Ekainaren 24a eta 30a bitartean Zaharra Harro! jaiak egingo dira Gasteizko Alde Zaharrean. Astelehenean hasi eta igandean buka, ia 80 jarduera. Jaiotzatik auzo harrotasuna, partehartzea eta autogestioa ditu ardatz Zaharraz Harro!k, eta aurtengoa hamaikagarren edizioa du. Txikitasunaren, tratu hurbilaren edo aniztasunaren apologia egiten digute gure bi hizlariek, jaiak “koordinatzen” dituen asanbladako kide direnak.
Esan ohi duzue Zaharraz Harro!k auzoko jai gehienek dituzten gauzak ez dituela, eta askok ez dutena dutela.
Ane Gebara: Auzoko jai ezberdinak dira. Ohituak gaude auzoko jaien erdigunea txosnak eta kontzertu handiak izatera. Zaharraz Harro!k ez du horrelakorik, baina baditu gauza asko auzoko hamaika tokitan. Saiatzen gara Alde Zahar osoan egiten jaiak. Ez du makrotik ezer, mikroan aldiz denetarik. Astelehenetik igandera auzoko txoko asko pizten ditu.
Bittor Abasolo: Auzoak auzoarentzako egiten dituen jaiak dira. Ez zaigu hainbeste inporta ahalik eta jende gehien ikusle moduan batzeak. Horretan zerikusia du ez dugula behar ekonomiko handirik txosnak edo kontzertu handiak ordaintzeko. Ez dugu helburu ekonomikorik, eta horrek laguntzen du. Gure helburua auzoko bazterrak eta auzotarrak piztea da. Ahalik eta jende gehienak parte hartzea antolatzen ere.
77 jarduera zenbatu ditut programan. Nola egiten du asanblada txiki batek hori dena antolatzeko?
B. Abasolo: Ez daude antolatzaile gutxi batzuk, asko baizik. Zaharraz Harro!ko asanbladaren eginkizun nagusiena ez da jarduerak antolatzea, baizik eta auzokideek antolatzen dituzten ekimenak koordinatzea.
A. Gebara: Asanbladan hamar bat pertsona gara. Auzoko kolektibo, komertzio, taberna eta elkarteetara joaten gara urtez urte, banan-banan, Zaharraz Harro!n parte hartu dezaten proposatuz. Lan horretan hainbat kolektibo eta auzokidek laguntzen digute, kaleka antolatzen dugu lana. Batzuek ekimenen bat antolatzen dute, tailerrak edo kontzertuak esaterako, haiek gogoko dutena. Horretara animatzen ditugu batez ere. Beste aukera bat produkturen bat ematea da. Horiekin saskiak osatzen ditugu, hamar inguru, eta horien zozketarako saltzen ditugun boletoak dira jaien diru-iturri nagusia. Azken aukera diru kopuru txikiren bat ematea da ekarpen gisara. Aurten 200 kolektibo, denda eta elkarte inguruk hartuko dute parte modu batera edo bestera.
Ze aurrekontu duzue jaietarako?
(Pentsakor begiratzen diote elkarri)
A. Gebara: Aurrekontua? Ez dakit, lortzen duguna. Baina ideiarik ere ez zenbat gastatzen dugun. Bi mila euro asko jota?
B. Abasolo: Gauza da ez dela kezka bat guretzako. Gure gastu nagusia kartelak eta buzoneatzen dugun programa da. Dinamika zehatz batzuetan ere joaten zaigu dirua, baina gutxi, modu autogestionatuan saiatzen garelako behar direnak lortzen. Hori gure zutabeetako bat da. Azken urteetan diru piloa bideratu behar dugu kaleak erabiltzeagatik fidantza gisa. Zaharraz Harro! oso kaletarra da, eta udala okerrera doa espazio publikoen erabilpenari dagokionez. Ulergaitza da kalea erabiltzeagatik ordaindu behar izatea. Boletoez gain beste diru-iturri nagusiena larunbateko Gaztetxeko guatekea da.
A. Gebara: Auzoak dituen baliabideekin saiatzen gara behar guztiak asetzen: batzuen aulkiak eta mahaiak, bestearen soinu ekipoa, edo IFZ baimenak eskatzeko... Auzoaren jaiak direla ulertu eta praktikatzeko modua da, eta horrek gastuak asko murrizten ditu gainera.
Partehartzea da Zaharraz Harro!ren beste zutabeetako bat. Partaidetza oso handia diozue, anitza ere bada? Osaeran, programazioan...
B. Abasolo: Nik uste dut lortzen dela hein handi batean. Baina batez ere da parte hartzen duten kolektiboen artean aniztasuna handia delako. Horrek bermatzen du kolektibo horien bueltan dabiltzan pertsonak ere hurbiltzea. Hobetzeko mila gauza, baina baietz esango nuke.
A. Gebara: Hala eta guztiz ere zaila da. Parte hartzen dugun gehienak kultura bat konpartitzen dugu: poteokoa, kaletarra, kontzertuetakoa... Asanbladan edo muinean gaudenak kulturalki eta sozialki klase berekoak gara, adinaren aldetik ere anitzagoa izan zitekeen. Baina zer edo zer antolatzera edo ekarpenen bat egitera animatzen direnak hainbeste eta hain ezberdinak dira, horrek ematen die aniztasuna ekimenei. Zaharren eta umeen komisioak ere badaude eta aliantza politak egiten dira adinen artean.
Autogestioa aipatu duzue askotan. Autogestioaz gehienetan nabarmentzen dena ekiditen dituen kateak dira, instituzioekiko esaterako. Baina autogestioak lotura interesgarriak ere sortzen ditu.
A. Gebara: Instituzioekin harremana badugu, ze zoritxarrez kalea erabiltzeko fidantzak ordaindu behar dira, baimenak eskatu behar dira, seguruak izan behar dituzu... Eta ardura hori hartzen duten pertsonek lan handia egin behar dute, beste arazorik ezean burokraziarekin betetzeko besterik ez. Baina autogestio eredu honek ematen diguna da auzoarekin harreman konstantea eta zuzena garatzea. Hiru hilabeteetan jo eta fuego. Denboraren poderioz joaten zara dendari edo tabernari batzuk ezagutzen, ohitzen zara urtez urte jende berarengana joatera... Hori da jaiak guk eta gure baliabideekin landu behar izateak ematen digun onena. Harreman zuzen horrekin jende gehiago ezagutzen duzu, eta auzoaren parte estuago sentitzen zara.
Aurtengo egitarautik zer edo zer nabarmenduko zenukete?
B. Abasolo: Auzolanak batetik, azkenen gure filosofiarekin oso bat egiten dutelako. Gehienetan ilegalak edo behintzat alegalak izan dira. Auzotik eta auzoarentzako egindako ekintzak auzoari onurak ekartzeko eta proiektuak martxan jartzeko.
A. Gebara: Aurtengoa XI. edizioa da. Lehendabiziko urteetan auzolanak egin ziren zenbait espazio oraindik hutsik edo erabili gabe gaude. Borrokaren memoria hauspotzen dugu ere auzolanekin. Egun fuerteena larunbata izaten da. Ginkanarekin hasten gara, ondoren bazkaria, eta amaitzeko Gaztetxeko guatekea. Guatekean piloa dantzatzen dugu, tentsioak eta nekeak askatzen dira eta oso giro polita egoten da.
B. Abasolo: Bazkaria urtero kale ezberdin batean egiten da. Autogestionatua da: gutxi batzuk egoten dira zer edo zer sukaldatzen, eta guk mahai eta aulki batzuk ziurtatzen ditugu, baina auzokideak haien janaria, sukaldatzekoak edo aulkiak eta mahaiak ekartzen dituzte. Oso bazkari koloretsua izaten da. Kalean egiten diren ekintzak ere aipatuko nituzke: zinema, dantzak, kirolak, jolasak. Kalearen erabilera aldarrikapen bat da guretzat, eta antolatzen dena kalean egitea sustatzen dugu.
“Barrio muerto barrio en paz, 11 urtez auzoa eraldatzeko kapaz”. Zergatik lelo hori aurtengo ediziorako?
A.Gebara: Zaharraz Harro!k jaia eta aldarrikapena uztartzen ditu jaiotzatik. Aurten indar berezia jarri nahi izan dugu auzoa bizirik mantentzen duten hamaika ekimenetan, hainbat egoerari aurre egiten dietenak: etxebizitzaren arazoari, munipei, erabili gabeko espazioei, adibidez. Jantzi zapi berdea eta hurbildu Alde Zaharrera!
Madalenetan murgilduta gaudela irakurriko duzue askok artikulu hau, bestela ere pentsatu gure etorkizuneko egunerokoan, jai giro herrikoiak aurrez irudikatzen duen herria baita urte osorako desio dugun herri eredua, deskantsu pixka bat gehiagorekin, noski. Badira urte batzuk... [+]
Alde Zaharreko Ekimeneko Ana Sagastirekin hitz egin du Euskalerria Irratiak, bertako bizilagunek sanferminak nola bizi dituzten ezagutzeko. Bederatzi egunez eta 24 orduz soinua gehiegizkoa eta pixa usaina erabatekoa dela esan du. Jaia eta egunerokotasuna uztartzeko... [+]
Bilboko Konpartsak osatzen duten 27 taldeetatik hamahiruk erabaki dute AEBetako Coca-Cola multinazionalaren produktu guztiak kenduko dituztela haien txosnetatik, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren konplize izatea leporatuta.
Abuztuaren 9tik 17ra izango da Piraten Aste Nagusia, eta aurten "Auzolanari tiraka!" ariko direla adierazi dute. Abordatzea abuztuaren 11n izango da, eta Piraten Egun "berezia", hilaren 15ean.
Bederatzi egun eta gau luzeren ostean, Iruñeak normaltasunera itzuli nahi du Sanferminak ixten dituen azken ekitaldiarekin: Villavesako entzierroa, non gaizki tratatzen den gauza bakarra parte hartzaileen gibela eta osasuna baita. Ekitaldi herrikoi honen ondoren hasten da... [+]
Performance umoristiko batean gurutze batekin masturbatzen ari zarela irudikatzea delitua izan daiteke Espainiako Legearen arabera. Baina normaltzat hartu behar ei dugu, inoiz existitu ez zen norbait omentzea egurrezko panpina bihurtuta, “munduko jairik onenetako”... [+]
Gutxienez hamahiru sexu eraso salatu dituzte hainbat emakumek, horietatik bi "intentsitate handikoak", eta besteak "arinagoak". Mugimendu Feministak gogorarazi du salatutakoez gain "sexu eraso gehiago" egon daitezkeela, eta lanean jarraituko duela... [+]
Mugimendu Feministak deituta, ehunka herritar, ordezkari politiko eta jaietako talde bildu dira uztailaren 13an Iruñeko Gaztelu Plazan. Intentsitate handiko eraso baten eta intentsitate txikiko beste hainbat erasoren testuinguruan egin dute elkarretaratzea. Eraso sexistarik... [+]
Laba, EHE eta Harituk antolatuta, bazkaria Oko Plazako Herri Sanferminak gunean izan da. Bertan, antolaketaren zergatiak azalduko dizkiguten galderak egingo dizkiegu.
Bigarren urtez jarraian Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak "jota aldarrikatzailea" abestu du uztailaren 7an, sanferminetako prozesioan, balkoi batetik. 2024an "elkarbizitzaren ideia faltsuari eta turismoaren negozioaren ondorioei" abestu... [+]
AnimalNaturalis eta PETAk manifestazioa egin dute Iruñeko Udaletxearen aurrean, tauromakia bekatua da lelopean.
Sanferminak ate joka direla, Iruñerriko feministek Alde Zaharreko kaleak zeharkatu dituzte, eraso sexisten aurkako aldarria zabalduz.
Eduardo Ibero, Lidon Soriano eta Dyna Kharrat, Yala Nafarroa Palestinarekin plataformako kideek, 2025eko sanferminei hasiera eman dion suziria piztu dute.
Erasoen aurrean jarduteko protokoloaren garrantziaz mintzatu da Equala berdintasun aholkularitza zerbitzuko Leire Martinez. Eraso baten aurrean zer egin, nora deitu eta nola babestu jakiteko balio du. Iruñeko Peñen Federazioarekin aritu dira elkarlanean aurten ere.
Gasteizko Txosnek gaur aurkeztu dituzte ofizialki 2025eko Andre Mari Zuriaren jaietarako kartela eta musika zein kultur programazioa. Hirugarren urtez jarraian, Entxosnatu, etorri gugana! lelopean, gune autogestionatuak abuztuaren 4tik 9ra egongo da irekita, 40 kontzertu eta... [+]