Zaldibarko langileak bilatzen jarraituko dute eta oposizioak informazio falta salatu du

  • Espainiako Osasun ministroak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuari gutuna igorri dio, Zaldibarko zabortegian lurperatuta dauden bi langileen bilaketa lanek jarraitu dezaketela adieraziz.


2020ko martxoaren 31n - 10:09
Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia eta geroztik Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren gorpuen bila ari dira erreskate taldeak (argazkia: Luis Jauregialtzo / Foku).

Hala argitaratu du Europa Press berri agentziak. Espainiako Gobernuak, gainera, “erabateko babesa” adierazi die Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze desagertutako langileen familiei.

Otsailaren 6an amildu zen Zaldibarko zabortegia eta geroztik bi langileen gorpuak aurkitu ezinda aritu dira erreskate-lanetan aritu diren taldeak. Aste honetan Covid-19 gaixotasunaren hedapena eragozteko funtsezkoak ez diren jarduera ekonomikoak etetea erabaki du Espainiako Gobernuak eta erabaki hori ezagutu ondoren, Iñaki Arriola Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak Espainiako Gobernuarekin kontaktatu zuen, bi langileen bilaketak aurrera jarraitu ote zezakeen jakiteko.

Moncloak baietz erantzun du, ezinbesteko jarduerak bakarrik mantenduko direla dioen dekretuak babes zibileko lanak eta hondakinen kudeaketarekin lotutakoak salbuespentzat jotzen dituelako. Erreskate-lanek, beraz, ohiko erritmoan jarraitu ahal izango dute, Espainiako Gobernuaren konfirmazioa jaso ondoren.

Informaziorik ez Jaurlaritzaren aldetik

Espainiako Gobernuaren erantzuna ezagutu den egun berean, Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak kritikatu du Jaurlaritza ez dela bidaltzen ari Zaldibarko zabortegi inkontrolatuaren kasuarekin lotutako dokumentazioa. Sare sozialen bidez, Estarronak adierazi du Jaurlaritzak ez dituela bete legebiltzarrak Zaldibarko kasuaz informatzeko ezarritako epeak eta beste hainbeste gertatzen ari dela Covid-19rekin lotuta ere.

Jaurlaritzari galderak egiteko edo informazioa eskatzeko aukera mantendu egiten da EAEko legebiltzarra desegin eta diputazio iraunkorra indarrean dagoenean ere. Estarronaren arabera, martxoaren 26a baino lehen erantzun behar zituen EAJren eta PSEren artean osatutako gobernuak legebiltzarreko taldeek egindako sei galdera, baina bakarrari erantzun diote, ondare kulturalarekin lotutakoa.

Martxoaren 18rako, PPk eskatuta, Arriolak zuzentzen duen Ingurumen sailak Verter Recycling enpresari buruzko txosten eta espediente ugari entregatu behar zuen, baina oraindik ez du egin. Bestalde, joan den ostegunean amaitu zen epea beste lau informazio-eskariri erantzuteko, tartean Zaldibarko zabortegi inkontrolatua kudeatzen zuen enpresari buruzkoak eta inguruko airearen kalitatearen ingurukoak besteak beste.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude