Inazio Eizmendi «Herriaren Anima Da Bertsoa»


1984ko maiatzaren 13an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Inazio Eizmendi, "Basarri"ri elkarrizketa
Basarriren Bordatxotik
Inazio Eizmendi «Herriaren Anima Da Bertsoa»
Hirurogeita hamaika urte bizkar gainean. «Granada» baserrikoa. Zazpi urterekin Zarautza jeitsia. Hogeita batekin bertsolarien artean txapeldun ateratekoa. Gaztetandik idazten zaletutakoa. Kazetaria. Aurkezlea. Herri Kirolen munduan apustua bezain ezaguna. Irrati gizona. Besterik ez zegoenean bere boza bakarrik entzuten zen sukalde bazter euskaldunetan. Gaur ordea geuk egin diogu bisita bere txokoan. Trofeoz beteteko bere komedorean. Liburuz gainezka duen bere lan gelan. Berak boza jarri du, burua, oroitzapena, gogoa... Guk hori bera idatzi baino ez dugu egin.
ARGIA.–Gerra aurreko garai hartan Bertsolari Txapelketa irabazi zenuen...
Basarri.–Lehenengo txapelketa Kursalean izan zen 1.935. urtean. Hogei ginela uste dut. Ez dakit merezita edo merezi gabe, orduntxe eman zidaten lehenengoz saria. Baina kezka bizitan eta beldurra aidean, derrigorrean bezala eraman ninduten. Etxean bai. Etxean ostatu koskor bat genuen «Azken Portu» deitzen zaiona, eta hor gazterik, herriko afizionatu batzurekin eta, bizpahiru bertso eta, sagardotegiren batean eta...hola! Plazan eta teatruan ateratzeko...Gaztea izan.ere...
A.–Zenbat urterekin aurkeztu zinen ba?
B.–Hogeita bat urte nituen eta kezkati eta beldurti, hala da, badakit nere neurririk ez nuela eman. Inork ez du ematen gainera txapelketa batean. Beti izaten da holako larritasun bat barrenean...Zoka bat. Eten ezin den zoka bat. Askoz ere lasaiago egiten da lagunen artean. Askoz ere gehiago luzitzen du bertsolariak. Hori gauza denetan dago.
A.–Txirrita ere han zen...
B.–Egun hartan boskarrena geratu zen. Bigarrena Matxin; Senperetarra zen hori. Hirugarrena Zepai zena eta laugarrena Urnietako Alkain, aita semeek hartu zuten parte baina aita bakarrik sartu zen. Gero lege berezi bat jarri zen: urte hartan txapela irabazitako bertsolariak ez zeukan beste hiru urteetan parte hartzerik; beste epai-mahaikoen tartean sartu hehar zuen urte hartako txapeldunak. 36ean beraz epai-mahaikoa izan nintzen.
A.–Ze giro zegoen orduan bertsolaritzaren inguruan?
B.–Orduntxe hasi zen erabat pizten. Nola Kursala 35an, Victoria Eugenian izan zen 36ean, eta han ere tokirik ez. Gainezka. Orduan bazen «Euskaltzaleak» zeritzaion elkarte bat, lan ikaragarria egin zuena, Aitzol zena zen hango buru. Eta hark eragin gogorra izan zuen eta jendeak oso ondo erantzun zion. Gero etorri zen etorri zena eta dena hondatu. Baina gerrarik izan ez balitz gaur egun bertsolaritza, orain ere ondo dago oso baina, ehundoko gorakada egingo zuela alegia. Urte horiek hondatu ginduzten.
A.–Baina txapelketaz aparte ze giro zegoen herritan eta?
B.–Beti izandu du zaletasuna euskaldun jendeak. Batez ere baserritar artean. Ez da festa hobeagorik. Herriaren anima da bertsoa. Eta euskarak bizirik duen arteraino iraungo duena; horretan ez izan zalantzarik.
A.–Gerra etorri zen orduan.
B.–Horrek hondatu zuen dena.
A.–Zu kanpora aldegin beharrean izan zinen.
B.–Nik sei urte t'erdi egin nituen herrira sartu gabe. Desterruan, Frantzi aldean, basoan egin nuen lana...Hortatik nahikoa pasa genuen. Aita zenari ere hark aurreratu zion heriotza. Baina honetan hasi ezkero...famili bakoitzak badu berea eta...
A.–Urte horiek pasa eta buelta. Nola aurkitu zenuen herria?
B.–Triste. Triste eta beldurrak. Zeinekin hitzegiten zenuen eta, ostatu batean sartzeko eta, artean zauriak osatu gabe zeuden eta... Bai, hitz gogor batzuk entzun nituen herriko karlista batzurengandik, baina gainontzekoan ez dut nik zerarik izan. Nahikoa izan nuen bestela ere. Poliki poliki baretzen, baretzen joan zen itsasoa eta, zer sango dizuet ba...
A.–Hitz gogorrak...
B.–Hutsegin, hutsegin egin zidaten. Kafesne bat hartzera joan Mondragonesera eta batek: Viva el rey!, eta, 'viva',. "Te he dicho que viva el rey". 'Viva'. "Vuelvo a insistir, que viva el rey!", 'Que viva señor. No me amargue la existencia que he venido a tomar un tazón de café con leche'. Horrelako zera batzuk. Geroztik lotsatu egiten zen, ja azkenaldian, bera kaso egin nahiean. Ahaztu ez dira egiten. barkatu bai.
A.–Orduan herritan zehar bertsotan...
B.–Uztapide eta biok hasi ginenean berehala hasi zitzaizkigun deiak herritatik. Segura, Amezketa, Zegama, Eibar San Pedrotan, Irun San Martzialetan, Madalenetan Errenterin...Bizi balitz esango luke Uztapide zenak. Lau herri genituen urtean langosta jaten genuena. Estazioan sartu Zarautzen, eta Madalenak baziren Orio baino lehen esango zuen, «Gaur gogoratzen al zera zer bazkari daukagun?». Horretaz gogoratzen naiz, langosta.
A.–Beste ze bertsolari ibiltzen zen orduan zuekin?
B.–Hau ere askotan argitaratu izandu dut: lau behar eta osatu ezinik ibiltzen ginen. Batzutan Zepai etortzen zen. Txapel gure koinadua.
A.–Zergatik zen hori, bertsolaririk ez zegoelako?...
B.–Ez zegoelako eta urte txarrak zirelako ere bai eta. Guri zenbat aldiz, burura zerbait etorri eta ezin esan. «aldatu egin behar dut bestela...». Gaurko bertsogintza ez da ezer ere, hori jolasa da. Gaur ez daukazue eragozpenik eta trabarik. Orduan ordea hitzak neurtu egin behar ziren, eta beldur beldur. Dirurik ez zen era horretatik begiratuta, baina, guk edozein gai ateratzen genuen...Herrian beti izaten da tipo xelebreren bat horretarako ematen duena. Politika aitatu gabe, jakina.
A.–Kazetaritzak ere zure bizitzaren parte handi bat bete du. Zeruko Argian, La Voz de Españan...
B. - 46.etik ari naiz, ia 40 urte daramazkit egunero idatziz. 46an hasi
A.–Horren aurretik ere egiten zenuen zeozer...
B.–Gerra aurretik asko idazten nuen nik Euzkadin, El Día-n eta lehengo ARGIA zaharrean. Hemezortzi urtetarako zaletasun ederra nuen horretarako.
A. - 'Eguna' egunkarian ibili al zinen?
B.–Bai. Arizmendiarrieta eta Agustin Zubikarai eta taldetxo batek egiten genuen hura. Hantxe irtetzen zen bonba eta zeren artean. Izaten zen abiazioa eta barra, baina azaldu egiten zen. Ahal zuen bezala.
A.–Gerra amaitu eta La Voz de Españan...
B.–Hemengo korrespontsala hasi zitzaidan «xeoxe egin beharko huke» eta «xeoxe egin»...Eta holaxe hasi nintzen. Lan txiki batzuk...Bertsolari zaharren gorabeherak. Orduan euskara ez bait zen libre, baina ni hortatik hasi nintzen, euskara sartzeagatik. Gero jakina, itzulpena egin behar, eta aldamenean jarri. Harrera oso ona izan zuen harek. Ikusi zuten, eta gero eta gehiago eskatzen zidaten eta azkenean eguneroko saila jarri zidaten. Lotura ikaragarria da hori. Erdaraz eta euskaraz. Bestalde, inor ez zen jabetzen gure dantza, kirol, bertsoalari eta horrelakotaz. Futbola eta ziklismoa izan ezik bertako gauzen ardura ez zeukan inork. Betebeharreko hutsune handi bat ikusi nuen eta horretan ari naiz.
A.–Orain ordea Diario Vasco-n...
B.–Bai..Antzeman egin nion "hau ez zebilek zuzen, hau ez zebilek zuzen". Zenbat aldiz ibili ote ziren Diariokoak nere atzetik? Zenbat bazkari eta? Baina La Voz mogimentukoa zen, falanjearena, ea nor ateratzen zen handik. Gero Larrea eta beti gainean. Beti gainean. Baiezkoa eman nien Diaríokoei. Esan nien La Voz-ekoei «hola eta hola ikusten dut nik hau. Koloka xamarrean». Eta handik hilabetera itxi zuten.-Asmatu nuen ederki.
A.–Bertsotara bueltatuz, 50. urte hamarkadan zuzperaldi bat ematen da bertsogintzan...
B. - 50etik hona izan da bertsolaritzaren berpizkundea, piztualdia.
A.–Zure meritorik handienetako bat bezala aipatu izan da bertsolaritza sagardotegitik atera eta plazara ekarri zenuela...
B.–Bai, bai. Egia da. Penagarria zen baina lehengo bertsoalari zaharrak, ez zen beren errua,. gaineko jendeak behartzen zituen hartaraxe, «Horri buruz egin behar dek. Horren andrea ez dakit zeinekin ibiltzen dela eta... Tabernan zorra utzi duela eta». Hura ikusten nuen lokatsetan. Gizon hain azkarrak izan, burua eta txispa eta bazuten, baina jendeak ere hala eskatzen zieten eta..., aiba sagardoa eta aiba tragua...Nik ikusi nuen bertsoa hori baino gehiago zela. Hortatik beste maila bat zuela. Haiek ere bide horretatik hasi balira askoz ere gehiago luzituko zuten. Halaxe zen orduko anbientea.
A.–Nola eman zenioten buelta horri?
B.–Ba zen Enbeita, Urretxindorra. Harekin kantatua nago hiru edo lau aldiz. Eusko Alderdiko mitinetan eta. Haren bidea gustatzen zitzaidan. Hura ez zen zera horietan sartzen. Gauzak ondo esan, poesi kutsuarekin,...esan nahi nuke maila batzuk altuago hemengo bertsolari xeheak baino. Hark zaletasun piskat sortu zidan neri baratza horijorratzeko eta belartxarra kentzeko. Hasi nintzen eta ez ezazazue pentsa, hango zahar haiek, astakeriak entzuten zeudenak, astakeriak nahi zituzten. Neri eransten zidaten errua hori zen: ondoegi hitzegina. Geroztik komentzitu ziren denak hori dela bide bakarra.
A.–Txirrita horrelakoa al zen?
B.–Jeessouss! Galanta, ehunda berrogeita hamar kilotik gora izaten zen behintzat eta. Hantxe. Jan eta edan, jan eta edan, aiba Joxe Manuel, eta aiba Joxe Manuel alde guztitan. Holaxe ohituta eta. Holaxe. Trankila, trankila. Harek ere bere mundualdia, bere modura, ederki pasa zuen. Hor konpon! Ezeren kezkarik ez eta ibili batetik bestera. Sekula duro bat ez zuen. Hori ez. Dirua ere gutxi zen orduan eta.
Esango dizuet, behin 'Frantses-Txiki', hura ere ezagutu nuen. Ona zen hura ere, xurruta asko eta gero hilda bide baztar batean edo aurkitu zuten bazuen e, bazuen...Bertsolaria zen eta, lastima, baina alkolizatu, edariari ez zion kontrolik hartu eta. San Lorentzotan izaten dira Berastegiko festak. Urte batean Frantsesa eta Txirrita. Goizeko saioa meza nagusiaren ondoren egin omen zuten eta alkateak: «orain bertso banatan adierazi jendeari arratsaldeko saioa bostetan puntuan hasiko dela eta zintzo etortzeko».
Ederki kantatu omen zuten, baina bostak urruti eta bigarren saioa egin arte soldatik ez eta Frantses-Txikiak ñoo, bazkal aurretik baxerdi batzuk hartu nahi eta xentimorik ez . Joan zaio Txirritari eta, «Hi, Joxe Manuel, pezta bat emango al didak?». «Hainbeste eingo al diau behintzat», sartu du patrikan eskua eta, orduan bi peztako zilarrak ziren eta, «tok bikoa. Ekatzik ba bat bueltan». «Izorratu nauk ederki, halajainkoa! Pezta euki banu ez nian eskatuko!». «Bi gehitxo izango dek ba hiri emateko!» eta berriz ere patrikera.
Gero, ateraldiak zituen. Lehengo estilo horretan. Bota, hor zijoak. Txirrita zahar horrek!
A.–Esatebatera...
B.–Hogeita hamaseiko hartan, ilbeltzian izango zen jaialdia, eta badakizute, uztailean hasi zen gerra. Orduan epaimahikoak, behartutako gaia hau zuten bertsolariek: Gerra. Gerrak ekartzen dituen hondamendiak, kalteak eta txikiketak eta...
Hasi ziren poliki poliki. Batek esan zuen berak gerrarik onena baino nahiago zuela pakerik txarrena. Beste batek pake denboran sardina zaharrak janez bizi nahiago zukela gerra denboran txuleta ederra janez baino. Hirugarren batek hainbeste kostatako semeak bialdu frentetara eta gehiago bueltarik ez eta familiaren hondamena zer izaten zen eta...Denak han ari ziren nondik azpiratuko gerra hori, nondik...
Azken azkena zen Txirrita. Bi bastoi ibiltzen zituen, ia ehunda hirurogei kilo urrean izaten zen. Harek ere zeozer esan behar, ia dena esana zegoen eta:
Jangoikuari errezatutzen
diot sarritan elizan.
Aspalditxuan gustora nabil
pakean nola gabiltzan.
Ni baino ume kobardegorik
ez da mundu hontan izan,
semiak gerran ez galtzearren
mutilzar gelditu nintzan.
Denak tenteka, jende dena. Hango pañolu, hango zarata. Baina hirurogeita hamasei urte eginda zegoen eta hainbesteko gizonak ateraldi hau...!!!
B.–Gauza polita asko dago. Aita Zabalak egin du lan ikaragarria horretan. Galduta egongo zirenak jasota daude. Gazteak etorriko dira hori aztertuko dutenak. Alperrik da, herri literaturaz aberatsak gara. Oso aberatsak. Gainontzean, goi-mailako gauzetan behean egongo gara baina...Ahotik aho rako literaturan gutxi dira gure herrian adinakoak.
A.–Izengoitia nondik datorkizu?
B.–Izenak dioen bezala, «Azken Portu», azken azkeneko etxea zen herri barruan geurea. Handik aurrera dena baserria zen. Inork ez ezagutzeagatik jarri nuen eta orain horrekin bakarrik ezagutzen naute. Ignacio Eizmendi esanda... askok bai, baina.... Basarri esan eta denak.
A.–Uztapide?
B.–Ona pertsona. Serio serio, buru argikoa zen, berezkoa. Anoetan eman zion horri atakeak bertsoak bukatu ezinikan geldituz. Geroztik ez zen hori bizi. Iraun bai. Iraun eta bizi oso diferenteak dira. Iraun.... hil arte iraun egin behar. Bizi.....
A.–Nolakoa zen?
B.–Serio serio baina alaia zen. Sekula oherako presik ez. Tipo gogorra. Zeinek segi hari edaten eta. Denek ez dugu balio, gorputza.... Ateraldiak.. Behin, Plazentzin, Erosiko Ama esaten dioten ermitatxoan, goizeko kafea urruti eta «Iaz ere hala huen. Aurten ere hala izango dek hamaiketako meza eta oraindik nahiko denbora bazeukeagu. Gosari-mokadu bat egin behar diagu». Hantxe tabernatxoa. Sartu gara eta etorri zen neskamea, oso polita, oso. Euskara ere nahastua egiten zuen, bizkaitarra izango zen seguruasko. «Zer gura zeundeke?» «Guk orain gose handi xamarra daukagu, eta arratuz pare bana urdaiazpiko zarrakin eta dana jartzen badezu, horixe onena guretzat». "Etxekoandriai preguntauko daustot» Joan zen sukaldera eta etorri da handik piskat batera «Etxekoandriak esan daust jamoia badoukala baina urdoiazpikorik ez» «Esaiozu bera ekartzeko».
Beste behin, arratsaldeko saioa eginda, adarra jotzeko beti izaten da baten bat, gehiegi edanda edo, eta Uztapideren aurrera etorrita: «Hi Manuel, hiri esan behar diat ba zeoze». Beitu zion horrela eta «Esan behar dena azkar esan». «Gizon umila, bertsolari ona, jatorra, lasaia, lagunarterako primerakoa.... Badituk makina bat birtute, baina hik ere badek ba palta bat ikaragarria». «Zer da ba?» «Belarri izugarrik gizona» «Hori ez dek palta, hori sobra dek».
Holako zenbat?
Beste behin Durangon ginen. Funtzioa bukatu, afaltu eta hantxe lo egin genuen. Hurrengo egunean, meza entzun eta, «Oraintxe hamaiketako piskat egingo bagenuke lasai lasai».... Bikandinera sartu gara. Han ere neska ederra zen serbitzen. Aurrena salda ederra hartu dugu eta gero galdetu zuen neska hark «Orain gainetik zer nahi zenduteke?». Beiratu zion eta "Guk beti gainekoa aukeratu behar al degu? Azpikoiz ez al dago aukeratzerik?".
A.–Herri kirolen kontuan ere zu ibili izandu zara komentarista eta kronista bezala....
B.–Denak berrogeita seitik honera. Famatu hura nola zen, bai. Albizuri Handi edo harena, han hasi nintzen. Aurkezpen denak eta....
A.–Oraingo bertsolaritza nola ikusten duzu?
B.–Gutxi joaten naiz. Ez naiz inora joaten.
A.–Noiz utzi zenion plazan kantatzeari?
B.–Hirurogeita bian ez al zen? Edo beranduxeago?
Josu LANDA. Iñaki URIA

Lau bertsolari osatu ezinik ibiltzen ginen plazan aritzeko
35an, aurrenengo txapela irabari nuenean, ez nuen neurria eman.
Herritako festetan ez genuen sekula huts-egin.
22-25

GaiezKulturaBertsolaritBertsolariaBASARRI1
PertsonaiazBASARRI1
EgileezLANDA2Kultura
EgileezURIA3Kultura

Azkenak
Papax Fagoaga, mutil-dantzaria 1970eko hamarkadatik
“Ezin nuen ulertu emakumeok herriko bestetan ezin genuela mutil-dantzetan parte hartu, horregatik hasi nintzen dantzan”

Elkarrizketa ilustratzeko erabili dugun argazki nagusia 1970eko hamarkadan hartua da. Erratzuko plaza festetarako apainduta ageri da, ezpelez atonduriko ohiko eszenatokiarekin eta etxetik etxera zintzilik, dilindan dauden xingolekin. Urrunean bi soinulari agertzen dira, Maurizio... [+]


Faxismoaren aurka borrokan, munduan zein Euskal Herrian

Lanaren Ekonomia irratsaioan faxismoaren gorakada aztertu dugu, munduan eta Euskal Herrian gertatzen ari dena.


Aroztegiko Elkartasun Komiteak salatu du bi kidek jazarpenak eta irain matxistak jasan dituztela

Taldeko kideen aurkako eraso matxistak talde osoaren aurkako eraso gisa ulertzen dituela adierazi du Aroztegiko Elkartasun Komiteak. Komiteak salatu duenez, Aroztegiko epaiketara ikusle gisa sartu nahi zuen jendearen zerrendatik "Baztango mutil-dantzari talde... [+]


Aurten ere batxilergoko ahozkoa euskaraz pasatzeko aukera irekiko dute hainbat irakaslek

Ekainaren 23aren eta uztailaren 2aren artean iraganen da ahozko azterketa. Frantsesez pasa beharreko azterketa izanda, Seaskako, sail publikoko eta pribatuko irakasle batzuek publikoki jakitera eman dute euskaraz bideratzeko aukera eskainiko dietela ikasleei.


Espainiako Gobernuak ondorioztatu du itzalaldiaren errua Red Eléctrica de Españak eta argindar konpainiek dutela

Itzalaldiaren ondoren sortutako komiteak eginiko txostena aurkeztu du astearte gauean Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako ministroak. Horren arabera, "hainbat faktoreren batasunaren" ondorioz sisteman gehiegizko tentsioa izan zen, kate erreakzio gisa. Txostenak... [+]


Bikotekidea mugikorretik kontrolatzea gazteen artean ohikoa dela frogatu du EHUren ikerketa batek

Maitasun erromantikoari lotuta, nerabe askok normalizatuta eta barneratuta du bikotekideak mugikorraren eta sare sozialen bidez kontrolatu nahi izatea. “Inportantea da ziberbiolentzia gisa identifikatzea, eta ez maitasun seinale gisa”, gogorarazi dute ikertzaileek.


Sexu erasoei lotutako zenbait epaitan bost gizon zigortu dituzte azken egunetan

Sexu erasoei lotutako epai ugari eman dira azken egunetan, eta bost gizon zigortu dituzte. Tuteran izandako bortxaketa batengatik, bi gizoni 9,5 urteko kartzela zigorra ezarri diete. Gasteizen gizon bati bost urteko kartzela zigorra ezarri diote emakume bat bortxatzeagatik... [+]


Dagoeneko 400 gazatar hil dituzte Israelgo soldaduek, laguntza humanitarioa jasotzera bidean

3.000 zauritu ere utzi dituzte Israelgo armadaren erasoek. Maiatzaren bukaeran berrekin zioten laguntza humanitarioari, GHF fundazio estatubatuarraren eskutik; eta ordutik, bertaratutakoei tiro egin diete soldadu israeldarrek.


Oiher Urrutia. Marra gorriak argi
“Erabiltzen gaituzte herriok folklorismorako: landa, animaliak edo euskalkia bera”

Grabagailuari stop eman eta segituan galdetu dit Oiherrek: “Transkribatzean mantenduko duzu euskalkia?”. Baietz nik, batuaren mugek uzten didatenaren barruan baietz. “Arras inportantea da niretako”. Dutxa hartu eta Elizondora eginen du berriz, Aroztegiko... [+]


Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funtsa martxan jartzeko araudia onartu du Espainiako Gobernuak

Legea onartu eta ia hiru urte igaro direnean jarriko da martxan neurria. Espainiako Ministro Kontseiluak onartutako dekretuak dio biktima bakoitzak 32.000 eta 96.000 euro artean jasoko dituela kalte-ordain moduan.


Zein ama ospatu?

Maiatza Birjina Mariaren hilabetea den bezala, amak ospatzeko aukera da Mendebaldeko jendartean. Kasualitatea? Ez dut uste. Frantses lurraldean, Vichyko gobernuak besta hori instituzionalizatu zuen. Helburua bertuteko eta sakrifizioak egiteko prest den pertsona hori handiestea,... [+]


2025-06-18 | Jesús Rodríguez
PSOEren kea

Ekainaren 6an Presidente Autonomikoen Konferentzia egin zen Bartzelonan, Pedro Sánchez eta Felipe VI.a erregea –emeritu ustelaren oinordekoa, beti da ona gogoraraztea– buru zirela. Isabel Díaz Ayuso faxistak uko egin zion Salvador Illaren eta Imanol... [+]


Kantua gidari

Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]


Eguneraketa berriak daude