"EZ DAGO DISTIRA HUTSEAN BIZIKO GAREN ARRISKURIK"


1999ko irailaren 12an
E

nemigos, no hay enemigos» liburua maiatzean argitaratu duzu. Zure herriari buruzko antropologi lana egiteak zaila izan behar du.
Antropologo normal bat berea ez den kultura batera joaten da eta hango atrozidadeak, edo kultura instituzio bereziak, edo erritualak aztertzen ditu, baina zera pentsatzen du: (r)Beren mundua da, nik aztertu eta neure irakurlegoari interpretatu egiten diot, euren kulturaren itzulpen bat egiten dut». Baina zeure kultura bada zeure buruari itzulpena egin behar diozu ere, eta natiboaren figura horrek ez du klasikoki bezala balio. Zeu zara natiboa ere, eta orduan desmitifikatu eta desmontatu behar duzu natiboaren figura, dilema etiko eta politikoak askoz indartsuago azalduz. Antropologia, berez, oso kontserbadorea eta tolerantea izan da edozein tradizio kulturalekin, baita zeure gizartean toleratuko ez zenuenarekin ere. Arazo horiekin aurkitu naiz euskal biolentziaren kasua aztertzean bereziki. Dena dela, ni ez naiz inor beste batzuei erakusteko zein etika edo zein joera politiko izan behar duten, baina bai mundu hori ulertzeko. Zure gizartea ere bada, orduan, dilema da zenbaiteraino aldatu nahi zenituzkeen beren iritziak. Dilema horretan nago beti.

(r)Enemigos, no hay enemigo» liburuan (r)ETAren osteko garaia»z mintzatzen zara. Zuretzat jada gaindituta dago guztiz enfrentamenduaren garai hori?
Ez nuke esango guztiz gaindituta dagoenik, baina intelektualki ETAren fase hori amaitu balitz bezala pentsatu behar dugula iruditzen zait. Eta horren ondorioz, kultura berria sortzea tokatzen zaigula, eta zein gizarte mota berri nahi dugun, zein egitura politiko berri, edo Europaren baitan eta estatuaren baitan politikoki geure burua nola ikusi behar dugun. Hau da, erakunde eta mitologia politiko berria behar dugula, eta hori erabat post-ETA izan behar da, ETAk bere zeregina amaitu zuelako. Lagunartearen balioa aldarrikatu nahi izan dut batez ere, bizi garen mundu gero eta teknologizatuago honetan ezerk balio badu lagunartea baita. Lagunarte benetakoak badu erreziprozidade hutsa gainditzen duen logika bat, erregaluen asimetria hori, amodioarena, barkapenarena. Montaignek deskribatu zuen mundu hori non benetako laguna den gauzarik ederrena, eta hori guztia aldarrikatu nahi dut bizi izan garen biolentzia giro honetan, hain zuzen lagun artean, kale mailan, partiduen artean, idazleen artean hainbeste ezinikusi sortu dugulako. Amistadearen kontzeptua beste era batzuetara ulertuz, (modu konplexuagoan eta aberatsagoan) komunidadea nola berritu genezakeen planteatu nahi dut.

Euskal Herrian adiskidetasuna nahiko balore nagusia izan da beti, ezta?
Neretzat beste galdera bat hori da: adiskidetasuna, gure komunitarismoa, koadrilak, poteoak, elkarte gastronomikoak, kooperatibismoa, auzolanak, halako asko eduki dugu, eta bestalde oso gara inkapaz, orain adibidez, elkartasun hori maila konplexuagoan lortzeko. Maila elemental batean denok gara koadrilakoak baina gauzak delegatu egin behar direnean, estrategia konplexuagoa behar denean, orduan badirudi zailago zaigula eta oso erraz haserretzen gara elkarrekin. Edo besarkatze laguna zara, edo etsaia. Eta nire hipotesia zera da: hain sentitzen gara elkarren dependiente, gero norberaren identitatea afirmatzen hasten garenean zera sentitzen dugula: (r)hau ez duk jada nire laguna, hau traidore bat duk». Gure adiskidetasunaren nozioa sinpleegia delako agian, naturalegia delako, primordialegia. Kultura komunitario berri baten faltan gaude: konplexuagoa eta gure konplexuetatik liberatuko gaituena.

Bernardo Atxagak esan berria du (r)horizonte utopiko baten beharra» nozitzen duela, ez dagoela, alegia, amaitu berri den fasearen ostean heldulekurik, eszenario berri baten falta baitago.
Niri utopiaren zentzuak edo mundu berri baten zentzuak zera gogoratzen dit: hemendik hegazkinez bi ordutara kontinente oso bat daukagula kristoren pobrezian, eta inmigrante bezala hona etortzen ez diegula uzten. Nolabait mundu utopiko berri bat nahi badugu pentsatu behar dugula zein ederki bizi garen hemen, eta hirugarren munduan gehienak zein miserian bizi diren. Lehen misioneroak joaten ziren; gaur misioneroaren ideologia erlijioso hark ez digu balio baina nik uste dut GKEak eta beste honelako mogimenduak direla etorkizuna, eta idealismo hori ezin dugula galdu. Lehen arimak salbatzera joaten ziren, baina gaur egun jende gehiena, kristau sinesdunak izan gabe ere, GKEetan dago bere kontzientzia humano oinarrizkoaren exijentziei erantzuteko, eta hori geroz eta gehiago emango dela uste dut, eta hori izango da gure utopia berrietarako bidea. Nire ustez lehengo misiolarien tradizioa inoiz baino beharrezkoa dugu, ez arimak salbatzeko, gure burua salbatzeko baizik. Alegia, gure hemengo arazo politiko hauek irrelebantzia handia dute globalki harturik, eta euskaldunok benetan interesante izango gara nazioarteko elkartasun horrekin eta geure kultur tradizioa mantenduz, eta baita ekonomia indartsu bat garatuz, eta kultura kreatibo interesante bat, eta gure diasporako sareak gordez eta eraikiz.

Diaspora aipatu duzu eta zure azken liburuan ere diasporaren garrantziaz hitz egin duzu.
Bai. Euskaldun guztiok urtebetez New Yorken edo Los Angelesen egongo bagina, edo Bombayn, hiri handi horietan, bi milioi euskaldunekin seguraski inor ez litzateke enteratuko inor berria etorri denik, eta euskaldunok handik itzulita oso desberdinak izango ginateke. Kanpoko euskaldun batentzat, ni bizi naizen bezala, estatu independiente baten beharra eta halako mitologia politikoek galdu egiten dute bere zentzu asko. Hau ingenuidade politiko bat da baina, identitate aldetik, diasporatik begiratuz nolabait euskaldun puruaren zentzua galtzen da erabat eta euskaldun izatea ez da jada jatorrizko zortzi abizenen kontua, sentitzeko modu bat baizik, izateko modu bat. Orduan nahasteko prest dagoen identitate bat dugu, zeren kanpoan zaudenean amerikar batekin ligatuko duzu, edo italiar batekin ezkonduko zara, eta zure nortasuna beste testuinguru zabalagoan kokatzen duzu, aberatsagoan, eta testuinguru horretatik zeure euskaldun sustraia berriro baloratzen duzu. Alde horretatik, oso onuragarria litzateke euskaldun denok neurri batean diasporakoak garela imaginatzea. Gure benetako izatea, hemen egotea bezalaxe, munduan bidaiatzea da, eta jatorrizko euskaldun gehiago dago hemendik kanpo hemen Euskal Herrian baino. Euskaldunok hemengoak bezainbeste gara Buenos Aireskoak edo San Franciscokoak eta orduan euskaldunok inoiz bezain interesanteago gara gaurko mundu global eta hibrido honetan. Nik uste dut hau ariketa intelektual beharrezkoa dela.

Hemen identitate nazionalari berebiziko garrantzia ematen zaio politikagintzan, agian orain inoiz baino gehiago. Beharbada oso itxita gaude mugen eta estatuen kontzepzioan.
Gazte jendea eta bidaiatzen dutenak, egunkariak irakurtzen dituztenak zabaltasun batean, gero eta gehiago konturatzen gara benetako prozesu ekonomikoak, finantzieroak, kulturalak, politikoak eta abar estatu-nazioaren gainetik dihoaztela. Orduan, nik uste dut euskaldunok gure lurraldeari eutsi behar diogula, lurraldetasun kontzeptua inportantea dela, baina askotan pentsatzen dut benetan nazionalismoaren diskurtsoa oztopo bat dela euskal interes nazionalistentzat, diskurtsoak berritu egin behar direla, diskurtsoak azken batean egoera baten beharrei erantzuteko tresna bat baitira. Diskurtso hori zaharkitua geratzen bada, edo etsai politikoen esku geratzen bada bertako interesak akusatzeko nazionalismoaren xenofobia eta alderdi negatiboak azpimarratuta (beraiek izanda gero nazionalistenak, estatu nazioak, zer esanik ez), orduan gauzarik inteligenteena izan daiteke diskurtso hori aldatu eta zera esatea: (r)ez zaigu guri interesatzen nazionalismorik: gu supraestatalistak gara». Benetan nazionalista izatea zer da: estatu nazioari hor eustea derrigorrez? edo ejerzito bati eustea? Zeren gaur egun nazionalismoa hori da guretzako, eta ez gauza kultural bat, ez sentimendu abertzale edo identitate euskaldun bat, baizik estatua eta konstituzioa ejerzitoak anparatuta: hauek dira benetako nazionalismoak. Orduan guri gehiago interesatzen zaigu nazionalismo klasikotik kanpo dagoen diskurtso bat, zeren gure benetako interesak eta identitateak nahiago ditugu testuinguru global diasporiko honetan ikusi, eta gure benetako identitatea gure kultur tradizioa da, gure hizkuntza, gure kreatibitate kulturala aurrera ateratzea, eta baita gure ekonomia, gure erakunde bertakoak ere. Euskaldun izatea eta euskararen mantenimendua geroz eta inportanteago sentitzen ditut mundu global honetan, baina horrek ez dauka zerikusirik mitologia politiko atzerakoiekin.

Euskaltasun definizioaren atzean kulturaren definizio bat dago. Kulturaren zein definizio erabiltzen duzu zeuk?
Antropologook kultura gehienbat hizkuntzaren eta erakunde tradizionalen inguruan, eta sentimendu etniko baten inguruan definitu izan dugu, gehiegi agian. Nire ustez gaur egun kulturari, gauzak aldatzen diren moduan, beste kultura birtual hau erantsi egin behar diogu, postmoderniarekin batera datorren komunikabideen kultura, espektakuluaren kultura, imaginaren kultura, nolabait bere erreferentzia konkretu batekin mezu batek duen lotura hori hausten denean, dena autoerreferentziala dena. Lehengo kulturatik kultura parodikora ari gara pasatzen, kultura superfizial batera, distirarena. Baina asko ikasi genezake hortik, alegia, kulturaren eta identitatearen mila gauza horixe dela, nolabait maskarako kultura dela, eta pertsonaren bizitzan ere maskarak eta karetak hor daudela jakitea inportantea dela, aktoreak garela. Kulturak definizio asko izan ditzake, eta definizio jatorrizko batekin joanez gero, ez da kulturarik egokiena gaur egungo munduan ibiltzeko, mundu global honetara egokitzeko. Euskaldunok beti pentsatu dugu barruan benetako identitate hori dagoela, eta kanpokoak azalak, aurpegiak, itxurak... direla eta aurpegiei kasu gehiegi eginez gero engainuak... enfin! aparientzia beti zalantzagarritzat izan dugu. Eta orain datorkigun kultura aparientziarena da, benetako kultura zein aurpegi jarri duzun da, eta zein irrifar, zein keinu, eta zein ikono daukazun errepresentatzeko. Guggenheimek Bilbori egin diona, ez? Ikono bat daukazu eta mapan agertzen zara. Aldaketa handi bat dago kulturaren edukian, eta euskaldunoi oso ondo datorkigu hori oso garelako jatorri eta sustraizaleak, eta jatorria gurekin daramagunez erraztasun gehiago behar genuke aktoreak garela ulertzeko, errepresentatzen ari garela, eta nolabait pailazoak garela. Kultura hori da: tradizio batzuk edukitzea, emozioz lotzen zaituen eta aberastasun bat ematen dizun gauza bat, baina sentitu gabe ere hori dela zure bizitzeko kondizio

sine-qua-non
bat, gustatzen zaizun beste etxe kultural bat baizik.

Idatzia duzu gizakiaren jokabidea arrazionala, komunikatiboa eta magikoa izan daitekeela. Mundu global hau eta eraikitzen ari diren sareen mundu hau jokaera arrazionaletan bakarrik oinarritzen da, alde magikoa eta erritualak alde batera geratuz. Nola gauzatzen dira mundu global honetan erritualizazio horiek?
Hala da, baina neretzako aparientziako mundu honetan benetako sortzaileak –aktoreak, margolariak, idazleak...– azken batean iturri magiko horietara jotzen du beti. Azken batean, hain arradikalki identifikatu egiten zara zure posizioarekin eta neurri batean bihurtu egiten zara. Horregatik nire faszinazioa Ander Lipusekiko. Badago metafora eta sakramentua, eta gaur egun badirudi metaforak agintzen duela dena, baina ez: benetako dantzari on batek, edo benetako erlijio gizonak, edo benetako artistak bere posizio hori hain barruraino sartzen du bihurtu egiten dela. Benetako dantzariak ez du zisnea izan nahi, baizik eta zisnea da. Magiaren mundutik edo identifikazio totalaren mundutik hartzen dituzte beren indarrak. Postmodernian eta minimalismoan bizi diren artista hauengan dena forma dela dirudi, baina nik uste dut iturri horietatik edaten dutela ere.

Mundu magiko guztia pertsona konkretu batzuengan kokatzen baduzu, besteak ikusleak besterik ez dira.
Bai, GKEko boluntarioek ez dizute esango bolondres lana errito erlijioso batengatik egiten dutela, baina barruan halako gauzak egitera motibatzen dituena iturri erritual edo majiko, edo humanismo primordial bat da. Heriotzaren, gaixotasunaren, amodioaren aurrean, denok oso erraz harrapatzen gaitu magiaren mundu honek. Denok gelditzen gara Baudelaire bezala egunero erreguka gure mundu hau erori ez dadin. Orain denok geroz eta gehiago pretenditu genezake mundu hau jolas bat dela, eta dena dela aktuazioa, baina beste iturri horiek hor daude edozein izkinatan zain, eta gure momentu egiazkoenean konbinatzen ditugu sakramentua eta metafora. Seme bat gaixotzen bazaizu, jainkoengan sinesten ez baduzu ere, hor badago instintuko mundu bat. Ez dago distira hutsean biziko garen arriskurik.

Beharbada esfera pribatuan geratzen da magia hori, mundu intimoan.
Esfera pribatuan, eta publikoan artisten mundutik datorkiguna, idazleen mundutik, erlijio mundutik, GKE mundutik. Hauek dira dena norberaren intereseko aparientzia ez dela azaltzen duten ahotsak. Postmoderniak dena gezurrezko ideologia bezala azaltzen du, baina niri sinplekeriak iruditzen zaizkit horiek. Modernismoarekin batera diskurtso autoritario asko etorri ziren –artean, politikan, etikan bertan... denok izan behar genuen (r)heroi emantzipatuak»–, eta nolabait postmodernian askoz ere zinikoagok gara moderniaren narratiba honekin, helburu handi hauekin. Gaur egungo kultura

light
eta ikuskizun faltsua ematen duen honekin, badaude beste potentzial horiek ere.

Prestatzen ari zaren lanean Bilbo hartu duzu aztergai. Bilbok balio al dezake euskaldunei buruzko interpretazio bat ateratzeko paradigma bezala?
Antropologikoki Bilbo oso interesantea da euskal gizartea eta historia ikasteko. Transformaketa handi honetan gertatzen ari den Euskal Herri berri baten sorkuntza ulertzeko Bilbo toki paradigmatikoa da. Euskal Herri nekazaria euskaldunena da, bai, baina bilbotarrak gehiago atera direnez, kanpoan eurak sentitu dira euskaldunen, eta orduan identitate mailan Bilbok badauka paradoxa hori, euskaldunena baita munduan zehar. Momentu honetan berriro Bilbo historian zehar beti egin duena egiten ari da: New Yorkera joan, handik museo bat ekarri... eta hori euskal gizartearentzako benefizio handia da. Berriro ari da Bilbo euskal nazionalismoaren untzi insignia izaten, eta ironikoki euskal nazionalismoaren bultzadarekin. Aprobetxatu beharko genuke irekitasun une hau mitologia berri horiek sortzeko: euskaldun diasporakoak, euskaldun hibridoak, edo euskararen esanahia mundu global honetan. Momentu oso interesantea eta aberatsa da. Triunfalista ere ez gara jarriko, ez dago ezer-eta triunfalista jartzeko.

Bilbon eman duzun denbora honetan zer aurkitu duzu kale lanean?
Jende interesgarria ezagutu dut: hilzorian dauden jonkiak zaintzen dituztenak, eskaleak kalean, medikuak eta erizainak, etxegabeei laguntzen dieten kaputxinoak, langabetuak, prostitutak, hiesaren inguruko jendea... Horien artean solidaridade handiko jendea aurkitu dut. Hauek dira nire pertsonaia interesanteenak. Etnografia nobela bat egin nahi dut Bilboko pertsonaia hauek deskribatuz. Marginalidadea azken finean, zeren margenak definitzen baitu zentrua. Jende normalarekin ere izan naiz: bankeroak, irakasleak, artistak... artistak ere oso interesante zaizkit etengabe kultura berdefinitzen ari baitira. Ignorantzien kolekzionista bat sentitu naiz beti: ez dakizu ezer honetaz edo hartaz, historialari edo kazetari batengana joaten zara, edo instituzioetako jende altuenarengana, eta badirudi dena erresolbituko dizula, eta gertatuko denaren mapa inork ez daukala konturatzen zara

RAMON ZALLO
«Euskal Herriko arazoak ausardiaz eta koerentziaz tratatzen dakien analista fina. Lagun atsegina eta leiala»

JOXE AZURMENDI
«Lagun mina. Euskaraz inork ez bezala pentsakera bat idazten daki. Tragikoegi bizi du Euskal Herriko drama politikoa»

JON JUARISTI
«Idazle ona. Beharrezko probokatzailea. Euskaldunak eroturik gaudela sinesten duten irakurleen kontura aberasten ari da»

FRANK GERHY
«Euskal arkitekto mundialena, `El vasco mas universal'. Mirariaren politika Bilbon arte bihurtu du. Parlamentuak tituluren bat eman behar lioke»

JORGE OTEIZA
«Jan, edan eta algararako lagunik onena. Madarikatzailerik oparoena. Haur bat, agoniaren edo extasiaren muturreko hiperboleetan beti. Ez dut imajinatu nahi Euskal Herria bera gabe»

EDUARDO CHILLIDA
«Bere eskultura sakratua izan da niretzat, orain nolabait `aura' galtzen ari bada ere Guggenheim eta Tindayaren efektopean. Zordun izango natzaio bere obragatik eta liburu baten azala egin zidalako»

JOSEBA ARREGI
«Nere Guggenheimi buruzko liburua ez zen izan biguna berarekin, baina ondorioz adiskidetasun bat landu dugu»

MARI KARMEN GARMENDIA
«Emakume askoz gehiago behar genituzte euskal politikan, bera bezala euskalzaleak»

CHARLES BUKOWSKY
«`Amodioa infernuko zakur bat da'»

XABIER ARZALLUZ
«Bilbon agurtu dut eta `friboloa' deitu zidan Guggenheim liburuagatik. Badut gogoa berarekin hitz egiteko»

Tantoa
Bilboko edozein taberna, edozein topagune izan da aproposa Joseba Zulaikarekin solasean aritzeko. Bizi ditugun garai postmoderno hauek abiapuntutzat hartu, eta azken aldian modan dagoen Bilbo madarikatu honetan kokatzen ginen. Kafea eta zigarroak barra-barra, hitzak, maldizioak (euskalyanki honek

shit
hitza erabiltzeko ohitura nabarmena du) eta metaforak kearen artean itxuraldatzen ziren –ni, gehienetan, neurona apur batzuekin heltzen nintzen etxera.
Gure elkarrizketatan «ruina»ren poesiaz baliatzen ginen, Bilbok izkutatzen duen xarmaz mintzatzeko. Eta ez, ez ginen mintzatzen komunika-bidegalduek eta marketing munduak eskeintzen digun Bilbo abangoardista eta postmoderno honetaz, ez. Gure pentsamenduek, hormetako eta arimen arrakaletatik barna bidaiatzen zuten, krudeltasunaren metafisika batera iritsi arte. Begirada eta gorputza. Gorputza edo horma. Eta begirada edo arima.
Bi hari poetiko hauek nire antzerkiaren ikuspuntua indartzeko euskarri bihurtu dira. Josebaren hitz zorrotzek, antzerkiaren esentzia bilatzera bultzatu naute, eta nire lanean seguruago sentitu izan naiz bere hitzen melodiak entzun ondoren.
Pena da, orain Renora joan baitzaigu. Hala ere, gogoetarako hainbat espazio zabaldu dit, berreskuratu behar direnak akaso: Antzerkia eta antropologiaren arteko lotura baten inportantzia, aktorearen sentimendu txamanikoa, eta antzerkiak bete behar duen funtzio katartikoa.
Ni, momentuz, hemen geldituko naiz, eta Josebarekin akordatzen naizenean, Bertolt Brecht-en poesia oihukatuko dut pozez: How beautiful is the moon of Bilbao...


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude