Xanti Iparragirreren omenaldian entzundako bertso eta hitzen bilduma

  • Urtarrilaren 4 iluntzean Eskoriatzako udal pilotalekuan bildu zen Xanti Iparragirreren gertuko jendea, azken agurra ematera. Hona ekitaldian entzun ziren hitzak, bertsoak eta testuak.


2022ko urtarrilaren 05an - 11:12
Azken eguneraketa: 13:06
Argazkia: Jaizki Fontaneda / Foku.

Omenaldi hunkigarria egin diote Eskoriatzako frontoian Xanti Iparragirreri. Naiz-en irakurgai Maddi Txintxurretak egindako kronika. Artikulu honetan irakurleak topatuko ditu omenaldian bota zituzten bertsoak eta batak eta besteak irakurri zituzten testuak.

Marixol Iparragirreren hitz hauek entzun ziren megafoniatik:

"Txori hegaldi labur batera geundela esan zenidan Zaballara hurbildu nindutenean. Zu ezin hegaldatu eta ni eraman ninduten, katez zamatuta. Gaur ez dira nire bila etorri. Ohi bezala, maite ditugunei azken agurra ematera bildutakoen artean egoteko aukera ebatsi digute. Horma hauetatik haratago naturan, bila nabil, zure seinale baten bila. Zure presentzia gauzatuko duen zuhaitz, harkaitz edo forma baten bila. Badakit hor zaudela. Sendo, lasai eta duin, eta txapela buruan.

Euria egingo duela iragarri dute. Baina bare eta isil dago dena oraindik. Baina bai, jo dezala haizeak, eta bete ditzala gure birikak arnasa berritu arte. Bota dezala euria, gure malkoek hazi berriak ernaldu arte. Hemen gara, atte. Besarkada bat denoi eta musu bat, ama".

Danel Goikoleak "Xantik erakutsi zigun doinuan" kantatu zuen:

Txapelhandiak gure artean
eman du bere itzala
maisua izan zaitugu eta
ez da suerte makala!
Nola dantzatu erakutsiaz
bizia eta azala
ea guk ere egiten dugun
zuk nahi zenuen bezala.

Hitzak neurtzeko doaiarekin
etorria Añarbetik
etenik bako borrokalari
maite zenuenagatik
oraindik ere ikusten zaitut
so zaudela txapelpetik
argi handi bat piztu diguzu
sasi guztien gainetik.

Jon Sarasuak Txikia zuen guda izena doinuan kantatu zuen bertso hau:

Ume bat, Añarbe baserrian
eskolara inoiz joan ez zena
bizi-ezin baten berri izanda
engaiatu zitzaion barrena
eragile, militante ta maisu
ironia apalik finena
asko emanda luzaz dastatua
emanaren alde mingotsena
hitz gutxirekin esan digu
nor garen, zer den herri-sena.
Harro hadi Kantauri itsasoa
ta egin zan orroa
gutxitan bezala
gogora zan herrigile apalak
lur hauetan ibili zirala
Sortzaileak altzoan hartu eta
lurrak gozo besarka zaitzala.
Orain gugan da bere itzala.

Andoni Egañak bertso hauek kantatu zituen Gogoratuko zara doinuan:

Bakarra dugulako
gure Euskal Herria
Ipar eta Hego ez dugu
bereizi behar ia.
Besarkada bat Xanti,
beroa, larria
mugarik balitz han ta hemen
zara mugarria.
Besarkada bat Xanti,
beroa, larria,
bertsozale guztien
partez ekarria.

Gauekoaren lagun
hontza ta ilargi
noiz sasitan gordeta
noiz zelaira jalgi
euskaraz antzekoak
dira bi esaldi:
argirako bideaz
etsiak aspaldi...
Euskaraz antzekoak
dira bi esaldi:
zu beti izango zara
biderako argi.

Mikel Albisu Antzak testu hau irakurri zuen:

"Sartu naiz Aingeruguardako sukaldean, eta hor dago Xanti; ohi bezala, leiho ondoko bere talaian. Berak landutako zurezko besaulkian jezarrita.

- Zer moduz, Xanti?

- Zu ondo, eta ni?

Hitz gutxikoa zen Xanti. Eta hitz gutxi haietan bazen, gehienetan, dezifratu beharreko zentzu ezkutu bat, norberaren garuna lanean jartzeko gaitasuna zeukana.

- Ikusiko ahal dugu berriz gure señoritie? - Galdetu dit Maria Luisak. Eta nik:

- Bai.

- Etxeko sukaldean, e...! - Zehaztu dit. Eta nik:

- Bai.

Eta Xantik albotik:

- Ikusiko dauenak ikusiko dau.

Ulertu nionez, berak bederen, ez zuela ikusiko aditzera emanez.

20 urterekin alde egin behar izan zuen Marixolek etxetik eta iazko abuztuan, 40 urteren buruan, poliziak zainduta izan bazen ere, berriro ere itzuli zen Aingeruguardara. Duela bederatzi egun, abenduaren 26an, berriro ere ekarri ziguten. Eta igande hartan, gurasoekin ez ezik, familia osoarekin egoteko aukera izan zuen Aingeruguardako sukaldean.

Xantik ia 50 urte betetzeko zeuzkala alde egin behar izan zuen. Atxilotu eta torturatu nahi zuen polizia espainiarretik ihes. Mugaz bestalde ere, joan zitzaizkion hil asmoz, GALen mozorroa jantzita.

Bi hamarkada luze ezkutuan bizia eta gero, itzuli zen Euskal Herriko Nortasun Agiria eskuetan zeukala. Bitarte horretan, etxekoentzat "atte" edo "attitta" izan dena, babes eman zioten etxekoentzat "otto" izan zen eta da. Buruan beti txapel handia zeramalako, beste batzuek txapelas, txapelagaz goitizenez ezagutzen zutena.

Kartzelara bisitan etorri zitzaigun batean, jakin-minak eraginda baina baita gure herriaren historian idatzi gabe geratzeko arriskua daukaten gertaerak biltzeko gogoak bultzatuta ere, galdetu nion nola egin zen Euskadi Eta Askatasunako kide. Azaldu zigun 70eko hamarkadan berak eta lagun batek arratoiak pozoituta hiltzeko enpresatxo bat antolatu zutela eta deitzen zieten lekuen artean Martuteneko kartzela edo poliziaetxeak ere bazeudela. Zumarragako guardiazibilaren kasernatik deia jaso, hara joan, eta zoruko komunaren zuloa handituta ikusi zutela.

- Badakizu? -esan zigun- Atxilotuen buruak hobeto sartzeko egina zeukaten.

- Hori tapatu behar duzue! - esan zien guardiazibilei- Hortik nola ez zaizue ba arratoia sartuko!

Espainiako indar okupatzaileen egoitzetara sartzeko zeukaten erraztasuna gogoan hartuta, joan dira Baionara igande batez eta Paneko kalean gora eta behera ibiltzen hasi dira. Atzo, beilatokira etorri zen herrikide batek ezagutu, eta hurbildu zitzaien arte. Ez dakit orduko hartan txapela jantzita eramango zuen, baina gabe ere, 70eko hamarkadako Lapurdiko hiriburuko kaleetan Xanti handia ez zen oharkabean pasako, ez! Egun hartan hasi eta 2022ko urtarrilaren 2a arte erabatekoa izan da Euskal Herria askatzeko Xantiren ahalegina.

Joan den udan, atzerriko kazetari bat ibili zitzaigun Euskal Herrian gaindi, azken hamarkadetako gertaerak ulertu eta azaltzeko helburua izango duen lan baterako iheslari eta preso ohiak elkarrizketatuz. Hark kontatu zidan Aingeruguardan egona zela Xantirekin hizketan. Galdetu dio kazetariak zer iritzi duen ETAren desegiteaz, eta Xantik:

- A, baina desegin da?

Kazetariak harrituta:

- Tira, agiri bat atera zen...

- A bai, noski... Hori bai. Baina dena-dela, ondo begiratu behar duzu zer esan nahi duen ETA siglak: Euskadi eta askatasuna. Hori da garrantzitsua.

Aingeruguardako sukaldean hizketan, Arroz Urez nire liburuaren esanahiari buruz ari natzaio. Irribarre murritz bat egin, eta zeharka begiratuz galdetu dit:

- Zuk zergatik uste duzu jarri niola nire liburuari Biziaren Azala izenburua?

- Ba ez dakit -aitortu nion.

- Mamiaz ezin delako hitz egin.

Agur eta ohore, Xanti gudari. Eta gora bihotzak ere, beti".

Atzerrian den Larraitz Iparragirre alabaren ahotsa entzun zen megafoniatik:

"Ez zaizu bizitza erraza tokatu. Gerrako izu eta goseak, sasiko bakardade eta ihesak, eguneroko lubakitik borrokatzen duenaren amorru eta ezintasunak... Lokatzaren erdian, baina, lorerik ederrenak: egun eguzkitsu batzuk, bertso zahar eta berriak, garaipen txiki eta handiak, maitasuna, adiskidetasuna, borrokari emandako bizitzak dakarren asetasuna.

Geografian urrun, baina gertu ezagutu zintudan eta berdin agurtu zaitut. Nirekin dauzkat Baiona Ttipiko jolasen oroitzapenak, ibilaldiak, zure isilune luzeen ertzetako irri mehea eta txapelaren gerizpetik botatako begiraden txinparta.

Handia da gero uzten duzun hutsunea. Urte luze hauetan zein azken egunetan jaso dugun maitasun eta babesa bezainbestekoa. Eskerrik beroenak gaur hurbildu zareten guztioi. Hau posible egin duzuenoi, egun hauetan Marixoli maitasun eta indarra helarazi dizuenoi. Eskerrik asko zuri, aita, zure bizitzak bildu gaitu gaur hemen-eta. Agur eta ohore, jo ta ke".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Bertsolaritza
2024-04-09 | Bertsozale.eus
Apirilaren 25ean hasiko da Gipuzkoa Bertsotan, Eskoriatzan

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sailkapen fasea hastera doa: 20 saio jokatuko dira, bi itzulitara. 74 bertsolari ariko dira kantuan, eta horietatik 48 sailkatuko dira bigarren itzulirako; udazkenerako txartela, aldiz, 34 bertsolarik lortuko dute.


2024-04-08 | Cira Crespo
EUROPAKO TXIKI(TU)AK
Bertsolari ijitoak


Aroa Arrizubieta txapeldun

Manex Agirre txapelaren ertzean


Larunbatean izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala

Gasteizko Printzipal Antzokian izanen da Arabako Bertsolari Txapelketaren finala, 17:30ean. Ez da inoren estreinako aldia izango finalean.


Eguneraketa berriak daude