"Zuk zeuk gauzak egitea ederra da"

  • My Heart Your Mouth (MHYM) Bartzelonako hardcore-emo-punk kolektibo autogestionatua da. Zuk-Zeuk-Egin (DIY) filosofia dute oinarrian, eta urte osoan zehar antolatzen dituzte kontzertuak, grabaketak egiten dituzte, birak ere bai... eta beraien jaialdi garrantzitsuena Emostiu festibala da, aurten uztailaren 21etik 22ra antolatu dutena, Poblenou auzoan.

Ezkerretan Ariadna Vegas eta eskuinean Marta Merino, festibalaren hurrengo goizean. Argazkia: Ilargi Manzanares / ARGIA CC BY SA

2023ko abuztuaren 07an - 12:00

Bi egunetako festibala bukatu ondoren, kolektiboko bi kiderekin elkartu gara; Ariadna Vegas komikigilea eta ilustratzailea, eta Marta Merino publizitate eta marketing ikaslea. Kolektiboaren, autogestioaren, festibalaren eta lagunekin gauzak antolatzearen inguruan hitz egin dugu haiekin.

My Heart Your Mouth sortzeko ideia nondik sortu zen? Nola hasi zineten?

Marta: Pandemia ondoren sortu zen, Bartzelonan punk eta hardcore eszena handia zegoelako, eta ez emo eszenarik; lagun batzuk elkartu ginen eta zerbait antolatzea bikain egongo zela pentsatu genuen. Orduan, lehenengo Emostiu-a antolatu genuen Casalean, oraindik murrizketak zeudela. Primeran atera zen, eta horrelakoak antolatzen jarraitzeko hautua egin genuen. Horretarako, baina, beharrezkoa iruditu zitzaigun kolektiboa sortu eta kontzertuak antolatzea, proiektua autofinantzatzeko eta Emostiu geroz eta hobeak antolatzeko, Espainiatik kanpoko kontaktuak egin eta kanpoko taldeak ekartzeko.

Zenbat kide zaudete kolektiboan?

Ariadna: Zaila da erantzuten, asanbladan nahiko jende garelako, baina mundu guztiak ez du parte hartzen denbora guztian, ahal den eta nahi den neurrian egiten da. Orain, batzordean hamar kide gara, eta gero hainbat “satelite” ditugu, gure inguruko jendea, bai gestioan laguntzen dutenak, bai “eskulan” gisa une jakinetan, edo kontzertura etorri ondoren garbitzen laguntzen dutenak.

Arrazoi berezirik dago Poblenou auzoko lokalean egiteko? Hemengoak zarete edo espazioarengatik da?

A: Inor ez da auzokoa, baina toki hau asko gustatzen zaigu, bai areto propioa eta musika ekipo onarengatik, bai espazioaren funtzionatzeko moduarengatik. Hainbat kolektiboren inguruan antolatutako espazio autogestionatua da, eta guretzako funtzionatzeko modurik hoberena ere bada.

M: Guztientzako eskuragarri den toki bat.

A: Ez gaude behartuak sarrera kobratzera, ez da ordaindu behar ez argia eta ez aretoa. Zerbait galtzen badugu, gaizki kudeatu dugulako da; ez da espazioa ixten. Areto erabat autogestionatu eta autofinantzatua bagenu, ixteko presioa edukiko genuke, eta hemen ez. Hori gozada bat da.

Espazioa autogestionatua da, baina ez okupatua?

A: Ez da okupatua, autogestionatua da baina ez autofinantzatua. Azaltzen dut?

Bai, azaldu.

A: Hau udalarena da, Casal de Joves bat, Catalunyan 1980ko hamarkadan sortu zirenak gazteen heroinaren "oldarraldiari" alternatiba emateko. Gobernuak argi zuen droga hain suntsitzailean ez erortzeko gazteei gauzak egiteko moduak ematea beharrezkoa zela. Horrela sortu ziren espazio hauek. Ez da okupatuta, ez da gizarte-zentro bat; udalak auzoari ematen dion lokal bat da, eta udalak finantzatzen du. Gainera, bi langile daude kontratatuta. Espazio oso handia da, eta gure kontzertuez aparte gauza gehiago egiten dira: koru bat etortzen da kantatzera, gauzak grabatzen dira, eskoletatik umeak etortzen dira, informatika gela bat dago...

M: Serigrafia egiten duen kolektibo bat ere badago.

A: Bai, eta azkenean hau guztia ondo kudeatzeko guztiak parte hartzen dugun erakunde bat behar da: Gestora. Kolektibo bakoitzak Gestoran kideak eduki behar ditu, eta bertan hartzen dira erabakiak, ez direnak beti kolektiboaren ingurukoak. Hemen espazioa gustatzen zaizulako zaude, espazioa eta proiektua ondo ateratzea nahi duzulako, eta horretarako beste gauzak ere kudeatu behar dira. Gestoran 50 pertsona gara, eta ez da kolektiboan bezalako inplikazio maila berdina, pertsona gehiago garelako eta txandakakoa delako. Espazioaren kudeaketaz arduratzen den taldea da Gestora.

Auzoaren eta espazioaren inguruan hitz egiten jarraituta, proiektua auzora soilik zuzenduta dago, edo Bartzelona osora eta beste tokietara ere zabalduko zarete?

A: Oraingoz, Bartzelonan egin ditugun gauzetan asko zentratu gara Poblenoun, asko maite dugu auzoa, eta orain ari gara beste areto batzuetara zabaldu nahian. Bartzelonan, espazio honetaz gain, kooperatiba kultural batek kudeatutako aretoak ere badaude, eta negar egin eta zure proiektuaren garrantzi kulturala azaltzen badiezu, agian aretoa doan uzten dizute. Paral-lel 62 aretoan ere egin dugu kontzerturen bat, duela gutxi berriro ireki zena, eta Bartzelonaz kanpoko birak ere kudeatu ditugu.

M: Gazteentzako proiektu bat dela esango nuke, baina pertsona heldu asko etortzen dira gure gauzetara. Gure proiektua pertsona guztiei zuzenduta dago.

Hainbat kolektiborekin autogestio sareetan lan egiten duzue, eta azken boladan gehiago sortzen ari dira. Granadako Los Almendros duela oso gutxi sortu zen, ezta?

A: MHYM-ek Granadara egindako bidai baten harira, Pevluri eta Ivani (Los Almendros kolektiboaren antolatzaileak) “buah gauzak antolatu behar dituzue” esaten egon ginen, eta hala sortu zen; berdina gertatu zen La Carretilla-rekin, Valentziako taberna baten batean autogestioaz hitz egiten arituta. Izugarria da erlazio pertsonal bat edukitzea eta zure lagunek gauzak antolatzea, eta ez gauzak antolatzen dituen pertsonen laguna bilakatzea.

2021ean hasi zineten, eta azken urteetan proiektua asko handitu da. Nola bizi duzue?

A: Uf, hau gure talde barruan eztabaida gaia da.

M: Kontzertuak antolatzen hasi ginen, eta geroz eta pertsona gehiago etortzen hasi ziren. Nola? Ez dakigu.

A: Espazioa oso ondo dagoela, eta sortzen den giroa oso polita dela, ez dauka azalpen gehiago. Beste tokietan ikusten ez diren bestetasunak daude, punk giroetan eta espazio maskulinizatu eta zisnormatiboetan eroso sentitzen ez direnak. Baita ere gure musika, emoa, edozein pertsonari gustatzen zaiola. Asko esaten da “emo ñiñiñiñi”, baina edozein pertsonari gustatzen zaio. Boys Kissing Boys-en kontzertuetara edozein etorri daiteke, eta Monteperdido guztiei gustatzen zaie. Egia da azkeneko hilabetetan jendeak bonbo handia eman digula.

M: Ondo egin dugu, estrategia izan da.

A: Eta kolektiboan marketing eta diseinua ikasi duten pertsonak daude. Galderara itzulita: jakina, noizbait kudeatzeko handiegia bilakatu daiteke hau. Zailagoa izan daiteke autogestionatzea eta orain arte bezala jarraitzea.

Zein helburu bete nahi dituzue MHYM-rekin?

M: Ez gara inoiz eseri helburu batzuk adostera, baina uste dut egin berri dugun Emostiu honen ondoren ondo funtzionatzen jarraitu nahi badugu egin beharko dugula hausnarketa. Niretzat, helburua, edozein pertsona eroso sentitzeko eta ondo pasatzeko giro bat sortzea da, bai espazio barruan, bai kanpoan. Etortzen den jendea askotan kanpoan geratzen da, giro ona sortzen delako. Esango nuke niretzako ez dagoela helburu garrantzitsuagorik jendeak espazio eder bat edukitzea baino.

Antolatzen dituzuen kontzertuez eta festibalez gain, estudio eta zigilu bana duzue, guztia autogestionatua eta Zuk Zeuk Egin filosofiaren baitan eraikitakoa. Zergatik erabaki zenuten modu honetan egitea?

A: Inori azalpenik eman behar ez izatea da onena: ez justifikaziorik, ez bekarik eskatu, izapide erraldoiak egin gabe... Eta gero zati erromantiko eta polita dago: joe, zuk zeuk gauzak egitea ederra da. Azkenean, munduak etika kapitalisten inguruan biratzen du, eta jendeak horren kanpoko inguru lasaia edukitzea estimatzen du. Hori ederra da.

Puntu negatiborik ere izango du...

A: Guztia oso zaila da, eta oso garestia. Ordu kopuru absurdoak, eta ez dira beti konpontzen jende gehiago taldean sartuta. Eta nola ez den lan bat, ezin da exijitu. Toki guztietan gertatzen da hau, kolektibo eta lan guztietan, batzuk besteek baino gehiago jarriko dute, eta horrekin eroso egotea lortu behar da.

M: Eroso egon behar dugu kide batek gehiago eta besteak gutxiago ematen duenean. Nik uste dut marko kapitalistan hau ez dela gertatzen.

A: Ordainpeko lan batean badago halako lehia bat, baina hemen lana boluntarioa da, eta eroso sentitu behar zara. Guztiok ontzi berean gaude, eta nik ezin badut zerbait egin, beste batek egingo du. Hori oso polita.

Ohiko makrofestibal erraldoietatik kanpo dagoen proiektua da. Nolako festibala egin nahi duzue?

M: Nire ikuspuntutik, nahiz eta festibala handitu daitekeen eta 3.000 pertsona sartzen diren areto batean egin, filosofia berdinarekin lan egiten jarraitu nahi dut, Industrias MDAko jendeak Malas Artes jaialdiarekin egiten duten moduan. Niretzako jarraitu beharreko eredua da haiena: lan egiteko modua, pertsona guztientzako sarrera eskuragarriak dituzte prezio ez oso altuekin, baliabide gabeko pertsonentzat badituzte sarrera batzuk, prentsarentzat...

A: Nik egin nahi nuen festibala aurten egin dut. Oso ondo joan da, leihatilak oso ondo funtzionatu du, etorri den jendeari asko gustatu zaio eta ez dugu dirurik galdu. Lagunekin taldeak, espazio ederra, nik egin nahi nuen festibala hau izan da. Oso ondo egongo zen 3.000 pertsonara hazteko gaitasuna izatea, baina puntu horretan ezingo zen orain den bezain autogestionatua izan.

Festibala amaitu berritan egiten ari gara elkarrizketa. Balorazio azkar bat?

A: Gozada bat izan da, egia esan.

M: Oso ondo. Oso ondo pasa dut, eta uste dut arazorik gabe atera dela aurrera.

A: Loreak botako dizkiot gure buruari: nabaritu dira sartutako orduak, taldeei zirkularrak bidaltzea, sare sozialetan presentzia... Batzuetan ez dakizu ea ondo egiten ari zaren, azkenean oso berriak eta oso gazteak baikara. Egiten dugun guztia “ez daukagu ideiarik zer egiten ari garen” perspektiba batetik sortzen da, eta arazo handiak eduki ditzakegu, adibidez, astakirten batzuk kontratatzen baditugu, ea nola jaisten ditugun oholtzatik. Baina urte honetan guztia ondo atera da. Sartutako orduak, maitasuna eta jendearekin sortu dugun lotura pertsonala nabaritu dira, nahiz eta ez jakin zer egiten ari garen. Baina beti bezala, azkeneko momentuko milaka ustekabeko ere daude.

M: Talde guztiek jo dute eta oso ondo pasa dugu, maila horretan atera da guztia ondo.

Etorkizunerako proiektu berririk?

A: Hau asko handitu da, esku gehiago behar ditugu, mezuei erantzuteko pertsona gehiago... Badaude beste batzuk ez dutenak proiektuan jarraitu nahi, ondo dagoela, baina noski, proiektuarekin jarraitzeko pertsona berriak beharko ditugu. Bigarren denboraldia, pertsona berriak, eta pertsona nagusi batzuk bigarren mailakoak edo kameoak bilakatuko dira. Horrez gain, ideal politiko finko batzuk adostu behar ditugu. Ideario politikoa egingo dugu, elkarrekin adostuta, eta argi izan zein manifestu jarraituko dugun. Gero, La Decadencia Bartzelonako taldearen diskoa grabatzen ari gara, eta Tetas Frias-en albumaren argitalpenean lan egingo dugu, aurkezpen kontzertuak edo bestelakoak antolatzen, ikusten norekin atera eta norekin ez...


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Musika
2024-05-14 | Lander Arretxea
Musika iruditan (II)
Bideoklipak: aurpegia ala gurutzea

Musikariaren lana musika sortzea eta jotzea da. Baina soilik hori? Irudiak eta sustapenak gero eta pisu gehiago dute alor gehienetan, eta musikariak ere ez dabiltza zurrunbilo horretatik aparte. Bideoklipa bilakatu da abesti edo disko bat kaleratzeko euskarri (ia) ezinbestekoa... [+]


Mikel Kazalis (Anestesia)
"Nire burua duela 20 urte bezain indartsu ikusten dut"

'Azken heriotza' biraren eskutik, Anestesia taldeak kontzertua emanen du larunbatean Atarrabiako Totem aretoan.


2024-05-08 | Iker Barandiaran
Bazen ordua iraultzeko

Gaztetxotan Eskorbutin itxura hartzen nion arren, Aramaion jaiotako Antton Carreterok beti izan du begirada luzeagoa: punka bai, jakina, eta kinya bada hobe, baina beste estilo askori erreparatzen die aurreiritziei paso eginda; canallagoei, sentikorragoei… Horiek guztiek... [+]


2024-05-07 | Estitxu Eizagirre
Ziburuko Liburu eta Disko Azokak aurten Daniel Landart omenduko du

Ziburuko Baltsan elkartean aurkeztu dute antolatzaileek euskara hutseko liburu eta disko azokaren 5. edizioa. 41 argitaletxe izango dira bertan (inoizko gehienak), 120 metro erakusmahai beteko dituzte denen artean (inoizko gehienak) euskarazko irakurgai eta musikarekin eta... [+]


2024-05-03 | Axier Lopez
Oiartzungo Yakovlev 42 musika taldea zigortu nahi du Guardia Zibilak bere abestiengatik

Astelehenean Donostiako Instrukzio Epaitegian deklaratu beharko dute taldeko kideek. "Adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako erasoa" dela salatu dute.


Eguneraketa berriak daude