Besarkada bat, pedalkadak pausatzeko


2024ko otsailaren 12an - 11:00
Azken eguneraketa: 14:55

Txirrindulari txapelketa handietan bezala, ihesaldian dabiltzanek erabaki dute indarrak gordetzea, eta etengabe-etengabe kameraren aurrean erasoaldi betean agertzeari uztea. Ikusi dute errepide ertzeko kartela, helmugara iristeko falta den kilometro kopurua, zenbat egun hauteskundeetarako –nahiko lausoa; Urkulluk ez du data zehaztu–. Urrun samar ikusi dute, eta tropelean sartu dira. Erreleboka emango dituzte indarrak lehen lerroan. Baina ahitu ere egingo dira, errelebotarako ez dagoelako sobera hautagai. Ez da inor EAJren eta EH Bilduren arteko lehiara batzeko gai denik. PSE-EEk iritsi nahi du horra, baina nekatu samar dator, udazkenetik pedalei eman eta eman ari delako eta ezin duelako leku erosorik topa. Atzeraxeago berriz, PP, bere txapelketa propioa jokatzen. Itzulia korritzen ari beharrean, Espainiako Vueltan ari da. Eta, are atzerago eta baztertu samar, taldekide ziren eta dagoeneko maillot ezberdinak dituzten hainbat txirrindulari. Azken ur botilak, isotonikoak, jateko gelak eta platanoak nola banatu eztabaidan ari dira. Etxeko sofatik komentarioak: “Banatu beharreko pastela txikiegia da hainbeste jatunentzat” eta “doi-doi iritsiko da denentzat”.

Tropelaren buruan erreleboka doazen bi alderdiak bizikletatik jaitsita ikusi ditugu joan den astean. Jendea agurtu dute anfiteatroan. Profesionalak direla diote, zintzotasunez lehiatzen dakitela eta, beraz, galtzen ere badakitela. Errespetua eta begirunea erakutsi dute lehiakidearekiko. Eta ez direla bi mutur, ez hain punta bateko eta besteko, baizik eta elkarrekin lan egiteko gai. Hori bereziki batek dio, baina erakutsi, biek erakutsi dute azken astean; Eusko Legebiltzarreko ganberan besarkada dotorea eman dute win or win betean sartuta dauden bi lehiakideek. Baina besarkadak, era berean, buruz buruko lehiaren abiada arintzeko akordioa ere irudikatu du. Aste luzeak falta dira hauteskundeetarako, eta martxa horretan indar guztiak –haienak eta guztionak– ahituko lituzkete tontorrera heltzerako.

Mikel Otero eta Arantxa Tapia elkar besotik helduta eta bi musu ematen ikustea, irribarretsu, nahiko argazki esanguratsua izan da azken lau urte eta gehiagotan pasa dituztenak pasa eta gero. Lurralde Plan Sektoriala –osatu gabea oraindik, portzierto–, Tapia Legea, Zubietako erraustegiaren mila eta zortzi kapituluak, Zaldibarko zabortegia... Dena den, aurrez iragarrita zegoen bezala, bozkatzeko unean ere Klima Aldaketaren legean adostasunera heldu dira EAJ, PSE-EE eta EH Bildu. Baina ohi moduan, tartean-tartean ñabardurak egin zituen Oterok: “Gure zuzenketarik gabe, legea txarra zen; orain, ez da onena, baina hobetu dugu”.

(Etika) eta estetika

Hiru metro karratu eskasean jeltzaleak, subiranistak eta sozialistak. Gorbata gabeko trajea sozialistek –klima aldaketaren izenean zen hori, ez?–, gorbataduna legebiltzarkide jeltzaleak, eta alkandora liso eta elegantea subiranistak, txukun janzteko modukoa bazkari casual batean. Dotorezia erakusten du Legebiltzarreko argazkilariaren planoak.

Dotoreziaren eta modernitisimoaren artean dantzan ere badabil aurre-kanpaina. Motibatzeko txarlen gisako ekitaldia egin du EH Bilduk Donostiako Tabakaleran. Zirkulu batean eserlekuak, late-night moduan kasik ilunetan, tonu eta potentzia baxuko argi moreak eremua markatzen zutela, eta foku guztiak erdirantz ipinita, zutik egongo den pertsona inportantea ongi argiztatzeko. Horrelaxe aurkeztu du liburua Pello Otxandianok, alkandora zuria galtzen barrutik sartuta, eta lehendakarigai aurkeztu zutenetik erantzi ez dituen pastazko betaurreko beltzekin. Non eta Donostian, euskarazko liburu aurkezpen gehienak egiten diren hirian –normalki, hori bai, udaletxe zaharreko espazio klasikoan izan ohi dira, horra aldea–.

EH Bildu

Estetikaren garai berriek zeharkatzen dute politikagintza –ere–, eta estetika propioa garatzeaz hitz egin du EH Bilduk ekitaldi horretan. Ezin hobe etorri zitzaien Moriartikoek egin duten Cristobal Balenciagaren seriea, kultur arloko erreferentzia garaikide, aktual eta euskaldun gisa hartua. Telesail horretako pasarte bat baliatu zuten, euskal politikagintzara ekartzeko: “Gure politikagintza, itsuenak ere, gurea dela bereiztea”. Hori helburua. Etorkizunaren inguruko eztabaida sakona abiatzea, subiranisten hitzetan, gure politika eredua. Horretaz mintzo zen Otxandiano. “Misioa” duela dio.

Liburu bat kaleratzea bada eskua altxa eta pausa eskatzeko modua. Eztabaida sakonek ere, nahitaez, pausatuak behar lukete izan. Eta, jakina, Ihauterietako asteburu luzeak ere eskatzen du pausa bat, mozorrotzeko, lagunekin irteteko eta abar. Freddie Mercury-z mozorroturik ikusi dugu EAJko hautagai Imanol Pradales, bere lagunekin, Portugaleteko jaietan. “Liberatzeko baliatu ditu Ihauteriak”, titulatu du Deia egunkariak bere argazkia handi-handian jarrita. Pradalesek berak igo zituen argazkiak bere sare sozialetara; eta ez da hain ohikoa, eta harridura apur bat sortu du, EAJko hautagai bat txupa rockero bat jantzita ikusteak. Baina Pradales, hain ezezaguna zena orain arte, jarduteko beste modu eta estetika batekoa dela erakusten ari da. Bistaratu zuen oraindik ere bere sareetan finkaturik daukan bideoan. “Dei nazazue Imanol”. Jímenez Losantos ere ageri zen bideoan, “Pradales” ez beste edozer gauza esaten, abizena ahoskatu nahian.

Imanol Pradales, bere Twitter kontutik ateratako argazkia.

Garai berriak, indar berria EAJren esanetan. “Aldaketarako indarra”, aldarrikatu du Ortuzarrek Noticias taldean argitaratutako iritzi-artikuluan. Hautagai-zerrendetan aldaketa mordoa egiteagatik bere-bere egin du EAJk aldaketa terminoa. Aldatu behintzat, aldatzen ari dira guztiak. Itxuraz, bederen.

[Astelehenero, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak pasa arte, aste politikoaren kronikak argitaratuko ditu ARGIAk]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude