BERE GARAIARI AITZINA HARTU ZION GIZONA


1999ko azaroaren 07an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mixel Labegerie-ren lagunak elkarteak udaberrian abiatu zuen Labegerie omentzeko urteurren-ekimena. Kanboko Herriko Etxeak kudeatu nahi du auzapeza izan zuenaren elkartea. Gisa batez, Laurent Darraidou buru delarik, Jean Haritschelhar, Jean Fagoaga, Ximun Haran, Peio Labegerie eta Mixel Itzaina bezalako pertsonek sortu dute aipatu elkartea. 150 lagunek eman dute beren atxikimendua jada. Datorren urteko urrirako berealdiko ekitaldi bat antolatzen hasia da elkartea. Bizkitartean, Mixel Itzaina aldudarrak Labegerieren bizitzaz idatziriko liburua izan da urteurrenari ekarri lehen emaria. Guk liburua izan dugu irizpide.


MUSIKA: ODOLAREN MINTZOA.

Mixel Labegerie Uztaritzen sortu zen 1921ko martxoaren 4ean, Berautenea etxean. Anaia bat (Joseph) eta arreba bat (Maite) izan zituen. Aitatxi eta aita (Hippolyte) arotzak izan zituen; ama Marie-Jeanne Haira, berriz, musikaria. Fraileekin ikasi zuen gaztetan, eta medikuntza Bordelen geroago. Kanbon jarri zen miriku 1947an. 1952 urtean, 21 urte zituela, Augustine Peyrot uztariztarrarekin ezkondu zen. Bost seme izan zituzten: Beñat, Eneko, Peio, Txomin eta Xabi. Lehena 16 urte zituela hil zen istripuz. Emaztea 33 urterekin zendu zitzaion, gaitz batek jota. Familia arras joa izaki, Mixelen arrebak lagundua izan zen. 1975 urtean Rita Oberndorff-ekin ezkondu zen berriz. Emazte hura politikoa zen ere, eta Kanboko auzapez karguan ordezkatu zuen Mixel, hau 1980an hil ondoren. Mixelen gazte denbora musikarekin lotzen da. Txistularia eta dantzaria zen. Mixel Itzainak dioenez, musika bere «odolaren mintzoa» zen. Pilotan ere aritzen zen. Lapurdiko hiriburu historikoan hazi eta hezi zen: Uztaritzen. Euskaltzaleen Biltzarrean aritu ziren gizon handien geriza ukan zuen: Adema-Zaldubi, Elissalde "Zerbitzari", Moulier "Oxobi", Leon Leon, eta Louis Dassance-renak, besteak beste. Alta, Piarres Lafittek eragin zuen oroz gainetik Labegerierengan.


LAFITTEREN DISZIPULOA.

Uztaritzeko giroa euskaltzalea zen. Euskalherizaleak elkarteak kudeatzen zuen «Aitzina» aldizkaria; Lafittek sortua eta zuzendua. Elkarte haren xedeak «Jainkoa eta Lege Zaharra» leman biltzen ziren. Mixel elizkoiak organoa jotzen zuen eta Frantzia jakobinistaren aurka eman zuen gaztaroa. Medikuntza ikasi zuen garaian areago sendotu zitzaion abertzaletasuna. II Mundu Gerrak 19 urterekin harrapatu zuen. Garai hartan, Euskaldun Gazteen Batasuna sortu zuten herritik kanpo ari ziren ikasle batzuekin batera. Parisen espezializatu zen medikuntzan, eta han, Eugene Goienetxeren eragina jaso zuen. Mixelek euskara biziki landu zuen orduan: «Kantu xaharrak», «Haurren erranak eta kantuak», «Euzko kantu eta dantzak», hala nola, «Musika kaier bat» eta «Bertsolarien doinuei buruzko azterketa» idatziak utzi zituen. Garai horren ondotik «Gu gira Euskadiko» kantu famatuarekin ipar nahiz hego Euskal Herria inarrosi zuen.


JITE ETA XARMA NATURALA.

Bere garaiko Laurent Darraidou lagunaren hitzetan Mixel gizon suharra, bizia eta minbera zen: «

Berotzen zen tarteka. Zuzena zen izugarri. Sinplea. Jende xumearengandik arras hurbila. Mirikua zen ofizioz eta hartara, bazekien entzuten eta eleketan jendearekin. Kantaria ere bazen eta edozein ekitaldiren kari, jendea inguratzen zuen. Xarma zuen, ele eta boz ederrak. Hala izanagatik, ez zuen jendea xerkatzen duen horietako bat, ez zen liluratzailea. Gizon naturala zen oso
». Herriaren erraietan estekatu zuen bihotza Mixelek, eta, politika bere tripetan omen zeraman. Bere baitan ahal eta dohai handiak biltzen zituen pertsona, dudarik gabe. Bere garaia baina aitzanago zegoena, naski. Konparazione, kantagintzan engaiatu zen eta baserria, jainkoa eta familiaz landa aberriaren gaia sartu zuen: «

Kantagintzaren eremua aberastu zuen, bai melodia bai gaien aldetik. Politikan berriz, Ibarnegaray garaia nolako zen gogoratu behar da. Arras frantsesa zen Iparraldea. Alta, Mixelek aldarrikatu zuen euskararen ofizialtasuna eta departamendua ere bere hasieran; Enbata-ko lehen urteetan
» diosku Mixel Itzainak. Politikan gorago joan ahala, berriz, ezin izan zituen uztartu bere baitan zeramatzan grinak. Hots, abertzale politika bat aitzina eraman ahal izateko, frantses politikagintzan deus funtsezkorik egin ahal izateko, Iparraldeko gizarteak Enbatari ematen zion bozen % 5 baino gehiago behar omen zuen. Nolanahi zen ere, zenbat buru hainbat aburu erran ohi da. Aburu gehiago nahi izatera, Mixel Itzainaren liburua hizpide

Darraidou: «Ohartu zen Frantzian ginela»

Labegeriek arrasto izugarria utzi zuen Euskal Herriko politikagintzan. Abertzaletzat zuen burua, eta frantses politikaren goi-mailetan aritzea egoki zitzaion. Enbatan eta abertzaletasunean utzitako arrastoa zauritsua izan zen baina.


AUZAPEZA DIPUTATU AITZIN.

1960 urtean Euskaltzaleen Biltzarraren lehendakaria izendatua izan zen; kulturgintzan pertsona saiatua zelarik. Politikan beranduago saiatu zen. 1958an, Ezpeletako kantonamenduko kontseilari izateko aurkeztu zen Camino diputatuaren aurka, baina galdu zuen. 1962an, berriz, diputatua atera zen. Camino garaitu zuen. 18.649 boz bildu zituen Labegeriek, Caminok berriz: 8.274. Camino ez zen nornahi. Labegerieren lehen kargua diputatuarena izan zen, auzapeza izan aitzin diputatua. Hura marka! Geroztik, kantonamenduko kontseilaria, Kanboko auzapeza eta senatorea izan zen. Diputatuarena ezik, kargu guztiak atxiki zituen hil arte. Diputatu kargua, Mixel Intxausperen aurka galduko zuen.


EUSKALTZALE SUHARRA.

Labegerie politikara heldu aitzin euskaltzalea zen, eta ez nornahi. Euskaltzaleen Biltzarreko lehendakaria, bere inguruan, Mixel Burukoa, Michel Epherre, Jakes Abeberri eta Jean-Louis Davant bezalako gazteak ari ziren. 1960an, hona «Embata»ko lehen kazetan gazte hauen hitzak: «

Bidasoaren bi aldetarik, Euzkadi egin behar dugu. 1936an, Hegoaldean, Aguirre izan zen buru, eta egun batez beste Aguirre berri bat sortuko da
». «Embata» kazeta Enbata mugimendua bilakatzen da segidan. Mixelek, anartean, «

Gu gira Euskadiko gazteri berria, Euskadi bakarra gure Aberria
» abesten du han-hemenka. ETAko lehen iheslariekiko atxikimenduaren agerle da Labegerie. 1962ko udazkenean diputatuen ganbara desegin zen eta Enbatak sostengatu zuen Labegerie diputatua atera ere. 1963ko Itsasuko Aberri Egun ospetsuan egon zen, denon itxaropena bilakatuz. Agirre berri batentzat hartua izan bide zen.


USTEAK USTEL.

Laurent Darraidou da Labegerie politikariaren hasierako urratsak ontsa ezagutu zituen laguna. Mirikua Mixel bezala, ezpeletarra, eta Hazparnera mirikua joana, 8 urte gazteagoa. Darraidou Hazparneko kontseilaria hautatua izan zen 1963an, Labegerie diputatuak lagundu zuen; baita aukeratua izan ere. Enbatak sostengatu zuen Darraidou, eta Labegeriek ez zuen begi onez ikusi: «

Mixel hasi zen politikan, eta ohartu zen funtsean Frantzian ginela. Abertzaleek % 5 egiten zuten. Parisen, RPR zen nagusi, eta De Gaulle buru. Haien oposizioan aritzen zen Mixel, baina indar pixkabat lortzeko erdiko demokrata-kristauekin lotu beharra ikusten zuen. Alta, 1965era arte ez zuen alderdiaren karta hartu. Mixel Enbatatik urrunduz joan zen. Abertzalea zen bihotzez, baina politikan ez zuen guduka hori eramaten ahal
» adierazi digu Laurent Darraidouk. Berak argitu digu zergatik iritsi zen Mixel Labegerie diputatu izatera. Camino diputatua zuen aurkari. Hona bere arrazoia: «

De Gaulle gobernuan zen, eta Caminok –De Gaullek Algeriarekiko hartu zuen jarreragatik– ez zuen De Gaulle segitu, ez zen akort bere politikarekin. De Gaullen eragina izugarria zen Iparraldean, bozen % 80 biltzen zuen. Gaullista askok bizkar eman zioten Caminori eta Labegerieri boza eman
». Bost urte beranduago Michel Intxausperen kontra galdu zuen, ordea. Begibistan zen. Intxauspe biziki gaullista zen, eta da. Labegeriek ez zuen haren kontra deus egiterik

Mixel Itzaina:"Entseatu naiz gizona ez edertzera ez tipitzera"
Nola oroitzen duzu Mixel Labegerie?
Ahal handiko gizon bat bezala, elearen aldetik lehenik: bai euskaraz bai frantsesez ederki mintzo zen. Gizon ona, ez zen «makiñona» edo tratularia. Bi Mixel Labegerie gogoratzen ditut: poeta eta politika gizona. Bizitzaren lehen aldian euskal kulturan murgildurik bizi izan zen, bigarrenean, berriz, politikan. Politika bere tripetan zeraman, politika behar zuen.

Politiko gisa kritikatua edonola ere.
Frantses politikan sartu zen eta administrazioaren karga izugarria izaki... Liburua egiteko elekatu ditudan ia denak, Jakes Abeberrik salbu, beste guztiek abertzaletasunerako gizon baikortzat joa izan da.

Liburua idatzi ondoren hari buruz ezagutzen ez zenuen zerbait aurkitu ote duzu?
Harritua gelditu naiz gazte zelarik erabili zituen kultur lanekin: kantagintzan, bertsolaritzan eta, oro har, euskal kulturan murgilduta ibili zen. Atzeman dut ere Piarres Lafitte baten eragina. Une batez, Ibarnegaray zen hemengo politiko nagusia, arras frantsesa eta eskuin muturrekoa. Lafitteren adiskidantzaren ondotik, Labegeriek gizartea politikoki eta sozialki erdiratu zuen. Urrats handi bat izan zen.

Egungo gazteek ezagutzen dute Mixel Labegerie?
Gutti ezagutua da. Badakizu, Enbata-tik baztertu zenean traidoretzat hartu zuten. Alta –euskararen aldeko Korrika ekitaldian bezala–, Mixelek aberrigintzaren kilometro haietan lekukoa eraman zuen. Gehiago eraman ote zuen? Baliteke. Mixelen ekarpena gabe, ez euskal abertzaletasuna ez Enbata ezagutuko ziren maila berean alta; ezta Hegoaldean ere. «Gazteri berria» kantuak eragin izugarri izan zuen han.

Zein asmorekin burutu duzu liburua eta zein Labegerierekin geratzen zara?
Euskal Kultur Erakundeak eta Elkarlanean etxeak galdaturik egina dut, bestela nik nihaurek ez nuen eginen. Egin behar nuen eta entseatu naiz gizona ez edertzera ez tipitzera. Ni herriarengandik hurbil egon zen gizon harekin gelditzen naiz eta konprenitzen dut ere Frantziako senatuan bere burua aurkitu zuen Mixelekin. Kontradikzioak dira, bizitza bezala alabaina. Egun bizi balitz, Kanboko auzapeza, kontseilari eta senatorea izanen zen eta euskaltasunari atxikia, nik uste


Azkenak
2025-06-16 | Aiaraldea
Juan Garai konkistatzailearen “aurpegia zuritzea” leporatu dio EH Bilduk Urduñako Udalari

2025. urtean konkistatzaile baten omenezko monumentu bat egitea "lekuz kanpo" dagoela adierazi dute oposizioko kideek.


Irungo kale-segurtasuna zaindu nahian sortu den ‘Auzo Patruilak’ ez ditu agintariak kezkatzen

Irungo Udalak isilarena ematen duen bitartean, asteburuero hiriko kaleen segurtasuna zaintzeko aitzakiapean "Patrullas Vecinales" antolatu duten herritarren taldea ugaritzen doa. Ertzaintzak sare sozialetan ikusi dituztela aitortu du, baina Andoni Urdangarin Irungo... [+]


Osakidetzak gazteleraz eskaintzen dizkie saioak Gasteizko Zabalgana auzoko D ereduko haurrei, eta bi ikastetxek uko egin diote zerbitzuari

Hainbat urtetan jarduera hezitzaileak gazteleraz jaso ostean, bi urte direla Zabalgana ikastetxeak euskara hutsean ematea eskatu zion auzoko osasun zentroari. Osasun zentroko arduradunek diote ez dutela horretarako baliabiderik. Osakidetzak egoera ikasturte honetan... [+]


Ekotalibanak

Ustez lasaiak diren espazioetan ere hau sinatzen duenak jasotakoak dira hurrengoak: ekotaliban, NIMBY, bobo, kolapsista, negazionista, ekozekena, belarjale... Denek partekatzen dute eremu semantikoa: ekologismoa. Ekologismoaren baitako zenbait pertsonari edo mugimenduri deitzeko... [+]


2025-06-16 | Jakoba Errekondo
Gaizki hezitako tomatea

Ipurdia belztu egiten zaio. Tomate (Solanum lycopersicum) alea sano-sano ikusten da, landarean zintzilik, goitik behera begiratzen baitiogu. Buruz behera edo hankaz gora jarriz gero ipurdia beltz-beltz azalduko du. Ipurdian txanpon baten antzeko beltzune borobila, oso beltza eta... [+]


2025-06-16 | Garazi Zabaleta
Kimuak
“Bizirik dagoen landarea duzu ahoan ernamuin bat jatean”

Hamabost urte baino gehiago daramatza martxan Bizkaiko Kimuak ernamuinduen proiektuak, baina hasierako bultzatzaileak erretiratu dira eta erreleboa hartu berri dute Mikel Landa Luzarragak eta Asier Iñigo Oraindik. Ernamuindutako kimu freskoak ekoizten dituzte batik bat,... [+]


Gazara martxak bere helburua mantentzen du Egiptoko Gobernuaren errepresioaren gainetik

Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.


Euskadi nazioa da

2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.

Euskalduna naizen aldetik,... [+]


Sader-Profersaren Zorrotzako lantegien jarduera etetea eskatu dute auzokideek osasuna kaltetzen duelako

Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
 


Landaguneen despopulazioa
Perotx oinetxea birgaitu, Nafarroako Urraul Goiti biziberritzeko

Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.


Tunisiatik Gazara abiaturiko ‘Al Soumoud’ auto-karabana geldiarazi dute Libiako Sirte hirian

Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.


Israelen erasoaren aurrean, Iranek mendekua iragarri du eta 100 bat dronerekin erantzun du

Israelek Iranen aurka orain arte egindako aire eraso gogorrena egin du ostiral goizaldean, Leon operazioa-rekin. Erasoan, Israelgo Armadako 200 bat gerra hegazkinek hartu dute parte eta kalte handiak eragin dituzte Iraneko nuklear programa garatzeko eta misil balistikoak... [+]


Eguneraketa berriak daude