Zabortegien kudeaketa ikertzeko lantaldea eratzeari ezezkoa eman diote EAJk eta PSE-EEk legebiltzarrean

  • Zaldibarko zabortegiaren eta antzeko hondakindegi industrialen egoera ikertzeko proposamena egin dute Elkarrekin Podemosek eta PPk, EH Bilduk babestuta. EAJk eta PSE-EEk baina atzera bota dute ponentzia euren botoekin. Jeltzaleen aburuz “Joaquin Beltranen gorpuzkinak aurkitzea” da lehentasuna.


2020ko urriaren 01an - 15:50

Zaldibarko hondamendiaren ostean, horren inguruan duen dokumentazio guztia helarazteko eta zabortegi industrialen egoera eta kudeaketa ikertzeko lantaldea sortzea proposatu dute Elkarrekin Podemos eta PPk alderdiek Eusko Legebiltzarrean. Baina gobernuan daude taldeek atzera bota dute eskaera, euren gehiengoarekin.

EAJko Maria Eugenia Arrizabalagak argudiatu duenez, beste “lehentasun” batzuk daude orain parlamentuko lantalde bat osatu aurretik, hala nola Joaquin Beltranen gorputza aurkitzea edo zabortegien inguruko egoera eta politika "sakonago aztertzea", eta lantalde horrek ez luke azken hori “azkartuko”, bere hitzetan.

EH Bilduk proposamena babestu du eta EAJri aurpegiratu dio argudio horiekin dagokion lana egin nahi ez izatea: “Nor ari da gorputza bilatzen? Zu ari zara? Edo zure lana beste bat da? –galdetu dio Arrizabalagari Mikel Otero EH Bilduko heledunak– Noski dela gobernuaren lana baita ere gorputzak bilatzea edo bilatzen laguntzea, horrek kentzen du hemen batzorde bat sortzea?”. Oposizioko talde nagusiak, hain zuzen, batzorde berezi bat sortzea eskatu du egunotan.

Miren Gorrotxategi Elkarrekin Podemoseko ordezkariak, ondorio garbia atera du gobernuko taldeen jarrera ikusita: "Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa zalantzan jartzen duen ekimen orori betoa jarriko diote, alperra pasako diote".

Aste osoan zehar hainbat mugimendu egin dituzte bai gobernuan dauden taldeek bai oposiziokoek ponentzia horren inguruan, PPren proposamenari osoko zuzenketak egiten. Azkenean, mugimendu horiek medio, EAJk eta PSE-EEk esku artean zuten beste proposamen bat ezin izan dute aurkeztu eta bozkatu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude