Honelako diskoa egitea autokritikaren emaitza da.


1995eko maiatzaren 28an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
"Bidez bide" diskoa kaleratu du Guk taldeak ekain hasierarako
Honelako diskoa egitea autokritikaren emaitza da.
Sarasola-Borda izenak jasotzen du Guk taldearen sorrera. Beñat Sarasola eta Joanes Borda hasi baitziren kantuan gitarra soil baten babesean. Urteak igaro eta Pampi Lacarrieu eta Eneko Labeguerierekin laukotea esatua zen. Lau baita ere sorbaldan dituzten diskoak eta "Bidez bide" izenekoa amaitu dute orain. 25 urtetan urratutako ibilbideaz aritu gara Uztaritzera gerturatuta.
Noiz eta nork sortu zuen Guk?
Guk-en sorreran, 68-69 urteetan, Beñat Sarasola eta Joanes Borda ziren soilik eta abestiak egiten genituen. Baina ez ginen luzaz aritu biak bakarrik. Pampi Lacarrieu sartu zen eta gerora beste bi musikari, Pier Paul Baezaitz eta Davant. Orduan antzerki moduko emanaldiak eskaintzeari ekin genion. Era honetara, abestiei litura ematea lortu genuen, istorio bat pentsatuz: "Aita-seme-laborari" izena zeraman ikuskizun hark.
Nola gogoratzen duzue garai hura?
Abertzaletasuna hasten zen; iheslariak... giroa sortzen. Behin Errenterira kantaldia eskeintzera joan eta nahiko harrituta geratu ginen, jendeak txalo bizian hartu zituen gure kantuak. Iparraldetik Hegoaldera joan eta desberdintasuna nabaria zen. Bestalde, iheslariekin ere anitz gauza ikasi genituen Euskal Herriari buruz, eta abertzaletasunari buruz.
Egoerak kantari bezala konpromezu politikoa eskatzen al zizuten?
Garai hartan abertzale gazteak ginen. Enbatako hastapenak ziren. Baino abertzaleak beti multzo txikian egoten ziren. "Aita-seme-laborari" egitearekin batera, ordea, arazo soziala abertzale-politiko arazoari lotzea lortu zuen taldeak. Iparraldean urrats handia izan zen hori. Kontuan hartu hainbat laborari bestela ez zirela sekula kantaldietara etorriko. Izan ere, ordura artekoak abertzaleen kantaldiak ziren, mitinen antza hartzen zutenak. Bazen muga herri eta abertzale gazteen artean. Aldiz, antzerki horri esker laborariak bere burua arazoan barne ikusten zuen. Mugimendu sindikalista Iparraldean, ELB eta abar, antzerki horren ondotik sortuak dira.
Zer kontatzen zen "Aita-seme-laborari"n?
Etxealde bateko semak egun batean Parisera bizitzera joatea erabaki eta aitari esan dio: "Han badakit bizi ederra dela". Mutikoak aitarekin errieta izan baina azkenean aitak Parisera joatea utzi dio. Parisen bere buruari hainbat galdera egin ostean, "Zer ari naiz ni hemen?", berriz itzuliko da; aitari barkamena eskatu eta hitza eman lanean hasiko dela serioski.
Borda zen aita, Pampi semea eta Beñat txapelduna: diputatua. Honek aitari ez kezkatzeko esaten zion: "Arazorik baduzue etorri ni ikustera". Hori galdu egin da pixka bat baino garai hartan hiru pertsonai ziren garrantzitsuenak: medikua, alkatea eta apaiza, herriko buruak.
Ikuskizun hark deskribatzen zuen laborarien giroak eta egungoak ba al dute zerikusirik?
Bada desberdintasunik. Izan ere, gaur sumatzen da gazte anitzek etxaldearen segida hartzen dutela. Giro ekonomikoa aldatu egin da. Teknologia, aurrerakuntzak... Bada, ordea, orain nahikeria gazteriarengan herrian segitzeko. Abertzaletasunak eman du hori eta baita hirietan lan gutxiago egoteak ere.
Zenbat disko kaleratu dituzue?
Eneko Labeguerie sartzerako 45 itzuliko bi disko txiki. Ondoren, "langile laborari eta nagusi" bikoitza; eta "gerlarik ez"; "herria zain" eta "arrozten". Eta orain azkena, "bidez-bide". "Arrozten"ek esaten zuen nola abertzale gazteak arrotz sentitzen ziren bere herrian; politikari frantsesek zer egiten zuten gure ideiak eta esanak arrozteko.
"Bidez-bide" honetaraino zein ibilbide egin duzue?
Sekula ez dugu izan disko honetan erabilitako musika moldaketarik. Aurrekoetan askoz ere sintetikoagoa zen musika. Bestalde, "bidez-bide", musika aldetik aberatsagoa da. Gitarra, kontrabaxua eta bajoa erabiliak genituen aurrez, baina oraingo honetan horietaz gain, 11 instrumentu sartu ditugu: xirula, pianoa, kontrabaxua, trikitixa, txeloa, perkusioak. Gaur entzuten den musika moldeti hurbilago dago. Bestalde, kanpoko bi musikarik egin dituzte moldaketak: Joxerra Senperenak eta Jean Lou Corihonsek.
Lehenago, borrokako abestiak egiten genituen. Aldiz, honetan badira horietaz gain sentimentalak, taldeko abestiak; batzuk alaiagoak, besteak tristeagoak. Borroka borroka da, zure baitan duzu, baino ez duzu hori bakarrik. Hori baizik ez duena ez da osoa. Lehen ez ginen hortik ateratzen; beti har berari jarraitzen genion eta pentsatu genuen besterik ere bagenuela esateko.
Hitzak zuek eginal al dira disko honetan?
Badira bi poema Mixel Labegueriek eginak. Gordeta zeuden eta horiek hartu eta kopla batzuk gehituz eta beste batzuk kenduz idatzi ditugu bi abesti. Badira beste bi poema, "kateak" eta "ardi saldoa", Xanti Iparragirrerenak; horiek ere musikatu ditugu. Eta beste bi poema anonimoak dira: iheslari bat hemengo neska abertzale batekin ibiltzen zen eta egun batean neska espetxean gertatu da. Lagun horrek poemak bidaltzen zizkion hara. Espetxetik atera, eta behin, Baionan ostatu batean neska berak Enekok musikatu nahiez gero poemak hor zituela esan zuen. Poema horiek bildu eta bi musikatu ziren: "oroitzapen" eta "emakume". Gainontzeko sei kantuen hitzak gureak dira.
25 urte inguru berri kantari. Nola ikusten duzue kantagintza egun?
Publikoa galdu du. Jendea geroz eta gutxiago joaten da kantaldietara. Iparraldean, gainera, ez da entzule gehiegirik, hala ere irratirik ez zenean ere kantaldi arrakastatsuenak 600 lagun biltzen zituen hemen. Irratia ez zegoenean kantaldira joan beharra zegoen taldeak entzutera. Orain goizean gure kantekin hasten dira ardiak jezten.
Rock kontzertuek kendu al dizuete lekurik?
Gasteriaren gustuak aldatu egin dira: orain nahiago dute rocka. Rockak bere pubikoa badu eta egia da folk mailan edo kantu tradizional mailan entzuleak gutxitu direla. Ez da txarra hori. Orain jendea hurbilarazteko, kantaldiak onak behar bait du izan. Ez da pentsatu behar soilik rockaren errua denik. Kalitateari ere begiratu behar zaio. Kantaldia ona bada jendea etorriko da. Iparraldean, bestelade, arazo larria dugu areto gabeziarekin.
Zenbat kantaldi eskaintzen dituzue urtean?
20ren bat. Aurrekontua kontuan harturik ziur aurten gutxiago direla. Larrañera joan behar dugu eta han izugarrizko arazoa sortuko da. Larrañen 200 arima dira; kantaldia antolatzekotan, kanpotik jendeak etorri beharko du aretoak betetzeko. Aurrekontua, berriz, 11 mila liberakoa da gure buruak ordaindu gabe, soilik musikariak eta gainontzeko elementuak ordainduz. Eta noski, herri txiki batean ez dago hortik etekin ikaragarririk ateratzerik.
Zein etorkizun du euskal musikak?
Irratiek asko laguntzen dute horretan. Euskal musikaren egoera euskal kantariek egiten dutenetik dator. Euskaldun kantari bakoitzak autokritika egin behar du eta daramatzan urte horietan guztietan zein bide egin duen eta ea hobetu daitekeen.
Zuek egina duzue autokritika?
Honelako diskoa egin eta beste musikari batzuk onartzea da autokritikaren emaitza. Noski, gu ez gara profesionalak eta musika ondo egiteko denbora igaro behar da, baina Guk-en lehen diskoa eta orain aterako dena entzunez gero... honetan hutsak badira, baina hobetu da. Bakoitzak hori egiten badu kantagintzak ez du beldurrik ukanen.
Luzaroan izango al da Guk?
Bizarra zuritzen hasia zaigu bainan taldeak jarraitzen ez badu ere, gisa honetako talde batentzat sail horretan bada lekurik. Soilik taldearen onerako bada jarraituko du. Azken diskoaren modukoak egin ezkero bai. Historia egin? Eusko Jaurlaritzak atera duen entziklopedia bat ikusi dugu. Bertan, Guk taldeak geroztik sortutako hainbat talde aipatu arren, gutaz ez da hitz egiten. Eusko Jaurlaritzarekin ez dugu harreman honik. Hitzekin bada zeozer, ez dituzte gustukoak nonbait...
Maite Artola.
36-38


GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakGUK
EgileezARTOLA6Kultura

Azkenak
Eduardo Ibero (Yala Nafarroa)
“Eskerrak eman nahi dizkiogu Iruñeko jendeari, beraien bultzadarekin heldu gara txupinazoa botatzera”

Eduardo Ibero, Lidon Soriano eta Dyna Kharrat, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek, 2025eko sanferminei hasiera eman dion suziria piztu dute.

 


2025-07-07 | Imanol Muro
Zergatik Joxe Azurmendi euskal gazteontzako?

Euskaraz hitz egiten duen gure herriak zortea izan du azken mende erdi luzean zehar gure herriari buruz pentsatzen aritu den figura bat edukitzegatik. Joxe du izena eta Azurmendi abizena. Oharkabean pasa daitekeen izena da. Bere obra milaka eta milaka orrialde emankorrek osatzen... [+]


BBCk Israelen alde egitera behartzen dituela salatu dute bere langileek

BBCko 100 langile baino gehiagok gutun bat argitaratu dute hedabideak Israelen alde duen jarrera salatzeko. Modu anonimoan egin dute, bestela "ondorio larriei" egin beharko lieketelako. Erresuma Batuko kultura eta komunikazio arloko beste 300 pertsonek ere sinatu... [+]


Martutenek emandako ihesaldi dantzagarrienak 40 urte

Astelehenean, 40 urte beteko dira Joseba Sarrionandia eta Iñaki Pikabea presoek Martuteneko kartzelatik ihes egitea lortu zutenetik. Egiako pisu batean izan ziren ezkutaturik bi iheslariak, eta oraindik milaka eztarrik abesten dute «kristoren martxa dabil!».


“Zazpi sendabelar ukendua”-ri zor dioguna

Ukenduak egiten dituen orok solstizio bueltako data hauetan zeruari begiratu dio: bateko beroa eta besteko ekaitzak, sendabelarrak noiz bildu erabakitzen komeriak izan dira. Ikusten denez, San Joan eguna ez da edozein egun, indar eta sinbolismo bereziko eguna dugu. Edozein... [+]


2025-07-07 | Iñaki Sanz-Azkue
Hegoaldeko suge leuna: ehiztari bat ilunpean

Sugea eta eguzkia: pertsona askoren buruan banandu ezinak diren bi hitz. Sugea entzuten dugun aldiro, egun bero eta argi bat irudikatzen dugu. Buruak hala funtzionatzen baitu: asoziazio horiek egiten ditu duen informazioarekin. Eta ez da arraroa, bestalde; izan ere, sugeak... [+]


2025-07-07 | Jakoba Errekondo
Joan deneko usain bete ekain

Eguna mozten hasten den hilabetea, ekaina. Festa aparretan gabiltza baina xorro-xorro, hau esku artean duzunerako dagoeneko hamalau minutu moztu da egun argia. Gu gure eroan, batzuek bere txoroan, ez gara jabetzen baina landareak bai ederki asko! Eguna mozten hasi da eta ez dio... [+]


2025-07-07 | Garazi Zabaleta
Larrinbarri
Ahabi ekologikoak Anbotopetik

Aramaioko Beñat Ibarguren Arrizabalaga da Larrinbarri ahabi ekologikoak ekoizteko proiektuaren bultzatzailea, eta 2012tik ari da Anbotopeko bere lursailetan fruitu gorri landareak eredu ekologikoan lantzen. “Lagun batek eta biok sortu genuen proiektua, hasiera batean,... [+]


Kneecap, Last Tour eta protestaren merkatua

Kneecap taldea BBK Liven egoteak eztabaida piztu du makrofestibalek protesta politikoaz egiten duten instrumentalizazioaz eta kultura-eredu nagusiaren kontraesanei buruz.


Baionako fiskaltzak ikerketa abiatu du Ane Lindanek EHZn egindako emanaldiaren harira

Espainiako Abokatu Kristauen Fundazioak Bilboko artista salatu du arrazoi beragatik, “eskarnio delitua” egin duela argudiatuta. EHZk barkamena eskatu die artistaren emanaldiak mindu dituenei, baina egoera gorrotoa sustatzeko baliatu dutenengandik “urrun”... [+]


Munduan 220 milioi tona plastiko sortu eta %10a baino ez dira birziklatzen urtero

220 milioi tona plastiko sortzen dira munduan eta %10a soilik birziklatzen da, zifra hori hamar urtez mantendu da bere horretan. Hainbat talde ekologistek salatu dute egoera uztailaren 3an, plastikozko poltsarik gabeko nazioarteko egunean.


Eguneraketa berriak daude