Euskal ezkerra bidegurutze batean dago gaurko garai honetan. Kontuan hartzen badugu erreforma politikoa duela 20 urte luze abiatu zela, ezkerrak bere ibilbidea aztertu beharra dauka. Joan direneko bi hamarkadetan izandako aldaketa handiak direla-eta, konplexua da gure herrialdeak bizi duen errealitate sozial eta politikoaren egoera interpretatzea. Gainera, errealitateraekin bat egiten ez duten dogma zaharretan oinarrituriko gure pentsamendua berritu beharrean gaude. Ezkerrak, orokorrean, bere proposamenak eta mezuak gaurkotu behar ditu globalizazio neoliberal tematiak sortarazten dituen egoera berrien aurrean.
Boterearen aurka jazarri nahi duten kolektibo eta jendeen artean elkartasuna eta errebeldia bildu beharra dago planetan dauden ezberdintasunei aurre egiteko. Honen adibide zehatza ditugu Porto Alegreko jardunaldiak, ezkerrak erantzuteko dituen benetako erronkaren barruan kokatu beharrekoak eta euskal ezkerraren kezka sozialen baitan oso kontuan hartzekoak. Testuinguru honetan elkarganatzen dira ezberdintasunen aurkako ekimenak, EAEko eta Nafarroako soldata sozialen eskakizunak, edota etorkinen aldeko solidaritatea sustatzeko eramandako ekintzak, baita modu askotako narriadura ekologikoaren aurka garaturiko borrokak. Ahaztu gabe, hauen artean, abeltzantza eta nekazaritza estentsiboaren ondoriozko giza elikagaien aizunketa dagoela, mutur bateraino eramanak 'behi eroen' gaitza deituriko eritasuna ekarri duena. Ero dagoena, ordea, sistema da, eta sarritan, berean oso modu eroso batean kokatzen den gizakia ere bai; ezkertiarrek ezinbestez kontuan hartu beharrekoa. Honi guztiari, feminismoan, antimilitarismoan, euskalgintzan, eta lan munduan jalgitzen diren opresio eta errepresioak gehitzen badizkiogu, bada, ezberdintasunei aurre egiteko ditugun premiek -aurrerago, Euskal Herriko egoera espezifikoarekin batera aztertuko ditudanak- aditzera ematen digute zein izan behar duen gure arrankura eta arduraren esparrua. Funtsean eta finean, halabeharrez berritu beharra daukagu sekula uko egin behar ez dugun bete beharretan irmo segitzeko. Hots, eragin nahi dugun Euskadiko errealitate sozial eta politikoaren kokagune tinkotik kritikoak izan behar dugu ezarritako boterearekiko, ahaztu gabe, mundua berez gu geu partaide garen mundu hau baino zabalagoa dela.
Eraiki nahi dugun Euskal Herriak memento honetatik hasita herritarrei, pobreenei batez ere, eragiten dieten eskakizun sozial eta politikoak lehen planora ekartzea eskatzen du. Ezkerran ez dago lehen eta bigarren mailako aldarrikapenak bereizten dituen proiektu edo aliantzentzako edo lehen aipatutako kezkak bigarren fase baterako alboratzen dituzten aliantzentzako lekurik. Herria eraikitzea, lehenik eta batez ere, aukera sozial eta politikoekiko ezberdintasun oro aniztasunarekiko begirunea izanik deuseztatzen saiatzea da. Euskal prozesuari buruz bereziki, gogora dezagun 1998ko udara ikusmin eta itxaropen handieneko mementoa izan zela erreforma politikoko garaian antolatutako Euskadiko ezkerrarentzat. ETAren tregoak sektore sozial, sindikal eta politiko anitzetako kolektibo eta jendea EHn biltzeko saiakera bat eragin zuen. Kemen berriarekin agerrarazten gintuen konbultsioa zen. Bi hamarkada lehenago, frankismotik ateratzean genuen indar sozial garrantzitsuak era guztietako mobilizazioei eman zien bide eta talde ezberdinak premisa rupturistetan oinarritutako aktibitate sozialean bildu ginen, ETAk ere sostengu nabarmena zuen eremu berean.
Nahiz eta urte horietan berregituratze industrialaren aurkako borroketan eta nazio aldarrikapenen defentsan indar erakustaldi handiak egin, erreforma politikoa pixkanaka aurrera egin zuen Euskal Herrian isilka-misilka, hala ez zirudien arren. 80ko hamarkadaren bukaeran, errealitate horren ebidentzia nabarmenak geneuzkan bai EAEn eta bai Nafarroan. ETAren jarduerarentzat zailtasunak ugaldu ziren , ia dena euren aurka jartzen ari zelako: euren helburu eta metodo gero eta indiskriminatuagoek eragindako ukapena, munduko klima, Europako testuingurua, espainiar gizartearen bilakaera eta euskal gizarte berarena... Bere osotasunean mundu abertzaleak atzera egin zuen eta geldialdia izan zuen politikoki eta hauteskunde mailan, bitartean espainiar nazionalismoaren premisa politikoetako batzuk finkatzen zihoazen, hura frankismoarekiko zuen identifikazioak eragindako nortasun krisitik ateratzen ari zen heinean. Gainera, Espainiako Estatua EEBn sartzeak monarkia legitimatu zuen.
Ziklo hori, aurreko paragrafoan eskematikoki laburtu dudana, apurka finkatuz joan zen eta bere gailurra "Ermuko gertakizuna" deiturikoan iritsi zen. Harrezkero, PP eta PSOE, bigarren hau bere barne krisiak eta hauteskunde porrotek eraginda bazegoen ere, nazionalismoa politikoki garaitzeko eta lehendakaritza lortzeko aukera ikusi zuten. Bestalde, abertzaleei egoera honek ETAren gaiari amaiera ematea gero eta premiazkoagoa zela ikustarazi zien, abertzaleen kausa espainiar identitate soziopolitikoaren aldeko korronteek gainditua izatea saihestu behar zela. Lizarrako akordioa eta ETAren su-etena ipini zituzten euskal nazionalistek irtenbide moduan, operazio honetan hainbat sentsibilitate kultural, sozial, sindikal eta politiko inguratuz. Lizarrak ETAren lurreratze pista izan nahi zuen, eta mugimendu abertzalea berpizteko aireratze pista.
ETAren su-etenarekin asmatu zen bereziki, gizartearen gehiengo nagusiaren nahi sakonarekin bat egiten baitzuen. Testuinguru honetan Ajurieneara iristea lortu zen eta Batera, Udalbiltza, Bai Euskarari... Hori guztia mobilizazio garrantzitsuekin. Baina hauteskundeen esparruan, Araban eta Nafarroan bereziki, errealitateak egun gaindiezinak diren muga batzuekin egin zuen topo. Bakoitzaren asmoez haratago, egitasmoak korronte abertzale ezberdinak batzeko balio izan zuela esan behar dugu. Eta hori ez da gutxi. Baina, aldi berean, abertzaletasuna distantziaz eta errezeloz ikusten duen populazioaren beste erdian sartzeko muga eta zailtasunak agerian utzi zituen.
Garbi salatu behar da PPk eta UPNk Lizarra eta su-etenaren ekimen bikoitza hasieratik boikotatu dutela. Ez zuten distentsio keinurik egin, ez zituzten presoak gerturatu, interlokutoreak atxilotu zituzten eta ETAren porrota aldarrikatu zuten helburutzat. Egitasmo independentisten bideragarritasun demokratikoa saihestu zuten. Madrilgo boterearen jarrera probokatzaile honek ez du, ordea, ETAren su-etenaren haustura justifikatzen. Egia da 18 hilabete horietan ez zela lorpen ikusgarririk egin. Baina onartu behar dugu euskal errealitate konplexuak ziklo luzeak behar dituela egungo zoldura gaindituko duten irtenbide egoki topatuko badira, eta ETAren interbentzioak ez diola inolaz ere dinamika horri mesederik egiten. Batzuentzat, gainera, ETAren ekintza armatuak sortzen duen sufrimendua ezin da justifikatu ez etikoki, ez politikoki.
Su-etena hautsi zenetik, ETAren ekintza politiko-militarrek aurreko garai txarrenak gainditu dituzte, Oldartzenen finkatutako "oinazea gizarteratzeko" formula muturrera eramanez. Ezberdin pentsatzen dutenak eta publikoki espainol, eusko-espainol edo nafar-espainol bezala ageri direnak helburu bilakatu dira. Ezberdin pentsatzeagatik helburu bihurtze horrek gizartearen indignazio logiko eta sakona eragin du. Erakunde armatuak daraman bide hau, bidegabekoa izateaz gain, euskal ezkerraren indarrak ahultzen ari da, zatitu eta jarrera defentsiboan ipintzen gaitu.
Finean, herri honetako ezker sozial eta politikoaren batasunerako faktore negatiboa da. Batasuna prozesuaren esperientziak ez du egoeran aldaketarik ekarri eta esperimentuak huts egin du. Ezker pluralaren ustezko bategitea, azkenean, ENAMen ahalegin bat izan da, bere jendea ekinean eta antolatua mantentzeko. Baina horietatik asko ez daude ados gertatzen ari denarekin eta ez dute indar eta motibaziorik ETAk sortutako errealitateari aurre egiteko.
Egoera kontuan hartuta, garai honetan euskal ezkerra antolaketa eremu desberdinetan moldatu beharko da, bai arlo politikoan zein sozialean, ahal denean jarduera batasuna topatuz, ETArekiko egiten den balorazioa eta haren dinamikatik ateratzen diren eraikuntza nazionalerako proposamenak ez baitute posible egiten antolaketa gune bakarrean bat egitea. Bitartean, ezkerreko pertsona eta kolektiboen arteko eztabaida bakoitzak egoki ikusten dituen irizpideetatik abiatuta eman beharko da. Eztabaida horren markoan, nik zazpi puntu azpimarratuko ditut, nire ustez ibilbide berri bati ekiteko oinarrizkoak:
1. ETAk bere jarduera militarra errotik geldiaraztea eta ez dezala atentatu bat gehiago ere egin.
2. Aznarren gobernuak bere kartzela politika alda dezala, legeak dioen bezala eta duela bi urte Eusko Legebiltzarrak duela bi urte eskatu zion bezala.
3. Bai Lizarra bai Ajuria Enearen mugak gainditzea. Hau da, egungo egoerari zintzotasunez irtenbideak bilatuz, eztabaida eta akordio guneen bultzadan aurrera egitea, hauetan ezker abertzalea zein korronte estatalistak kanpoan utzi gabe.
4. Ezinbestekoa da ETAren gaiaren tratamendua eta nazio gatazkaren irtenbidea ahal bezainbeste bereiztea. Lehenak ETAren amaiera bideratuko duen bake plan bat eskatzen du. Plan honek presoen kaleratzeko, erbesteratuak itzultzeko eta indarkeriaren biktima guztiak ordaintzeko epe eta egiaztatze mekanismoak jarri beharko ditu.
5. Gehiengoen jarreraren onarpena eta gutxiengoen errespetuaren printzipio demokratikoaren onarpena, ETAren aldetik, zein Espainiako Estatuko ordezkarien aldetik.
6. Elkarrekikotasun printzipioak ezberdintasunen legitimotasuna eta errespetua eskatzen du. Korronte abertzaleek gizarte eusko-nafarreko kultura konpartituan sektore ez abertzaleek zein helburu eta eskubide izan behar dituzten eztabaidatzea onartu behar dute. Era berean, akordio batera iritsi behar da kultura horretan zein helburu abertzalek parte hartu behar duten erabakitzeko.
7. Elkarrekikotasun horrexegatik, Nafarroako komunitate abertzalearen egoera normalizatu behar da, euskararen ofizialtasuna lurralde osoan onartuz, euskal sinboloen erabilera ofizialaren regularizazioaz, euskal-nafar batasunaren bilakaerari oztoporik ez ipiniz, nafar eta euskaldun sentitzen garenoi erkidegotasun bikoitzaren aukera emanez... Hori guztia gure marko juridiko eta politikoa erabakitzeko eskubidea dugunok nafarrak garela ahaztu gabe.
Euskal ezkerraren erronkak mahai gainean daude. Arestian azaldutako guztiarengatik, hau ez da erakunde berrietan batasun garrantzitsuak edo mugimendu ikusgarriak burutzeko unea. Euskal ezkerrak, hasieran nioen moduan, berrikuntza fase bati egin behar dio aurre. Eta ea bide horrek guztien ahalegin eta onarpenez ehunduriko batasun esparru berriak ekartzen dituen. Bitartean, une honetan, garrantzitsuena bakoitzak bere kezka, lehentasun eta egitasmoak askatasun osoz eta argi adieraztea da, komunikazioa bideak jartzea eta eztabaida guneak zabaltzea beharrezkoa baita. Etorkizuna idazteke dago.