"Ez zait interesatzen Aktualitatea, Errealitatea baizik"

  • Pello Zubiriak bost minutu zituen Hendaiako X. Irakurraldian, berak ARGIA astekarian egiten duen Net Hurbil atala aurkezteko. Eta hau bota zuen:


2019ko ekainaren 06an - 12:44

Sinesteak lanak dituen arren, Internet gabe bizi izan dira jendeak. Egia da aspaldiko kontuak direla, gazteok deretxoa duzue zaharron hitzaz mesfidatzeko, baina bai: Internet barik ere mundua bazen. ARGIA 1997an abiatu zen Interneten, Bidasoaz honat Minitel nagusi zen aspaldi ahantzi hartan, eta jauzi hori egin ahal izan zuen, ez orduko argiatarrok jende hain argia ginelako, baizik eta bide-lagun genituelako komunikazio teknologietan gure aurretik zihoazen ANTZA inprimategikoak eta APIKA-ADUR informatika enpresakoak: AMETZAGAIÑA elkartea.

Internetek haize berria zekarkigun hedabide eta talde txikoi, komunikazioan eta informazioan nagusi ziren erraldoien lehian muturra sartu nahi genuenoi. Ilusioz betetako garaiak, zeinetan aipatzen baitzen Sareak zekartzala deszentralizazioa, irekidura, gardentasuna, handien kateetatik askatzea, idatzizko-entzunezko-ikusizko informazioen bateratzea, euskarri fisikoan sekula ezagutuko ez genituen hedabideak begietaraino ekartzea, sortzaileen eta hartzaileen arteko hurbiltasuna, edonor bilakatzea komunikatzaile… eta abar.

Ilusio aro hartan sortu zen NET HURBIL atala 2002an, probestuz zuek numerikoa eta guk digitala deitzen dugun horren sareak dena Net Hurbil, alegia, Oso Gertu jartzen digula. Egiten zuen eta egiten du gaur erretretaren atarian egon beharko lukeen kazetari batek, beti bi orrialde argazki bakarrarekin.

Asteroko izateak badu, bere arazoen artean, abantaila handi bat: baimentzen dizu ez Aktualitatean zentratzea baina Errealitatean. Behin irakurri nionez norbaiti: “Niri ez zait interesatzen Aktualitatea, Errealitatea zait interesatzen”. Betiko kapital zaharrak, hots, funtsean finantzetako korporazio handiek… diot, kapital zaharrak berreskuratu duenean eta berrestutu ekonomia berriaren eta Interneten gaineko kontrola… eta lortu duenean herritarrok itotzea ez jada Aktualitatetan baizik eta Oraintxe-bertan-etan… garai konplikatuotan detektibe-lan pasioz betea da Errealitatea bilatzea eta aurkitutako zatiak irakurleekin partekatzea.

Txit Urre daukagu Errealitatea eta aldi beran Arras Urrun. Izan ere, Errealitatea ezkutatzen dio herritarrari gaur komunikazioan kasik mono-laborea den Entertainment edo Entretenimenduak, esan nahi baita, Denbora-pasazko Espektakuluak.

ARGIA paperean astero eta Interneten egunero saiatzen da erakusten Errealitatearen muinak eta ertzak, sakonduz beti egin duen horretan: informazio bizia, zabala, independentea eta zorrotza. Horren baitan irakurleari Net Hurbilek astero eskaini nahi lioke tanta bat Sare globaletik bildua, bere islan erakutsiko diona XXI. mendean munduak eta mundutarrok bizi dugun krisi-tzar globalaren osagairen bat.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude