Zeruko Argia eta ARGIA 80 ahotsetara irakurri genituen Hendaian

  • Akelarre Elkarteak X. Irakurraldia egin zuen ekainaren 5ean. Aurtengoan, ARGIAren mendeurrena bultzatzeko astekaria izan da hautatu duten irakurgaia. 14:00etan eman zion hasiera herriko auzapezak irakurraldiari, Zeruko Argiaren 1. zenbakiko azala irakurriz, "Euskaldun guztioi agur" izenburua duena. Jarraian, hona hemen bizi izan genituen momentuetako batzuk:

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2019ko ekainaren 06a

Antton Olariaga ilustratzailearen erretratua egin zuten urmenetatarrek: Maitenak Olariagaren ibilbidea kontatzen duen artikulua irakurri bitartean, anaia Asiskok Olariaga eta Zeruko Argiako bere pertsonaia "Hormasprayko" bistarazi zituen.

Gabriel Arestik Zeruko Argian idatzitako "Gu, mendearen semeok" artikulua ere entzun genuen, Joanita Egurenen ahotsean. Artikulu honetatik tiraka jarri zion Koldo Izagirrek Donostian eskaini zuen bere hitzaldiari izenburua: "Mendearen umeek munduari desafio".

 

Koldo Izagirreren testu bat maisuki errezitatu zuen Josu Landak: ARGIAk 100. zenbakian eraman zuen azalari buruzko iruzkina, hain zuzen. "Astean asteko historia" sailaren barruan, lamina formatoan jaso dugu azal hori eta Izagirreren testua Argia Jendeak, astekariarekin batera.

 

Juan Mari Lekuonak Xalbadorri buruz idatzitako artikulua irakurri zuen Bernadette Berrak, eta Xalbadorren bertsoak kantatu zituen Joakin Arregi "Txe"k.

 

Elixabete Garmendiak irakurri zuen Zeruko Argian "Gazte Naiz" atalean Ramon Saizarbitoriak idatzitako artikuluetako bat, Jaiak atseden.

 

Donostiatik berariaz irakurraldian parte hartzera joandako Idoia Iberok 1965eko Zeruko Argiako artikulu hau irakurri zuen: Euskal zinea noiz?

 

Lander Arbelaitzek Joxemari Ostolazari mendeurreneko astekari berezian egin zion elkarrizketa mitikoa irakurri zuten Ihintza Ostolaza, Peru Txintxurreta eta Jaime Altunak:

 

Josu Landa, Malores Etxeberria eta Joxemari Ostolazak kantatu zuten Sustrai Colinak ARGIAren mendeurrenerako jarritako bertso sorta.

Nahia Imaz eta Amets Arzallusek irakurri zituzten arrastoa utzi zuten Pertsonaia ataleko bi elkarrizketa: Sustrai Colinak Gorka Urbizuri egindakoa eta Arzallusek Evo Moralesi egindakoa.

 

Hankak luzatzera eta bistari atseden ematera kanpora atera ziren irakurraldiko partaideak, eta atarian Baigorriko gaita joleek berritu zizkieten indarrak.

 

Pantxika Maitiak Jakoba Errekondoren Zuhaitza lagun artikulua irakurri zuen.

 

Ainhoa Adin, Itzal Aranzabal, Haitz Ostolaza eta Peio Aranzabalek irakurri zuten mendeurreneko zenbaki berezian Mikel Asurmendik argitaratu zuen mahai-ingurua: bertan Etxeleku, Chilibolost eta Guiressek eman zuten Ipar Euskal Herriaren egungo egoeraren berri.

 

Itziar Varela, Ixa Egiazabal eta Aintzane Lasartek grazia handiz errezitatu zuten Itxaro Bordak idatzi eta Ainara Azpiazu "Axpi"k ilustratutako tako Arroxaliri buruzko Andere handi iduri. Entzuleek ere ezin izan zioten kantua kantatzeko tentazioari eutsi.

 

Pascale Arribillagak flauta soinuz eman zion bukaera irakurraldiari.

 

ARGIAko kideek, bakoitzak bere atala nola osatzen duen azaldu zuten:

Bego Zuzak ARGIAren oraina eta etorkizuna azaldu zuen: artikulu honetan irakurgai.

Pello Zubiriak Net Hurbil nola egiten duen azaldu zuen: artikulu honetan irakurgai.

Nagore Irazustabarrenak Denboraren Makina nola egiten duen azaldu zuen: artikulu honetan irakurgai.

Argazkian, Mikel Asurmendi iritzi atala eta kultura nola eraman ohi diren azaltzen.

Irakurraldi ostean, Akelarre Elkarteak ohi duenez, aperitif ederra gozatu zuten amaieraraino gelditzerik izan zuten partaideek.

 

Hemen, Akelarre Elkartean irakurraldia antolatzen buru-belarri aritzen den hirukoa:

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: ARGIAk 100 urte  |  Hendaia

ARGIAk 100 urte kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude