"ARGIAren tximistak duela 22 urte jo ninduen, 1997an, ekaitza ari zuenean"

  • Nagore Irazustabarrenari Denboraren makina nola egiten duen azaltzeko eskatu, eta bitxikeriaz betetako historia narratu zuen, astekariko bere atalean ohi duenez.


2019ko ekainaren 06an - 12:54

Filadelfia (AEB), 1752ko ekainaren 5a. Gaurko egunez, duela 267 urte, Benjamin Franklinek metalezko egitura zuen kometa bati zetazko hari bat lotu zion, eta hariaren amaieran, giltza bat. Eta kometa haizatu zuen, egun hartan (gaur edo bart bezala) ekaitza zela baliatuta. Tximista batek kometa jo zuenean, giltza elektrizitatez kargatu zen eta, hala, tximistak elektrikoak zirela egiaztatu zuen.

Aurkikuntza handia izan zen, arlo askotan aldaketak eragin zituena. Pentsakeran, sinesmenetan, adibidez; mende luzez tximistek jatorri jainkotiarra zutela uste izan zen.

Antzera gertatu zen ARGIArekin: jatorri zerutiarra izan zuen eta 1980an ero kuadrilla batek lurrera ekarri zuen, zeruko argi hark, tximista hark, lurra jo zuen; ez du esan nahi lur jota geratu zenik.

Tximistak norbait jotzeko probabilitateak oso txikiak omen dira: 3 milioitik bat.

Nik ARGIAn idazteko probabilitateak ez ziren askoz handiagoak. ARGIAren tximistak duela 22 urte jo ninduen, ustekabean. 1997ko ekainaren amaieran izan zen, San Pedro festak ziren Lasarten eta ni AEKko txosnan txanda egiten ari nintzen. ARGIAko bi kide hurbildu ziren barrara, penak itotzeko asmoz edo. Ekaitza ari zuen ARGIAn, hurrengo zenbakia ez ateratzeko arriskuan zen, laguntza behar zuten... funtsean, lau hitz juntatu eta esaldi erdi koherente batzuk osatzeko gai zen edonork balio zien. Eta horrela hasi nintzen ARGIAn idazten, aukeraketa prozesu zorrotz eta estu hori gaindituta.

Sua itzaltzen laguntzera azaldu eta ia 10 urtez geratu nintzen.

Kanpora joatea eta ARGIA “uztea” erabaki nuenean (komatxoak erabili ditut, 13 urte eta gero oraindik ez duzuelako lortu nitaz libratzea), Denboraren makina atala egitea proposatu zidaten, orrialde bat oparitu zidaten jakinminez, zaletasunez biltzen ditudanak partekatzeko.

Orrialde kuttun horretan... (kuttuna orain. Gaur goizean azken unean idazten bukatu eta astero bezala berandu entragatu dudanean ez nuen hainbeste maite)... Nioen bezala, orrialde kuttun horretan ez ditut historiaren oinarrizko prozesu konplexuak esplikatzen, ez ditut inoiz esan gabekoak azaleratzen, ez dut ekarpen berritzailerik egiten... Xehetasunak, anekdotak, bitxikeriak, ñabardurak... dira.

Baina batzuetan tximista batek dena aldatzen du eta gerra luze batek ezertxo ere ez. Eta beste batzuetan, biltzen ditudan kontu txiki horiek ez dute ia eraginik izan, ez dute iraultzarik ekarri, ez dute irakurketa sakonik... Baina iraganaren parte dira berdin. Eta niretzat behintzat plazerra izan da beti ezertarako balio ez duten gauzak jakitea, egitea...

Plazerra da astero ARGIAn Denboraren makina idaztea. Plazerra eta ohorea. Hemen egotea bezala, nik idatzitako ale batzuk aukeratu izana. Horregatik eskerrik asko ARGIAri, Akelarre elkarteari eta hemen zaudeten guztioi.

Bukatzeko, ohar bat: aurkezpentxo honetan zer esan behar nuen galdetzean literalki hauxe esan zidaten: "bakoitzak lana nola egiten duen azaltzea da gakoa, zer gauza kontuan hartzen dituen edo zertan saiatzen den...".

Konturatuko zineten ez dudala horrelakorik azaldu, ez diedala galdera horiei erantzun. ARGIAk beti eman dit nahi nuena esateko, idazteko askatasuna... eta horixe egin dut. Horregatik ere, eskerrik asko eta barkatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: ARGIAk 100 urte
2019-12-22 | Jakoba Errekondo
Barietatea eta aniztasuna

Duzunaritzeko kultura ezagutzeko aukera izan dugu 111 hostoz eta orriz jantzi liburuaren aurkezpen egunean. Argiak mendea bete duen ospakizun saila borobiltzeko egun gustagarria. Ehun urtetako kazetaritza goratzeko nekazaritzaren alorrean oinetakoak zikinduz ibiltzea baino bide... [+]


2019-12-22 | Estitxu Eizagirre
Mendeurrenak hiru opari: bata jendeari, bestea ARGIAri, handiena Euskal Herriari

Urte biribil honek opari bana egin digu Argia Jendeari, Euskal Herriari eta komunikazio proiektuari. Zabalduko ditugu?

 


2019-12-22 | Garazi Zabaleta
Duzunaritze argiaren mendeurrenaren lekuko

2019a urte berezia izan da ARGIArentzat, esku artean duzun ale hau ere bada horren adibide. Ehun urte betetzea ez baita lorpen makala, are gehiago euskarazko hedabide txiki batentzat. Ospakizunek forma ezberdinak hartu dituzte urte oso honetan zehar eta, nola ez, landa eremuko... [+]


Eguneraketa berriak daude