"Kontzertazio nazionalista da irtenbidea"


1989ko azaroaren 19an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Pedro Miguel Etxenikeri elkarrizketa.

PEDRO MIGUEL ETXENIKE
"Kontzertazio nazionalista da irtenbidea"
'Curricum vitae' lodia duenetarikoa dugu Pedro Miguel Etxenike fisikari iruñearra. 1972an lizentziatu zenetik –17 'ohorezko matrikula', 5 'bikain' eta 3 'oso ongi'– burubelarri dabil fisika-zientzien ikerketan. Zientzilari lanek izan zuten etenaldi bat hala ere, 1980tik 83ra Eusko Jaurlaritzan Hezkuntz sailburu bezala aritu ondoren hurrengo urtean Hezkuntz Sailburu izateari utzi gabe Kultur Sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaile ere izan zen Eusko Alkartasunako kide delarik, politika kanpotik segitzen gaur egun, Donostiako Kimika Fakultateko bere bulegotik.
Doktorego ikastaroak ematen ditu orain, nahiz eta irakaskuntza oso gustoko ez duela aitortzen duen. Ikerketaren mundua omen da berea. "Nahiago dut ikerketa. Askorik ez zait gustatzen klaseak ematea. Gainera, klase onak ematea oso zaila da, ordu asko behar dira ondo prestatzeko". Pedro Migel Etxenike fisikariaren ustetan, hemengo unibertsitateetan klase gehiegi ematen da –"Akademia bat bezala da hau"–, ikasleek gehiago irakurri behar dute, norberak gaiak jorratu gero ikasgelan eztabaidatu eta erabakitzeko. "Baina problema aspaldidanik dator eta nik ez diot irtenbiderik ikusten".
Unibertsitatea ez doa beraz bide onetik. Non dago gakoa?
Jende gehiegi dago, ez dago dudarik. Unibertsitatearen kontzepzio soziala aitatu behar da, denek pentsatzen dute unibertsitatera joatea beste edonora joatea baino hobe dela. Hori aldatu behar da. Problema nagusia da batxilergotik jende gehiegi etortzen dela unibertsitatera, eta gutxik jotzen duela beste bideetara. Baina hau aldatuko da denborarekin. Gero eta prestigio gutxiago du hemen lizentziaturaren jabe izateak, zorionez.
Masifikazio horrek oztopatzen al du ikerketaren arloa?
Ikerketan ez dut uste hori arazoa denik. Ikerketaren arazo handiena azpiegiturarena da: laborategi onen beharra, batez ere idazkari eza... Dirua, proiektuetarako, asko dago. Unibertsitate honetan diru gehiago dago proiektu onak baino, baina azpiegituta txarra da. Norbaitek 'Física al review del 40' irakurri nahi badu, non dago? 600 urtetako tradizioa da falta zaiguna. Tradizioa falta da zientzia mailan, eta tradizioak berarekin dakarren azpiegitura. Baina arreta handia ematen ari zaio, eta ez dut uste hemen norbaitek proiektu on bat baldin badu dirurik gabe dagoenik.
Euskara da unibertsitatearen 'asignatura pendiente' garrantzitsu bat. Berriki azaldu du Barberak aurtengo arazo ekonomikoek euskararen normalkuntza arriskuan jarri dezaketela. Ez al zegoen lehendik arriskuan?
Ez dakit Barberak zer esan duen euskarari buruz. Euskara arriskuan egongo da ala ez da egongo, baina ez da izango Barberak eta gobernuak duten istilu txiki batengatik. Euskara horrela erabiltzea ez zait ondo iruditzen. Utz dezagun euskara bere tokian.
Ez dut uste euskararen arazoa unibertsitatean konponduko denik. Arazoa ez da konponduko fisika nuklearra euskaraz ematen bada, niri gehien inporta zaidana haurrek errekreotan euskaraz hitzegin dezaten da. Baina noski, gero eta ikasle euskaldun gehiago etortzen ari dira, eta klaseak eusakaraz ematen ari dira. Eta fakultate honetan ikusten dudanez oso ondo gainera. Irakasleak eta ikasleak oso onak dira talde euskaldunetan. Beste belaunaldi bat dago orain; ni unibertsitatean nengoenean ez zegoen hainbeste jende hain ondo prestatua. Bidea politiki politiki egin behar da, eta euskarazko irakasleak onak izanez gero hemen gertatzen den bezala, horretan ez dut problema handirik ikusten.
Baikorra zara orduan unibertsitatearen euskalduntzearen arloan?
Bai, baikorra fakultate honetan bai. Baina noski, plangintza eta promoziozko politika behar da.
Eta ez da egiten.
Ez dakit, ez dakit, nahi nukeen hainbeste ez dut uste. Baina ni ez naiz promozio irrazional baten aldeko euskara eta mamia biak onak izan ditezen egin dezaketen irakasle oinarririk ez dagoenean. Eta gaztelerarekin berdin gertatzen da; euskararazko klaseak kalitate faltagatik kritikatzen duten askok ez dute gazteleraz, eta are gutxiago ingelesez, inolako kalitaterik eskaintzen. Promozioa ez da halabeharrez egin behar, baina orain horretarako baldintza egokiak ematen dira –irakaslego eta ikaslego ona bait dago eremu askotan–, erritmo agian biziagoan joateko. Hau intuizio bat da, ez ditut zehaztasunak ezagutzen.
Oraintsu piztu da EHUko errektoregoa eta Gasteizko Hezkuntz Sailaren artean eztabaida. Arazo ekonomikoak omen dira horren eragileak, baina interpretazio politikoa egin duenik ere bada.
Ez dut daturik horrelako interpretaziorik egiteko. Eztabaida hau ez da ona unibertsitatearentzat, baina ez gara larritu behar honegatik ere. Argituko da. Eztabaida arraroa da; irakasleen soldata, euskara, dirurik ez dagoela, badagoela... hori frogatzen erraza den zerbait da eta dendorak esango du nork duen arrazoia.
Hezkuntz sailburua izan zinen Garaikoetxea lehendakari zen garaian. Nola eragiten du unibertsitatean sail hau sozialisten esku egoteak?
Unibertsitaterako oso eragin gutxi izan du. Euskararentzat txarragoa izan da. Sozialistak hor egoteak gai garrantzitsu batzuri buruz sentsibilitate desberdina ekarri du: euskararen gaia, ikastolena, eta abar. Ez da berdina nazionalista baten sentsibilitatea eta sozialista batena. Irakaskuntz askatasunean sentsibilitate desberdina dute. Ikastolen arazoan, esate batera, inportanteena da, lehenengo, dohainik izatea eta irakaslego finkoa izatea, eta gero, aukera dezatela libreki zein bide segi nahi duten. Eta ikastola bezala segi nahi badute, zabal diezaietela bidea, hori da nik EIKE proiektuan defendatu nuena, eta oraindik biderik onena iruditzen zaidana. Zeren eta bi sare soilik egon behar dutela esatea kontzeptu abstraktoez aritzea da, bi sare horiek Eusko Legebiltzarretik definitzeko ezintasun juridikoak bait daude. Hitzegingo dugu nola konpontzen den hori, baina ez dezatela jarri kondizio bezala txantaia ekonomikoa.
Eskola publikerantz Jaurlaritza egiten ari den bidea kritikatzen duzu orduan.
Ez, ez. Nik esaten dudana zera da: hezkuntz politikak ezin duela inor bide determinatu batera sartzen obligatu. Gurasoek bere seme-alabak ikastoletan eduki nahi badituzte, eta ikastolek ikastola izaten segi, dohanezkoak izan behar dute, eta ez dituzte zertan bultza beharrik beste modu batera izaten. Egia oso sinplea da: euskaldunok aukeratutako eskola moetak, Euskal Herrian, euskal zergekin... zergatik izan behar dute guraso eta irakasleek nahi dituztenen desberdinak. Zergatik ezin dute izan berek nahi duten bezala? Euskal eskolaren lege orokor bat egin behar da, eta une hauetan alderdi sozialistaren eskutik datozkigun 'loapilla edukatiboek' oztopatzen dute hori. Unibertsitearen kasuan berdin gertatzen da, LRUa Estatuto akordioari muzin egitea da, eta LODEa berdin da. Euskal Funtzio Publikoa sortzera jo behar da, bertan ikastoletako irakasleak sartu ahal izateko –baina aukeratze askatasunetik abiatuta, irakasleen finkotasuna eta ikastolen tratamendu ekonomikoa bermatuta izanda–.
EAJren aldetik hankasartzea izan al zen hezkuntza PSOEren esku uztea?
Izugarria, baina gobernatu nahi bada ez dago beste biderik. 17 parlamentarirekin ezin da negoziatu baldintzak inposatuz. Nahiago izan zuten–nire eritzira herriaren kalterako–Barne Kontseilaritza edukitzea eta Hezkuntza uztea. Behintzat Hezkuntza utzi zuten eta hor daude aukeratu zituzten kontseilaritzak. Herriak juzkatuko du. Nik behintzat erabaki horren kontra bozkatuko nukeen. Hauteslego nazionalistaren aldetik desadostasun handienaz ikusten den kontuetariko bat dela iruditzen zait. Baina beste erremediorik ez zutela izan imaginatzen dut.
Politikatik aparte zaude baina Eusko Alkartasunako kide zara. Azken hauteskunde hauetan apur bat behera egin duen alderdietako bat izanik, nola ikusten duzu bere etorkizun hurbila?
Hemen bada lekurik tinkotasun nazionalistaren proiektu batentzako. Lehenik, ez dut uste oraingoan jeitsi denik. Europear hauteskundeetako beherakada handiaren ondoren Gipuzkoan eutsi egin dio, botuak irabaziz, inork bere alde ezer ematen ez zuenean. Bizkaian, aldiz, behera egin du. Gertatzen da hauteskunde orokor hauetan Gipuzkoan PSOEk 'muturra sartu' duela eta bigarren letua kendu diola. PSOEren gorakada hau Gipuzkoan jaso ez balitz, EAren garaipenaz hitzegiten arituko litzatekeen jendea. Emaitzak erlatibizatu beharra dago.
Etorkizunerako garrantzitsua kontzertazio nazionalistarako politika bat eramatea izango da, bakoitzak bere ideiei eutsiaz baina herriko funtsezko gaietan kontzertazio nazionalista lortu betar da. PSOEk dakarren Estatutuaren urratze sakon honen aurrean eta Euskadi behar bezala kontuan hartzen ez duen Estatuaren politika ekonomikoaren aurrean hori da behar duguna. Kontzertazio nazionalistaren politika da nik defendatuko nukeena, eta nire ustez hori da EA orain defendatzen ari dena.
PSOEk Estatutoa urratu duela aipatu duzu. Estatutoa berriro begiratu beharko litzatekeela uste al duzu?
Estatutoak garatu dena baino potentzialitate handiagoa du. Autogobernurako birtualtasun handia du. Oraingo linea hitzarmen hura berreskuratzea litzateke, baina bere sorrerako zentzuaz; edozein kasutan ere, garapen berezi batekin. Euskal Estatutoarentzako ez dago konponbiderik ez bada garapen singular baten bitartez. Autodeterminazioaz eta abar hitzegiten denean, ez zait gaizki iruditzen printzipio bezala horri eustea, baina arazoa konponduko ez diguten adierazpenak dira, hortik ez bait zaigu autogobernu errealik helduko.
EAn alderdi desberdinekiko joerak daudela aipatzen da. Albistur EErengana hurbitzearen aldeko omen litzateke, Cuerdak argi eta garbi azaldu zuen EAJren aldeko jarrera... Nola ikusten dituzu joera horiek? eta kokatzen al zara zu inon?
Argi eta garbi esan dut kontzertazio nazionalistara joko nukeela. Eta honek esan nahi du funtsezko gaietan akordioak egitea: euskara, Estatutoa. garapen ekonomikoa –eta euskal eremu ekonomikoaren sortzea–... Proiektu baterako deia egin egin behar da. Eta proiektu horretan akordiorako puntu inportanteak ditugu, espero dut hala izango ditugula, EAJrekin, eta beste batzutan baita EErekin ere. Hori da irtenbidea. Kontzertazio nazionalistarako. politika honetan EAJ eta EEk dute lekua. Ez dakit zein joeraz hitzegiten didazun. Joerak ez dira norbaitzun eritiak, joerak ejekutibek eta abar definitzen dituzte.
EA barruan ez al dago orduan joerarik?
Nik zer dakit. Eritzi desberdinak egongo direla imaginatzen dut. ETAren biolentziari buruz eritzi desberdinik ba al da HBn?
Egongo da noski.
A bai, ba horiek ez dira HBko joera desberdinak.
I.MURUA M. ARRIETA
27-30

GaiezGizarteaIrakaskuntzUnibertsitaEHUIrakasleakBesteak
GaiezPolitikaEuskal HerrErakundeakJaurlaritza
PertsonaiazETXENIKE2
EgileezARRIETA5Gizartea
EgileezMURUA2Gizartea

Azkenak
NATOren eta Trumpen irizpideen aurka, Espainiaren aurrekontu militarra %5era igotzeari uko egin dio Sánchezek

Oraindik ez dago garbi noiz arte eutsiko dion bere erabakiari Pedro Sánchez Espainiako Gobernuko lehendakariak, baina korapilo handi samarra sortzen ari da NATOren barruan, honek aurrekontu militarra %5era igotzea arbuiatu ondoren.


Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


Eguneraketa berriak daude