HEZKUNTZA ETA IKASKUNTZAREN ZURRUNTASUNA DA LEGE


2001eko azaroaren 11n
Ikasturtea aspalditxo hasi zen. Hezkuntza sistema ofizialek, ordea, ez dute guraso guztien gogoa asebetetzen. Eskola konbentzionalaren ordezko alternatibak bilatzen dituztenak gutxiengoa da, edonola ere. Espainiako Estatuan (Mediterranioan bereziki) zabaldu samar dago ekimena. Euskal Herrian «Eskola etxean» delako esperientziak ez du muntarik. Alta, semea etxean eskolatzen ari den guraso bat ezagutu dugu Donostian. Frantziako Estatuko «Les Enfants d’Abord» (Haurrak Lehenbizi) elkartera hurbildu gara. Alabak bere etxean eskolatu familia batekin mintzatu gara. Azkenik, Iruñera joan gara. «Kilika» elkartearen esperientzia ezagutu dugu.


ESKOLA LEGEa ZURRUNA da.

Eskola ofizialean moldatzen ez diren haurren familientzat ez da samurra seme-alabak etxean eskolatzea. EAEko hezkuntza sistema Espainiako Konstituzioak araututa dago. 27.4 artikuluaren arabera, «Oinarrizko ikaskuntza derrigorrezkoa eta doanekoa» da. 27.3 artikuluak, ordea, «Botere publikoek gurasoen konbikzioen araberako formazioa bermatu behar dutela» dio. Ikaskuntza konbentzionalari eragozpenik jartzen dioten gurasoek bigarren artikulua kontuan hartzen dute. Alabaina, legea hagitz anbiguoa izaki, eskola etxean antolatzen duen edonork administrazioarekin arazoak izaten ditu. Euskal Herrian ez dago ekimen honetaz arduratzen den elkarte antolaturik, eta haurra etxean eskolatzen duten gurasoek ez dute aurpegia azaltzen eskuarki. Aurpegia ez, baina, semea etxean eskolatzen ari den Xavier Mendizabal donostiarrarekin hitz egin dugu:«Semeak ez ditu irakasleekin arazoak izan, konforme izan naiz ikasteko moduarekin. Ikastola batean ari zen eta nahiko pozik nago. Semea eskolan ez zen behar bezala moldatzen, ordea, eta orain bi urte etxean eskolatzea erabaki genuen. Etxean eskolatzea legezkotzat harzea nahi dugu. Gasteizko Hezkuntza Sailak baina, fiskaltzararen esku jarrita dauka gure kasua».
Eskola etxean delako auzia oso da konplexua. Xavier Mendizabalen hitzetan, hasieran, Gasteizko Hezkuntza Sailak uko egin zion berarekin hitz egiteari. Oraingo saila hitz egiteko prest omen dago. Guraso honek bere semeak behar duen arreta izan dezan nahi du eta etxean eskolatua izateko gutxieneko begirunea ere. Honela dio Mendizabalek:«Legea urratzen dudalakoan fiskaltzak hainbat aldiz deitu nau. Oraingoz ez naute auzitegitik deitu, eta ez dut uste deitu eta epaituko nautenik ere».

Espainiako Estatuak etxeko eskolatzearen auzia ebazteko lege aurrerakoi bat onartu behar duela dio Mendizabalek. Protagonismo bilatzetik urrun, egungo hezkuntza sistemaren aldatzearen alde eta ekimen alternatiboei bidea erraztu beharra aldarrikatzen duela, esan digu. Bere iritziz, euskal administrazioak ikaskuntza alternatibo posible bati beldurra dio, beldur irrazionala. Europarantz begiratu beharko luke gehiago, legeak aukerak ematen baititu horretarako:«Gure kasuan gurasook arduratzen gara semearen ikaskuntzaz, eta gainera bi irakasle ordaindu behar ditugu. Ez luke horrela izan behar. Sakrifizio handiko lana da gurea, denbora eta diru asko behar baita».

LOGSE nahiz Adin Txikikoen Legeen arabera ez da zilegi eskolara ez joatea 6 urtetik 16ra bitartean. Gasteizko Hezkuntza Sailaren aburuz hori da eskolatzeko era bakarra. Mendizabalek honela dio:«Gasteizko Hezkuntza Sailak LOGSE legea errespetatzera behartzen gaituenean, askatasun pertsonalen tenpluan sartu nahi du. Auziperatuko ninduten kasuan, Europako auzitegira (Estrasburgo) joateko prest nengoke. Bertan ikusiko da LOGSEri ematen zaion interpretazioak legearekin bat egiten ote duen». Gainera, ez dago ados hezkuntza sistemak sozializazioaz egiten duen erabileraz:«Ikasleen %29k ez du oinarrizko ikaskuntza gainditzen. Horra irakaskuntzaren porrota! Jakina, hori ez dute sistemaren sozializazioaren porrot gisa hartzen. Haur bati ez dagokion eremuan sartzea ote da sozializazioa?»

lES ENFANTS D’ABORD.

Frantziako Estatuan 1.000 haurrek segitzen dute ikaskuntza beren etxean eta 7.000 inguruk segitzen dituzte ikasketak korrespondentziaz. CNED erakundeak (Hezkunde Nazionalaren Saila) burutzen du ikasleon segimendua. «Les enfants d’abord» haur hauen aldeko elkartea da, Clemont-Dessous hirian du bere egoitza nagusia. Elkarteko Jennifer Fandard idazkari juridikoarekin hitz egin dugu:«Elkartea 1989an sortu zen. Lehen xedeak gurasoen arteko beharrak partekatzea eta haurren arteko harremanak lantzea dira. Badugu aldizkari bat eta beraren bitartez gure esperientziak aldatzen ditugu, baita egoera juridikoaren jarraipena egin ere».

Jennifer Fandardek bere bi semeak etxean hezi ditu. Goi-mailako ikasketak eskolan segitzen ari dira uneon. Jurista honek, haatik, nazioarte mailako zerbitzuak hala nola administrazioa eta guraso berrien arteko harremanak sustatzen segitzen du oraindik ere. Frantziako Errepublikan -Espainiako legediarekin alderatuz bederen- eskolatze alternatiboa gauzatzeko lege aurrerakoi bat izatearen abantaila aipatu diogu. Frantzian ere atzerapausoak ematen ari direla aditzera eman digu, ordea:«Hezkuntza legean berrikuntzak izan dira; 1998. urtean azkena. Etxean ikasten dutenekiko gero eta zurrunagoa da legea. Etxean hezitzeko aukera dago, baina legea zorrotz bete beharra dago».

1989ra arte, oinarrizko ikasketak amaitutakoan, haurrek irakurtzen, idazten eta kontatzen jakin behar zuten. 1998ra arte, haurrek 8, 10 eta 12 urterekin pasa behar zuten ikasketen kontrola. Orain, aldiz, azterketa bat egin behar dute urtero. «Halaber, badago inkesta sozial bat. Azken lege dekretu baten arabera haurren segimendu eta ezagutza lehen baino zehatzagoa da, lege berriarekin programa zabalago bat jarri da indarrean».
Departamendu batetik bestera aldeak daude. Azterketa indibidualak edota kolektiboak daude, kasu. Horregatik, elkarte honetan ari diren gurasoek administrazioarekiko duten harreman lehiatsua mantentzen dute beren eskubideak urratuak izan ez daitezen.«Atzerapausoak izan dira, etxeko ikaskuntza gero eta arautuago dago, lehen libreago ginen. Legearen aldetiko zorroztasun hau sektak direla-eta sortu bide da; mesfidantza sortu da nolabait. Sekten ugaritzeak arazoak ekarri ditu estatuan. Estatuak dioenez, haur asko ez da behar bezala eskolatzen etxean».

Haurrok ez dute metodo komunik erabiltzen, familia bakoitzak bere metodoa lantzen du. Elkarte honetako xedea horixe da gainera. Frantzia ez da paradisua, alta. Haurron sozializazioaren falta aurpegiratzen diete beren gurasoei. Eskolatuak ez diren haurrekiko badago soako itaungarri moduko bat.«Zer egiten dute haur hauek eskolara joan gabe?» galdera moduko bat sentitzen omen dute beren inguruan:«Hezkunde Nazionaleko ikuskariek ere, haurren kontrolak egitean horixe galdetzen diete. Baina ez gara kezkatuta, gaur egun badago sozializatzeko modu ugari. Frantzian, lehen mailako ikasleen %20k ez du gainditzen beharrezko maila. Horiek ez ote dute, bada, sozializatzeko arazorik?», galdetzen du Jenniferrek.

«KILIKA» KLUBA IRUÑEAN.

Nafarroako hiriburuan hezkuntza sistemaren ordezko ekimen alternatibo bat sortzeko saiakera bat izan zen orain urte batzuk. Eskola alternatibo bat sortzea ez da erraza haatik. Arrazoiak arrazoi, esaterako, haur kopuru urriak ez zuen lagundu eskola alternatibo bat finantzatzen. Eskola alternatibo hura ez zen gauzatu, baina ekimen hartan aritu zirenek elkarte moduko bat sortu zuten. Egun, astean behin eskolatik landa haur multzo bat biltzen da «Kilika» klubean. Rosa Bakedano eta Mikel Gonzalez dira arduradunak. Biak irakaskuntza tradizionalean aritu izan badira ere, «Summerhil» metodoaren jarraitzaileak dira:«Klubaren lehen printzipioa haurren erritmoa errespetatzea da, berezko haziera lantzen saiatzen gara. Hasierako erditze osasungarriaren ondoren, haurrei edoskitze luzeago bat ematen dieten gurasoak ez dira haurrak berehala eskolatzeko interesatuak». Seme-alabak bide honetan hezi nahi dituztenen esparruan dihardu Kilika klubak.
Rosa eta Mikelen ustez, egungo eskolaren sozializazio eredua ez da egokia ez haurren gustukoa. Ordutegia zurrunegia da; irakasleak erabakitzen du dena. «Kilika» klubera hurbiltzen diren haurrek egoera hori bizi dute eskolan, eta eskolan ez duten espazio librea lortzen saiatzen dira klubean:«Kluba nahi dutena egiteko tokia da, besteei minik egin gabe edo inposatu gabe, jakina. Gatazkak beste era batez tratatzen edo atenditzen laguntzen ditugu haurrak. Eskolan gatazka landu gabe uzten da. Klubean sortzen diren tirabiren arrazoiak eta gorabeherak eztabaidatzen saiatzen gara, eta haurrek beraiek kudeatzen dituzte beren arazoak».
Kilikan ez dute jostailu konbentzionalik, jolas libre eta sinbolikoen bitartez esperimentatzen dute beren bizitza. «Esperientziaren hastapenean ‘haurtzaindegi jokoa’n aritu ohi ziren, beraiek bizitako esperientzien berritze moduko saio bat izan zen haientzat. Haurren zaintzaile rola egiten zuenak errieta egiten zien besteei, eta jo ere bai. Urte baten buruan, berriz, zaintzaileak ‘demokratagoak’ bihurtu dira nolabait, eboluzio bat bizi izan dute».
Eguneroko eskolan egin nahi baina egiten uzten ez zaiena egiten dute haurrok Kilika klubean; berauek erabakitzen dute zer egin eta nola egin. Naturaltasuna mantentzen eta ez galtzen saiatzen dira:«Mugimendu libreak lantzen ditugu lotsarik izan ez dezaten. Haurrek, hartara, gauzak sendotasunez eskatzen ikasten dute. Leku bat betetzen badute ziurtasuna irabazten dute, hau da, txikiak beren balioaz jabetzen dira».
Mikel eta Rosa kritikoak dira hezkuntza sistema tradizionalarekin. Haurrei jarrera hori ez transmititzen saiatzen dira, hala ere. Eskolako alde positiboaz hitz egiten diete, haurrekin itun bat egina dute eguneroko eskolaren aurka ez hitz egiteko -Rosa irakaskuntzan aritua da eta Mikel ari da egun ere-. Irakaskuntzan balio handiko jendea ari direla diote. Horrela izan arren egiturak irakaslea markatzen du, eskola militarizatua bide dago, ikasleak masa dira:«Sistemaren egitura zurruna aldatzea ezinezkoa da. Eskola modu batez antolatua dago eta zu hasten bazara ildoak markatzen, sistemak irentsi egiten zaitu. Malguago jokatzen baduzu, lankideen artean errezeloak sorrarazten dituzu, bekaizkeriak...»
Eskola konbentzionalean elkartasuna bultzatzen da, baina azterketak hor daude beti. Lehenengo azterketak kontrolak dira egun, ez omen dago kalifikaziorik, horiek eufemismoak dira baina. Ikasleak beti hobetze lehian dihardu.«Gela teorian talde bat da, baina ez da egia, bakoitzak berea egin behar du, ez dago lan kolektiborik. Kolektiboaz hitz egiten zaie, baina ez dira horrela ari. Kolektiboa balitz beren kasa funtzionatu beharko lukete, baina normalki irakasleak behartzen ditu ikasleak, autoritatea biguna da, baina autoritate betiere...».
Rosa eta Mikelen aburuz, hezkuntza arauek funtzionalak izan beharko lituzkete, funtzionatzeko, alegia. Hau da, taldearen baitatik, haurren autonomiatik sortuak. Eskola sistema konbentzionala gaur gaurkoz urrun dago horretatik

«Nire alabek beren lagunekin ibiltzeko maiztasuna hautatzen dute»
Hiru seme-alaben familiako ama zara. Armonie (18 urte) Alissa (12 urte) eta Jovanni (urte bat). Lehen biek etxean jaso dituzte beren ikasketak. Zergatik eskolatu dituzue bi alabak etxean?

Armonie ez zen batere zoriontsua eskolan. Ez zen irakasleekin ongi moldatzen, gainera, tratu txarren bat edo beste jasan zuen. Ezin zuen eraman gelako taldeen arteko bereizkuntza eta borroka. Badakizu, edo talde batean zaude edo marginatua bestela. Eskolan ez zuen bere burua estimatua sentitzen. Esaterako, Armonie ez zen eskolara joaten besteak bezala jantzita, ez gehiengoaren molde dotorean, antza. Kanpainan bizi garenez arinago jolasteko kirol arropaz jantzita joaten zen. Horrek ere aldentzen zuen besteengandik, irudiz.

Zein izan zen zure jarrera?
Nik ez nuen nire alabarekin bizi, ia-ia egun osoa ematen zuen eskolan. Etxera berandu itzultzen zen, eta etxerako lanak zekartzan. Nik nire lanetik etorrita lagundu behar nion. Ez nuen berarekin bizi, eta berarekin eguna pasatzen zutenek berriz, etxean egiteko lanak inposatzen zizkioten. Hura sufrikarioa! Etxean gelditzea erabaki nuen eta nire alabekin ikasi dut bizitzen.

Nola moldatzen zara irakasle gisa?
Hasiera gauza berria izan zen. Ez nekien zer egin eta nola moldatu nire lehen alabak ikasketak etxean jarrai zitzan. Irakaslea izan ezean norberak ezin ditu gai guztiak landu. Egun, berriz, Alissak matematikak bere aitarekin lantzen ditu, literatura eta ingelesa nirekin. Frantses irakasle bat astean behin dator etxera, korrespondentziaz ere segitzen dituzte klaseak. Internet ere hor dago, gero eta material didaktiko gehiago dago informatizatua. Alta, seme-alabak etxean eskolatzen ditugunok oraindik ez gaude ongi hornituak, ez gara guraso nahiko merkatu zabalago bat antolatzeko.

Haur edo gazte hauen sozializazio arazoa aipatzen da. Zer diozu zuk honi buruz?
Uste okerra dago. Adibidez, haurrak eskolara doaz eta behartuta daude egunero bere eskolakideekin egotera. Nire alabek lagunekin ibiltzeko maiztasuna hautatzen dute, nahi dutenean biltzen dira, bestela ez. Oreka bat lortu dute. Armonie oso ongi integratua dago gizartean eta lan munduan.

Seme txikiena ere etxean eskolatuko duzue?
Ezin dut baietz edo ezetz esan. Guk eskolako atea irekita utziko diogu. Urteko diferentzia handia du arrebekiko, beraz, hori ere kontuan hartu behar dugu. Gure inguruan beste familiaren bat jarriko balitz, gure espiritukoa eta gure bizimodua gustuko duena, gu prest ginateke ‘eskola etxean’ esperientzia elkarrekin bizitzeko; gure familia zabalik dago. Txikiarentzat eramangarriago litzateke etxean eskolatzea bere adineko beste haurrak inguruan baleude

«Ikastea onartzea da, kanpotik hartzea, baitaratzea eta baitatik erab iltzea»
Ikasi hitza hartzeari dagokio. Esan nahi baita, hartzeko eta baitaratzeko irekia egotea. Ikastea dinamika ireki bat da; barne-kanpo mugimendu bat. Hots, ikastea onartzea da, kanpotik hartzea eta baitaratzea, eta bere baitatik erabiltzea. Harturiko gauzek baina, ez dute bakarrik oroimenean geratu behar, gure organismo bizian ere geratu behar dute. Zentzu honetan, ez da harritzekoa (Julio Casares akademikoaren hiztegi ideologikoan bilatzea besterik ez dugu) ikastea edoskitzearen ideiari lotua izatea, esnearen edoskitzea, norberak doktrinaren edoskitzea, edatea edota hartzea, alegia.

Horretarako, ordea, haurrek hazteko funtsezkoak diren heldutasun, emozio eta intelektualtasuna erdiesteko aukerak izan behar dituzte. Bestelakoan, neska-mutilek gogogabetasun moduko bat jasaten dute, hiltzeko moduko gogaitasuna.
Gogaitasunak sumindu egiten ditu haurrak, heziketaren helburuetan helduek jarritako oztopoak besterik ez dira ageri, nahaste-borraste handi bat. Heziketa hitza hizki mutu bat da, dislexiaren antzekoa. Laburrean esanda, helduen eta haurren munduen arteko inkomunikazioaren agerpidea gertatu da.
Ezin dira ikasi -eta are gutxiago integratu- zentzurik ez dituzten gauzak. Gogobetetzen ez gaituzten diskurtsoak gogoratu daitezke eta mekanikoki errepikatu ere (loroen antzera). Alabaina, ikaskuntza ez da adimenaren funtzio soila. Ikaskuntzan «nire nia» mundurantz zabaldu behar da. Termino energetikoetan hitz egingo bagenu honelatsu azaldu genezake: bestearekiko elkarrekintza gauzatzean eszitazio eta mugimendu bat produzitzen dugu, fusio moduko bat, hau da, elkarrekiko komunikazioa lortzen dugu, biziaren joaldiaren funtzionamendu legeei jarraitzen diena: tentsio-karga-deskarga-erlaxazioa.
Kuriositatea, sorkuntza prozesua, ezagutzeko irrika, eite edo formen harrapatze berria, hitzak eta ideiak, hauek guztiak, beren zentzumenean eta pentsamenduan eta beren hazkundean finkatzea, haurraren izate osoaren parte dira


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude