Imanol Pradales hautagaia aurkeztu du EAJk Durangon, larunbatean, Landako gunean. EAJ / PNV

2024ko urtarrilaren 29an - 16:00
Azken eguneraketa: 2024-02-12 14:56:03

“Indar berria” Osakidetzan ipiniko duela hitzeman du azken hamabi urteak agintean daramatzan alderdiak, nahiz orain arteko haien sailburuek iradoki gauzak ez daudela hain gaizki. Oposizio buruak, bestalde, “bozkatuenak goberna dezala” aldarrikatu du lau haizeetara, PPk Espainian duela gutxi eta milaka bider eskatutako ildoari segika. Eta oposizioko beste ezkerra, berriz, auto-ilaren tankeran, beren artean klaxonari eman eta eman, katramilan.

Sozialista ofizialistak betiko moduan: Euskal Herriari lotu ahal zaizkion -tasun askori muzin eginda, “alternatiba” direla aldarrikatzen; eta haien etsai goren –López lehendakarigai jarri eta mantendu zuten urteetan salbu– PP, berriz, Madrilen, Feijóoren eta Ayusoren pausuei segika sanchismo-a "borrokatzen".

EAJ: Aurpegi berriek berritasunik bai?

Ofizialki esan dezakegu ja: Imanol Pradales izango da EAJren lehendakarigaia. Ziur ez dela izan nahi zuten moduko aurkezpen ekitaldia. Azaroaren 24tik jakina zen Urkullu baztertzeko hautua egina zuela EAJk, nahiz Urkulluri berari entzuna genion jarraitzeko intentzioa izan zezakeela. Denbora batean luza zitzaketen Urkulluren adierazpen horiek, lausotu zitezen, eta, zergatik ez, bere ahotik entzun lehendakari berrautatzeko aukerari muzin egiten ziola, eta ordu gutxiren buruan EBBtik kateatu Pradalesen hautagaitza. Baina filtrazioak agertu ziren medioetan eta kaput ordura arteko guztia.

Erlojuaren aurka aritu dira ordutik, hala sumatu da, eta hauteskunde dataren iragarpena luzatzen ari da denboran. Urrunegi ari da geratzen –apirilaren 21a jarri du mahai gainean EH Bilduk–. Urkulluri egun horri buruz galdetu zioten. "Norbaiten urtebetetzea da?", erantzun eta galdegin zuen ironikoki. Bada, bai: Pradalesek 49 urte beteko ditu apirilaren 21ean. Oraindik, ordea, data airean dago; apirilaren 21ean izateko hauteskundeak, otsailaren 27an argitaratu beharko luke dekretua Urkulluk. Bati baino gehiagori luzeegi egin dakioke aurre-kanpaina eta osteko kanpaia.

Bati baino gehiagori luzeegi egin dakioke aurre-kanpaina

Indar berria leloa eta Pradales irudia aurkeztu ditu EAJk Durangon, Landako gunea, erdiraino hartuta, bete-bete erakutsi dutela. Osakidetzan jarri du “lehentasuna”, eta horra begira jarri dira foku guztiak. Kurioski, egungo Jaurlaritzak esaten du Osakidetzak ez duela “gaizki funtzionatzen”. Jakina, “hobetu” behar dela bai, “baina inor ez da artatu gabe geratzen” gehituta bukaerako ohar moduan.

Darponek dimisioa eman behar izan zuenetik oposizioen irregulartasunen harira, desordena batean sarturik dago Osasun Saila, baita Osakidetza ere, bistakoa denez. Urte bakarra iraun zuen karguan Murgak, pandemiaren hilabeterik gogorrenak jan zituen berak, eta Sagarduik ordezkatu zuen gero. Gatazkatsua da sindikatuen eta Sailaren harremana, areagotu dira langileen protestak, kexak, eta zer esanik ez herritarrenak; pandemiaren aurretik, apenas entzuten ziren era horretako aldarriak pandemiaren aurretik. "Osakidetzaren pribatizazioa" salatzen dute.

Sagarduik sarri egin moduan, Pradalesek ere komodin berari heldu dio Osakidetzaz mintzatzean: pandemia. Ez dela ahaztu behar duela lau urte lehertu zen burbuila, esan du ETB1en. Lehendakarigai denetik lehen elkarrizketa euskal telebistan eman du, Egun on Euskadi saioan, euskaraz; buruz buruko lehia PSE-EErekin aurreikusiko balute inkestek, agian ez zuten forma horietan egingo.

Zaharrak berri, gainera. Urdaibaiko Guggenheim-aren proiektuarekin aurrera jarraituko nahiko lukeen galdetuta, "bai" argi batez erantzun du. Pradalesek, antza, Urkulluk baino informazio gehiago du gaiaz.

EH Bildu: Jarrera irekia, boto-arrantzan

Etorkizuneko akordio, paktu eta lankidetzei begira jarria da koalizio subiranista. Eta kuriosoa da azken egunetan birritan errepikatu izana esan hau: “Bozkatuenak goberna dezala eta besteek lagundu beharko lukete horretan”. Igandeko ekitaldian jakin dugu, kazetari baten ekiteari esker, eserleku kopuruaz ari zela, eta ez botoez. Izan ere, posible da botoetan jeltzaleak gailentzea –Bizkaiko aldeari esker, esaterako–, baina eserleku gehiago eskuratzea EH Bilduk. Izan ere, lurralde bakoitzak 25 ordezkari bidaltzen ditu Gasteizko ganberara, eta populazioz ez dira gauza bera Araba eta Bizkaia.

EAJri bota dio amua EH Bilduk, "lidergotza ereduak" aldatzeko

Kuriosoa da. Espainiako uztaileko hauteskunde kanpainan PPri hainbatetan errepikatu zitzaion demokrazia batean demokraziak agintzen duela. Hau da, bigarren eta hirugarren alderdi bozkatuenek akordioa egin eta gobernua osa badezakete, egiteko zilegitasuna dutela. Iruñean ere, funtsean, hori gertatu da. Jakina, UPN botatzeko eta oposizio osoa elkartuta “gauza batzuen alde”.

"Gauza horiek" zeintzuk diren zehaztu beharko dituzte subiranistek aurre-kanpaina aurrera joan ahala. Baina dagoeneko bota dio amua EAJri, jeltzaleak bigarren indarra balira, EH Bilduren hautagaitza babesteko. Otxandianok uste du euskararen eta autonomia estatuaren alorrean adostasunak lor ditzaketela.

PSE-EE: Erreferentzia, Madrilen

“Andueza astebururo ari da hitz egiten”, esan du Pradalesek ETB1en. “Aspalditik” esatea falta izan zaio. Horrelaxe baita: bozeramaile egoitza duela dirudien El Correo-n astero-astero lerroburuak ematen jarraitzen du Euskadiko sozialisten buruak. Azkena, Otxandianok Pradalesi eskua luzatzearen harira. “Bi horiek euskal procés-a nahi dute”, adierazi du.

Azken hauteskundeetan PSE-EEk hamar eserleku eskuratu zituen arren –EAJk 31 eta EH Bilduk 21–, horrelako presentziarekin haiek baino zaunka gehiago egiten duen alderdi politikorik ez dago Eusko Legebiltzarrean. Jakin badakite EAJren gobernagarritasunaren sostengu direla. Ez du erraza izan behar, dena den, posizioa hartzea herritarren hirugarren platera zarenean eta buruz burukoan sartzeko aukerarik ez daukazunean. Harrikadaka dabiltza EAJrekin, gehiago EH Bildurekin, baina Osakidetza hobetzeko edo dena delakoa egiteko proposamenik ez zaio entzun lehendakarigaiari; kritikara mugatu izan da eta Madrilgo alderdikideen eginak txalotzera. Limurtze ahaleginak bide horretan jarri ditu Anduezak –erreferentzia bat Gorka Bereziartuaren artikulu honi–.

Baina segitzen du eta segituko du, atzeko atetik bada ere, jeltzaleak kontentatzen: legegintzaldia amaitzerako Urkulluk Lakuan nahi dituen eskumen transferentziak bidean direla dio Anduezak.

Elkarrekin Podemos (edo Sumar edo izango dena): Galdera ikurrak baino ez

Galizian hauteskundeak izango dituzte otsailaren 18an, eta han zer egingo duten ez dago batere argi. Eta kanpaina aste honetan hasiko da. Egoera horrek ondo azaltzen du zein den Podemosen eta zirkulu morea denaren panorama. Fuksia kolorean barreiatu dira militante asko.

Podemos: Lau hautagai eta akordiorik ez, momentuz

Azaroaren hasieran esan genuen artikulu batean: Sumar koalizioa Madrilen bai, baina Gasteizen ez. Ordutik gauzak ez dira askorik aldatu. Hautagai izan daitezkeen izen gehiago agertu dira, eta negoziatzen jarraitzen dute, baina bakoitzak bereari eusten dio: Podemosek ez du Miren Gorrotxategi baztertu nahi; Sumarrek Alba García jarri du mahai gainean; Ezker Anitza-IUk Jon Hernándezen izena atera du; eta Berdeak-Equo ere animatu da hitz egitera, eta Carmen Muñoz aipatu du.

Sei ordezkari zituzten lehen, gutxiago ematen dizkiete inkestek orain, eta Iñaki Iriondok Gara-n zioen bezala, eserlekuak baino lehendakarigai gehiago dituzte dagoeneko. Aste hau erabakigarria izango dela diote: otsaila hasterako hautagai bakarra zehaztu nahi dute.

PP (eta C’s hilobiratuta): Kanpaina, Madrilen

Badirudi Javier de Andrés PPren hautagaiak Isabel Díaz Ayusoren estrategia kopiatu nahi duela, eta sanchismoa-ren aurka eginda botoak irabazi. Baina diferentzia bat dago: Espainiako PPren mobilizazioak Madrilen direla eta etxean jokatzen duela Ayusok. Bozgorailu handiagoak dituela ere bai, jakina. Ia 400 kilometro daude Gasteiz eta Madril artean.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gaiei buruz hizketan ez dugu entzun oraindik Javier de Andrés. Agian ez du asmorik horretarako. Entzun duguna, ordea, Borja Sémper izan da –Madrildik hori ere–, eta nola mintzo ere: “EAJ iparra galduta ikusten dut, EH Bildu bihurtu baita erreferentziazko alderdia”. Esana dute EAJren politikak kritikatuta eskuinekoenak diren jeltzaleak arrantzatu nahi dituztela; bide horretan doa Pradalasek bere aurkezpen ekitaldian aipatzen zuen traineruaren metafora. "Egin arraun, Euskadi".

[Astelehenero, eta Gasteizko Legebiltzarreko hauteskundeak pasa arte, aste politikoaren kronikak argitaratuko ditu ARGIAk]


Kanal honetatik interesatuko zaizu: EAEko hauteskundeak 2024
Joera kontrajarriak?

“Inoizko [EAEko] parlamenturik abertzaleena” vs. “Independentismoa minimo historikoetan dago”. Bi baieztapen horiek azken aldian entzuten ditugu, eta areagotu dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan apirilaren 21ean izandako hauteskundeen ondotik. Bi esaldi... [+]


Eguneraketa berriak daude