Ostiraleko plenoa, Eusko Legebiltzarrean. (Argazkia: Eusko Legebiltzarra)

2024ko otsailaren 19an - 08:00

Urtarrilaren 17an jarri zen lehenbizikoz mahai gainean, era publikoan, apirilaren 21eko data. Hilabete beranduago oraindik ez dakigu deus, ez dugu behintzat konfirmaziorik –betiere apirilaren 21ekoa konfirmatzen bada, litekeena da aste honetan etortzea baieztapena, edo, gehienez ere, datorren astelehenean–.

Azken astean ETBk informatiboak zabaldu baditu joan den ostiralekoa legegintzaldiko azken kontrol saioa izan dela esanez, zerbaitengatik izango da. Jakingo du zerbait, edo tentsioa berotzeko eskakizuna jaso du agian. Hau da: edo 1) Sabin Etxeak barne-lineatik konfirmatu dio eta egiarekin aurretik doa "misterioa argitzeko" deman, edo 2) sareetan etengabe Teleberri=TeleBatzoki esaten ari direnak oso okertuta daude eta TeleHerriko-tik gertuago dago ETB, eta EH Bilduren mesedetan, datarekin presio egiten ari zaio EAJri, Urkulluk behingoz data defini dezan –opzio sinesgaitz samarra, ezbairik gabe–.

Urkulluk lehenbizikoz aitortu du eguna “pentsatuta” daukala. Hortik “erabakita” izatera ez dago urrats handiegirik, baina berdin dio, oraindik ez duela argituko baitio. “Esan, mese...”-ka ari zareten egonezinok zirikatuko zineten dagoeneko, ekiteak ez baitu funtzionatzen Urkullurekin. Barrea ondo ezkutatua duen moduan, sekretua ere kamera korazatu batean du gordea. Zakur zaharra da.

Zakur zaharra da Otegi ere, eta bien arteko dema interesgarri dago. Bi liderrak –Ortuzarren baimenarekin– beste plano batean jokatzen ari dira, bazterrean baleude bezala. Izan ere, horrela esanda, ez dute berez lanposturik jokatzen; ez lehendakari makila, ez sailburu jesarlekua. Baina hori baino gehiago lehiatzen dute. Eta zeharka zuzentzen ari dira elkarri, keinutxoak egiten bezala-edo. Otegi, esaterako, barre txikiarekin entzun ahal izan dugu Naiz Irratian. Zero deseroso, senide batek familia bazkarian hauteskunde dataz galdetuko balio bezala sumatu zaio mikrofonoen aurrean: “Nahikoa da nik hau esatea [hauteskundeak apirilaren 21ean izango direla dirudi] Lehendakariak beste data bat jartzeko (...) Ez dut ulertzen data ezkutatzearen estrategia; mundu guztiak aspalditik daki epe labur batean izango direla”. Esaldi hori amaitzerako barretxoa belarrietara luzatzen hasi zaio eta beste zentimetroren bat egin du gora ondorengo honekin: “Misterio bat da jakitea zergatik dagoen horrenbeste misterio datarekin”. Eskarmentu handiko politikari profesionalak biak, aspaldiko lagun-ezagunari, lehiakide prestuari, barretxoak eta keinutxoak egiten. Wink wink, nudge nudge (euskarara itzultzeko ahaleginean: begi-keinua begi-keinua, ukalondokada ukalondokada).

Agendako apunteak

Apirilaren 21ean baldin badira hauteskundeak, otsailaren 27an argitaratu beharko du Urkulluk legebiltzarraren desegitea aginduko duen dekretua. Eta, ohiko prozedurari men, lehentxeago ezohiko gobernu kontseilua deitu beharko luke erabakia gainontzeko sailburuei "era ofizialean" jakinarazteko. Datorren astelehenean izango litzateke epe-muga. Baliteke asteburuan egitea gobernu bilera berezia; horrelakoen zale da Urkullu. Eta tempoak zaindu eta filtrazioak saihesteko ere fama badauka –ez Sabin Etxean bezala, eskapatu zitzaiela Urkullu berriz aurkeztuko ez zutela–. Ikusteko dago ea nork eta nola ofizializatzen duen hauteskunde data.

Lehenago, ordea, astelehen goiz honetan, EAJko eta PSE-EEko buruak Ajuria Enean elkartzekoak dira Urkullurekin. Lehendakaritzako prentsa oharraren arabera, “legegintzaldiaren balantzea egiteko". Ordu erdiko bilera bana dira, baina. Alegia, kafea zerbitzatu eta zer moduz familia eta zer moduz inauteriak galdetu eta gutxi gehiagorako ematen dute, berez, 30 minutuk. Ez bada behintzat hauteskunde data erabakita dagoela informatzeko...

Urkullu azkenetan da, eta fuerte bezain ironiko

Bi bilera horien berri ostiraleko plenoa amaitzean eman zuen Lehendakaritzak, baina hala ere, despedida tonua hartu zuen kontrol saioak. Ganberako gonbidatuen tribunatik hasita: han ziren Urkulluren eta Erkorekaren emazteak, elkarren ondoan, plenoa jarraitzen. Eta aldaretik pasatu ziren legebiltzarkide guztiek izan zuten mintzagai azken kontrol saioa zenaren ideia. Modu ironikoan askok: “Nork daki, agian azken plenoa izango da”, zioen EH Bilduko Nerea Kortajarenak burua okertu eta barre txikia eginda; eta “Lehendakari jauna, hauteskunde-aroma sumatzen da, ala?”, Oihana Etxebarrietak. Filosofikoago Vox: “Guztiak du iraungitze-data bat, baita zure lanpostuak ere”. Urkulluk jarri zion ginda komentario oldeari: “Hainbestetan esan duzue amaitzen ari dela... sinetsi egingo dut azkenean!”.

Laster espero dira hauteskunde dataren iragarpena eta legebiltzarraren desegitea, eta kanpaina orduantxe indartuko da berriz –pasa den astean esan genuen apur bat hoztu zela giroa–. Urkulluk ez du gehiegi parte hartuko kanpainan, ez da espero lehen lerroan dezente egotea –“indar berria” eta aldaketa iradoki baititu EAJk–, baina kolpe zehatz batzuk emango ditu ziurrenik, ostiralean egin moduan.

Ostiralean, parez parekoa planteatu zion Urkulluk EH Bilduri, nahiz koalizio subiranista erantzuteko denborarik gabe geratu zen, edo hori baliatzea zen Urkulluren asmoa. “Argi hitz egin ezazue”, zuzendu zitzaien lehendakaria, besteak beste, “bozkatuenak goberna dezala” gisako adierazpenak egin izan baititu Otxandianok; baina, oro har, koalizioaren “printzipioez” mintzo zen. Errepasoa eman zien: Urkulluk leporatu zion EH Bilduri Espainian hauteskundeak irabazi ez zituen alderdia babestea, Iruñean ere antzera gobernatzea, Gasteizen ere hauteskundeak irabazi ez zituen alderdiaren aurrekontuak babestea eta, Bizkaian, zerrendaburu ipintzea bozkatuena izan gabe Durangon alkate izan zen alderdikidea –orain, Durangon, bozkatuena izan gabe EAJkoa egin dute alkate, EH Bildu kentzeko; estrategia berbera, funtsean–.

Gisa honetako esaldiak egin zituen Urkulluk: “Komeni zaizuena baino ez duzue defendatzen”, eta “galbahea nork pasatzen duen eta nork ez erabakitzen duzue, lehen babesten zenuten indarkeria estrategiarekin bezala, zeinak erabakitzen zuen nor zegoen soberan eta nor ez”. Azken esaldi hori ez da hain ohikoa izan Urkulluren epe motzeko historian; zaharkitu samarra dirudi komentarioak, zaharrunoegia boto emaile askorentzat –ETAk eragindako azken heriotzan lau urte besterik ez zituzten egun botoa eman dezaketen gazteenek eta, ezagun den gisan, gizarte-ikuskerak dezente aldatu ohi dira epe motzean–. Agian, horrela esanda, badirudi diskurtso aldaketa-edo iragartze asmoa dela, Pradalesek eztabaida garaikideagoak ekarriko dituela politikagintza instituzionalera.

Azken Soziometroak esandakoak ere mahai gainean jarri zituen Urkulluk –euskaldun bezain espainol sentitzen diren pertsonen portzentajea igo egin da nabarmen, eta independentzia nahia jaitsi–, eta honela adierazi: “Urte asko daramatzazue jende guztiari dena exijitzen, eta orain zuon ideiak baztertu dituzue kalkulu elektoralen mesedetan”. Esaldi horrekin amaitu zuen hitzartzea. Legebiltzarreko zuzeneko emisioko kameran ezin izan zen ikusi, baina baten bat, ondo entzun zen, oso fuerte hasi zen txaloka. Geratu zen berehala, altuegi edota bakarrik ari zelako seguruena. Espainiako Diputatuen Kongresuko gisako hooliganismoak ez dira batere ohikoak Gasteizen.

Azken aurreko agurra egiteko modu berezia Urkullurena. Kanpaina ez du egingo, baina eginda utzi du bidea. Duela makina bat urte estreinatu behar zen Donostiako Alde Zaharreko osasun-etxea ere, hain justu, asteon zabaldu du. Ordu gutxiren buruan, osasungintzari lotuta, baina Galizian, albiste hau argitaratu du Nòs Diario galegozko egunkariak: Xuntak soldata igoerak iragarri dizkie guardiak egiten dituzten osasun langile publikoei, SMS bidez, hauteskundeak egin baino bi egun lehenago. Astegunetako guardietan %8ko igoera, eta ostiraletik astelehenerakoetan %15 pasatxokoa.

Bistakoa da: kanpaina egiteko puntu mainstream-a osasungintza da. Zain geratuko gara ea Pradalesek –edo EAJk, orokorrean– zein iragarpen egiten duen Osakidetzari lotuta. Izango du, ziur, karta gorderik mahuka azpian. Zakur zahar batzuk badaude –oraindik– Sabin Etxean.

[Astelehenero, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak pasa arte, aste politikoaren kronikak argitaratuko ditu ARGIAk]


Eguneraketa berriak daude