematen da eta galderak egiten dira, galdera-markak kendu diren arren, irakurlea hainbeste gako ikusita ez izutzeko. Uste dut Anton Chejovek esan zuela, literaturan ez dela galdera erantzun beharrik, baina egin bai, literaturan galderak egin behar direla. Horrekin ados nago eta nirea ere galdera-liburua izatea nahi nuke

Sarrionandia ARGIAn
ARGIA oraindik ZERUKO zela hasi zen Joseba Sarrionandia aldizkari honetan argitaratzen, 1977ko urtarrilean. Hasi, izenordez: Joseba Basarte; gerora beste bat ere erabili zuen: Jose Anjel Garaizar. Tartean Joseba S. gisa ageri da eta sarritan inizialez, J.S.

Bere idatzietan badira informazio hutsezkoak, gertakizun kulturalen kronikak, batez ere hasieran, baina laster heldu zion ildo sakonagoari, erreseinatik kritika eta gogoetara pasaz. Landutako arloak: sozio-politika, kultura oro har, artea apur bat, literatura, eta guztien gainetik, zinea. Izenburuetan ikus daitekeenez, filmerik entzutetsuenak aurkeztu zituen orrialdeotan: «Padre Padrone», «Eisensteinen Urria», «Viridiana (Buñuel)»... Donostiako Zinemaldiak ahaztu gabe. Lanik bitxienak, umorearen esparruan egindako inkurtsioak ditu, hala nola «Espaloietako ipuinak», «Paso zebretako ipuinak» edo «Disidenteen irribarrea».
Bi elkarrizketa ere egin zituen: lehena, 1977an -Sarrionandiak 19 urte baino ez zituela-, Alfonso Sastreri eta bestea, bi urte geroago, Peire Pessamessa idazle eta politikari okzitaniarrari.

Guztira laurogeita hamarretik gora artikulu idatzi zituen 1980ko azaroan atxilotu zuten arte. Dena den, eta maiztasun gutxiagorekin bazen ere, espetxetik tarteka idatziak bidaltzen zituen ARGIAk argitara zitzan. Literatura eta zinearen inguruko gaiak lantzen jarraitu zuen hasiera batean. Espetxeratu ondoren idatzitako lehen artikuluan Raoul Walsh zinegile hil berria izan zuen hizpide eta bigarren idatzia, aldiz, Alvaro Cunqueiro poeta galiziarrari eskaini zion.

Geroago, 1983ko lehen hilabeteetan, «Bazterrekoak» izenburuko atalean aforismo eta aipu labur sortak kaleratu zituen.
Idazlearen historiaurrea idatzi hauetan guztietan legoke.
1985eko San Fermin egun hura baino lehen, beste bitan ere agertu zen Sarrionandia astekarian, baina oraingoan elkarrizketatu gisara. 1984an L. Txaho presoak elkarrizketatu zuen iurretarra eta, ARGIAn egin zitzaion azken elkarrizketa, Korrika 4-eko Prentsa Bulegoak sinatzen zuena, urtebete geroago argitaratu zen, 1985eko maiatzaren bukaeran, Martuteneko espetxeko ihesa baino hilabete lehenago
Nobelan ez galtzeko mapa
Ondoan duzue elkarrizketa. Mamitsu bezain argigarria, benetako nobedadea izateaz gainera. Galde-erantzunak behar bezala dastatu eta solasa bere osotasunean konprenitzeko, ordea, nobela irakurtzea komeni da, eta pare bat aste joango dira oraindik «Lagun izoztua» Euskal Herriko liburu-dendetara iristerako. Hortaz, aldizkarikoek eskatu didaten moduan, liburuaren nondik norakoa azalduko dizuet, testu osoa eskuetan eduki arteko ahogozagarri.

Goio Ugarte, Gorria, Nikaraguako kostalde atlantikoan bizi da aspaldi samarretik, jendea ingelesez mintzo den Bluefields aldean. Legezko paperik ez badu ere inguruko herritarren babesa dauka, erizaina delako besteak beste. Halako batean, baina, «izoztuta» geratu da: ez du inor ezagutzen, ez du hitz egiten, ez du ezer oroitzen, ez erreakzionatzen. Goiori laguntzera dator Maribel «postaria», errefuxiatuen artean pakete eta gutunak jasotzen eta banatzen ibili ohi dena. Managuan Goiorentzako moduko psikiatrarik aurkitu ezinda, Ekuadorrera eramatea pentsatzen du, han bizi baita Andoni, hau ere iheslaria eta Goioren txikitako laguna, adiskide giroan Goio errazago sendatuko delakoan.
Horrela hasten da nobela, baina hortik aurrera hiru narrazio garatzen dira, paraleloan eta kontrapuntuan. Hari horietako batean, abiapuntuari zuzenean jarraitzen dion harian hain zuzen, Goioren gaixotasuna eta honen gorabeherak kontatuko dizkigu Maribelek, orainaldian eta lehen pertsonan; Ekuadorrera bidean doazela aurrera egin ezinik geratuko dira Barranquilla inguruan, eta hor azalduko da Urioste familia, 36ko gerrako erbesteratu baten ondorengoak, euskaltasun-uharte bitxi batean bizi izan direnak eta aberri urrunarekiko harreman kontraesankorren muturreko adibidea direnak.

Lehenaldikoa da beste kontakizunetako bat: 14 urte zitueneko ikasturtea oroituko du Andoni Martinezek; bera bilbotarra izanik, Kalaportuko jesuitenera interno bidaliko dute gurasoek, eta han ezagutuko du Goio, Kalaportu bertako mutikoa. Iniziazio-nobela bikain baten ezaugarri guztiak dauzka atal honek, helduen mundura sartzeko sekretuak banan-banan deskubritu eta begi berriz ikusiko baitituzte harrezkero: maitasuna eta sexua, gurasoekiko erlazio gatazkatsua, frankismoa eta honen kontrako erresistentzia... Orain dela 30 urteko euskal kostako herri baten erretratu aberatsa ere eskaintzen zaigu hemen, ezein herri izan gabe ere edozein izan baitaiteke Kalaportu.

Etorkizunean kokatzen da hirugarren haria, narratzaile orojakile batek geroaldian kontatzen edo aurresaten baitigu Goiok, sendatu ostean, Antarktikara doan espedizio zientifiko batekin egingo duen bidaia. Erizain moduan doa bera, minbiziak jotako zientzialari baten laguntzaile, baina zientzia edo erizaintza kontuek baino indar handiagoa hartzen du natura harrigarri baten ikuskizunak: izozmendi erraldoiak itsasoan jitoan, gaurik gabeko egun argien segida, ia bizitzarik gabeko kontinente hotzaren magia, izadiaren aurreko gizakiaren txikitasunaren kontzientzia...

Lurralde berrietarako bidaiaren esperientziaz gain, bada beste lokarri erdi ezkutu bat ere istorio guztion artean: Managuan etxetik irten ezinik bizi den Josu (bere sasiko paperetan Armando), Maribelen senarra. Bere derrigorrezko itxituran, bi zeregin ezagutzen dizkiogu Josuri: bata, ogia bere eskuz egitea, artisauaren artaz eta trebeziaz; bestea, idazmakinaren aurrean jardutea -tip tip tap tip top- inori eraskusten ez eta itxuraz inoiz amaitzen ez den idazkiren bat zirriborratzen. Makinizkribu hori «Lagun izoztua» dela jakingo dugu gero, eta Josu/Armando dela, beraz, istorio hauen guztien asmatzailea, berea bezalako deserrotzea bizi duten pertsonaiak imajinatzen dituena, Maribelekiko amodioaren gainbehera fikzioaren bidez argitu nahiko lukeena, denboran nahiz espazioan bizi dituen desfase eta zalantzen erantzunak bilatu nahi dituena.

Argumentuaren laburpena emanez gero eleberria ezagutzen duela usteko du zenbaitek; alabaina, iceberg batek zati handiena urpean gordetzen duen bezala, artikulu batean esan litekeena baino askoz edertasun gehiago du bere baitan nobela luze eta miragarri honek: badira pasadizo jostagarriak, gogoeta argigarriak, konparazio harrigarriak, deskribapen txundigarriak... eta irakurketa bakoitzeko harribitxi eta deskubrimendu berriak iradokitzeko ahalmen izugarri bat, klasiko handiak izatera deitutako liburuek bakarrik ohi duten bezalakoa

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Joseba Sarrionandia
2022-08-30 | Peru Iparragirre
Joseba Sarrionandia eta Castillo Suarez, Poesia Orduak ekimenean

Donostiako Victoria Eugeniako Club Aretoan izango dira emanaldiak. Juantxo Zeberio musikaria izango du alboan Suarezek, eta Ines Osinaga Sarrionandiak.


Argazki historiko bat

Ez nuen uste Gasteizen aparkatzea hain zaila izanen zenik. Edo, hobe esanda, ez nekien hainbeste koloretako marrak egon zitezkeenik pintaturik errepide ertzetan. Ez, ez dut gidabaimenik eta bai, denbora gure kontra zihoan. Azken minutuan heldu gara Principal Antzokiko... [+]


Joseba Sarrionandia
"Badirudi nazioa eraiki beharrean futbol talde bat egiten ari dela"

Donostiako Aieteko euskara batzordeak antolatuta, solasaldia eskaini du asteartean Joseba Sarrionandiak. Habanako gaukarien trilogia zuen aitzakia, baina literaturaz gutxi, eta bizitzaz asko hitz egin du. Irati Zubia filosofoa arduratu da testuinguruaz eta saioa gidatzeaz.


Joseba Sarrionandia Euskal Herrira itzuli da ia 40 urte erbestean egon ostean

Ia 40 urte erbestean igaro ostean, azkenean, Euskal Herrira itzuli da Joseba Sarrionandia gertukoak eta familia bisitatzera. 


Eguneraketa berriak daude