«Egunen batean EAJ, HB eta EAren koalizioa osatuko dela espero dut»


1994ko ekainaren 12an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Mikel Erentxun musikariari elkarrizketa
«Egunen batean EAJ, HB eta EAren koalizioa osatuko dela espero dut»
MIKEL ERENTXUN
Bi hilabete baino ez dira Duncan Dhu talde donostiarrak lan berria atera zuela, eta dagoeneko platinozko diskoa eskuratu du. Taldearen dinamika, baina, ez da eragozpena izan donostiar musikari honek bakarkako bidean ere bere lehen urratsak eman ditzan. Bidea, nolanahi ere, luzea du oraindik.
ARGIA. Orain bi hilabete atera zenuten «Piedras» disko berria. Zer moduz saltzen ari da?
MIKEL ERENTXUN. 100.000 ale saldu dira. Oraindik goizegi da balorazioa egiteko, baina bai kritika bai ikusleen erantzuna onak izaten ari dira.
A. Nola definituko zenuke lan hori?
M.E. Elkar topatzearen diskoa da, taldearen ibilbidean lan garrantzitsua. «Terranova»ren ondoren pixka bat galduta ibili ginen, atseden tarte bat hartu eta gutako bakoitzak oso gauza ezberdinak atera genituen Duncan Dhutik kanpo. Garrantzitsua da berriz elkarrekin diskoa egin eta gure sustraietara itzuli garelako: The Beatles eta Simon and Garfunkel bezalako eragin klasikoetara. Aurrekoak baino disko helduagoa atera da, sendoagoa.
A. Orain arte zuk zenuen protagonismo gehien taldean; azken diskoan alderdi hori orekatuago dago.
M.E. Duncan Dhu ez da talde tipikoa, abeslari bakar bat eta musikari batzuekin. Oso nortasun ezberdineko bi pertsona gara, eta biok kantuak idatzi eta kantatu egiten ditugu. Begibistakoa zen Diego Vasallok protagonismo handiagoa hartu behar zuela kantatzen ere. Ehuneko % 50ean partitu dugu sormen eta ahots lana.
A. Beti izan duzue arrakasta handiagoa Espainia mailan Euskal Herrian baino.
M.E. Ez nuke hori orokortuko. Onarpen txikiena Donostian eta Gipuzkoan dugu, baina Bilbo, Gasteiz eta Nafarroan ondo ari gara. Donostian ez gara ondo hartuak, ez dakit zergatik. Gipuzkoan hori gertatzea ulertzen dut, Arrasate eta Errenteria bezalako herriak askoz gogorragoak direlako musikaren alorrean. Baina Donostian, nahiko hiri `pijoa' den honetan, pop talde askoren sorleku, ez dakit zergatik gertatzen zaigun hori.
A. Harritzekoa da, jende askok identifikatzen baitzaituzte zuk diozun Donostia `pijo' eta _neurri handi batean_ erdaldun horrekin.
M.E. Euskaditik ateratzen zarenean jende guztiak ia terroristatzat jotzen zaitu, lehen galderak ETAri zer irizten diozun eta horrelakoak izaten dira; hemen, berriz, kontrakoa da, euskaraz ez duzula kantatzen, hemengo kontuez batere ardurarik ez duzula... eta bi muturrak faltsuak dira. Hara esaterako Barricada, erdaraz kantatu arren arrakasta handia dute. Zergatik? Musikalki hemen egiten denarekin antz handiagoa dutelako eta hitzak konprometituagoak direlako.
A. Zuek ez duzue behin ere horrelako abesti konpromezudunik egin. Hartuko al zenukete horrelako biderik?
M.E. Gure hitzak ez dira konprometituak ez dugulako ideologia jakin bat hartu nahi. Guk biok ezberdin pentsatzen dugu hainbat gauzaz. Nik Mikel Erentxunen ahotik hitz egin dezaket bakarrik. Nire bakarkako lehen diskoan hitzak konprometituagoak dira, eta halaxe izango dira aurrerantzean. Duncan Dhu propio utzi dugu politikatik at.
A. Donostian biztanleen laurdena euskalduna da, euskaraz dakiten hiru pertsonatik, baina, bakarra mintzo da euskaraz eguneroko bizitzan. Horrelako datuak ikusita, etorkizunik ba al du euskarak?
M.E. Ez dut uste borroka galdu denik. Konfiantza dut epe ez hain luze batera Euskadin denok ikasiko dugula euskaraz, baina hori ez da egun bateko kontua. Ni hirian hazitako belaunaldikoa naiz, eta euskara galdu egin dut pixkanaka. Baina nire ilobek, esaterako, oso ondo hitz egiten dute, eta etxean beti ari dira. Belaunaldi hori ikusi, eta denek euskaraz ikasiko dutela ikusten dut, hemendik 15-20 urtera ia denek hitz egingo dutela.
A. Helduak ere euskalduntzea, baina, funtsezkoa da hizkuntza normalizatzeko.
M.E. Euskal gizartea kontzientziatu egin behar da bere hizkuntza euskara dela, baina inor behartu gabe. Jende askok presa handia du, eta hemen pauso sendoz joan behar da. Belaunaldi gazteenekin hasi behar dugu, eta zaharragoekin pazientzia pixka bat eduki.
Arazo honetan eztabaidaren bi muturrak ekidin egin behar dira. Gaizki iruditzen zait jendeak euskaraz ez ikasi nahi izatea, baina gaizki iruditzen zait, halaber, ikasi nahi ez duena diskriminatzea. Nik gaur egun ez dut euskaltegi batean sartzeko denborarik, baina emaztearen familian dena euskaraz egiten da eta ari naiz pixkanaka ikasten.
A. Orain arte, euskaraz kantatuta, atzerrira ateratzea ezinezkotzat jotzen zen. Egun, baina, badago hori lortu duenik.
M.E. Zaila da, baina ez ezinezkoa. Negu Gorriak hor ari dira estatuan eta Europan. Zorionez hizkuntza guztietan mugak hausten ari dira, orain arte ezinezkoa baitzen ingelesez abestu gabe inon arrakasta izatea. Muga horiek hausten ari dira, eta jendea hizkuntza guztietara irekia dago. Dena den, oztopo latza da oraindik. Begibistakoa da Duncan Dhuk ez zukeela hainbesteko arrakasta izango erdaraz kantatu ez balu.
A. Nola baloratzen duzu Negu Gorriak-ek Euskal Herritik kanpoko merkatu eta kontzertu zirkuituetan emandako urratsa?
M.E. Negu Gorriak izeberg baten muturra dira orain, eta euskarari mesede handia egiten ari zaio. Ez naiz bere hitzen edukia epaitzen hasiko, baina Radio Nacionalen folklorikoak ez diren euskarazko kantuak aditzea talde horri zor zaio.
A. Oraintsu, Donostiako belodromoan zezenketak egingo ote diren eztabaidatzen aritu dira Udalean, zezen plazaren proiektua ere aurreratua da. Zer irizten diozu?
M.E. Zezena akabatzen ikusita barrena nahastu egiten zait, nire printzipioen kontra doa erabat; animaliak torturatzen diren ekintza guztiak gaitzesgarriak iruditzen zaizkit. Baina zezenketak asko atsegin zaizkie hainbat jenderi. Erreferenduma egin beharko litzateke horretaz, baina ez bakarrik Donostian plaza egin behar ote den jakiteko, tortura hori legezkoa ote den esateko baizik. Donostiar bezala, kontrako botoa emango nuke.
A. John Toshack-ek, bukatu berri den denboraldian zehar, Realak hurrengo urtean atzerritar bakarrarekin nahikoa zuela adierazi zuen, gazteen garaia zela. Orain gutxi, baina, errusiar bat fitxatu dute, eta hirugarren jokalari atzerritar baten atzetik ere ba omen dabiltza.
M.E. Gaur egun Realak atzerritarrak behar ditu, baina berak sortu dituelako behar horiek: 5.000 bazkide berri egin dira eta 20.000ra iritsi nahi omen da, Reala talde konpetitiboa dela uste handia sortu da... eta batek bestea dakar. Akatsa orain zortzi urte egin zen, Txiki, Bakero eta Rekarte saldu zirenean. Garai horretan atzerritarren kontrakoa nintzen.
Baina egun ez balira atzerritarrak ekarriko, zer arraiotarako erosi da milaka milioiko gastua izan duen estadioa? Toshackek talde gaztea agindu zigun, eta kontrakoa egiten ari da. Taldea ez da gaztetzen ari. Lehen aipatu kontraesan horrek ekarri du hau dena, harrobia ez baitago goi mailako postutan borrokan aditzeko moduan.
A. Europako Legebiltzarrerako hauteskunde sasoian gara. Egungo testuinguru eta egiturekin, Euskal Herriak nahiko indarrik ba al du Europan ezer esateko?
M.E. Ez du, baina eduki beharko luke. Herrietan sinesten dut, ez mugetan, eta orain mugak apurtzen ari dira. Herrien Europan sinesten dut, eta Euskal Herriak bere interesak defenditzeko ordezkaritza propioa eduki beharko luke bertan, ez Espainiaren bitartez.
A. Botoemaile arruntak, kaleko jendeak, ba al daki Europako Batasuna zer den?
M.E. Ezezagutza handia dago. Neronek han gertatzen denaren % 80 ez dut ezagutzen. Europako Batasuna, hala ere, positiboa ezezik funtsezkoa da, baina herrien eskubideak errespetatuta beti ere. Eta Euskadi herri horien artean dago, besteak bezala.
A. «Roldan», «Azpiegitura», «Osakidetza»... ustelkeria kasu anitzen berri izan dugu azken boladan. Pipiak janda al dago sistema politikoa?
M.E. Kasu bakanak direla uste dut. Beti egon da ustelkeria, Francorekin askoz gehiago oraindik. Baina lehen ez genuen ezeren berri izaten eta orain bai. Ez dut uste orokortua dagoenik, kasuak pilatu egin direla baizik. Ez naiz PSOEri loreak botatzen ari, ez EAJri, ez inori. Hala ere, ez dut uste Espainia mailan PSOE baino alternatiba hobea dagoenik. PP askoz okerragoa da.
A. Sistema politikoaren sinesgarritasunak puntu asko galdu ditu, ezta?
M.E. Uste dut politikariek merezia zutela orain ematen ari zaien astindu hau. PSOEren kasuan, boterea galtzea ere merezi dute. Baina euskaldunoi gaizki etorriko litzaiguke; egurra jasotzea ondo etorriko zaien arren, ezin baitut Aznar Moncloan imaginatu ere egin.
A. Espainian ez duzu PSOE baino alternatiba hoberik ikusten, eta Euskal Herrian? Zein da hemen alternatiba?
M.E. Euskadin hoberena gehiengo nazionalista litzateke, PSErekin elkartu gabe. Ezin dut ulertu alderdi abertzaleak zergatik dauden hain banatuta. Fronte nazionalista indartsua egongo balitz, EAJ, HB eta EAren kontsentsuaz, askoz bide handiagoa genuke egiteko.
Ni abertzalea naiz, baina hiru alderdietatik batekin ere ez nago erabat ados. Euskal abertzaletzat dut neure burua, bakezalea naiz, bortizkeriaren kontra nago. Ez dut, hala ere, mugetan sinesten. Gure nortasunean sinesten dut, Euskal Herriak bere hizkuntza eta kultura ditu, besteen bereizgarri. Inor baino hobeak izan gabe.
A. Bozketen eboluzioa ikusita, abertzaletasuna indarra galtzen ari dela dirudi. Erakargarritasun ahalmena galdu al da?
M.E. Banaketak eta bortizkeriak ekarri du hori. Donostian, esaterako, PPren igoera argi dago zigor botoa dela, bortizkeriaz nazkatutako jendearena. Boto horiek akaso ez dute bide ona hartu, baina hori horrela da.
A. Zein izan daiteke egoera politiko korapilatsu honen irtenbidea?
M.E. Elkarrizketa falta da. Ikuspuntuak oso muturrekoak dira. ETAtik urruntzen denean, EA bezalakoa izango da ia HB; EAJ eta EAren artean, berriz, ezberdintasunak buruzagien artekoak dira baseen artekoak baino. Etorkizunean EA, HB eta EAJk osatu koalizio nazionalista izango dela espero dut, orduan botere handia genuke bai hemen baita Europan ere.
A. Politika alde batera utzita, zer izan da Kurt Cobain zure ustez? Musika multinazional industrien azken jostailua, ala rock musikaren azken pertsona kontsekuentea?
A. Kurt Cobain ez da txotxongiloa izan. Potro ederrak izan ditu, eta esan duen guztiarekin eta bere musikarekin garbi jokatu du. Denak gainezka egin zion, ez zuen rock-and-rollaren izarra izan nahi.
Alberto Irazu
34-38

GaiezKulturaMusikaMusika modeTaldeakDUNCAN DHU
GaiezKulturaMusikaMusika modePertsonakAbeslariakERENTXUN2
GaiezKulturaMusikaArgitalpenaDiskoak
GaiezKulturaArgitalgintArgitalpenaDiskoak
PertsonaiazERENTXUN2
EgileezIRAZU1Kultura

Azkenak
Hernaniko Txosna Batzordea: “Faxismoari eta arrazakeriari bidea itxiko diegu”

Hernaniko San Joan jaietan magrebtarren kontrako eraso gehiagoren berri eman dute Hernaniko Txosna Batzordeak eta Amher SOS Arrazakeriak. Salatu dute herrian asteak daramatzatela "jarrera, gezur eta ekintza antolatu arrazistak" bizitzen, eta ohartarazi dute: "Hau... [+]


Fermin Leizaolaren mundu interesgarriak

Donostia, 1960. Fermin Leizaola 16 urteko gazteak San Telmo Museoan zegoen Aranzadi Zientzia Elkarteko idazkaritzara jo zuen, bertako Espeleologia Sailean aritzeko prest.  

Ez zen San Telmora egiten zuen lehen bisita izan; 1975eko ekainean Zeruko Argia-rekin... [+]


Lurra eta konpromisoa ardatz, Bizkaiko hamar emakume baserritarren historia kaleratu dute

Maribi Ugarteburuk, EHNE Bizkaiaren enkarguz, herrialdeko hamar emakume baserritarren bizi historiak batu ditu Erein, Borrokatu, Bizi liburuan. Azken mende erdian Hego Euskal Herrian nekazaritzan eta abeltzaintzan izandako gertaerak bizi izan dituzten emakumeak dira protagonista.


2025-06-27 | Hala Bedi
Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote uztailaren lehenetik aurrera

Zuzendaritzak aurkeztutako Enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) atzera bota eta "irtenbide bat bilatzeko negoziaketak hasteko helburuz", Agurain eta Legasako ArcelorMittal enpresako langileek greba mugagabeari ekingo diote.


LGTBIQ+ Komunitatearen Nazioarteko Egunaren bezperan, “sexu askapena eta harrotasuna” aldarrikatu ditu EHGAMek

Argitaratutako oharrean, EHGAM Euskal Herriko Sexu Askapen Mugimenduak ohartarazi du "faxismoa eta ideia faxistak" zabaltzen ari direla mundu mailan, eta "erresistitzeko prest" daudela: "Beldurra baino askoz handiagoa da sentitzen dugun amorrua". 


EHUn kitxuaz, komunitate indigenen erresistentzia aldarrikatzeko

María del Cielo Galindo Puyalek EHUn Master Amaierako Lana aurkeztu du ostegunean, ekainaren 26an. Galindok kitxuaz hitz egin du epaimahaiaren aurrean, Boliviako emakume indigena meatzarien parte-hartze politikoaz. Lana kitxuaz eta gaztelaniaz idatzi du, eta bere anaiak... [+]


'Missa Solemnis'
Bihotzetik zeruraino

Beethovenen 'Missa Solemnis'

  • Taldeak: Bilbao Orkestra Sinfonikoa (zuzendaria: Nuno Coelho), Bilbao Koral Elkartea (Enrique Azurza) eta Iruñeko Orfeoia (Igor Ijurra).
  • Bakarlariak: Mira Alkhovik (sopranoa), Nerea Berraondo (mezzoa), Michael Porter (tenorea)... [+]

Baztango Udalak “euskal errepublikaren parte” dela erabaki du

Aurrez, Plentziak, Alkizak eta Gernikak euskal errepublikaren parte izatea erabaki zuten. Baztanekin, dagoeneko Euskal Herriko lau herriek hartu dute erabakia.


'Artxibo biluzia'
Memoria indibiduala, memoria kolektiboa eraikitzeko

Artxibo biluzia
Nor: Intza Alkain eta Javi Barandiaran (Metrokoadroka).
Non: Lemoako Kotxepin aretoan.
Noiz: ekainaren 2an.

-------------------------------------------------------

Lemoan independentzia eguna ospatzen ari dira. Kotxepin kultur etxearen alboan,... [+]


Adin txikikoak dituzten Gasteizko bi familia kale egoeran geratzeko arriskuan daude

Duela urtebetetik duen aldi baterako harrera proiektua eten diote familia bati, eta bestea joan den astean etxegabetu zuten, inolako jakinarazpenik jaso gabe. Auzoan Bizi etxebizitza sareak agerraldia egin du ostegunean Txagoko Komunitate Sarearekin eta Federico Baraibar... [+]


2025-06-27 | Xuban Zubiria
Bretoiera eta Bretainiako kultura sustatzen zuen Breizh kooperatiba itxi dute

Bretainiako adierazpide musikal zein literarioen sustatzaile eta banatzaile nagusia izan da Breizh kooperatiba. Ia zazpi hamarkadetako ibilbidean ehunka egile bretainiarren lanak editatu eta ekoitzi ditu, horietako hainbat bretoieraz.


Frantziako Estatuak EEPn 100.000 euro gehiago inbertituko ditu, baina helburuetatik urrun

Maider Behotegi Euskararen Erakunde Publikoaren (EEP) lehendakariak inbertsio handitze guztiak berri onak direla adierazi zuen iaz. Hala ere, erakunde bakoitzak gutxienez 300.000 euro gehiago ipintzea "beharrezkoa" dela nabarmendu zuen, helburua 2050ean hiztun kopurua... [+]


Ed Rojas
“Trans legea onartu dute, baina zer gertatzen da identitate ez-bitarrekin?”

Tramite burokratikoetan murgilduta dago Ed Rojas. Kolonbian jaio eta bizi, 2022an Ikasketa Feministak eta Generokoak Masterra egin zuen EHUn. Baina titulua amaitu eta hiru urtera, ez du lortu bere izenean jasotzea. Arrazoia? 2022an ez-bitar markagailua jarri zuen bere... [+]


Azken hamar urteetan %21 jaitsi dira iktus kasuak Nafarroan

2009tik 2023ra izandako iktus intzidentziak jaso ditu Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuak. Iktusa izan duten nafarren %84k arrisku faktoreren bat zuen.


Eguneraketa berriak daude