"Baserri giroaren galera bidetik doa aizkolaritza"


1995eko uztailaren 02an
Aizkolaritzaren egoera, apustuak, lehiaketak, maisuak, ondorengoak
"Baserri giroaren galera bidetik doa aizkolaritza"
Anjel Arrospide
Bost urte segidan Euskal Herriko aizkolaririk onena dela erakutsi duen leaburutarrak aizkorak zorrotik atera gabe ibili da pasatu den negu osoan. Atseden hartu nahiak batetik eta joan den hilean egin zioten apendizeko operazioak dute aurten oraindik plazan ez azaltzeko errua. Geldialdia amaitzear eta aizkora hartzeko irrikitan aurkitu dugu Arrospide, aizkolaritza munduari goitik beherako begiratua jotzeko prest.
Aizkora ez al da herdoiltzen horrenbeste denboran erabili gabe?
Aizkora eta aizkolaritza. Aurtengo negua luze joan zaigu, ez baita apenas apusturik izan. Bakarra jokatu zuten bi gaztek, Arria II.aren semeak eta Telletxeak Donezteben eta jende dexente bildu zen. Gainontzean, niri dagokidanez, joan den urteko txapelketaren ostean beteta bukatu eta negua patxadan igaro nahi nuela adierazi nuen, eta nonbait arerioek nire nahia errespetatu dute. Badakizu, apustua borroka da. Jotzeko bi behar dira eta batek nahi ez duenean ez da borrokarik.
Horretaz aparte, lehen mendian lan egiten zuenak edozein unetan apustu baterako prestatzeko beta hartzen zuen; orain berriz, bakoitzak bere lantokia du eta han ere bete beharra dago eta apustutarako aizkolari libre asko ez dago. Nire ustez aurten hori gertatu da, bakarren bat izango zen apusturako gogotan baina kontrariorik ez. Okerrena da apustua izan ezean aizkolaritza lo dagoela, isilik, eta zer esana ematen ez badugu, komunikabideetan lekurik ez badugu, herri kirola galtzaile irteten dela.
Saritara joan, erakustaldiak egin edo apustuak, zer du atseginago aizkolariak?
Nik uste exibizioek dutela maila bajuena, gu ere lasaiago joaten baikara, baina ezinbestekoak dira guretzat. Pentsa ezazu gastu handitan sartzen garela, entrenatzeko materiala, egurra alegia, garesti dago eta zer esanik ez erramintak; erakustaldiek laguntza handia ematen digute. Uda partean 60 bat erakustaldi egingo ditut eta batez beste 30-35na mila pezeta kobratuz gastuak ordaintzeko behintzat badugu.
Apustua gauza serioagoa da, kontra datorrenak ez du galtzeko apusturik egiten eta diru jokatze hutsak presio handia sartzen digu eta irabazi ala galdu beti izaten dira esamesak: irabazita gustora ez eta galtzen badugu zakurraren ipurdiraino botatzen gaituzte. Irabazita ere balorea kentzen zaio garaipenari. Apustutan dirua jokatze horrek dena zikintzen du. Bost mila pezeta galdu dituenak ez du irabazlea sekula famatuko. Txapelketek horixe dute ona, irabazi edo hirugarren geratu, egindakoari baleko irizten zaio eta postua hor gelditzen da.
Azken bost txapelketetan nagusi izan denak ezin lezake aitzakiarik jarri?
Nik uste txapelketek sua pizten dutela batez ere Nafarroan edo Gipuzkoan jokatuz gero; Bizkaian edo Araban egitea alferrikakoa da, han desberdina da, ez da inor gogoratzen txapelketa dagoenik ere. Lehengo urtean bertan, Leaburun, herri koskor batean, plaza jendez gainezka egon zen. Tolosara jaitsi eta tabernetan bata ala bestearen aldeko apustuak ikus zenitzakeen, animazio handia sortu zen. Saria beti txapela da, baina hemen irabazten dena handiagoa.
Eta saritara jokatzen diren lehiak nola hartzen dituzue?
Aizkolariok ez gaude batere gustora. Urrezko Kopan, adibidez, sariak onak dira baina egun horietan nahi adina erakustaldi izaten dugu eta dena utzita han azaltzen gara. Irabazleak sari dotorea jasotzen du baina atzenekoak exibizioko dirua juxtu-juxtu eta lan handia da, 14 kana-erdiko ilara handia geratzen da eta data horietan ez gara sasoi onean egoten. Eduki dezakeen oihartzunerako ez dira sariak; lana bai, sobera, eta sariak txikiak. Txapelketak, aldiz, urri aldera jokatzen dira. Erakustaldiak kasik bukatu direla, gure prestaketa maila handiko lanari aurre egiteko izaten da.
Gure herria jokozalea izan da betidanik, zer dela eta, beraz, negu osoan apusturik ez izana?
Arrazoi duzu apusturako zaletasun handia dagoela herri kirolaren inguruan, baina iraganean gertatutakoa ezin da erreferentzia bezala hartu. Nik badakit Luxia-Garziarena desafioan Donostiako zezen-plaza leporaino bete zela edo Arria II eta Astibiaren arteko neurketak eta gertuago beste neurri batean Mindegia eta biok egindakoak mugimendu handia sorrarazi zutela, baina lehen esan dizudanez krisia dela edota apustuetan izan den tranpa usainagatik, gero eta zailagoa da joko bat antolatzea. Dena dela, egia esan behar badizut, ni ez naiz batere jokozalea.
Beste alternatiba batzuk bilatu beharko genituzke, beste aproba klase batzuk; ez da erraza asmatzen baina kirol hau berpiztu nahi badugu ikuskizun berriak eskeini behar dira, pentatlon tankerakoak edo herri arteko txapelketak adibidez, baina horrek guztiak diru babesa behar du atzetik.
Aizkora bizkarrean hartuta mundutik jira-biran ibiltzea gustokoa duzue; aurten ere ba al duzue irteerarik?
Nevadatik, Boisetik alegia, gonbitea jaso dugu Larretxea, Nazabal eta hirurok, eta horrela pasatuko ditugu oporrak. 20 urte baino gehiago izango dira hara joaten hasi ginenetik eta horrela urteoro huts egin gabe; zaletasun handia dago. Iaz Japonian izan ginen eta begira zeudenak harritu baino beldurtu egiten ziren aizkora kolpeak ikusita, batzuk begiak tapatuta egoten ziren. Esperientzia oso politak dira.
Zein ezaugarri behar ditu aizkolari batek txapeldun izateko?
Aizkolariak gozoa izan behar du, aizkora nola sartzen den asko esan nahi du, bere egokitasuna, bere erraztasuna baldin badu hark markatzen du diferentzia. Indarra garrantzizkoa dela ez da dudarik, baina kortean gozoa eta zuzena izateak ere berebiziko garrantzia du.
Esaterako, neuk ezagutu dudan aizkolari onena Latasa izan da; zorionez erakusle izan nuen eta gorputza nola erabili irakatsi zidan, baina batez ere kortean egurrari min gehien ematen duen lekutik aizkorakadak ematen erakutsi zidan. Indarra bakarrik balitz bere aldean baziren indartsuagoak baina aizkora nola erabiltzen den, horrek markatzen zuen diferentzia. Gozoa zen eta jotzen zuen tokian min handia egiten zion egurrari. Indar hutsez ez dago aizkolari konpletoa izaterik. Gorputza aprobetxatzen ez badaki eta aizkorari bere gozotasunean ematen ez badio, txarra! Traketsak bi edo hiru egur jo eta apurtu egingo ditu baina lanaren amaieran teknika nagusituko zaio.
Latasa, Astibia, ez dituzu maisu makalak izan.
Alde horretatik zorte handia izan dut. Latasarekin aizkora erabiltzeko teknikaren sekretu gehienak ikasi ondoren, Patxi Astibiak fisikoki lanak neurtzen erakutsi zidan, noiz eman gogotik noiz lasaixeago, azken batean hasierako enborretan aurretik jartzeak ez baitu ezertarako balio hustu egiten bazara. Atzeneko zazpi urtetan Aierbe daukat erakusle eta bere eskutik lortu ditut txapelketa guztiak. Zerbait espeziala aurkitu diot, gaur egungo aizkora-korte motan Aierbek Latasa eta Astibiaren aldean desberdina du; ni asko sartu nau arrastoan eta ez bakarrik enbor gainean lanean, mutila plazara eramaten jakin behar da eta zer esanik ez apustuetan kontrarioaren atzetik bazoaz animatzen. Neroni oso gustora nago eta emaitzak begiratu besterik ez dago, bost txapela irabazi ditut eta beste bi Gipuzkoa mailan Aierberekin. Berezia izan da niretzat.
40 urte betetzear oraindik sasoiko ikusten al duzu zure burua?
Ez dakit, 39 urte ditut eta gehienak behin adin hau betez gero geratu egin dira. Ni oraindik fresko ikusten naiz; orain, hemendik aurrera noiznahi eman liteke goitik beherakoa baina aurten ere saiatzeko asmoa badut. Kontrarioak ez dira joango txapelketetara ni barkatzeko eta bakoitzak bere trebetasuna aterako du. Hala ere, nire kontrariorik gogorrenak, Larretxea edo Olasagasti bera ere adin beretsukoak ditut eta horrek animo pittin bat ematen du.
Larretxea, Olasagasti, Arrospide, ba al da segidarik?
Etorkizuna beltza ikusten diot aizkolaritzari. Aizkolari mordoska dago, igoal Euskadin 100 fitxatik gora, baina kalitatea faltako dela iruditzen zait. Gazteak badatoz, Mindegiaren semea, Arriarena... gazteak egon badaude baina aitak bultzatuta, gu hasi ginen bezala ez, borrokarik gabe. Behin bere gain hartu behar dituztenean mundu honek dituen trabak, orduan ikusiko da noraino heltzeko gai diren, baina iruditzen zait nor bere afizioagatik gutxi ibiltzen direla.
Nondik atera behar du dirua gazte batek enbor kamioikada ekartzeko, bere soldatatik kenduta? Hasi-berri batentzat zailtasun horiei aurre egitea oso latza behar du izan, zaletasuna ez dakit nahikoa ote den, agian aurrera egiteko itsutu ere egin behar du aizkol kirolarekin.
Geroa, beraz, Anjel, hobe aitatu ere ez egitea?
Baserri giroaren galera-bidetik doa aizkolaritzaren kirol hau. Aizkolariak baserritik atera behar du; kalekoak ere badabiltza, baina ez dut uste baserrikoaren mailan jarriko denik sekula. Horretaz aparte, aizkolaritza oso garestia da, mantenuak, prestaketak eta batez ere egurren gastuei aurre egiteko diru laguntzak behar dira. Beste gauza askorekin bezala kirola galtzen hasten denean etorriko dira erakunde ofizialetatik subentzioak, eta ordurako berandu izango da. Bien bitartean ez dago inolako diru laguntzarik eta dagoen bakarra kendu egiten dute. Nolanahi ere, ez dut uste aizkol jokoa erabat galduko denik baina kalitatea bai: orain egiten diren lanak eta markak oraindik iraungo dutelakoan nago.
NORTASUN AGIRIA
Leaburun jaioa da 39 urteko gizon puska baina duela hamaika urte Zumarragan bizi da andrea eta hiru seme-alabekin Oñatiko hiltegian lan egiten du Garai bateko mendi bueltak eta Nuarbeko soka-tira taldearekin eginiko entrenamenduak ahaztu gabe, orain medikuek gertutik jarraitzen dute prestaketa Koadrilakoek animatuta herriko festetan egin zuen lehendabizikoz aizkoran Ez omen da plazagizona baina txapelketa irabazi zuenetik beste lasaitasun batekin irteten da aizkoran jardutera Mendia eta ehiza oso maite ditu eta oraindik erretiratzeko ordua gertu ez ikusi arren, horietan emango ditu ordu libreak
AGIRRE, Martin
28-31,33

GaiezKirolaHerri kirolAizkolaritzAizkolariak
PertsonaiazARROSPIDE2
EgileezAGIRRE20Kirola

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude