20 URTEKO ESPETXE IBILALDIA PRESO OHIEN AHOTIK

Amnistiaren ondorengo urteak ziren, trantsizio garaiak. Bide bat ala bestea aukeratzeko unea. Estatutoen bidea edo apurketarena. Fran Aldanondo ondarrutarra izan zen azkena ateratzen baina berehala sartu ziren beste batzuk, 78ko abenduan Iruñean atxilotuak izan ondoren. Bi etakide eta polizia bat hil ziren Iruñean, enfrentamenduan, eta Martin Villak, orduko Barne Ministroak, «2 eta 1 gure alde» esaldi entzutetsuarekin ospatu zuen.
J.M. AZURMENDI.
Hogei urtetako historia hau 1978ko urtarrilaren 5ean hasi zen, Iruñean Patxi Elkarte iruindarra atxilotu zuten eta 11n Maximo Aierbe eta Juan Mari Olano gipuzkoarrak. Xabier Morras iruindarra eta Cesar de la Fuente, Alberto Olalde eta Juanra Ruiz de Gauna gasteiztarrak ere garai honetan harrapatu zituzten.

Aurretik beste mugimendu txiki batzuk izan baziren ere –Iruñeko presoak Burgosera eramatea, adibidez– 1978ko abenduaren 28an euskal espetxeetako preso guztiak Soriako espetxera eraman zituzten. Bi ezaugarri dauzka Soriak: euskal preso politikoak biltzen zituzten lehen aldia zen batetik; bestetik, poliziaren presentzia espetxean.
Gaur egun presoak batzea eskatzen da. Zer iruditzen zitzaizuen orduko batze hura?
JOSE MIGEL AZURMENDI.
Zigorra zen.

BEGOÑA SAGARZAZU.
Galdera hori hogei urte beranduago dator, orduan espetxean zaude, amnistiaren garaiaren ondoren. Dena garatu gabe zegoen. Zigorra zen.

`MEDIUS'.
Batetik gose greba eta gainerako protestei zentzu politikoa ematen genien –gure rehen izaera agertarazteko– baina bestetik gure eskubide pertsonalen alde ere borrokatu behar genuen. Soriako hasierako baldintza gogorretatik egoera leunago batera pasatu ginen borroka gogorren ondoren. 79an gertakizun garrantzitsua gertatu zen euskal preso politikoen kolektiboan –milien eta polimilien artean banatua zegoena–, polimiliek «Estatutoarekin presoak etxera» aldarrikatzen zuten eta guk, aldiz, ez genuen horretan sinesten.

J.M. AZURMENDI.
Egia esan, aurretik ere bi kolektibo zeuden baina funtzionamenduan bakarrean moduan aritzen ginen. Azpimarratu behar da, halaber, Sorian hasi zirela lehenbiziz posta erretenitzen. Horrez gain, ETAren ekintzen ondoren, gurekin hartzen zuten mendekua Sorian. Polizia talderen batek kolperen bat jasotzen bazuen polizia talde hori hiru egunez eramaten zuten Soriako espetxea zaintzera eta, jakina, barrura sartu eta egurtzen gintuzten.

Euskal Herrian hilabete batzuk egin ondoren, Soriara eraman zituzten ETA biak (`miliak' eta `polimiliak') eta Komando Autonomoekin zerikusirik izan zitzaketen preso guztiak. Ibilaldi luze baten hasiera besterik ez zen. Cadizeko Puerto de Santa Maria-1 izan zen ondorengo etapa eta, sakabanaketa hasi aurretik, Ciudad Realgo Herrera de la Mancha ospetsua geroago. Herreran egin zituzten azken urteak guztiek elkarrekin, Espainiako Espetxe Erakundeen hurrengo trikimailua Espainia osoko espetxeetan barreiatzea izan zen. Etapa bakoitzeko gora-beheretan murgilduko gara solasaldiarekin.
`MEDIUS'.
Puerton poliziarik gabe tentsioa normaldu zen eta funtzionarioek erabateko inpunitatea zutela sentiarazten ziguten. Puertora arte bizitza amankomuna egiten genuen eta hemen bi modulotan banatu gintuzten; Puertorekin sistema modularra gauzatu zen. Formazioa eta zigorra egunerokoa zen, zerbait gaizki zeldan edo zerbait zikin izatea nahikoa zen zigortzeko.

Urruti dago baino 80ko ekainaren 13a ondo gogoratzen dute. Polizia Nazionala Soriako espetxe barruan sartu eta egundoko jipoiak banatzen aritu zen, bere kasa. Presoaren ehizan.
J.M. AZURMENDI.
Garai hartan gauza asko gertatu zen Sorian, zulo batzuk aurkitu zituzten, material batzuk, barruko aldarrikapenak ere baziren... Erantzuna jipoia izan zen. Polizia Konpainia oso bat sartu zen espetxean. Zeldak miatu zituzten eta dena txikitu, irratiak, argazkiak... dena. Gure erantzunaren zain egon ziren eta guk erantzutean berriro sartu; pm eta autonomoei zeldetara sartzeko agindu zieten eta gu geunden tokira igo zuten pelotazoka, kulatazoka...

JUANITO NAZABAL.
Sarreraren argazkia honakoa zen: polizien komandatea bi labanekin eskuan Tomas Karrerari jarraika; azkenean bizkarretik sartu zion labana. Burutik jota zegoen komandantea. Oraindik preso dagoen Iñaki Pikabea hil zorian utzi zuten, pilota jaurtigailuaren metalezko `bocacha'rekin buruan eman zioten eta `bocacha' apurtu; odolak pareta osoa zipriztindu zuen... Agustin Portes, Puerton dagoen Etxaniz edo, adibidez, Durangoko Txori zeuden egundokoak hartu zituztenen artean. Txelis lurrean zegoen odola zeriola, erdi hilda bezala, poliziak heldu eta ostikoka hasi ziren berarekin... Berriz altxatu eta korrika hasi behar.

`MEDIUS'.
Sorian saiatu ziren presoen bizimodua militarizatzen baina ez zuten lortu, Puerto-1en bai. Hemen hasi ziren moduloka banatzen. Puerto ondoren Herrera de la Mancha etorri zen, gogorrenendako espetxea, beraz, gu hara. Puertoko medikua hil eta polimiliek Espainiako armadako Barrios Kapitaina hil ondoren gertatu zen.

1982an, euskal presoak Soriatik Puerto-1era eramatearekin batera, «Por el cambio» nagusitu zen Espainian eta PSOE 10 milioi botorekin iritsi zen gobernura. Hilabeteren batzutan espetxean bertan ere nabaritu zuten aldaketaren bat, «izan zen nolabaiteko biguintze bat». Noraeza sasoia zen baina azkenean Espainia batuak Espainia gorria menperatu zuen.
J.M. AZURMENDI.
1983aren hasieran negoziaketa eta horrelakoez hitz egiten zen baina urtearen bukaeratik aurrera dena apurtu zuten eta trasladoekin hasi ziren.

J. NAZABAL.
Nik uste dut dena aurreikusita zeukatela eta pm-ak ere erabiliak izan zirela. Asko pentsatu dut honetan eta ezin daiteke jarri eskua sutan baina Barrios garbitu zutenean denak Herrerara eraman gintuzten, p-mak 4. moduloan jarri zituzten, primeran bizi ziren eta berehala damutzen hasi ziren. Gure egoera, bitartean, gero eta gehiago gogortzen hasi zen.

`MEDIUS'.
Gu heltzerakoan Herrera jadanik prestatua dago kabinete psiko-pedagogiko oso batekin jendearen jokaeraren azterketa egiteko. Zenbat eta poli-mili gehiago damutu, kolektiboari gero eta txantaia handiagoa egiten zitzaion. Eredu modularra bere gorenean jarri zuten hemen, lehenengo moduloa gogorra, bigarrena biguinxeagoa, hirugarrena biguinagoa oraindik...

B. SAGARZAZU.
Alemanian egin zuten hori. Leku itxi batean gisa talde bat dago eta talde hori apurtzen saiatzen dira desberdintasunak sortuz, presoak nola elkartzen dituzten ikusita... Sarritan basatiki saiatzen dira polizia, guardia zibila eta abarrekin; beste batzutan, eta agian txarragoa da, errepresio modu askoz modu ezkutukoagoak erabiltzen dituzte, moduloz aldatzea edo bakarrik edukitzea, oso bizitza markatua alde guztietaik, komunikazioa...

J.M. AZURMENDI.
Apustu orokorra egin zutelakoan nago. Espetxeetan Herreraren apustua eta kalean, 83ko udazkenaz ari naiz, GAL jarri zuten martxan.

Beraien esanetan kolektiboaren sendotasunerako une garrantzitsuenetako bat bizi izan zuten orduan: Herrerako txapeoa. Inposatzen zieten erregimenarekiko desobedientzia eta ziegetatik ez ateratzea (espetxeko kanpokoekin komunikazioa bertan behera utziz...). Sei hilabete iraun zuen eta 160 bat preso ziren orduan.
J. NAZABAL.
84ko otsailaren 22an hasi zen 20 urte hauetako gauza garrantzitsuenetakoa izan zen, Herrerako txapeoa, urte bereko abuztuaren 24ra arte luzatu zena. Horregatik ez balitz izan kolektiboa nahiko gaizki egongo zen, handik eta hemendik tira-birak hasi ziren sortzen eta. Baina borroka hartan denak bateratu ginen eta bide berari heldu genion. Gero sakabanatu gintuztenean ere gauzak nahiko garbi geneuzkan kolektibo gisa.

Arriskuan ikusi al zenuten kolektiboa?
J.NAZABAL.
Beharbada horrenbeste ez baina sekulako arazoak zeuden. Bakoitzak kartzela era desberdinean ikusten du mila kontuetan: «nola jarraitu behar da borroka?», «egoera txar honen aurrean zer egin»... Tira-birak sortzen ziren. Gerora konturatu izan gara haren garrantziaz, eta horrenbeste urteren ondoren kolektiboa hor dago gaur egun ere.

J.M. AZURMENDI.
Iraupena bera ere arriskuan ikusten genuen. Halakoa zen presioa, halakoa kontrola, halakoa dena! Han pertsona bat ezin zen bizi. Esertzeko baimena ere ez genuen eta jaten hasteko agindua ere beraiek eman behar zuten, ziegatik ateratzeko, atea zabaldu edo ixteko... «Edo akabatzen gaituzte edo burua ateratzen dugu» izan zen borrokaren planteamendua. Eta burua atera genuen.

`MEDIUS'.
Dena den txapeoa amaitu ondoren modulo desberdinen arteko tentsio handiak sortu ziren, batez ere 1. eta 2.aren artean, egoerari aurre nola egin eta abarren inguruan. Erregimen bera genuen baina diferentzia txikiekin, funtzionariak gogorrak eta biguinen banaketa egiten saiatzen ziren, leku batean bestean baino gehiago zirikatzen zuten...

J. NAZABAL.
Han agerian geratu zen gure heldutasun eza, orain ere gauza bera gertatzen ari da eta egoerari aurre egiten diogu. Orain badugu kontzientzia hori. Ikusten dugu beste espetxe batean hobeto daudela baina ez gara horrekin nahasten.

B. SAGARZAZU.
Garai horretan oraindik ez ziren espetxearen zenbait klabe ezagutzen. Dinamiketan murgiltzen zara eta agian ez zara gai ikusteko eta esateko «e, kontu!». Sakabanaketarekin azkenean lortu zen hori. Gai txiki asko daude, kanpoan agian garrantzitsuak ez direnak baina barruan bai. Bandeja edo platerraren borroka adibidez.

Zer da hori?
B. SAGARZAZU.
Janaria plastikozko bandeja batzuetan ekartzea edo plateretan. Higiene kontua da eta Herreran izan zuten horren inguruko borroka eta guk Tenerifen ere bai. Izango ziren zailtasun handiak, jakina, ez gara supergizon eta superremakumeak... Herrerakoa esperimentu bat izan zen eta aipagarriena da kolektiboak egoera gainditzea lortu zuela. Hori bai, kostu handiarekin, sei hilabeteko txapeoaren ondoren kostu pertsonal eta humanoak handiak dira eta.

`MEDIUS'.
Sei hilabete bakarrik ziegan eta kanpora begira inolako harremanik gabe oso gogorra da, ez ezkutitzik, ez bisitarik...

J. NAZABAL.
Kontuan hartu behar da txapeo hartan funtzionarioen kolektibo erdia ere pasatu zela psikiatratik eta baja sikologikoak erdia baino gehiago izan zirela. Izugarrizko tentsioa zegoen etengabe, ez zegoen han bizitzerik. Txapeoa hasi zenean beraiek etortzen ziren ohiko «ordeno y mando»arekin baina antzarrak perratzera bidaltzen genituen: «Utzi bakean sasi-kume nazkagarria!» eta horrelakoak jaurtitzen genizkien... Imagina zer tentsio! Beraien artean ere tira-birak sortu ziren.

`MEDIUS'.
`Txino' zerbitzu-burua eta `Payaso' funtzionarioen artean egundoko enfrentamendua egon zen.

B. SAGARZAZU.
Jarri itzazu hogei pertsona ate joka modulo batean eta hor sortzen den tentsioak nerbioak dantzan jartzen dizkio gogorrenari. Hori da

puenting
egunero egitea. Gero sakabanaketarekin bezala, segurtasun handiko espetxe haien garaia gainditu egin zen politikoki. Hori bai, oso kostu handiarekin. Ikaragarria izan da! Orain kolektiboak badu beste heldutasun eta esperientzia bat.

Egun dirauen sakabanaketa politikaren lehen printzak 1985eko abenduaren 1ean eman ziren. Alde batetik ikusita, sakabanaketa positiboan esan daiteke, 16 lagun Langraitzera ekarri zituzten eta. Baina bi ahoko ezpata zen. «Jolasean ari ziren. Gozokia eman lehenbizi eta gero kendu». «Ni geroago egon nintzen Langraitzen –dio `Medius'ek– eta gorriak pasa nituen han, gorriak. Han ezin zen egon». Dena den, sakabanaketa bi urte beranduago hasiko zen gauzatzen, 1987ko urtarrilaren 22an.
J.M. AZURMENDI.
Herrerako ereduari aurre egin geniola ikusi zutenean sakabanaketari ekin zioten, baina kolektiboaren oinarriak orduan finkatu ziren.

`MEDIUS'.
Hiru maila behintzat argi finkatu ziren Herreran: lehenengo biziraupena, gero kolektiboaren tinkotasuna eta gero eztabaida politikoa.

J. NAZABAL.
Orain sakabanaketarekin hirugarren maila horri heldu zaio. Aurreikusi genuen zelako egoeratan egon behar genuen eta zera esan genuen: «orain erakutsi behar zaio etsaiari gure artean eztabaidatzeko gai garela». Dena den, zure bizitzarekin nahi duten bezala jokatzen dute, gure sentimenduekin etengabe jokatzen dute eta nik sarritan esaten dut oso gogorrak egin gaituztela. Gero moldatzen gara baina kaleratzean sintomatologia nahiko gogorra dugu. Sentimendu aldetik ni konturatzen naiz ez naizela sartu nintzena, askoz gogorragoa naiz orain.

Garai horretatik aurrera Aljerreko negoziaketak etorri ziren, 1989an. Nabaritu al zen hori espetxean?
`MEDIUS'.
Zentzu guztietan nabaritu zen, epaiketetan, espetxeetan... Negoziaketak apurtu zirenean hasi zen sakabanaketa sistematikoa, bakoitzak zeukan ezaugarrien arabera egindakoa. Aurreko espetxeetan egindako fitxak erabili zituzten orduan.

B. SAGARZAZU.
Norbaitekin ondo konpontzen bazinen, harengandik banatzen zintuzten eta agian ondo moldatzen ez zinen beste kide batekin jarri. Eta moldatu egin behar, hasieran gaizki baina azkenean lagun bukatzen duzu. Sakabanaketarekin presoa bakarrik dago, isolatuta zaude erabat eta erabakiak ere bakarrik hartu behar dituzu. Preso sozialekin ere harreman gehiago izan behar duzu.

Baina espetxe desberdinetara eramatea baino gehiago da sakabanaketarena, espetxe askotan presoak modulo desberdinetan daudelako eta batzuetan modulo berdinean egon arren ordutegiak ere desberdinak izan daitezke. Espetxetik kanpo sakabanaketarena fase bakar moduan ikusten bada ere, preso ohiek bi fase bederen argi bereizten dituzte: «89tik 93ra fase defentsiboa eta 93tik aurrera –urte honetako eztabaidaren ondoren– fase ofentsiboa».
B. SAGARZAZU.
93an kolektiboak gutxieneko taula bat atera zuen eta hor sortzen da «Euskal Presoak Euskal Herrira», hiru laurdenak bete dituztenen askatasun eskaera, gaixo daudenen askatasuna... eta mintzakidetza hautatzea.

Zelan hautatzen da mintzakidetza?
J. NAZABAL.
Gutxi gorabehera denok onartzen dugu goitik egiten zaigun proposamena. Dena den, bada bozketa antzeko bat eta proposamenak, galdetzen da... baina sakabanaketa egoerarekin oso zaila da.

B. SAGARZAZU.
Bai barruan, modulotik modulora, eta baita barrutik kanpora ere, bada komunikazioa; ezegonkorra da, ez guk nahiko genukeen modukoa, baina badago.

`MEDIUS'.
1993an politikoki sakabanaketa gainditu genuen, euskal alderdiek ere amore eman zuten gu sakabanaketaren bidez menderatzearena eta horrela heltzen gara 1995eko abendura, non Gasteizko Legebiltzarrean sakabanaketaren aurkako ekimena onartu zen.

J. NAZABAL.
Sakabanaketaz hitz egiten denean, ikusita dago horrek sofrimendua bakarrik eragiten duela.

B. SAGARZAZU.
Sakabanaketaz ari garenean, kontzeptu horren barruan erabiltzen dituzten neurri mordoa dago, besteak beste bergizarteratze ospetsuarena. Bergizarteratzearen izenean jipoitu gaituzten, isolatu, komunikazioa kontrolatu, espetxez espetxe ibili, moduloz modulo, ziegaz ziega... mila modutan izorratu gaituzte egunero. Bestetik esan izan da sakabanaketarekin presoaren hausnarketa indibiduala ere bultzatzen dela, gainerako presoek eraginik izan ez dezaten. Dena den, ez dut ezagutzen arazo politikoa medio, kolektibotik atera den pertsonarik, edo kolektibotik atera eta espetxean borrokan jarraitu duenik. Normalean kolektibotik ateratakoak ateari begira egon dira...

Baina hori zilegi da ala ez?
`MEDIUS'.
Jakina, nire iparra beti egon da kalera begira.

B. SAGARZAZU.
Kolektiboa irekia da, nahi duena sartzen da eta nahi duena atera, baina gero espetxe batean zaude eta espetxeari aurre egiteko egunero dauzkazu arrazoiak eta espetxeari aurre egiten badiozu, ez dizute kalera ateratzen utziko.

`MEDIUS'.
Behin kolektiboan garrantzitsua izan zen pertsona bat etorri zitzaidan negarrez, nekatua zegoela eta lehertuta. Bera ez zela sekula ezker abertzaletik aldenduko baina ezin zuela espetxean. Nik esan nion, ateratzeko ordainsariren bat ere ordaindu behar izango zuela.

B. SAGARZAZU.
Damutua oso egoera zehatz batean damutzen da eta testuinguru batean erabilitako pertsonak dira. Zelanbait, neurri batean uzten diozu zu izateari, garrantzitsua zara politikoki erabilia zaren neurrian.

J. NAZABAL.
Eta horren ondorioak nork jasaten dituen, jipoiak eta abar. Kalean damutu batekin elkartu naiz eta esan dit ez duela behin ere gure aurka egin, nekatuta zegoelako egin zuela. Nik esan nion ulertzen nuela baina ez nuela onartzen. «Hire laguna izango nauk baina beti kritikoa izanda», esan nion.

Gai korapilotsua bergizarteratuena edo «damutuena», beraiek deitzen dituzten legez. Kaleratzearen momentua, kalea-espetxea, barruko lagunak, kolektiboaren indarra, ihesaren ametsa. Beste hamaika bizipen eta balorazio geratu zen mahai gainean, hurrengo lerro batzuen zain. Amaitu ez den espetxe ibilaldi luze baten zenbait aztarna, alabaina, orrialdeotan atrapatuak geratu dira. Aldegin aurretik beraiek kanpoan direla baina beste presoak barruan daudela gogorarazi digute. Ohiko mezua preso ohiengan
Preso ohiak
J.A. Torre Altonaga, `Medius'
Espainiako espetxeetan 19 urte egin ondoren –gaur egun 54 urte dauzka–, iazko otsailaren 21etik dago kalean, hots, hamar hilabete pasatxo. Zigorraren hiru laurdena 1993an bete zuen eta, beraz, orduan utzi behar zuten aske. Mungiarra da eta preso ohiaren subsidioarekin dago.

Begoña Sagarzazu
Pasaitarra da eta 37 urte dauzka, horietarik hamar Espainiako gartzela desberdinetan iragan ditu. Hamar hilabete daramatza kanpoan, 1998ko otsailaren 19tik. Euskal Preso Politikoen Kolektiboko mintzakidetzakoa izan zen. Preso ohien subsidioarekin bizi da oraingoz.

Juanito Nazabal
Gernikako Estatutuaren erreferendumaren atarian espetxeratu zuten, 1979ko irailaren 23an eta 1998ko apirilean utzi zuten aske Etxarriko presoa. Espainiako espetxeetan ia 19 urte egin ondoren seme gazteaz arduratzea du egungo egiteko nagusienetakoa.

Jose Migel Azurmendi
Mitxel Sarasketarekin batera atxilotu bazuten ere, 1978an, eibartarra baino 2 urte lehenago kaleratu zuten –96ko Santo Tomas egunean– 44 urteko preso beasaindarra. 18 urte egin ditu Espainiako espetxeetan eta gaur egun kulturgintzako zerbitzu batean dihardu lanean.

Norbera eta kolektiboa

Galdera bi datozkit burura. Nola isla daiteke hogei urte hauetan bizi izan dugun guztia lerro gutxi batzuetan? Nola eutsi diogu egoera honi? Bi kontzeptu uztartu behar dira, nire ustez, norbera eta kolektiboa. Kolektiboa zerbait abstraktua da sarri, baina pertsonak osatzen dugu kolektiboa. Pertsonak garen aldetik, bakoitza mundu bat gara eta espetxera sartu bezain pronto horri eman behar diogu lehentasuna, hots, kolektibo horri egokitu. Kolektiboaren izaera horrek markatzen du gure jarrera eta 600 jokaera bakarra bihurtzeak izugarrizko indarra ematen du, bai indarra egoera gogorretan tinko eusteko, bai indarra etorkizuneko proiektuetan sinesteko.
Haatik, azkeneko hamar urte hauetan bakardadeko une asko bizi izan dugu; sakabanaketaren helburu nagusia hori izan baita, bakartu, bakartasunean bakoitzak bide pertsonalak bila ditzan. Pertsonak suntsitzen saiatu dira medio anitz erabiliz: bakartu, senideengandik urrundu, jipoitu, desorekatu etengabe espetxe, modulo eta zelda aldaketekin, gure hizkuntza erabiltzen debekatu, osasunaz jolastu... Beren kontra denean indarkeriaren aurka daude, jakina, baina gero, kalean zein hemen barruan lasai asko erabiltzen dute, ageriko kontraesanaren aurrean begiak itxiz.
Guztiok elkarrekin geundenean osatutako bizi arauak jarraitzeaz gain, kolektiboak unearen arabera horiek egokitzeko eta moldatzeko gaitasuna izan du. eta kartzeleroek berek oroitarazi digute behin eta berriz kolektibo bat osatzen dugula. Nahiz eta bakarrik egon, zerbaiti uko egin ondoren sarritan entzun diogu kartzeleroari esaten: «ya están ustedes de nuevo?». Kontxo, esaten diozu zure buruari, «banan-banako politika, baina garbi dago honentzat ez nagoela bakarrik».
Gobernuko hainbat kidek aipatu dute errazago izango litzatekeela dispertsioarekin amaitzea jarrera kolektibo hori izango ez bagenu. Bada, ezin da izan bestela, gure borroka kolektiboa zen kanpoan eta horrela da barruan, bietan interes kolektiboa pertsonalari nagusitzen zaiolako. Ezin dugu hitz egin nitaz edo zutaz, gutaz baizik. Pertsona baten bizitzan 10, 15 edo 20 urte asko direla, baina herri baten historian deus ez dira. Gainera, une oso gogorretatik igaro arren, inolako zalantzarik gabe, borrokari lotzeak merezi du.
Urte hauetan gure senideek eta lagunek izan duten jarrera ezin dut goraipatu gabe utzi. Gertu edo urrun, beti izan dira gurekin, horretarako mila kilometro eginez, izugarrizko dirutza xahutuz eta beren denbora handia eskainiz. Inoiz ezingo dugu kitatu hauekin dugun zorra.
Bukatzeko, besarkada bero bat bidali nahi diet kalean isil-isilik eta, sarri, oso baldintza gogorretan gure herriaren askatasunaren alde etengabe borrokan jarraitzen dutenei. Gure aldetik, ziurta diezazuekegu beti bezala jarraituko dugula bakoitzak bere egoerari aurre eginez, irribarrea galdu gabe

Kartzelak hildako presoak

J

uan Jose Crespo Galende:
1981eko ekainaren 19an hil zen La Paz Ospitalean (Madril). Martxoaren 14tik gose greban egon zen eta bere ahultasunagatik izan zen ospitaleratua. 27 urte zituen.

Jose Ramon Goikoetxea:
Alcalá Mecoko (Madril) espetxeko dutxan urkatua eta lepoan ebaki sakona zuela agertu zen 1985eko ekainaren 26an. 27 urte zituen.

Joseba Asensio Artaraz:
Herrera de la Manchako (Ciudad Real) bere ziegan hil zen 1986ko ekainaren 8an, espetxeko mediku taldeak zuen tuberkulosia katarro soil gisa tratatua izatearen ondorioz. 27 urte zituen.

Josu Retola Loidi:
1987ko maiatzaren 19an hil zen bere etxean, minbizi terminala izateagatik kaleratu ondoren. Minbizia garatxo soil gisa diagnostikatu zioten espetxean. 33 urte zituen.

Mikel Lopetegi Larrarte:
Herrera de la Manchako bere ziegan urkatua agertu zen 1988ko martxoaren 2ko goizean. 33 urte zituen.

Juan Carlos Alberdi Martiarena:
1988ko ekainaren 15ean hil zen Herrera de la Manchan bihotzekoak jota, medikua zen lagun presoa suspertzen saiatzen zen bitartean. Ez zuen bihotzeko arazorik eta ez zegoen arrisku taldekoen artean. 30 urte zituen.

Migel Zalakain Odriozola:
1990eko azaroaren 30eko gauean hil zen bihotzekoak jota, uztailaren 20an izandako miokardio infartu akutua behar bezala ez zaintzearen ondorioz. 58 urte zituen.

Jean Groix:
Euskal errefuxiatuak hartzeagatik Fresnesen (Paris) espetxeratutako bretoia, irain eta difamazio kanpaina baten ostean, urkatua agertu zen bere ziegan 1991ko urtarrilaren 27an. 40 urte zituen.

Pello Mariñelarena Imaz:
1993ko maiatzaren 15ean hil zen Parisko Antoine Beclere Ospitalean Fresneseko Ospitaletik bertara eraman ondoren. La Santeko espetxean izandako mediku asistentzia ezagatik, seropositibo izaerak zaildua, hil zen. 29 urte zituen.

Jabi Gorostiza Lejarriaga:
1995eko ekainaren 17an hil zen Bilboko Basurto Ospitalean. Asistentzia ezagatik areagotutako laringe minbizia larriagotu ondoren ospitaleratu zuten. Urtebete lehenago kaleratua izan zen eritasuna atzeraezina zelako. 55 urte zituen.

Jose Maria Aranzamendi Arbulu:
Alcala Mecoko bere ziegan urkatua agertu zen 1997ko otsailaren 7an. 41 urte zituen.

Juan Carlos Hernando Gonzalez:
Albacete espetxeko bere ziegan urkatua agertu zen 1997ko uztailaren 20an. 35 urte zituen.

Santiago Diez Uriarte:
1997ko urriaren 27an hil zen Bilboko Basurto Ospitalean. Asistentzia ezagatik areagotutako masailezurpeko minbizia larriagotu ondoren ospitaleratu zuten. Zazpi hilabete lehenago kaleratua izan zen gaixotasuna atzeraezina zelako eta ezinezkoa zelako ebakuntza kirurgikorik egitea. 34 urte zituen


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sakabanaketa
2023-12-07 | Ahotsa.info
Karmele Solaguren sakabanaketa politikaren biktima gogoratu dute Barañainen

Bere heriotzaren 19. urteurrenean, Karmele Solaguren gogoratu dute bere omenez herrian jarritako monolitoaren aurrean. Solaguren kotxe istripu batean hil zen, bere semea Ekain Gerra Madrilgo espetxe batera bisitatzera egindako bidai batean. Solaguren bezalako biktimen aitortza... [+]


Sara Fernandez preso politikoen senidea biktima gisa aitortzea eskatu dute

“Sara gogoan” plataformak preso politikoen senidea motibazio politikoko “biktima gisa” ofizialki aitortzeko beharrezkoak diren mekanismoak antolatzeko eskatu die Nafarroako erakunde nagusiei. Hura omentzeko memoria ekitaldia egingo dute azaroaren 28an.


2023-07-28 | Ilargi Manzanares
Hondartzetara eramango dute presoen eskubideen aldeko aldarria abuztuaren 6an

Bizkaia, Gipuzkoa eta Lapurdiko hamabost hondartzetan antolatu ditu mobilizazioak Etxeratek, Etxera lelopean.


Pili eta Fontsoren aitortza beharra aldarrikatu dute Laudion

Elkarretaratzea egin dute larunbata eguerdian Laudioko Herriko plazan, Pili Arsuaga eta Fontso Isasiren heriotzaren 33. urteurrena dela eta. Bi bizilagunak 1990ko uztailaren 1ean zendu ziren, Maribi Ramila euskal preso politikoa bisitatzera zihoazela izandako trafiko istripuan... [+]


2023-04-30 | Mati Iturralde
Hogeita hamalau urte igaro eta gero

Pasa den martxoaren 25ean ofizialki bukatu zen euskal presoen sakabanatzea. El Paíseko lerroburuaren arabera, "34 urte igaro eta gero, Espainiako Barne Ministerioak amaiera eman dio ETAko presoen sakabanatzeari". Euskal Herriko komunikabideek ere dataren berri... [+]


Eguneraketa berriak daude