Ehunen arkitektoa

Joan den mendearen hasierako urteak dira. Getariako kale aldapatsuetan gora dator Casatorresko markesa, orkatilerainoko zetazko jantzia soinean duela. Bere parean haur bat, soinekoari begira. Bat-batean haurra markesarengana gerturatu eta «traje bat egin al diezazuket?» galdetu dio.

Dozena erdi hamarkadako jauzia egin eta 68ko maiatz nahasian gaude. New York-eko egunkari ezagun bat zabaldu eta zera dio titular batek: «Balenciaga decides to quit and fashion will never be the same». Urte mordo bat lehenago Casatorresko markesarengana hurbildu zen mutiko hark bere lana uztea erabaki ondoren, moda ez zela handik aurrera gauza bera izango, alegia. Ala alderantziz gertatu ote zen? Ez al zuen Balenciagak moda utzi hain zuzen, mundu hori ez zelako handik aurrera lehenago izan zena gehiago izango?
Bazter dezagun oraingoz arrautza eta oiloaren eztabaida antzua, eta itzul gaitezen Balenciaga mutikoaren amets laburrera. Laburra, diot, 1908an, 13 urte besterik ez zituela, Casatorresko markesari Decroll-en soineko baten kopia egin ziolako. Ama jostuna zuen Cristobalek eta, nonbait, azkar ikasi zituen mutikoak amestutako langintzari ekiteko ikasi beharrekoak. Eta azkar lortu zuen, halaber, bere tokia Europako jostun ospetsuenen artean; 17 urterekin Pariserako bidea hartu zuen markesak bultzatuta; 20rekin zabaldu zuen lehen Balenciaga etxea Donostian, eta berehala izango ziren bere bezeroen zerrendan Maria Cristina eta Victoria Eugenia erreginak.
Gerra Zibila hasi eta berehala Paris hautatu zuen Balenciagak bizileku, baita George V kalean Balenciaga etxea zabaldu ere. Urte hartan aurkeztu zuen bere lehen bilduma, sekulako arrakasta lortuz. «Iraultza lasaia» deitu zitzaion Balenciagak mozketa eta egituran egindako berrikuntzari. Dagoeneko elementu dekoratiboei eta, bereziki, ehunei garrantzi berezia ematen zien.
Baina lasaitasunak gutxi iraun zuen eta gerra berri batek eten zuen getariarraren gorako bidea. II. Mundu Gerrak nazien okupazioa ekarri zuen Parisera eta Reich-ak joskintza etxe guztien etena agindu zuen. Balenciagaren tailerra jantzi militarrak egiteko erabili zuten. Garai gogorrak izan ziren joskintzaren maisuarentzako eta, gerra amaituta, hutsetik hastea egokitu zitzaion, beste askori bezala.


Iraultza lasai baina etengabea.

Handik aurrera, ordea, getariarrak emakumezkoentzako modan emandako pauso bakoitzaren atzetik arrakasta etorri zen segika. Espektazio izugarria sortzen zuten haren bildumen aurkezpenek eta, hala ere, beti lortzen zuten harridura haren jantziek. 40, 50 eta 60ko hamarkadatan, behin eta berriro zabaldu zituen Goi-mailako Joskintzak segi beharreko bideak. Tunika soinekoa aurkezten zuen urte batean eta zaku soinekoa beste batean. Kimono mahukak, lepoalde zabaleko trajeak, bizkarralde borobilduak, mahuka gainjarriak, euritako gardenak... Egituraren perfekzioa bilatzen zuen, eta berau mila eratako ehunez jantzi. «Vogue» eta «Harper’s Bazaar» bezalako aldizkarietako azalak bere lanez jazten zituzten eta mamian euskaldunaren berrikuntzak goraipatzen ziren urtez urte, bildumaz bilduma.
Gainerako jostunek ere miresmen hitzak besterik ez zituzten getariarrarentzat. Ehunen eskultore esaten zioten batzuek, modaren arkitekto besteek. Hubert de Givenchy bere dizipulu eta lagunaren iritziz, «Balenciagak dena zekien». Coco Chanel-ek «benetako jostuna» izan zela esan zuen, «ehunak ezagutzeko eta bere eskuz mozteko eta josteko gaitasun aparta dauka. Gainerakoak diseinatzaileak baino ez dira». Yves Saint Laurent-ek, berriz, bi hitz baino ez zituen erabili Balenciaga definitzeko: «Dotorezia, ausardia».
Baina hitz eder hauen beharrik ez dago urte horietan Balenciagak lortu zuen ospeaz jabetzeko. Aski da bere bezeroen zerrendako dozena erdi izen aipatzea: Windsorko dukesa, Madeleine Lambert, Belgikako Fabiola erregina, Carol Lombard, Greta Garbo, Marlene Dietrich...
Pariseko kultur munduarekin harremanak ere bazituen Cristobal Balenciagak. Han ezagutu zituen Chagall, Matisse eta Picasso. Cecil Beaton argazkilariak, hain zuzen, azken honekin konparatu zuen getariarra: «Dior modaren Watteau izan bada, Balenciaga Picasso izan da». Behin, Balenciaga Joan Miró-rekin zegoela, zera esan zion margolari katalanari: «Zorionekoa zu! Zure obra zuk bakarrik burutu dezakezu. Nik 400 pertsona behar ditut nirea burutzeko».


Jenio langilea.

Balenciaga maisua zen, jenioa. Baina ez magoa. Alegia, bere bildumak ez zituen besterik gabe kapela barrutik ateratzen. Alderantziz, gogor egiten zuten lan bai berak, bai berarekin batera jarduten zutenek. Egun bakarrean 120 froga egitera irits zitekeela zioten bere ingurukoek. Lepo bat edo mahuka bat behar adina errepikatzen zuen berak nahi zuena lortu arte. Eta berak nahi zuena lortzea ez zen erraza. Perfekzioa bilatzen zuen eta horregatik bere tailerreko atetik ez zen jantzirik ateratzen bere oniritzirik gabe. Perfekzioa bilatu bakarrik ez, Pamela Golbin Louvre museoko kontserbatzailearen ustez, baita lortu ere: «Balenciagarekin Goi-mailako Joskintzaren artea perfekziora iritsi da». Haren lanek sinpletasun perfektua erakusten diote publikoari, baina emaitzak konplikazioz betetako lan gogorra du atzean, bilaketa etengabea, era guztietako oihalen froga, behin eta berriro josi eta desegitea, jenioaren ideia gorpuztu arteko ahalegina.


Distiraren atzean.

Balenciaga jostuna distira da, kolore biziko lentejuela eta lumak aktore eta erreginen soinean. Balenciaga pertsona aldiz, oso bestelakoa zen. Diskrezioa, hitz bakar batean laburbiltzekotan. Herabea zen, isila, estrabagantziarik gabea, etxekoia. Aukera zuen guztietan Igeldoko baserriko lasaitasunean gordetzen zen. Hainbat bezero ospetsu behin baino gehiagotan hurbildu omen zen George V kaleko estudiora jostuna pertsonalki ezagutzeko gogoz; gutxitan izan ohi zuten, ordea, gipuzkoarrarekin solasean aritzeko aukera. Lantokian ere isiltasuna, errespetua eta diskrezioa ziren nagusi.


Barrikada arteko agurra.

Gertakari historikoek, Gerra Zibilak eta II. Mundu Gerrak, Balenciagaren bizitza eta lanean eragin zuten. Joskintzari agur esateko ere toki eta data esanguratsuak aukeratu zituen: Paris, 68ko maiatza. Barrikadaz jositako hirian Haute Couture-ko maisuak bere lanaren etena iragarri zuen, inolako azalpenik gabe. Pariseko eta Bartzelonako etxeak itxi zituen berehala eta urtebete geroago Madrilgoa. Zergatik? Ez dirudi bere sormena gainbehera zetorrenik. Eta komunikabideak bat zetozen bera joanda, modaren mundua lehengoa ez zela izango esaterakoan. Hasieran aipatutako arrautza eta oiloaren aferara gatoz berriro. Izan ere 68ko maiatzeko Paris hartan agerian geratu zen gizartearen aldaketa. Ohiturak aldatzen ari ziren, baita jazkeran ere. Belaunaldi bat lehenago Balenciagaren bezero izandakoen alabek bakeroak eta kamisetak jazten zituzten. Lentejuelek, harri bitxiek, urrezko bordatuek, ez zuten tokirik gizarte berrian. Prêt à porter-aren erresuman, Goi-mailako Joskintzaren eremua gero eta murritzagoa zen. Balenciagaren mundua gainbehera zetorren eta prêt à porter-era egokitzea beste irtenbiderik ez zuen. Hori edo bere jarduna etetea. Eta bere hitzak argigarriak izan ziren behingoz aukera honen inguruan: «Ni ez naiz inoiz prostituituko». Beraz, bere lanentzako tokirik ez zelako aukeratu al zuen erretiroa Balenciagak? Hori berak soilik zekien. Bere ametsa betetzeagatik erretiratu zela esaten duenik ere bada. Bere bigarren ametsa esan beharko dugu, lehena 13 urterekin bete baitzuen. Modaren arkitekto gisa definitua izan zenak, benetako arkitekto lanei ekin eta bere etxe propioa eraikitzea omen zuen ilusiorik handiena.
Cristobal Balenciaga Eisagirre 1972ko martxoaren 24an hil zen Valentzian eta Getarian izan zen ehortzia.


artelan eta ikasgai.

30 bat urte dira Balenciaga hil zela eta dagoeneko bere jantziak museo pieza bilakatu dira. Ordutik hona hamaika erakusketa egin dira bere lanekin eta, ezkerreko koadroan azaldu bezala, hemendik bi urtera Balenciaga museoak bere ateak zabalduko ditu Getarian. Balenciaga Fundazioa ere hor da, maisuaren lana babestu eta hedatzeko lanetan. Getariarrarekiko interesa ez da, gainera, soilik bere jaioterrira mugatzen. Horren lekuko Sotheby’s enkante etxe ezagunak eskainitako datu bat: duela bizpahiru urte Balenciagaren etiketarik gabeko traje bat saldu zuten 4.500 libra esterlinaren truke (etiketa izanda, kopurua biderkatu egingo litzateke).
Baina Balenciagak egindako ekarpenak ez dira soilik bitrina barruan gordetzeko eta berak erdietsitako perfekzio teknikoa eredugarri zaio hainbat eta hainbat diseinatzaile eta jostuni. Moda diseinu ikasketetan Balenciaga oinarrizko ikasgai bilakatu da azken urteotan.


Balenciaga berria.

Lehenago aipatu bezala, 1968an Balenciaga etxeak bere ateak itxi zituen, sortzailearen erabakiz. Firmak lurrinekin soilik jarraitu zuen lanean.
Berriki, ordea, Gucci etxeak Balenciaga firma beregain hartu du eta Pariseko etxeak joskintzari ekin dio berriro ere, Nicolas Ghesquiere diseinatzaile gaztearen agindupean. Lehenago Jean Paul Gaultier eta Nina Ricci etxeetan jardundako diseinatzaileak arrakastaz gainditu du Balenciagaren sinadurapean prêt à porter bilduma burutzeko erronka. Balenciaga etxearentzako lan egiteak ez du esan nahi museotik getariarraren jantzi bat hartu eta hura erreproduzitzen denik. Estilo fresko eta erosoa darabil Ghesquierek, beti ere maisuaren bolumenak erabiliz. Balenciagaren jantziak kopiatu baino, haren ekarpenetan oinarritu da bilduma modernoa osatzeko. Ikusteke dago oraindik gazte honen eskutan Balenciaga firmak garai batean lortutako tokia berreskuratuko duen.

Bitartean eta datorren urriaren 15a arte, duela mende erdiko kolekzio arrakastatsuak ikusteko parada dago Donostiako Kursaaleko Kubo aretoan. Merezi du XX. mende hasierako haur baten ametsak mende erdia perfekzio eta dotoreziaz jantzi zuela ikusteak

Cristobal Balenciaga (1895-1972)
1895. Getarian jaio zen urtarrilaren 21ean.
1908. Decroll-en soineko baten kopia egin zion Casatorresko markesari.
1912. Parisera joan zen lehen aldiz. Bertan «Magasin du Louvre» dendako arduradun izendatu zuten.
1915. Lehen Balenciaga Etxea zabaldu zuen Donostian. Gerora, 1931n Eisa izena hartuko zuen tailerrak, amaren Eisagirre abizena gogoan.
1937. Parisen bizitzen jarri eta Pariseko Balenciaga Etxea zabaldu eta lehen kolekzioa aurkeztu zuen, sekulako arrakasta lortuz.
1940. Guillom-ekin batera kapela ezarri zuen buru gaineko trentzaren ordez.
1948. Wladzio de Attainville zendu zen, Balenciagaren lankiderik hurbilenekoa.
1950. Balenciagaren zaku soinekoak, baloi gonak eta meloi mahukak egundoko iraultza ekarri zuten.
1953. Lepo handiko berokiak aurkeztu zituen berrikuntza gisa.
1955. Tunika soineko berritzailea aurkeztu zuen New Yorkeko Ambassadors hotelean.
1958. Ohorezko Legioko Jaun Txit Gorena izendatu zuten.
1960. Belgikako Fabiola erreginarentzako ezkontza soinekoa egin zuen.
1965. Lehendabiziko euritako gardenak sortu zituen, material plastikoak baliaturik.
1968. Erretiroa hartzea erabaki zuen. Paris eta Bartzelonako etxeak itxi zituen. Lurrinekin soilik jarraitu zuen lanean.
1969. Madrilgo etxea itxi zuen.
1971. Bere azken agerpen publikoa egin zuen Coco Chanel-en hiletetan.
1972. Bere azken lana egin zuen: Cadizko dukesarentzat ezkontza soinekoa. Martxoaren 24an hil zen Valentzian. Getarian ehortzi zuten

J. Argilagos: «Balenciagaren trajeak elementu arkeologiko bihurtu dir a»
Kuban jaio, Gaudiren arkitekturaren errestaurazioaren gaineko tesia egindakoa, besteak beste New York-eko Metropolitan museoko Fashion Institute-en eta Brooklyn-eko museoan lanean jardundakoa, egun Hemen Art enpresako kidea, Julian Argilagos Pi arkitektoa iragan hamarkadaren erdialdean etorri zen Euskal Herrira. Ordura arte gutxi zekien Balenciagari buruz: jostun ezaguna zela, iraultza baino lehen burgesia kubatarra ere haren bezeroen artean zela... Orduan, Getariako udalaren areto handi batean galeria bat zabaltzea erabaki eta udalak eskaera bat egin zion: Cristobal Balenciagaren jaiotzaren mendeurrena zela eta haren inguruko erakusketa paratu behar zuen. «Ados» esan zuen berak, «Non dira jantziak, manikiak eta beharrezko gauza guztiak?». Jantziak bai, baina han ez zen besterik; ezta dirurik ere. «500 bokarta kaxa erabiliz instalazio plastiko bat egin nuen». Arrakastatsua izan zen erakusketa eta Nizatik erakusketa bertara eramateko eskatu zioten, bokarta kaxa eta guzti. Handik Erromara, Erromatik Donibane Lohizunera... hamaika lekutan egon da geroztik Argilagos Balenciagaren inguruko erakusketen komisario gisa. Egunotan Kursaalean ikusgai dagoen erakusketan ere bai.
Balenciaga Fundazioa sortu zenean Argilagosi patronatuko kide izateko eskaintza luzatu zioten. «Nik ordea nahiago izan nuen ekoizpen lanean jarraitu». Horregatik erakusketak paratzen jarraitu du eta, gainera, berea da Balenciaga Museoaren proiektua. Orotara Balenciagaren 700 bat lan ditu egun Fundazioak. «Balenciagaren bezero izandakoak soinekoak Fundazioari emateak merezi duela jabetzen ari dira, honek kontserba ditzan». Horrela, apurka-apurka bilduma aberasten joan da. «Bildumaren kalitateak asko egin du hobera, ez soilik jantziak ugaldu egin direlako, baita Balenciaga aztertzen joan eta gero eta hobeto ezagutzen dugulako ere». Kopuruaz gain, kontserbaziok bereziki egin du hobera. «Lehen edozein modutara gordetzen ziren trajeak. Orain, aldiz, kamera hotz bat badugu, jantzientzako funda egokiak...» Izan ere, arkitekto kubatarrak garrantzia handia ematen dio Balenciagaren lanak kontserbatzeari. «Balenciagaren jantziak elementu arkeologikoak bihurtu dira» diosku, «bere garaiko gizarteaz mintzo diren elementuak. Bezeroak, traje bat erosterakoan, ez ziren historiaren zati bat erosten ari zirenez jabetzen. Orain hortaz jabetu behar dugu».
Balenciagaren lanen irudiak nonnhai ageri diren honetan (orriotan, besteak beste), irudiok gehiegi esplotatzea ez duela gustuko dio kubatarrak. «Pieza konkretu batzuen irudia argitaratu beharko litzateke soilik. Bestela bere magia, bere enkantoa hautsi egingo da». Balenciaga bera estrabagantziarik gabeko gizona izaki, «Balenciagaren etika jarraitzea baino ez da jarrera hau hartzea». Getarian eraikiko duen museoan ere Balenciaga beraren izaera nabari da. Eraikuntza amaitzean egitura sinplea izango dugu begien aurrean. Maisuaren trajeetan bezala, ordea, lana burutzeak konplikazio ugari ekarriko du. Sinpletasuna kanpotik eta lan izugarria barrutik. 2003an lanak amaitzeko, Balenciagaren diziplina ere beharko omen dute

Erakusketa gaur
Datorren urriaren 15a bitarte, Donostiako Kursaaleko Kutxaren Kubo aretoan «Balenciaga. Parisetik Donostiara» erakusketa izango da ikusgai. Bertan getariarraren 60 traje ipini ditu Balenciaga Fundazioak, 1912an egindako traje batetik hasi eta Donostiako Eisa etxeak burututako azkenekoraino, Goi-mailako Joskintzaren maisuak bost hamarkadatan eginiko ibilbidea islatzen da. Baserritar jantzi soiletik ezkontza soineko ikusgarrienera, Donostiako Orfeoiaren jantzitik gaueko lentejueladun traje ikusgarrira, Balenciagaren lanaren ezaugarri nagusiak daude bildurik lan horietan. Trajeez gain 40 bat konplementu ere jaso ditu erakusketak: bitxiak, kapelak, jakak... Gainera, hainbat dokumentu ere jarri dute ikusgai: planoak, agiriak, argazki pertsonalak, eskuizkribuak, guraizeak...

Museoa bihar
G etariako Casatorresko markesen etxeak egun Balenciagaren hainbat lan jasotzen badu ere, 2003. urtean eraikuntza beraren inguruan museo berritu eta zabaldua ireki asmo du Balenciaga Fundazioak. Hasiera batean mahai gainean lur azpiko proiektu bat jarri bazen ere, zituen zailtasun ekonomiko zein fisikoengatik baztertu eta proiektu berri bat burutu zuen Julian Argilagosek. Casatorreskoen etxetik nabe zentral bat irtengo da, erakusketa areto zabala nolabait zintzilik geratuko delarik. Altzairuzko egitura honen azpian, eta lur azpian beraz, 2.000 metro koadroko lorategia paratuko dute. Eraikuntza tekniko bat ere izango du liburutegi, kontserbazio areto, langileentzako gune, atrezzo eta guzti. Orotara, eraikuntza zaharrari zati berriak gehituta 6.000 metro koadroko azalera izango du museoak


Azkenak
2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azoka aurkeztu dute: Daniel Landart izango da aurtengo omendua

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-07 | ARGIA
Berangoko Otxantegi Herri Lurra hustu du Ertzaintzak, eta lagun bat atxilotu dute

Ertzaintzak hirugarren saiakera egin du asteartean Otxantegi Herri Lurrak husteko, epaileak hala aginduta. Lurrak defendatzera joan dira hamarnaka lagun, eta teilatuan, lurrean zein dorretxean erresistentzian zeuden guztiak kanporatu ditu Poliziak. Hiru lagun zauritu dira... [+]


EHZk kartela itxi du: Gorka Urbizu, Anari, Libe, Bananas, Raimundo el Canastero...

Hitzaldi eta mahai inguruen aurrerapena ere egin dute: Palestinaren egoera, Europako paktua eta immigrazio legea, laborarien mobilizazioa edota festibal eta musikagintza ereduaren eztabaida, besteren artean. Ekainaren 28an, 29an eta 30ean izanen da festibala, lehen aldiz... [+]


Eguneraketa berriak daude