Zahar-egoitzetako langileei Arriaga plazan informazio-gune bat jartzea debekatu die Bilboko Udalak

  • ELA sindikatuak demanda bat aurkeztuko du Bilboko Udalaren aurka, biltzeko eta manifestatzeko eskubidea urratzeagatik. Udalak Arriaga plazan zahar-etxeetako lan gatazkaren inguruko informazioa emateko karpa bat jartzea galarazi diela eta. Aburto alkateak adierazi duenez langileei ez zaie debekatu asteburuan mobilizatzea. Obra eta Zerbitzuen saileko zinegotziaren premiazko agerraldia eskatu du EH Bilduk. 

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2017ko maiatzaren 26an - 10:57

Bizkaiko zahar-egoitzetako langile grebalariek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko udaletxearen aurrean, Bilboko Udalak "biltzeko eta manifestazioa egiteko dugun eskubidea urratu duela" salatzeko. Izan ere, datorren asteburuan Arriaga plazan kanpaldia egiteko baimena eskatuta zuten, eta "Udalak ukatu egin digu", Ertzaintzaren baimena eduki arren.

Orain dela hilabete bat egin ziztuzten egin beharreko izapideak dagokien erakundeetan, kanpaldiak egin ahal izateko. "Are gehiago, udal ordezkariekin adostu genituen bai ekimenerako lekua baita egunak ere", argitu dute behargin grebalariek.

Informazio-karpa instalatu baino hiru egun lehenago, Bilboko Udalak "ezustean harrapatu" dituela aitprtu zuten atzokoan, "ez baitigu bermatu biltzeko eta manifestatzeko eskubidea". Horren aurrean "aitzakia" jarri dute: "Arriaga plaza pertsona guztientzako jarduerak garatzeko tokia dela, aisialdiarekin eta artearekin loturiko ekintzak egiteko espazioa, eta jende asko igarotzen dela hortik".

Langile grebalarien iritziz, erabaki horrekin Aburto alkateak "isilarazi nahi gaitu, besterik ez, alegia, zahar-egoitzetako sektorean lan-baldintza duinen alde egiten ari garen borroka ezkutatu nahi du".

Izan ere, Arriaga plazan asteburu guztietan egiten dira ekintzak ―gizarte, aisia, jai, kultura, kirol eta erreibindikazio tankerakoak―, eta horiek denek, neurri handiagoan edo txikiagoan, badute beren eragina oinezkoen ibileran. "Baina harritzekoa da gurea izatea, hain zuzen, debekatu dutena".

Biltzeko eta manifestatzeko eskubideari egindako "eraso larri" horren aurrean, langile grebalariek demanda bat aurkeztuko dute epaitegian aste honetan bertan, "gure borroka gizartean ikustarazteko".

Ez da zahar-etxeetako langileek salatzen duten lehen urraketa. Lehenago, gutxieneko zerbitzu "gehiegi" ezarriz greba-eskubidea "itotzen saiatu direla" egin zuten publiko: "Egoitza txikietan erabat eragotziz, eta handietan 10 langiletik 8ri grebarako eskubidea oztopatuz. Eta hori gutxi balitz bezala, orain, Unai Rementeriaren zuzendaritzapeko Foru Aldundiarekin elkarlanean, beste pauso bat ematea erabaki dute, eta pairatzen dugun egoera larria kalean salatzea ere debekatu digute".

Egoera "latz" honetan argi eta garbi esan dute "gure agintariek ez dutela beren helburua lortuko". Ez dutela borroka bertan behera utziko. "Langile grebalariok ez gara geldituko sektoreko langileen eta erabiltzaileen lan-baldintzak eta bizimodu-baldintzak duindu arte".

Orduan zeinek debekatu du?

Grebalariek udaletxeko eskaileretan elkarretaratze zaratatsua burutu zuten bitartean, barruan, Bilboko Udaleko Osoko Bilkuran, oposizioko taldeek galdetuta, Aburto alkateak adierazi zuen zahar-etxeetako langileei ez zaiela debekatu asteburuan Arriaga plazan mobilizatzea. "Orduan zeinek debekatu du?", galdetzen zuen Izaskun Guarrotxena EH Bilduko ziengotziak. "Gezurretan lotsa gabe" aritzea leporatu dio koalizioak Aburto alkateari.

Emandako erantzunarekin pozik ez, eta Ricardo Barkala Obra eta Zerbitzuen saileko zinegotziaren premiazko agerraldia eskatu du EH Bilduk azalpenak eman ditzan.

Albiste hau Bilboko Uriolak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bizkaiko zahar egoitzetako gatazka
2023-10-06 | ARGIA
Bizkaiko zahar egoitzetako langileek 340 euroko soldata igoera lortu dute

Ia bi urtez 68 greba egun egin dituzte Bizkaiko zahar egoitzetako gerokultoreek. ELA eta UGT sindikatuek hitzarmena sinatu dute. 2025ean 1.800 euroko soldata jaso ahal izango dute langileek. Gerokultoreena sektore feminizatu eta prekarizatua da. Bizkaiko langileek 2016 eta 2018... [+]


Berriz ere grebara deitu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek, martxoaren 15etik 24ra

Bizkaiko erresidentzietako ELAko langileek salatu dute patronalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak "bere horretan" jarraitzen dutela. "Zaintzarekin negozioa" egiten ari direla salatu du sindikatuak.


Grebaren azken egunean, Bizkaiko erresidentzietako langileek ez dute baztertzen lanuzte gehiago egitea

Otsailaren 1ean zortzi eguneko greba abiatu zuten Bizkaiko erresidentzietako eta eguneko zentroetako langileek. Lan baldintzen hobetzea eta zentroetan eskaintzen den arreta ereduaren errotiko aldaketa exijitzen ari dira. Asteazkena dute azken greba eguna, baina ez dute... [+]


2021-12-13 | ARGIA
Bizkaiko zahar egoitzetako langileek greba egingo dute lan baldintza hobeagoen alde abenduaren 14an

LAB eta ELAk greba deialdia egin dute abenduaren 14rako eta Bizkaiko zahar egoitzetako 5.000 langile deitu dituzte. Ez dute hitzarmenik adostu urtebete luzeko negoziazio mahaietan.


Eguneraketa berriak daude