JAN IEZADAZU PUNTUA, LEHOIEK BADUTE TARREGAREN BERRI ETA

  • Teatre al Carrer»era; 120 talde eta 200 emanalditik goiti. Euskal taldeek, gainera, egitarauaren %10 beteko dute. Erakusle ezinhobea, programatzaile anitz hurbiltzen baita Lleidako jaialdira.

1999ko irailaren 12an
Kataluniaren ondotik, Euskal Herria da talde gehien aurkeztuko duen herrialdea. Laugarren urtez esku hartuko dute euskal taldeek. Batetik, bost konpainia aukeratu ditu Eusko Jaurlaritzako kultura Sailak: Sobradun, Porpol, Legaleon, Damian Muñoz eta Deabru Beltzak-Inkieto. Lehenengo hirurak Euskal Teatroa izeneko karpan arituko dira, eta gainontzeko biak karrikan. Sobradun gasteiztarrak hirugarren aldiz joango dira, aurreko lana «3 millones de gilipollas» bezain arrakastatsua izaten ari den «No hay huevos» obra aurkezteko.
Porpolek aldiz, «Xolak badu lehoien berri» gazteleraz taularatuko du «Shola y los leones» izenpean. Bernardo Atxagaren ipuinaren egokitzapena den lan hau ikuskizun bihurtzea ustekabea izan zen. Usadioz, Gasteizko Arte eszenikoen gunea kudeatzen du Porpolek; halaxe, ikasleekin egiten den ekintzetako bat ipuinen antzezpena izaten da,

«umeekin ongi funtzionatu zuela ikusirik, Atxagaren oniritzia jaso eta antzezlan txukun bat antolatzea erabaki genuen»
azaltzen digu Javier Alkorta taldekideak,

«aktore euskaldunen kasting bat egin zen protagonistak aukeratzeko: Itziar Urretabizkaia oriotarra, Eneko Amezketa basauriarra, hainbat pertsonaia egiten dituena, eta Mikel Sarriegi hondarribitarra Xola txakurraren jabearena eginez».
Nahiz eta printzipioz umeei zuzendua dagoen, gurasoentzat ere lan jostagarria da, Atxagaren euskara beroa eta herrikoiari esker. Era berean, hala funtzio irekietan nola euskaltegietan egin emanaldiek harrera hagitz ona izan dute.

«Hasieratik seriotasunez lan egin dugu, subentzioari begira eta, emaitzak ikusita, Eusko Jaurlaritzak guk eskatu gabe eskaini digu Tarregakoa. Guk noski, baiezkoa eman dugu. Bertara joatea ateak irekitzea izango da, gehienbat Euskal Herritik at umeentzako lanak mugitzeko asmoz. Helduentzako lanak ez bezala, umeenak zailagoak baitira ateratzen. Eskaintzak jasotzen dituzu, baina ez zaizu ezertarako iristen. Ez bazaitut ikusten ezin zaitzaket kontratatu, hori gertatzen zaizu. Programatzaileek gainera, uste dute haurrentzako antzerkia hurbileko taldeekin osa daitekeela, urruneko bati deituta baino, nahiz eta azken hau askoz hobea izan»
.


EME KABARETA.

Oso bestelakoa da Irungo Legaleonen «Comeme el punto» («Jan iezadazu, puntua») edo «Chupismi de fleshbon» ikuskizuna. Kabaret egitura hartuta, egile ezberdinen testu bilduma dakarkigu giza harremanen inguruko gaiak agertuz, emakumeen ikuspuntutik batik bat: alderdi sexuala eta menpekotasunak. Ana Perez zuzendariaren irudiko

«kabareta aitzakia gisa hartu dugu esaten dena inorentzat iraingarri izan ez dadin. Besteak beste, honako kontuak azaleratzen ditugu: publizitateak emakumezkoen hilekoa zein zabarki tratatzen duen, zergatik emakumeek ezin duten aitortu ze gizon mota nahi duten, harreman homosexualak, lesbianismoa eta abar».
Mila Espiga eta Espe Lopez ditugu aktoreak. Biolinaren laguntza musikala Mirari Irurtzunen esku dago eta Elixabete Etxebestek berriz, soinu banda egin die. Obra maiatzean Segovian estreinatu bazuten ere, «Mary Lou, historia de una muñeca hinchable»rekin gertatu bezala, ahoz ahokoa zabaldu eta zirkuitu aski zabala egin dute taberna eta gaztetxetan.

«Harik eta halako batean Carlos Gil antzerki kritikaria gu ikustera Elorriora hurbildu zen arte. Bere kritika onak eragina izan du programatzaileen interesa pizteko. Poltsiko antzerki modura hasi zena orain askoz handiago bihurtu zaigu. Dibertigarria bezain sakona da, agian horregatik gaude Tarregan, hirugarrenez, «Mujeres al rojo vivo» eta «Ubu»ren ostean. Programatzaile mordoa dator eta herri mediterraneoa izanik, aproposa da kale ikuskizunetarako. Hasieran karrikan baino ez zen egiten eta denboraren poderioz aretoak sartzen joan dira, nahiz eta talde asko baldintza kaskarretan joan. Nolanahi ere, txalotzekoa da Jaurlaritzak aurten izan duen inplikazioa, bai maila teknikoan, bai konpainien harrerari dagokionez»
.
Albers plazan Damian Muñoz eta bere konpainia izango dugu makina bat laudorio jaso dituen «Daño» dantza ikuskizuna aurkezteko. Deabru Beltzak-Inkieto taldeak, berriz, Comediantsen antzera musika, piroteknia, petardo trakak ezustean, akrobazia, malabareak eta hankapaloak nahasten dituen ikuskizuna karrikaratuko dute.
Bestalde, Vertigo euskal ekoiztetxeak, bere kasa Ñake gasteiztarren «Dos cómicos muy peligrosos» aurkeztuko du. Golden Apple Quartet donostiarrek aldiz, «Radio Golden» aurkeztuko dute. Azkenik, karrikan eta jende artean nahasita, Salitre eta Hortzmuga taldeek «El Zorro» eta «Koloreak» ikuskizunak antzeztuko dituzte hurrenez hurren

Tarrega: norbait izan nahi dutenen topagunea

Makineria burrunbaka eta piezak koipeztaturik; dena prest dago Hego Europako antzerki feria goraipatuenari hasiera emateko. «Comediants» taldeak antzerki jaialdia 1981an sortu zuenez geroztik, arte eszenikoen topagune garrantzitsu bilakatu da Tarregakoa. Antolaketa txukunaz landa, publikoaren berotasunak ere Europa osoko programatzaile eta artistak Bartzelonatik 100 kilometrora dagoen herri txiki honetara bultzarazten ditu, urtez urte antzerki garaikidearen erakusleiho txundigarria bihurtuz.
Jaialdiaren ardatz nagusia emanaldi oparoak ditugu, hogeita hiru agertokitan ehundik gora talde eta berrehundik gora ikuskizun izango baitira. Egitarauak, berrikuntza eta hedatze artistikoa bermatzea helburu duelarik, antzerkiaren itxura garaikidea eta bisuala azpimarratu nahi du, beti ere hizkuntzaren mugarik ez duen kokagune geografiko batean. Luze joko liguke talde guztien eskaintza anitza aipatzeak. Dena den, esan dezagun Frantziako Des Quidams eta Inkognito taldeek zabalduko dutela azoka erraldoia, «Rêve d' Herbert» ikuskizun poetikoaren bidez. Aurten koprodukzioa ere berariaz sustatu nahi izan dute lau emankizun apailatuta: dantzazkoak Lanonima Imperialaren «Transfiguracions» eta Iliacan Danzaren «Tirana Bohemia», gehi Paco Zarzosoren «Ultramarinos» antzezlana. La fura dels Bausen «Furamòbil» lan gotorra egunero karrikaratuko dute.
Bestalde, La llotja izeneko gunean ikuskizunaren Europar azoka eratu dute, non programatzaile, ordezkari eta artistei bitarteko guztiak eskaintzen zaizkien informazioa bildu eta harremanetan jarri daitezen. Bertan, konpainien postuak izango dira haien material grafikoa eta ikus-entzunezkoa erakusgai dutela. Beste txoko batean, bisitarien egonaldia atseginagoa egiten duten hainbat zerbitzu dago, esaterako: profesionalen harrera gunea, gonbidapenak jasotzeko mahaia, ostatua errazteko bulegoa, taberna eta abar.
Halaber, sortzaile, ekoizle, banatzaile eta protagonisten arteko dialogoa eta informazio trukaketa bizkortarazi nahian, jardunaldi teknikoak izango dira, hedatze artistikoaren alorrean eztabaida eta esperientzia berritzaileak plazaratuz, bereziki Europako eskualdeen arteko kooperazio kulturala hobetzearren. Tarregako jaialdia haatik, ez da hiru egunotara mugatzen, urtean zehar arte eszenikoen aldeko jarduera tinkoa aurrera eramaten baitu, nazioarte mailan egitura industriala garatzeko bidean. Hala nola: konpainiei buruzko informazioa erraztu, solasaldi forumak bultzatu, sareen sortze eta garatzeko bitartekoak eskaini, Europa eta Amerikako jaialdiekin egiten diren trukaketa artistikoetan parte hartu, ikuskizunen koprodukzioan sartu, liburuak argitaratu eta erakusketa nahiz aurkezpenak antolatu


Azkenak
analisia |
National Geographic gutxiago, Kropotkin gehiago

Eskatutako kafea zerbitzatu zain nago tabernan, telebistan baleen inguruko dokumentala: “Arrak borrokan ari dira emea nork estaliko, borroka gordina eta arriskutsua, irabazle bakarra izango duena”. Soinu banda epikoak indartzen du ustezko gudaren intentsitatea... [+]


Amurrioko Correoseko postariek grebari eutsiko diote, enpresako zuzendaritzaren proposamena nahikoa ez dela iritzita

Langileek azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari enpresaren proposamena ez dela konponbidea eta, horren ondorioz, hirugarren greba egunari eutsiko diote. 


2025-06-09 | Mattin Jauregi
Erleen dantza: Naturaren hizkuntza ahaztezina

Lurraren historian espezie askok komunikazio konplexuak garatu dituzte, baina gutxik dute erleen dantzaren pareko kode sofistikatua. Erle langileek elikagai-iturrien kokapena adierazteko erabiltzen duten dantza ez da soilik naturaren mirari bat, baita zientziaren begietatik... [+]


Sorbeltza
Lo airean egiten duena

Askorentzat uda soinuaren egilea da hegazti hori eta, seguruenik, hau dela eta mila izen ditu Euskal Herrian. Hauetako batzuek bere ‘txrriiii-txrrriiii-txrriii’ kantu deigarriari egiten diote erreferentzia: txirritxori, zirringilo, irrigo edo kirrilo, adibidez. Beste... [+]


2025-06-09 | Jakoba Errekondo
Gaitz erdi eta lotsa oneko nekazariak

Natura aspaldi deuseztatu genuen. Hori da gure kultura, natura deuseztatzea. Oinarrian, nekazaritzaren kultura, goldearen kultura, kultibatzea, berezko natura deuseztatzea da. Guk nahi ditugun mozkinak eta etekinak jezteko moduko “natura” dugu gurean.


2025-06-09 | Garazi Zabaleta
Basotxoa
Nafarroako ekoizle eta artisauen azoka berria Iruñeko Basotxoan

Ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko zuzeneko harremanak sustatzeko asmoz azoka berria jarri du martxan Iruñeko Udalak, INTIA-Reyno Gourmetekin, Nafarroako Nekazal Produkzio Ekologikoaren Kontseiluarekin (NNPEK), Elikagai Artisauen Elkartearekin eta Bizilurrekin... [+]


2025-06-07 | ARGIA
Euskara hutsezko plaza bete dute Ziburuko Azokan

1.000 euskaltzale eta kulturazale baino gehiago giro goxoan ibili dira Ziburuko liburu eta disko azokan, eta larunbat goiz eta arratsaldez gozatu dute hitzaldi, kontzertu eta liburu aurkezpenez. 33 argitaletxe eta 10 diskoetxeren lanak ezagutzeko eta erosteko aukera probestu... [+]


EAEko euskaltegietan A2 mailan matrikulatzea oraingoaren laurdena kostako da

Datorren ikasturtetik aurrera, euskaltegietan A2 mailan matrikulatzen direnek orain arte bezala 310 euro ordaindu beharrean, 70 euro ordainduko dituzte. Maila gaindituz gero, ordaindutakoa itzuliko zaie ikasleei. 


Guardia Zibilak “hemendik fan egiteko” eskatuko dute ekainaren 14an Oñatin

Kuartela herrixantzat lelopean indar okupatzaileek Euskal Herritik irten behar dutela aldarrikatzen du Fan Hemendik taldeak.
 


Gure haurrak ere badira ekimenak mobilizazioa egingo du ekainaren 12an, Gasteizen

Rafah-ra doan nazioarteko martxarekin bat eginez, Gasteizen mobilizatzera deitu du plataformak, baita ikasgeletan ere. Palestinar haurrekiko elkartasun argazkiak ateratzeko eskatu du.


Bake Bideak eta Bakegileak bide amaierara iritsi dira

Aieteko Nazioarteko Bake Konferentzia 2011n egin zen Donostian eta ondoren sortu zen Bake Bideak, Ipar Euskal Herritik bake prozesua sustatzeko. Bakegileen zeregina ETA armagabetzeko ekinbide zibila antolatzea izan zen. Orain, desegingo direla iragarri dute bi ekimenek.


2025-06-06 | Gedar
EAEko kartzelariak greba egitera deitu ditu ELAk

Espetxeetako funtzionarioek lanuzte partzial bat egingo dute ekainaren 9tik 15era bitartean.


Eguneraketa berriak daude