"ZIKLISTAK BADAKI EZ DUELA IRABAZIKO DOPATU GABE" "MEDIKUARI KONPLIZE IZATEA ESKATZEN ZAIO "KIROLARI GARBIEN ESSDEA NORK BERMATZEN DU"

E

liteko eta kaleko kirolari arruntaren artean desberdintasun handiak izango direla zalantzarik ez da. Baina zein da elitekoa ez den kirolariaren filosofia?
Kirol hitza aipatzen dugunean lehiaketa kirola, ikuskizun kirola datorkigu gogora. Baina, eliteko kirolarien portzentajea kirola noizean behin egiten duenarekin alderatuz oso txikia da. Gehiengo horri ez diogu inolako garrantzirik ematen, teorian baietz dirudien arren. Komunikabideekin ere beste hainbeste gertatzen da. Kirola ez da saltzen osasun iturri gisa. Kirol ikuskizuna saltzen dugu eta horren errudun guztiok gara.
Eta gakoa hor dago: kirola osasunean. Bizitza itxaropena igotzen ari da eta orain 75 urtekoarengatik ez da esaten «horrenak egin du», beste hamar-hamabost urtetan bizi ahalko da. Beraz, saia gaitezen urte horietan arrastaka ibil ez dadin. Bezero bati esaten nion «zortea duzu zauden bezala egonda, etorkizunean ondorio txarrik utz lezakeen sintomarik ez duzulako, hemendik bost urtera beharbada berandu da». Horri aurrea hartu behar zaio. Eta hori nola egiten den? 35-40 urtetara iritsitakoan, normalean, bizitza errutina bihurtzen da. Errutina horretan kirolak bere tokia izan behar du. Neure adibidea jarriko dizut. Duela 8-9 urtetatik ez nuen korrikarik egiten. Bidasoa eskubaloi taldea utzi dudanez gero, denbora pixka bat daukat eta korrika egiten hasi naiz. Ondorioa: laupabost kilo galdu ditut. Nik sarri esan izan dut gorputzak traba egiten didala. Esaldi hau ongi ulertu behar da. Ez da estetika kontua. Baldarra sentitzen naiz eta ez da batere egoera atsegina... ez ditut 70 urte.

Kirola osasunarekin erlazionatzen duzu zuk, baina kaleko jendeak?
Korrika egiten hasi naizela-eta, niri galdetu didate «zer? Maratoia prestatzen?». «Ez». Beharbada urtebetera edo bi urtetara Behobia-Donostia lasterketa korrituko dut, baina paseatzera eta ondo pasatzera joango naiz. Zentzugabea iruditzen zait gaurtik hasita sofritzeko helburuak jartzea. Hori ez da helburua. Jendearen helburua norbere errekorra egitea da. Hanka sartzen ari dira, osasunaren ikuspuntutik ez du inolako etekinik. Zergatik masokismo hori? Kirola egingo duzu ondo pasatzeko, gorputzarekin gustura sentitzeko, mugarik ez izateko... eta ez, sofritzeko. Donostiako Anoetako pistan 60-70 urtekoak ikusten dira astakeria galantak egiten.

Behobia-Donostia badatorrela-eta mentalitate horretako jendea somatzen duzu?
Bai, noski. Duela gutxi etorri zait bat esanez Behobiarako prestatzen ari dela. Kilo asko zituen soberan! Lur jota geratuko da! Saiatu zaitez gorpuzkera normala lortzen eta hori lortutakoan, nahi baduzu atera zaitez Behobian disfrutatzeko asmoz. Orain horrela korrituz gero, «atxutxoia» eman diezazuke eta gaizki ibiliko zara. Eta adibide honekin ez dut esan nahi 50 urteko batek ezin duenik maratoian parte hartu. Esan nahi dudana da 50 urteko pertsona gizen baldar batek ez duela egitekorik maratoi batean. Kalte besterik ez dio egingo bere buruari.

Ahalegin horretan, dopinga diren substantziak hartzera heldu da jendea.
Duela urte batzuk Irunen zikloturista beterano batzuk lasterketa batean positibo eman zuten. Ez dut esan nahi eliteko kirolean bezainbat gertatzen denik, baina zoritxarrez gertatzen da. Kirolaren kontzeptua gaizki ulertu delako da hori. Adin, maila eta egoera bakoitzean kirola egiteko modu egoki bat eta desegoki bat dago. 40 urtetik gora lehiaketetan parte hartzeko (ni ez nago oso ados adin horretatik aurrera lehiatzearekin) gutxieneko batzuk bete behar dira: gorpuzkera aldetik, entrenamendu kopurua... bestela arriskuan zaude. Urtean 100 milioi pezeta irabazten badituzu kirola egiteagatik arriskuetan sartzeko aitzakia baduzu, baina soldatarik gabe... Denborapasako kirolaren kultura falta da, eta hori ez da bultzatzen, ez du saltzen-eta.

Zientziari esker kirolaria asko aztertu eta kontrolatu da. Zenbait kiroletan laster mugak gaindiezinak izango direla esaten da.
Ikerketa mundua beti aurrera egiten ari da. Duela 15 urteko hainbat kontu begiratzen aritu berri naiz eta orduan ikaragarriak ziruditenak orain eguneroko bihurtu dira. Ezin da jakin noiz arte segituko dugun markak hobetzen. Egia da gero eta makalago gaindituko direla errekor horiek, eta batik bat bakarkako kiroletan, baina sabaia jo dugunik ez dago esaterik. Kanpoko faktoreak hobetzen doaz (pistak, oinetakoak...) eta gizakiarengan ere hobekuntzak aurki daitezke, errendimenduan laguntzeko; laguntzeko hitza komatxo artean. Legearen barruan bagabiltza, esan nahi nuen. Legez kanpokoaz hitz egiten hasten bagara, beti, beti iruzurra egin ahal izango da. Oso garbi dago hori, detekzio teknikak hobetuta ere beti iruzurra egingo da. Gainera, gu medikuok, saltsa horretan sartuta gaude eta errudun gara nahiz eta ez garen errudun bakarrak. Gai honi irtenbidea ematea gainera oso zaila izango da. Zergatik? Ikuskizun kirolak osasunarekin zerikusi gutxi duten egoeretan sendagileari konplize izatea eskatzen dio.
Nik nireaz hitz egin diezazuket. Gaur gaurkoz horrelako kontuetan ez naiz sartu, zorionez eta ez nuke sartu nahi. Legearen mugetan dauden produktuak erabili ditut, baina muga hori ez dut inoiz igaro.
Batek baino gehiagok komentatu dit: «Zuk ez daukazu halakoren ospea, baina legez kanpoko kontu horietan hasiko bazina egunkarietan agertuko zinateke, zure kirolariek marka onak egingo lituzkete-eta». Nire buruari esaten diot: «Egia da». Baina bakoitzak jakin behar du bere bizitzan zer lortu nahi duen eta zeren ordainetan. Niri etorri zait manager bat edo beste esanez, «nik nire kirolariak ekarriko dizkizut baina igurtzi egin behar dituzu». Mugak hauek dira eta ni hortik ez naiz igaroko. Ez dizkizu bidaliko kirolari horiek.

Sendagileak zarete.
Horregatik diotsut. Zein da gure lana? Gaixoaren edo bezeroaren osasuna zaindu behar dugu. Hortik aurrera nahi duzuna, baina hortik aurrera. Ni ez nago ados eliteko kirolari batek elikadura egoki batekin nahikoa duela esaten duenarekin. Hori diona gezurretan ari da. Eliteko kirola ez da osasuntsua eta hondamen fisikoa ahalik eta txikiena izan dadin laguntzak erabiltzea ongi deritzot. Hortik beste muturrera ezin gaitezke joan. Hau da, bigarren mailako ondorioak ahaztuko ditut epe ertain eta epe luzera eta oraingo erredimendua bilatuko dut. Hori ezin da egin ezta kirolariak berak eskatzen badizu ere. Kirolaria ez da aske. Kirola lanbide duena presio askoren pean dago eta une jakin batzuetan ez du objetibotasunez jokatzen honelako edo horrelako hartzeak zer eragin izan dezakeen erabakitzeko. Pentsatuko duen bakarra hori hartuta bestearen gainetik egongo dela izango da edo, hartzen ez badu, halako baino beherago geratuko dela. Sendagile moduan oreka puntu hori mantentzen ez baduzu, guztia behera dator. Eta beste gauza bat. Kirolariak eskatzen dizun unean zuk ematea nahi du, ez dio axolarik legez kanpokoa izatea. Axola dion bakarra ez harrapatzea da. Bihar, legez kanpo ibiltzearen ondorioak sofritzen baditu, zu egingo zaitu erantzule eta esango dizu «zuk zeneukan informazio guztia, hau gerta ez zedin». Kirolariaren eta legearen artean harrapatuta zaude.

Baina eliteko kirolaria ez da inozoa, eta gaur egun badaki gutxi gorabehera substantzia bakoitzak nolako ondorioak dituen.
Munduko kopako finala jokatzeko aldageletan egon behar zenuke, niri egokitu zaidan bezala. Une horretan edozer gauza. Hor ez da sartzen kirolaria inozoa den ala azkarra den. Egoera bereziak dira, sen onak ez du funtzionatzen.

Egoera bereziak direlako, ados. Baina 20 urteko kirolariak elitean aritzeko aukerak ikusten dituenean?
Demagun txirrindulari batek Tourrean parte hartu nahi duela. Berak badaki, postu on bat lortzea oso zaila duela galerazitako ekintzak burutzen ez baditu. Duela gutxi Iruñean dopingaren inguruko jardunaldi batzuk izan ziren eta han izan nintzen. Bertan komunikabideetan agertzen diren sendagile asko zen. Mahainguruan aipatu zena honakoa zen: «Zein gaizki tratatu gaituzten sendagileok, ez digute lanean uzten, egiten dugun guztia kirolariei laguntzeko egiten dugu...». Mahainguruan inork ez zuen esan «aizue, tranpak egiten dira eta gure helburu nagusia ez da kirolariaren osasuna». Inork ez zuen komentatu «aurrera jo dezakeen kirolariari bi aukera eskaintzen dizkiogu: edo galerazitako jardueren zurrunbiloan sartzen da edo atzera egiten du mailara iritsiko ez delako». Ez da zuzena. Nork bermatzen du ezer hartu nahi ez duen kirolariaren eskubidea?

Esan duzu ordea, ez dela inoiz bukatuko borroka hori.
Ez, ez. Borroka hori ez da inoiz bukatuko.

Baina gutxienez kirolariaren osasuna berma dadila, ezta?
Iruñeko mahainguru hartan Danimarkako fisiologo batek hala zioen: «inor ez da ohartzen txirrindulari eta, orokorrean, kirolari hauek kirola utzi eta bost urtera, 35 urte dituztenean, balorazio kardiobaskularra egin eta odol basoak eta bihotza 75 urteko batenak dituztela».

Komunikabideetan horrelakoak esan zaizkigu, baina zenbateraino da hori egia?
Danimarkar honek idatzi du hori eta datuak ditu. Gainera, ikerketak berak egin ditu. Arazoa badakizu zein den? Espainiako itzulian kristoren mendatea asmatu dute aurten. Sendagileon funtzioa ez da esatea «hori igo behar dutenez gero, gehiago ziztatuko diegu». Guk zera azaldu behar genuen «jaun-andreok, publizitateari interesatzen zaiolako, telebista bi orduz irudiak eskaintzen arituko delako... beste astakeria bat egitera goaz». Gero txirrindulari hauetakoren batek positibo ematen badu gizarteak berak suntsituko du. Sevillako Munduko Atletismo Txapelketan maratoia arratsaldeko 17:45tan egin zen. Iluntzeko 21:00etarako ez zen utzi argi nahikoa ez zelako izango eta telebistak irudiak ongi bideratu ezingo zituelako. Mesedez! Zertan ari gara?

Negozioa negozioa da.
Bai, noski. Baina haurrei hori saltzen ari gara. Eliteko kirolarien gain geratuko balitz guztia, kitto. Onar ditzatela ondorioak eta kitto. Baina kirolari hauek haurren estereotipoak dira eta horietako bat ziztatu delako harrapatzen badute haurra lur jota geratzen da.

Joku zikin horretan aritzeko hainbat herrialdetan aukera gehiago dute, baliabide gehiago dituztelako, diru gehiago...
Tradizio handiko hainbat batzorde olinpiko eta gobernuk dokumentuak dituzte non ikusten den herrialde horietako prestigio handiko medikuek galerazitako jarduerak egin dituztela. Paper horiek kaxoian daude. Politikoki ez zaie interesatzen zabaltzea. Ahal dena ezkutatu egiten da. Sokari tiraka hasten bazara, beharbada ministroraino iritsiko zara

Denbora asko da medikuntza eta atletismoaren bitartez Rikardo ezagutzen dugula. Rikardo Jimenezek eskubaloi taldeari bi alderdiak eskaintzen zizkion: batetik, prestaketa fisikorako teknikoa zen eta bestetik, kirolarekin erlazionatuta zegoen medikuntza eskaintzen zigun. Bi arlo horiek izanda, gure taldean lan egiteko egokia zela pentsatu nuen. Poliki-poliki, gu (taldeko teknikook) hazten joan ginen bezala, bera ere bai. Taldeak behar zuena eskaini zuen: aurretiazko medikuntza, analisiak zirela... eta gero traumatologia aldetik laguntza handia izan zen. Berari esker gure jokalariei Madril, Bartzelona eta Iruñeko ospitaletan egin zizkieten ebakuntzak. Horrek guri segurtasun sentsazio handia ematen zigun. Taldearen arrakasten oinarri oso garrantzitsua izan zen.
Giza alderdiari begiratuko bagenio, taldeko filosofia oso ondo jaso zuen. Ez zuen ordutegirik, goizaldean ohetik ateratzen genuen jokalariren batek edo baita emazteren batek ondoeza izandakoan ere. Hitz egiteko ere oso pertsona interesgarria zen, ezagutza handia zeukan. Taldearen ondare garrantzitsua izan dela esango nuke. Berarekin eta bere kolabaratzaile taldearekin (masaialari eta fisioterapeutekin) kirolean lor daitekeen maila gorenean atendituta egon gara.
Eta ez da ahaztu behar Rikardo ez dagoela Bartzelonako futboleko makroplantilla horretan bertako medikuen arteko zeloak direla-eta, eta ez komunikabideetan atera denarengatik. Gertaera horrek adierazten du berak duen maila.
Egonezin handikoa, oso ongi prestatua eta beti eboluzionatzen ari den gizona da. Gure taldean izan duen eragina ikusita sentsazio oso baikorra daukat

AGUSTIN ALVAREZ
«Euskadiko kirol medikuntzaren aitatako bat. Nire lanbidea garatzeko gidaria»

SABINO PADILLA
«Kirol medikuak lesioak sendatzeko baino zerbait gehiagorako balio izatearean arduradun nagusia»

IKER SUKIA
«Euskal atletismoaren etorkizuneko atleta garrantzitsuena. Paziente disziplinatua»

JUANTXO VILLAREAL
«Berari esker hasi nintzen eliteko kirolariekin lanean. Talde gidari ona»

C.D. HERNANI
«Ilusioaren indarra. Gipuzkoako futbolean gauza askotan aitzindaria, nahiz eta ia inoiz ez den horrela baloratua izan»

REAL UNION
«Nire herriko taldea. Esperientzia gazi-gozoa, lana bukatu ez dudalako. Egunen batean amaitzea nahiko nuke»

S. S. EIBAR
«Kirol zintzotasunaren adibidea. Denbora falta izan zitzaigun ilusioz betetako egitasmoa aurrera eramateko»

FELIX LARREA
«Neke, egitasmo eta ilusioetarako laguna. Kirolariek, lanean duen zentzu praktikoagatik, asko baloratzen duten profesionala»

REYES ESTEVEZ
«Naturaren indarra»

MIGUEL INDURAIN
«Zentzu guztietan kirolari orekatuaren adierazgarria»

JOSETXO MENDILUZE
«Jatorrena eta Gipuzkoako futboleko entrenatzailerik onena, nahiz eta batzuk hala ez onartu»


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
‘Gu’-aren inguruan marraztu du Tupust! kolektibo feministak bere hirugarren alea

Bildumako azken alea izango dela jakinarazi dute: lehenbizikoa Ni-ari buruzkoa izan zen, eta bigarrena Zu. Bigarren hura bezala, autoedizioan kaleratu du honakoa ere.


2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


Eguneraketa berriak daude