HIRUAK BAT: XALBADOR, LARZABAL... ETA ERDOZAINZI

  • du barnealdean». Ikasturte berria heldu da, eta erran bezala, Oztibarre eskualdeko Donaixti herrian plantatu ere. Manex Erdozainzi-Etxart oztibandar poetaren izena darama kolegioak.

1999ko irailaren 19an
Garapena da Seaska azken urteotan definitzen duen hitza. Orain 30 urte, lehen Ama Ikastola zabaldu zen Seaska izenez. Aurten, Haur Hezkuntzan 19 eta Lehen Mailan 13 ikastola abiatu dira berriz: 1.300 ikasle guztira. Bigarren Mailan –kolegioak deituak– 348 ikasle hasi dira ere bai: Xalbador, Piarres Larzabal eta Manex Erdozainzi-Etxart. Baionako Lizeoan, bestalde, 100 inguruk dihardute.


MANEX ERDOZAINZI-ETXART.

Izenak duen sinbologia erakusten du Iparraldeko barnealdean Bigarren Mailako kolegio bat ireki izanak. Orzaize, Donibane-Garazi, Izura, Donapaleu, Maule eta Atharratzeko ikastoletako gurasoek pausoa emana dute jada: «

Duela bi urte, ikastola horiek kudeatzen ditugun gurasoek ikerketa bat zabaldu genuen. Ohartu ginen barnealdetik jende gutti joaten zela Kanboko Bigarren Mailara. Lehen Maila bukatu ondoren, % 20k bertzerik ez zuen Seaskan segitzen; kostaldetik % 80k egiten zuelarik»
adierazi digu Odile Falxa zuzendariordeak. Barnealdetik Kanboko Xalbador ikastetxera aldatzen ziren ikasleek aste osoa barnetegian eman behar izatea zen arazoa. Seaskako Bigarren Maila zabaldu zenetik, Iparraldeko ikasleen arteko harremana biziki onuragarria izan da. Hiri eta laborari munduko izaeren uztartze aberasgarria, alegia. Jagoitik ez da hola izanen. Ordea, barnealdeak bere kolegioa izateak barnealdea eta kostaldearen arteko indar sozialaren orekatze joera erakusten du. Gainera, pedagogia aldetik bere alde ona ere badu. Hots, etxetik beretik hasten bada pedagogia, Seaskan diharduten ikasleen gurasoek beren seme-alabak egunero ondoan dituzte hezitzeko.


OZTIBARREKO DONAIXTIN.

Zuberoa eta Nafarroa Behereko aipatu ikastolak bat zetozen barnealdean kolegio bat irekitzeko ideiarekin. Arberatzeko Gazteluan –Amikuze eskualdean; Donapaleutik iparrerantza– plantatzeko aukera eskaini zitzaien gurasoei. Lekua ez zen erdigunea, ordea. Erdibidean Donaixti dago, eta Arroxelako elkarte batek bertan udalekurako erabiltzen duen egoitza baliatzeko aukera izan dute Manex Erdozainzi-Etxart elkartea osatzen duten gurasoek. Elkarteak eman dio izena kolegio berriari, Odile Falxak argitu digunez:

«Elkartearen lehendakaria Maite Etxeberria da, guraso eta irakasle. Zuzendaria Kanboko kolegioko Maite Andiazabal bera da, eta ni berriz, zuzendariordea. Gure kolegioa, funtsean, une honetan, Kanbokoaren adar bat da. 6. Mailako gela bat ireki dugu Donaixtin».

OREKATZE BIDEAN.

348 dira Seaskako Bigarren Mailan ari diren ikasleak une honetan: Kanbon 217 eta Ziburun 112; gainontzeko 19 ikasleak Donaixtin. Desoreka handia da oraindik. Funtsean, Iparraldeko populazioaren hedapenaren proportzioa halakoxea da. Nolanahi ere, ziurtzat jotzen da, barnealdeko ikasle kopurua haziko dela hemendik goiti. Izan ere, Seaskako ikasleak frantses kolegioetan ari diren ikasleen baldintza berean mugitzen dira eskolara joan-etorriak egiteko. Lehen pausoa emana da; Odilek dioskunez: «

Une honetan, ikasleak ez dira barnetegian gelditu behar, eta gainera, urrunen bizi direnek beren etxetik oren bat eskas lehenago ateratzearekin aski dute eskolara tenorez iristeko. Seaskako bertze bi kolegioetan ere hola da
». Garraioaren ordainketa, Xalbador, Larzabal eta Lizeoaren kasuan bezala, Kontseilu Nagusiaren gain dago Donaixtikoan ere.


BI URTE BESTERIK EZ.

Manex Erdozainzi-Etxart elkarteak hartu duen egoitza bi urterako besterik ez da baliatuko. Alokairuak 4.000 libera (100.000 pezeta) balio du hilabeteko. Anartean, Donaixtiko bizilagunek eta agintariek begi onez ikusi dute bere zabaltzea. Gurasoek ez dituzte izan Ziburuko kolegioko gurasoek agintarien aldetik izan zituzten oztopoak:

«Ziburun ez zuten aise onartu, eta hemen bederen ez da nehor kontra agertu. Areago, jendea kontent da. Oztibarren autista zentro bat zabaldu da berriki, eta aldi berean, Eztigar sagarno kooperatiba handitzen ari da. Bada bizi bat»
.
Zalantzarik gabe, kolegio berri honen proiektua abiatzeak itxaropenezko aro berri bat zabaltzen du barnealdeko munduarentzat. Azken hamarkadetan ekonomia aise lerratu da kostaldera, barnealdea hustuz. Honelako ekimenek bertan bizitzeko erronkari aitzi egiteko ahalmena badagoela erakusten dute. Larrazkenean inauguratuko da ikastetxea, eta aldi berean, eraikin propio baten gauzatzeko posibilitateak aztertzen hasiak dira engoitik: «

Lehen pausoa emana da, eta geroari buruzkoak nondik nora eman hasi gara finkatzen»
. Barnealde eta kostapartearen arteko harremanen gauzatzeari dagokionez, Seaskak zubi izaten jarraituko du: «

Proiektuak baditugu horri buruz. Aurrerantzean, Ziburu eta Kanboko ikasleekin harremanak landuko ditugu, bistan da»

Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude