KALKATU ETA GALKATU


1999ko martxoaren 07an
Bakoitzari dezakeena eskatzeari zilegi deritzot, izan ere, zergatik eman behar dugu ahal baino gutxiago? Adibidez, gure zergak ordaintzerakoan sarrerak izkutatzen aritzea ongi dagoen ustekoa ez naiz; ezta beharrean diren lurraldeetako izakiei laguntza mota bat eta neurri bat hitzeman arren bete gabe edukitzearen aldeko ere. Baina, dezakeguna ez da beti diru, ondasun material edo pisuaz neurgarri denaz zertan ulerturik, maizegi egiten dugun moduan. Maitasuna, ardura, leialtasuna... arlo horietaz ari nintzen gorago. Orain hitzetik hortzera darabilgun kalitatearen arauei jarraiki, aipaturiko hirurak ez dira neurgarri, ezin ditugu zerotik hamarrera ebaluatu edo ez behintzat subjetibotasun nabarmenik gabe, beraz, hezkuntzan nola txertatu, nola erabili?
Kalitatearen filosofiak dionez, norberarekin eta norberarengandik hasten da kalitatea eta, jakinekoa da oiloak ere duen adina odol ematen duela. Hau aitortu eta onarturik ere, ez dut uste euskaldunok harro egoteko motibo handirik dugunik gure (hain maitea omen dugun) hizkuntzari buruzko jarreraz. Egungo joera arduragabea adibide nabarmenegia da, besterik gabe paso emateko. Gure aiton amonek, euskeraren aurkako egoera gorrian (edo beltzean nahiago baduzue) bizi behar izan zutelarik ere, hizkuntzarenganako duinatsunezko jokaerak nola behar duen erakutsi ziguten. Idatzizko oinarria hain urria zuen eta duen hizkuntzaren hezurdura eta muinari eusteko gai izan gara, aurrekoek aurrekoei entzundakoa zuzen- zehatz helarazten asmatu zutelako. Esan bezala, oroimena beste bitartekorik gabe eta egoera latzean.
Haiek ordea beste garai batzuk ziren. Orain, idazten denok dakigun garaiotan (nahiz eta ondo gutxi batzuk bakarrik idatzi) negargura ematen du idatzitakoaren mailak. Kalkoa kalkoaren gainean eta badakizu, lehen kopiatik bigarrenera kalitatea galduz doa. Berdin zaigu aditz bat oker erabili edo hitzen erdiak erderaz bota, baina hori bai, esaldi sakon baten amaieran erderazko atsotitz bat jarriko dugu, bada ezpada ere, eragin indartsuagoa sortze aldera edo. Hau gaztetxo edo nerabe batek egiten duenean, arrazoiz zuzentzeko astia denok hartu behar genuke, ala erderaz horrelakorik botatzen badugu ez digute zuzentzen? Zer da orduan, gureak nolanahi erabilita ere berdin balio duela? Inork zuzentzen ez dion hark sekula ez du jakingo gaizki esaten ari denik.
Gakoa, askotan, hemen dago ordea: zer egin behar da hankasartze handienak edo nabarmenak egiten dituena irakaslea bera denean? Nola onar dezakegu guk, eskolak euskeraz emateaz harro gaudenok, halako urritasunik, hain hitz-jario petraleko kiderik eta eredu izan behar genukenok hori egiterik? Gure ikasleek ez dute guregandik guk irakatsi nahi diegun hura soilik ikasten, ezta gutxiagorik ere. Askotan irakatsi nahi geniekeenaren ordez oharkabean hitzez, jarreraz, keinuz nahiz jazkeraz, e.a. ematen ari gatzaizkien mezuak berenganatzen dituzte. Gure euskerak, eman nahi diegun mezuarekiko arreta piztu ala izoztu dezake. Hori bai, gure ikasleek, guk gaizki esaten dugun hitz bakoitza gogoan hartzeko adur berezia dutela pentsatu izan dut sarritan. Gero etxera joan eta guraso arduratsuren batek zuzenketa egiten dionean seme edo alabari, jakinekoa da erantzuna «Baita zera ere, irakasleak ere horrela esaten du behintzat eta».
Adituek diotenez, eskolak euskera gizarteratzean eragin handia omen du. Izan dezakela esango nuke nik, izan ere, euskerarekiko jarrera folkloriko hutsa duen irakasle asko ezagutzen dut. Hau da, euskerarengandik zer hartua ikusi dutelako hurbildu direnak eta zerbait eman ere egin behar luketela planteatu ere egin ez dutenak.
Folklorismo hutsal honek, horren lanpostu esanguratsuetan gaudenon aldetik datorrenean behintzat, axaleko euskaldunen belaunaldi berriak sortuko ditu. Euskerak bigarren mailako hizkuntzaren izaera duela naturalki erroturik izango duten belaunaldiak.
Irakasleok, asko behintzat, konszienteki euskaldun izatetik eta gure zereginik garrantzitsuenetako bat hizkuntza lantzea zela pentsatzetik, arlo hori euskerako irakasleen zeregina dela uste izatera pasa gara. Irakasle euskaldun izateko euskeraz bizi beharrik ere ez dugu ikusten. Eredu, ez gure arloko jakindurian soilik, denean garela ahazten dugu. Euskeraz irakurri edo euskerazko prentsa irakurri edo «boletina» bi hizkuntzetan daukagularik euskerazkoa ulertu ezinik adarrak puskatu, baita zera ere! Pozten naiz euskaldunberri oldearekin. Zorionak eurei eta etekin hori lortzen ahalegindu diren guzti-guztiei baina, gure ikastetxeetako irakaslegoaren kalkatzeko trebeziak tristetzen nau. Gela askotan bildu zaizkigu euskera maila nahiko urriko ikastaldeak eta guk, eguneroko ahaleginez hizkuntza maila jasoa lortu ordez, euren akatsetatik edateko ohitura hartu dugu, izurri horrek ez omen du erremediorik eta.
Ba ez konpai! Ez dugu kalkatu behar galkatu baizik. Hau ere bada gure zeregina.
Beno eta ez pentsa ahaztu dudanik, nik ere atzean zuloa dudala!


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude