"Eremu aske bat eraikitzen ari garela sentitzea ederra da"

  • Bego Zuzak ARGIAren oraina eta etorkizuna izan zituen mintzagai Hendaiako Irakurraldian. Azken aldaketak nola egin ditugun eta zein den gure ekiteko modua ezagutu nahi? hemen, primeran azaldua:


2019ko ekainaren 06an - 13:06

Mendeurrena ospatzeak eraman gaitu urte honetan atzera begirako ariketak egitera. Nondik gatoz, nola eta zertarako sortu zuten kaputxino haiek proiektu hau? Zein izan da euskarazko kazetaritzan ARGIAk bete izan duen funtzioa? Gai horien bueltan aritu gara, eta arituko gara oraindik, oso garrantzitsua baita memoria hori edukitzea, eta aurrekoek egindakoa eskertzea, baloratzea eta ezagutzea.

Gaur egungo ARGIAko lantalde honi, momentu hau, egoera sozial hau bizitzea tokatu zaigu, eta momentu hau bizi behar dugu. Momentua bizi, etorkizuna amestu, eta, egunero ekintzekin,  ARGIAren etorkizuna marrazten joan.

ARGIAko egiturak baldintza oso onak ematen ditu, eta eman ditu aurretik ere, lanleku on bat izateko. Nola eman buelta euskal prentsan lana egiteak zituen baldintza prekarioei? Nola lortu lantaldea inplikatzea eta proiektua berea sentitzea?

Antolaketa are horizontalagoa

Azken urte hauetan, lan handia egin dugu barrura begira. Antolaketa horizontalizatu dugu oraindik eta gehiago. Parte hartzea sustatu eta erakundean berdintasun errealago bat praktikan jarri dugu. Lantaldeak osatu ditugu, eta ardurak banatu dira. Horretarako, lehen pausoa soldata guztiak berdintzea izan zen. Alde ekonomiko handirik ez bazegoen ere, karguak izendatuta edukitzeak, azken ardura “kargua” zuenaren esku gelditzen zekarren. Soldatak berdindu genituen talde antolaketa guztia aldatu aurretik.

Lantaldeak antolatu genituen: komunitate lantaldea (harpidetzak), proiektu berrien lantaldea (dibertsifikazioa), mendeurren lantaldea edo Argia Sarietako lantaldeak sortu genituen, eta gutako bakoitzak aukeratzen du non ikusten duen bere burua, lantalde horretan bere ekarpenak egiteko.

Lantaldearen osaketan sekzio guztietako kideok hartzen dugu parte. Zer ekarri du honek? Ba guztiok ulertzea besteen lana. Zein garrantzitsua den proiektu batean salmenta, administrazioa eta edukiak elkarrekin lantzea, eta ikuspegi globalago bat izatea. Baita enpresa egitura ulertzea ere.

Harpidetza eredu berria

Ondoren, harpidetza eredua aldatu genuen. Guretzat iraultza bat izan zen. Urtebetez aritu ginen honen inguruan. Lantalde bat osatu zen, eta ideiak partekatuz joan zen lantalde osoarekin pausu guztiak adosten.

Egin genuen lehen gauza izan zen Iparraldeko harpidetzak, hegoaldeko harpidetzen preziora ekartzea. Ikuspegi nazional hutsetik egindako aldaketa izan zen. Euskal Herriko harpidedun guztiek baldintza berdinak izan zezaten.

… eta etorri zen “hartu nahi duzuna, eta eman ahal duzuna” eredua.

Ikusten edo sumatzen genuen gure komunitatea harpidetzetan irudikatzen zena baino handiagoa zela. Gazte eta ez hain gazteek, interneten bidez edo sare sozialen bidez ARGIAren berri izaten zuten, eta modu horretan jarraitzaile dezente gehitzen ari zirela gure komunitatera. Zer eskaini behar genien, eta nola bihurtu kide/parte aktibo jarraitzaile horiek? Ba, aukera ezberdinak emanaz. Azkenean, komunitateak komunitateari eusten diola garbi dugu. Eta hori egiten ari ginen. Komunitate kide askoren ekarpenari esker, aukera eta baliabideak izan ditugu kide ez diren horiengana iristeko. Eta ulertu du gizarteak ere gure mezua. Garai zailak dira idatzizko prentsarentzat. Garai txarrak omen dira gazteak konpromisoak hartzeko... baina gure komunitatea pixkanaka-pixkanaka sendoago da.

Amesten jarraituko dugu

Eta aurrera begira zer? Amesten jarraituko dugu. Nahi dugun herri ezkertiar librea eta euskalduna lortzea ez dago gure esku, baina bai dago gure esku, gure eremu libreetan balore horiek praktikan jartzea. Berdintasuna, feminismoa, euskara, Euskal Herria, errespetua, ingurumenaren zaintza, aberastasunaren banaketa… eta benetan uste dut lortu dugula ARGIA lanleku oso on bat izatea, Askatasunean, konfiantzan, eta norbanakoen eta taldearen ardurapean dagoena. Horrela sentitzen dugu behintzat. Libre sentitzen gara edukiak lantzerakoan, libre sentitzen gara gure ekarpenak egiteko, eta eremu aske bat eraikitzen ari garela sentitzea ederra da.

Lan handia egin dugu barne antolaketan, taldekide ameslari eta konprometitua gara. ARGIA da gure eragite eremua. Jakinda txikiak garela, eta txikitik eragiten ari garela, pozik bizi gara borroka honetan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude