ATZERRITARREN LEGE HERTSIA OZTOPO DA ETORKINEN INTEGRAZIORAKO

  • -Europako estatu gehienak bezalatsu-, kolonialistak izan ziren XX. mendera arte. Horren ondorioz eta munduak hartu duen jite globala dela kausa, azken urteotan erruz ugaldu dira inmigrazio oldeak. Etorkinen gaineko datu estatistikoak ez dira zeha-tzak. Europan bizi direnen erretratu bat eskaini diezaigukete hurrengo datuok: Alemanian 7.315.000 atzerritar bizi dira, Frantzian 3.600.000, Erresuma Batuan 2.125.000 eta Belgikan 890.000. Espainiako Estatuan, 1999an eginiko erroldaren arabera, 550.000 bizi dira legalki. Kopuru hauek erakusten digutenez, Espainian inmigrazio fenomenoa berria da. PPko Gobernuaren politikak atzerritarren kopurua mugatu nahi du eta interes ekonomikoaren arabera kontrolatu.

2001eko ekainaren 03an
Europara iristen diren etorkin gehienak -1999ko datuetan erreparaturik- Alemania, Italia eta Erresuma Batura datoz, etorkinen %70. Urte hartan, 717.000 atzerritar inguru heldu ziren Europara. Gainontzeko %30etatik zenbat heldu ziren Espainiako nahiz Frantziako estatuetara eta zenbat Euskal Herrira ez dago zehazki esaterik. Datu fidagarririk ez dago; datu ofizialak eta errealak ez datoz bat.
Hego Euskal Herrian 40.000 etorkin omen daude gaur egun -estatuaren kanpotik etorriak, hots-, hauetatik 30.000k dute egoitza-baimena. Ipar Euskal Herriko etorkin kopuruen datu zehatzik ez dago. Prentsan, 7.000 etorkin daudela esan bada ere, kopuru hori Pirinio Atlantikoak departamenduari legozkioke, eta ez da batere fidagarria. Izan ere, gure Iparraldeko etorkinen gaineko datuak oso ezberdinak eta anitzak dira; lan eske, asilo politikoa edota ikastera datozen etorkinen datuak. Akitania eskualdean, kasu, Espainiako 2.000 etorkin inguru daude, hauetako anitz ikasleak direlarik.


ATZERRITARREN LEGEAK.

1951n hitzartu zen atzerritarrentzako lehen legea Europan: Genobako Hitzarmena deritzana. Asilo eskubidea bermatzeko egin zen, alta, ez bide du egundo asiloaren eskubidea guztiz bermatu. Frantziako lehen atzerritarren legea 1945ean gauzatu zen. Ordudanik hasi zen egoitza estatutua arautzen estatu honetan. 1952an, (Genobako Hitzarmenaren arabera) OFPRA sortu zen (Office Français de Protection des Réfugiés et Apatrides). CCR (Commission des Recours des Réfugiés) Helegite Batzordea eratu zen halaber. Frantziako estatuak, atzerritar legea murriztuz, (3.600.000 atzerritar biltzen ditu) mugak hertsiki kontrolatzen ditu, 1988az geroztik bereziki.
Espainiako atzerritar legea ez da pago-txa. Inmigrazioaren fenomenoa berria da Espainian. 1999ko erroldaren arabera 550.000 atzerritar bizi dira bertan. Hauetatik 244.377k agiriak aurkeztu dituzte beren egoera arautzeko. 150.000 inguru klandestinitatean mugitzen dira, hala ere. Espainiako legeen artean, atzerritarren legea da gehien aldatzen dena. Azkeneko legea 2000ko abuztuan jarri zen indarrean, eta berau 1999ko abenduan onetsi zena berritzera etorri zen. PPk bi urte eman zituen gobernatzen, PSOEko Gobernuak 1985ean hitzartu zuena berritzeko. Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE-ONG) arabera, lege hura murritza eta eskasa bazen, PPk harturiko politika etorkinen etorrera oztopatzeko "ongi" kalkulatuta dago. Alderdi popularrak (PP) bere gurarira nahi ditu atzerritarrak, lan eta enpleguaren legearen araberan eta herritartasun eskubide bat bera ere onartu gabe. Hots, PPk etorkinen fenomenoa egungo lan merkatu liberalaren arabera erabiltzen du, estatuaren ekonomiaren mesedetan soil-soilik.
Etorkinen legezkontrako -edo ilegal- kontzeptua indartuta dago Espainiako Estatuan, horrela interesatzen baitzaio Jose Maria Aznarren oraingo politika ekonomikoari. Murtziako El Ejido herrian gertatutakoa, politika honen agerpide esanguratsu bat da. PPko Gobernua ez da gauza atzerritarrei politika duin bat eskaintzeko eta bizi duten baztertze egoera konpontzeko. Hori gutxi balitz, estatuko Herriaren Defendatzailea Mujika Herzog PSOEkidearen jarrera lotsagarritzat joa da etorkinen eskubideen errespetuak izan daitezen borrokatzen duten herri mugimendueen aldetik. Asko eta anitzak dira etorkin guztien eskubideak bermatuak izan daitezen aldarrikatzen dituzten herri erakundeak. Erakunde hauek eskakizunak banan-banan zehaztu dituzte gainera. Egoera irregularrean daudenei paperak eta lan baimena ematea -lan-esku merkea beti berek behar izatea- hala nola jasaten duten jazarpen poliziala eta gehiegikeria administratiboaren amaiera, besteak beste. Hau da, herritar ororen eskubideen berdintasuna onartuz, integrazio soziala bultzatuko duen politika bat indarrean jartzea exigitzen zaio gobernuari. SOS Arrazakeriak herri mugimenduen buruan dihardu.


LEGE BERRIA EZ DA BERRIA

2000ko Legearen onarpena eman zenetik, bai Madrileko Parlamentuaren oposizioko alderdiak bai PPk gobernatzen ez duen Espainiako erkidego autonomietako gobernuak Atzerritar Legearen aurka jarri dira. Berau da helegite gehien jasotzen duen legea. Gurean, Nafarroaren kasuan, UPN alderdia ezik (ñabardurak ñabardura) gainontzeko alderdiek bat egiten dute Espainiako Atzerritaren Legeari konstituzionaltasun errekurtsoa aurkezterakoan. Gasteizko Eusko Legebiltzarretik ere helegitea aurkeztu zitzaion pasa den martxoan. Edonola ere, Espainiako Parlamentuan minorian ari diren oposizoko alderdiez gainera, herri mugimenduen sostengu gartsua beharko dute etorkinek, baldin beren egoera hobetuko bada. SOS Arrazakeriak Hego Euskal Herriko lau lurralde historikoetan fun-tzionatzen du. Gipuzkoako SOS Arrrazakeriako Koro Erdoziak lagundu digu guri atzerritarren mundua amini bat gehiago ezagutzen.
Erdoziaren esanetan, etorkinen alde diharduten erakunde nahiz herri taldeak ez dira nahiko luketen beste koordinatzen. Horrela izanda ere, Koro Erdoziari atzerritzar legeaz duen iritzia eskatu diogu: "Lege berria ez da batere berria, lege zaharra berritua da eta inoiz baino okerragoa. Helegitea aurkeztea dagoela? Ados. Baina garbi dago, pertsonaren aurretik Espainiako Konstituzioa jarri dute, Atzerritarren Legeak ez du pertsona hobesten herritar espainola baizik. Diskriminazioa, beraz, begibistakoa da".
Gipuzkoako SOS Arrazakeria erakundearen bulegoetara azaltzen diren etorkinak laguntzeko, oso laburrak dira eguneko 24 orduak (Koro Erdozia eta Agustin Unzurrunzaga dira arduradun nagusiak). Laguntza bideratzeko txosten edo karpeta indibidualak zabaltzen dituzte.
Etorkin legalak eta ilegalak jarri dizkiogu hizpide Korori, eta ez zaio gustatu planteamendua: "Ez ditugu ezberdintzen etorkinak. Gure base datuetan ez duzu aurkituko pertsona bat egoera erregularrean edo irregularrean. Hain erraz da pasatzen erregular izatetik irregular izatera. Terminologia horrek guretzat ez du zentzurik, gainera erotuko ginateke".
Etorkin baten kasua azaldu digu jarraian. Bost urte ibili zen egoera erregularizatu gabe, lanean ibili zen, lan beltzean, noski. Korori ez zitzaion burutik pasatzen egoera horretan egongo zenik, baina kontentzioso administratibo batean sartu zen, eta paperik gabe zegoenez, beren bulegoetara azaldu zen laguntza eske.
Karpetak arrazoi anitz dela-eta betetzen dira. Etorkina paperekin eta lan-baimenarekin eta administrazioari bizkarra emanda bizi daiteke. Legearen babesean bizi diren herritarrak bezala, funtsean. Kontua da, administrazioaren menpe bizi garela eta hartara hurbildu gara ezinbestez.
Gipuzkoako bulegora, paperak izan edo ez izan lan, baimena eta egoitza bat lortzeko hurbiltzen dira etorkinak. Egoera hauek gainditua ere, familia biltzea, ikasten ari diren seme-alaben bidea erraztuko dituen txartelak lortzea, ezkontza kasuen erregularizatzea edota hamaika korapilo askatzen laguntzea eskatu ohi dituzte etorkinek. Gizarte-laguntzailearen lana erruz pilatzen da SOS Arrazakeria erakundeen bulegoetan. Enpresariekin, sindikatuekin eta administrazioarekin lehiatu behar dituzte gizarte laguntzaile hauek. Koro Erdoziaren lana ez da samurra inondik ere.
Enpresarioek bere interesak babesten dituzte, eta etorkinak, inoren laguntzarik izan ezean, galduta aurkitzen dira. Enpresariak etorkinez gero eta gehiago interesatzen dira. Bistan da. Lana badago egon, eta lan gogorra eta kaskarra bateren batek egin behar du. Normalean lan txarrenak, esku lanak edota txandaka egitekoak eskaintzen zaizkie etorkinei. Ordea, enpresariek langile finkoak nahi dituzte eta ez hamabostero langileak aldatzen ibili beharrik. Etorkinen egonkortasun ezak ez ditu bermatzen enpresarien nahiak. Orduan, eskaerak egiten badira ere, asko ukatuak izaten dira enpleguaren egoerak horrela agintzen duelako.
Hizkuntza ongi menperatu ezean, ez da aise egoera berrira moldatzea. Normala da legea bera ez ezagutzea: "Hizkuntzarekin moldatzen dira baldin lan egiten badute. Lanean harremanak finkatzen badituzte integrazioa gauzatzea errazagoa da. Gaurko atzerritar legeak ez die uzten bide hori urratzen".
Gure artean bizi diren etorkinen egoera oso da gogorra. Nazionalitate ezberdinekoak izaki eta hizkuntza komun finkorik ez dutenez gero, ez dute hitz egiteko ohiturarik. Bizi duten gizarte eta ingurumariarekiko begirada orokorra da etorkinena. Ez dira egoeraz jabetzen. Esaterako, hiru pertsona bizi daizteke elkarrekin, baina ez diote modu sakon batez elkarri kontatzen norberaren egoera. Bizimodu petrala da beraiena inola ere.
Lan kontuetan sindikatuen betebeharra funtsezkoa da. Sindikatuak ordea, ez daude osotara eta egunean jarriak inmigrazioaren arazoari dagokionean. SOS Arrazakeria taldekoek sindikatuen aldetiko laguntza baino, sindikatuek dituzten arazoak bideratzen lan gaitza egiten dute. Atzerritik datozen langile kontratuen kasuetan, adibidez. Administrazioaren izapideak bideratzea lan korapilatsua da eta sindikatuak, dirudienez, ez dira horretan iaioak. Erdoziak sindikatuko kide batekin telefonoz mintzatzean erakutsi haserraldiak hala eman zigun aditzera.
Administrazioarekiko harremanetan hasarreaz gainera sumindura eta inpotentzia nagusitu daiteke gizarte laguntzaile baten baitan: "Orain 25 urte Bergara herrira etorri zen etorkin baten kasua. Etorri zenetik ari da lanean, nazionalitatea eskatua dauka eta ez diote erantzuten. Guk gehiago ezin dugu egin. 60ko hamarkadan ez zegoen atzerritar legerik. Orduan, besterik gabe sartzen ziren etorkinak, ez zuten bisadorik behar. Lana topatuz gero hasten ziren lanean eta kito. Garai haiek joan ziren, ordea".
Duela hogeita bost urte iritsi zirenek ez badituzte beren eskubideak bermatuta, zer esanik ez, gaur egun heldu direnek zaila dute bizimodua duintasunez antolatzea. Atzerritarren Legea hilabete batetik bestera aldatzen da, bermerik gabe, hala ere. Hau da, duela urte zenbait etorritakoek nekez erakutsiko diote orain datozenei egin behar duten bidea. Etorkinek hiru paper mota ezberdinak erabiltzen dituzte, garaia eta estatusaren arabera: "Atzerritarren Legea berariaz egina dago, oso ondo landua. Zentzu txarrean, baina oso ondo", esan digu azkenik Korok.


LAN ZIRKUITOAK.

Etorkinak polizoiak gisara helduz gero, eta ez badira harrapatuak, ahal duten moduan janez hasten dute beren bizialdi berria. Hiri-aglomerazioetan aurkitzen dute babesa. Babestoki horretatik lan-zirkuitoetan barrena abian dira. Valentzian laranjaren bilketa burutzen dute, Almerian marrubiarena, Lleidan, madariarena, Extxemaduran aranena eta Logroñon tipularena, kasu. Nafarroan eta Araban mahats eta patata biltzen aritzen dira. Poliziak etorkin bat harrapatzen badu zentro berezi batean sartzen du 40 egunetarako. Kartzelak baino okerragoak dira zentrook; patiorik gabekoak. Denbora horretan ez badute nongoa den asmatzen, aske utzi behar dute. Etorkinak hemen segitzen du, baina zirkuito horietan beti ere. Sistemari, bistan da, zirkuitoak mantentzea interesatzen zaio, interesatzen zaionez.

"ETORKINA EZ DA HERRITAR NORMAL BAT, EZ DITU GUK DITUGUN ESKUBIDE BERDINAK"
Atzerritarren Legeak, bai orain indarrean dagoenak eta baita ere aurreko biek, etorkin ez komunitarioen bizitza guztia baldintzatzen du modu gogor batean, eta denbora luzean, urtetan.
Etorkina ez da herritar normal bat. Ez ditu nik edo zuk, irakurle, dituzun eskubide berdinak. Ez da, ezta ere, langile normal bat, nahiz eta bere helburua lana aurkitu eta lanean aritzea izan. Lan egiteko lan baimen bat behar du, bertakook behar ez duguna. Baimen hori berritzeko, Gizarte Asegurantzara hainbeste kotizazio egin beharko ditu, eta berritzeko garaian lan kontratoa indarrean eduki. Baimen berritu bat eduki arte ezingo du bere emazte, senar edo seme-alabekin elkartu. Bere bizitzaren aldaketa eta mugimendu guztiei buruz poliziari informatu beharko dio (helbidez aldatzen bada, beste lan bat aurkitzen badu, ezkontzen bada...) faltak ez izateko, isunik ez jasotzeko eta paperak berritzerakoan arazorik ez edukitzeko. Eta hala urteak joan eta urteak etorri, beti paperen arduran.
Atzerritarren Legearen aurka eta, beste gauza batzuren artean, eskubideen berdintasunaren alde, hainbat talde ari gara lanean. Eta eguneroko jardun horrek eraman gaitu harremanak eta elkarlana sendotzera.
Praktikan, eta hemen, Gipuzkoako esperientzia daukat buruan batez ere, lan banaketa natural antzeko batera iritxi gara, bata eta besteen alde indartxuenak edo iaiotasun bereziak kontuan hartuz, informazioa trukatuz, batek egin ezin duena besteari igorriz edo laguntza eskatuz.
Eguneroko lan horretan oinarrituz, proposamen bateratuak egin dizkiegu administrazio ezberdinei, etorkinekiko babes politika dela eta Diputazioko Ongizate Saileko arduradunei; edo helduen hezkuntza sisteman Atzerritarren Legearen eragin kaltegarria dela eta, Hezkuntza Sailekoei.
Eta batera joan gara beti Gobernu Ordezkaritzara, kupoei buruz edo Ekuadorreko Gobernuarekin sinatutako Itunari buruz berba egitera eta etorkinentzat bermeak eskatzera.
Eta eguneroko lan horretan oinarrituz egin ditugu hainbat ekintza publiko Atzerritarren Legearen aurka eta etorkinen eskubideen alde. Azkena, Pasaiatik-Donostiara egindako laugarren ibilaldia izan zen, hamazazpi taldek konbokatua.
Baina bizitzako edozein eginkizunetan bezala, akatsak ere nabariak dira, edo, akaso, hobeto esanda, aurrean dauzkagun erronkak. Hemen doaz batzuk:
- Sozialki aktiboa den jende askorentzat, etorkinen inguruko gai hauek berriak dira, eta ez dira aise sentitzen.
- Erreferentzia propioen haulezia, bertako esperientzian oinarritua. Gaur egun ez daude, edo oso gutxi dira, gai honetaz harduratzen diren pentsalari edo intelektualak. Beste leku batzuetara jo behar dugu ideiak bilatzera, Frantziara, Kataluinara. Beste leku batzuetan, Frantzian, Alemanian, Kataluinan bertan, horrelako pertsonaiek etorkinekiko euren elkartasun hurbila adierazteko gai dira. Hemen ez.
- Elkartasun sarea sendotu beharra dago, batez ere etorkinek eurek antolatutako elkarteak.
- Gai honen dimentsio anitzen (laguntza hurbila, politika, soziala, kulturala) arteko oreka hobe bat landu behar dugu.
- Elkartasun mugimenduak salaketa moralean du indar handia, baina egiten dituen kritika politikoak eta sozialak ez dira hainbeste azaltzen. Desoreka handiegia dago. Badirudi aspektu horiei buruzko hitza, partidu politiko eta sindikatu batzuek dutela bakarrik, nahiz eta, askotan, jendearen beharretik oso urrin egon.
-Elkartasun mugimenduak oso esperientzia aberatsa dauka, baina ez ditu behar den neurrian esperientzia hori eta egunero erabiltzen dituen ideiak sistematizatu eta plazaratu.

"ORAINDIK EZ DUGU SABINO ARANAREN TEORIA GAINDITU"
Gurean, historikoki, gizarte tradizionalaren krisia, industrializazio hasberria, inmigrazioa eta euskal nazionalismoa eskutik joan dira. Ezin da bat ere beste hirurak gabe ulertu. Beraz, Euskal Herri modernoan, Bizkaitik hasita eta mende bat dela, etorkingoa gure gizarteko errealitate demografiko, sozial eta kuturala da. Politikoa ere. Funtsean, politikoa baita beraren ulerkera.
Etorkingo hau espainiarra da sorterriz eta Erkidegoan eragin izugarria du; bataz beste, bizi den populazio osoaren heren bat kanpoan jaioa da. Etnikoki hitzeginda lurralderik euskaldunena Nafarroa da, beronetako %84a inguru Nafarroan jaioa baita. Inmigrazioaren eragin induzituaren arabera, seme-alabak kontutan hartuta, populazioaren erdira igotzen da eta matrimonio mistoen tasa ikaragarri altua da.
Inmigrazioa Espainiakoa izatean, euskal nazionalismoak berehala hartu zuen aintzat, bere aldarrikapenean aurkezten zuen herri homogeneoaren irudia apurtzen zion eta. Hortik aurrera, garai berean bi asimilazio prozesu agertu ziren: espainiarrek euskaldunena eta nazionalistek euskal herrian bizi zen populazioarena.
Erdian kokatzen dira etorkinak: jatorriz espainiarrak dira (eta afektuetan -nola ez- espainiarzaleak) eta administratiboki euskal hiritarrak, eta nazionalismoak bereak -nazionalak- bilakaerazi nahi ditu. Gertakari honetan, batzuek matrioskha-ren (andrakila errusiarra) sindromeaz bataitu duten egoera agertzen da: unitate estatal batek bere lurraldean unitate nazional emergente bat (edo gehiago) du, eta azken honek "propiotzat" erreklamatzen duen lurraldearen baitan unitate estatalaren populazioa dago. Nazionalismoarentzat, ondorioz, etorkinak beti susmopean egongo dira, euren leialtasun nazionala zein izango ote denaren inguruko kezka nagusi delarik. Oinarri-oinarrian sakonagoko arazoa dago: zer da euskaldun (edo euskal herritar-hiritarra) izatea?
Historikoki, arraza, euskara, borondatea, eta abar izan dira galdera honen erantzunak. Baina inplizitoki erabili izan dugun irizpide etniko erabakiorra ez da oinarritu aipatu diren osagai objektibagarri edo subjektiboetan, politikoan baino: euskaldun da abertzale dena. Oraindik ez dugu Sabino Aranaren teorizazioa gainditu, ze berak bereizitako bertako, maketo eta maketofiloak bereizten ditugu gaur ere. Teorizazio hau, nazionalismo zibiko bat eraikitzeko akats ikaragarri bat da, eta, euskal nazionalismoak, alde batetik, irizpide etniko hau ezinbestean aldatu behar du eta, bestetik, bertan bizi direnen hiritartasun unibertsala onartu. Bestela gauza kuriosoak gertatzen baitira: bertako euskaradun ez abertzale bat espainiarra kontsideratu eta antzekoak... Eraikuntza sozial eta nazionala sustatzeko eta errestaurazio nazional antzu hutsean ez erortzeko -Udalbiltza ez-ofizialak bideratu dituen proposamen batzuetan badago honelakorik-, galimatias honetatik irtetzea beharrezkoa da.
Zeintzuk dira bestela arriskuak? Etorkinak beti susmopean daudela eta eskatzen zaizkiela bertakoentzat beharrezkoak ez diren baldintzak: hizkuntza eta zalantzarik gabeko leialtasun nazional abertzalea. Bertako guztiek betetzen ote dituzte baldintzok? Gure etorkizun nazionala proiektu sozial, kultural eta politiko bateratsuen ingurutik baino ezin daiteke etorri. Mugak ez dagoz etorkinen jarreretan -esaterako, Bilboko ezkerraldeko udalerrietako hezkuntzako sare publikoan D eredua da nagusi-, norberaren konfidantza eskasean baino. Etorkingoa ez da ½Troyako zaldia», lan egitera etorri da eta bere integrazioa bertan seme-alabak -bertakoak direnak- gustora ikustean eskuratzen du. Adibidea: azken hauteskundeotako emaitzak. Gaindi dezagun asignatura hau!


Azkenak
Koopfabrika
Kooperatiba eraldatzaileen harrobia

Olatukoopek beste hainbat eragilerekin batera garatu duen proiektu nagusienetako bat KoopFabrika da, ekintzailetza soziala bultzatzeko helburuz 2017an sorturiko programa, eta gaur egun oraindik martxan dagoena.

Hasiera batean, lehenengo ideia izan zen ekonomia... [+]


2024-05-12 | Nerea Menor
Ghayath Almadhoun
"Alemania nagusitasun zuriaren piramidearen gailurrean dago, eta lehen holokaustoa ukatu zutenek orain Nakba ukatzen dute"

Ghayath Almadhoun-ekin hitz egin dugu Alemaniako zentsura sistemikoaz eta horren ondorioez. Siriako Damaskon 1979an jaiotako poeta palestinarra, Suediara joan zen bizitzera eta egun Berlinen bizi da. Bere poesiak, ia 30 hizkuntzatan itzulia, maitasuna, tokialdatzea eta nortasuna... [+]


2024-05-12 | Estitxu Eizagirre
Amillubiren festa maiatzaren 11n
Lurra taupaka hasiko da

Urola ibaiaren meandroan, Zestoako Iraeta auzoan daude Amilibia baserria eta bere lur emankorrak: 5 hektarea baso eta 4 hektarea laborantza lur. Laborantza ekologikoa sustatzen duen Biolur elkarteak baserria eta lurra kolektibizatu nahi ditu Amillubi proiektuaren bidez... [+]


Pastoral bat Iruñearendako

Herri-antzerki forma bat da pastorala. Sujet edo protagonista bat (hildakoa) hautatu eta bere bizia bertsotan ematen duena. Kantua ere presente dago emanaldian. Taula zuzendaria, taula gainean arituko diren arizaleak eta musikariak aritzen dira pastorala ematen den egunean... [+]


'Ekonomia eraldatzailea(k)' liburua
Ekonomiaren adjektibo guztiak

10. urteurrena kari, Olatukoopek bi liburuxka atondu ditu eta labean ditu jadanik, ekonomia eraldatzailearen eta kooperatibagintzaren ingurukoak biak ala biak. Alde batetik, herri-kooperatiben inguruko eskuorri edo gida bat kaleratuko dute, herri kooperatiba bat zer den... [+]


Eguneraketa berriak daude