«Bizkaian, gero eta urrunago daude plaza eta txapelketa»


1994ko abenduaren 25an
Unai Iturriaga bertsolariari elkarrizketa txapela irabazi ondoren
«Bizkaian, gero eta urrunago daude plaza eta txapelketa»
Unai Iturriaga, Araba-Bizkaiko txapelduna
Gasteizen hasi eta Arriaga bitartean, saioz-saio jarraitu dugu txapelketa. Azkenekoz, «K belaunaldia» argazki batean bildu eta gazteek txapela gero eta hurbilago zutela aipatu genuen. Unai Iturriagak jantzi du, Jon Enbeitari erreleboa hartuz.
BEHINOLA, duela lau urteko Araba-Bizkaiko txapelketan, Xabier Arriaga «Txiplas»ek kanporaketako saioan «Durangoko azeriekin kontuz ibiltzeko» aitatu omen zuen. Handik denbora gutxira Durangoko azeri gazte bi haiek finalean egotea lortu zuten; 16 urte zituen Unai Iturriagak eta 15 Igor Elortzak. Geroztik ezagun egin zaizkigu, belaunaldi gazte baten ordezkari, eta txapelketa honetan ere hirugarrenez izan ditugu finalean. Iturriagak txapela lortu berri du, eta bidali ere Valentziaraino bidali gura izan du, Txiplasi eskaini baitzion, ukabila gora jasoz.
Oso une kontagaitzak bizi izan genituen abenduaren 18an Bilboko Arriaga antzokian. Gazteak nagusi taulatu gainean, eta azkenean gazte baten burura Araba-Bizkaiko gerraosteko hamaikagarren txapela.
«Nik ez neukan batere garbi, entzun dudanean batipat poza sentitu dut»
esanez hasi zaigu berbetan Unai, Durangaldeko lagun, bertsolari, eta ikusle askoren zorion agurrak entzun ondoren. Hitz egiteko patxadan jarri eta garagardoa hartu bitartean mintzatu gara.
«Jende gehienak espero zuen horrelakoren batean, gazte mordo honetatik baten batek txapela hartzea, gaur ni izan naiz, Aritz berdin berdin izan zitekeen, edota Igor bera. Hau erreleboa izan da, eta ez inoren erretiroa. Txapelak buruz buru joan behar du»,
gaineratu du.
Txapelketari buruz jardutean gauza onik ikusten du Unaik,
«nahiz eta txapelketa bera ez izan bertsolaritzaren benetako adierazgarri. Aurten erakutsi da plazetan asko ez dabilen jende ugari batu dela eta hori poztekoa da».
Juanjo Respaldiza, Kepa Intxausti... denak ondo ikusi ditu, adierazgarria da berarentzat hori, maila gorantza doalako pixkanaka. Atzera begira jarrita, maila ona nabarmendu nahi luke txapeldun berriak:
«Saioetan giroa gorantz joan da, eta nire ustez Durangoko finalaurrea oso ona izan zen, nahiz eta Bizkaiko txapelketa izan, Euskal Herrikoan ikusi zen saio kaskarragorik».
Hirugarrenez finalean
HAMASEI urterekin heldu zen lehenbiziko aldiz txapelketa honetako finalera, eta hirugarren honetan, txapela buruan duela, ikusten ditu aldaketak.
«Komunikazio hobea dago publiko eta bertsolarien artean, gaiak asko hobetu dira, eta garrantzitsuena: jendeak ondo ezagutzen ditu bertsolariak; denok dakite adibidez Kepa Intxausti dela aurreko txapelketako bertsolari alaia eta hori ona da. Nahiz eta telebistak ez duen eman, jendeak ondo jarraitu du txapelketa»,
mintzatu zaigu.
Dena ez da, horregatik, poztekoa, Bizkaiko bertsolaritzak oraindik badu zer egin franko:
«Plazako bertsolaritza indartu behar dugu, hemen ia ez daukagu plazarik, eta nire ustez gero eta gehiago urruntzen ari dira plaza eta txapelketa; eta hori konpontzea falta zaigu»
diosku serio, nahiz eta berak saio ugari izan urtean zehar, ikusi du saio onak egiteko bertsolari asko dela gure artean.
«Zergatik ez da egiten jaialdi bat Bizkaiko sei bertsolarirekin? Ostera, txapelketara jende asko inguratzen zaigu, hor dago koska»
Bere belaunaldiaz galdetzean, gazteenez alegia, berak bertsolaritza zelan ikusten duen aipatu digu:
«Niri bertsoek Euskal Herria ezagutzeko aukera eman didate. Argi ikusten dut neure burua bertsolaritzaren baitan, ezin dugu atzera egin, jendeak gu hor egotea eskatzen duelako, eta hor jarraitu behar dut».
Denbora asko kentzen badio ere, bertsolaritzak gauza atsegin ugari eman dizkiola dio.
Gazte izan eta bertsolari jardutea ez zaigu beraz arraroa iruditzen, ohituak gaude eta Unaik horri itxura polita eman dio Igorrekin batera Zazpi Eskale taldean sartzean:
«Bertsotan hasi ginenetik nahiko goi mailan gabiltza, guretzat presio maila altua da, eta horrek gazi-gozoak ditu berarekin. Sarritan aipatu dut ni bertsolaritzan erdi-istripuz nabilela, bertsoen aurretik musikaren kultura baineraman barneratua, eta Zazpi Eskale horregatik oso esperientzia polita da, oso gustura ari gara».
Iturriagak txapela Txiplas Errigoitiko bertsolariari eskaini dio.
«Alde batetik barruan dagoelako merezi du, eta bestetik gu zerbait izan gaitezen lagundu zuelako, gazteago ginenean; berak, Areitiok, Lopategik, bertso eskolako Santi zenak... gure alde apustu egin zuten».
Bere iritziz orain erraza da esatea bertsolari onak direla gazteak, baina une batean gutxi batzuk egin zuten hauen alde. Txiplasi eskainia, ilunpeko lana egiten duen lagun bertsozale guztien omenez. Gure aldetik ere zorionak!
PATXI GAZTELUMENDI
37-39

GaiezKulturaBertsolaritTxapelketakAraba-Bizka
GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaITURRIAGA2
PertsonaiazITURRIAGA2
EgileezGAZTELUMEN1Kultura

Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
2024-04-29 | ARGIA
Aldatu gidoia-k euskara ez zokoratzea eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari maiatzaren 18ko protestan

Maiatzaren 18an, Gasteizen, egingo da mobilizazioa Aldatu gidoia euskararen alde lelopean. Kanpainan parte hartzen ari diren eragileek Eusko Jaurlaritzari eskatu diote euskararen aldeko politikak ezartzeko ikus-entzunezkoetan, eta EITBn beharrezko baliabideak jar ditzala... [+]


Pedro Sánchezek karguan jarraituko du

"Joko garbia" eskatu du Espainiako Gobernuko presidenteak, eta "hausnartzeko" deia egin: "Munduari erakutsiko diogu nola defendatzen den demokrazia". Ulertzera eman du "indartsuago" itzuliko dela.


2024-04-29 | Sustatu
Makusi jaio da, EITBren haur eta gaztetxoentzako plataforma

Donostiako Kursaal aretoan egindako ekitaldi batean aurkeztu du EITBk ostiralean Makusi, haur eta gaztetxoentzako euskarazko plataforma. Makusi.eus webgunean ikusgai dago jada, eta app ere ere eskuragarri dago. Doako haurrentzako euskarazko lehen plataforma... [+]


Hezkuntza komunitateak protestara deitu du Palestinako haur eta nerabeen alde

Gasteizko dozena bat ikastetxe eta institutuk pasa den astean egin zuten publiko komunikatua, eta astelehen honetan Bilboko beste hogei eskola batu zaizkie, publiko zein Ikastola. ELA, LAB eta Steilas sindikatuak ere tartean daude. Sinadura bilketa abiatu dute.


Eguneraketa berriak daude