Verter: 23 arau-hauste azken ikuskaritzan, ia denak kutsatzeari eta hondakinak gaizki kudeatzeari lotuak

  • Otsailaren 18an Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak Diputazio Iraunkorreko saioan agerraldia egin zuen. Bere hitzartzearen txostena helarazi zien hedabideei, eta bertan dago Zaldibarko zabortegian egindako azken ikuskaritzak aurkitu zituen okerduren berri.


2020ko otsailaren 20an - 06:07

2019ko ekainaren 10ean eta uztailaren 10ean ikuskaritza bisita programatuak egin zizkion Verterri. Aktan 23 okerdura aipatzen dira, horietako bat ere ez larria.

Ikuskaritzaren ondorioz, irailaren 16an errekerimendu bat bidali zitzaion enpresari, 30 egun emanaz dokumentatu dezan okerdura horiek zuzendu dituela edo bestela, laster zuzentzeko neurriak hartuko dituela adierazi dezala. Errekerimendu horretan abisu ematen zaio enpresari okerdura horiek arau-haustea ekar dezaketela, eta zigor expedienteari lotuko litzaizkiokeela.

Okerdura horietatik, hauek dira konpontzea eskatzen dutenak (aldaketa horiei "arina" kalifikazioa ematea, noski, Ingurumen sailarena da):

1.-Ez da jakinarazi egin den eraldaketa "arina" bolumen handiko hondakinen xehetzean.

2.-Ez da jakinarazi egin den eraldaketa "arina", hondakinak pilatzen diren zuloaren ondoko eskuineko ezpondan egin den lur betelanaz.

3.-Ez ditu zabortegian sortutako gasak jasotzen eta/edo tratatzen.

4.-Ez du lurgaineko uren kontrola eskatzen den maiztasunez egiten.

5.- Akatsak dauden lurgaineko eta lurrazpiko uren analisi txostenetan: metal disolbatuak neurtzen dira eta ez metal guztiak.

6.-Urak isurtzerakoan esangura gutxiko parametro batzuk gainditzen dira (Gipuzkoako Urak).

7.-Lixibiatuetan esangura gutxiko parametro batzuk gainditzea, urak beherago.

8.-Balorizazio plantan tratatutako eraikuntza eta eraiste hondakinen muga gainditzea.

9.-Eraikuntza lanetan RCDak gainditzea.

10.-Kanpoan pilatu izan butano bonbona hutsak, su-itzaltzekoak eta bateriak.

11.-Hondakin batzuk eliminatu izana, justifikatu gabe balorizatzeko modurik ez zegoela.

12.-Ez du oinarrizko karakterizaziorik egiten Europako Hondakinen Legeak (EHL) 191212 zenbakiz katalogatutako hondakinetan.

13.-Ez du oinarrizko karakterizaziorik EHLek XXXX99 kodean onartzen dituen hainbat hondakinentzat.

14.-Ez du karakterizaziorik egiten ispilu-sarrera duten hondakinen arriskuari buruz. Lur eta harri ezberdinak, EHL 170504 kodeak zehaztutakoak baino.

15.-Balorizatu daitezkeen hondakin hauek sailkatzeko baldintzak ez ditu betetzen: papera, kartoia, egurra, plastikoak, ontziak.

16.-Hondakinak pilatzen diren zuloaren ezker hegaleko oihal inpermeabilizatzaileak urratuta daude.

17.-Kanpoan pilatu izana hondakin arriskutsuak (garrafak, eta granelen ontziak) hondakin arriskutsuen ondoan.

18.-Ingurumen Baimen Bateratuan agertzen ez diren hondakin arriskutsuak edukitzea. Aparatu elektriko eta elektronikoak EHL 200123 eta 200135.

* Gainerako 5 okerduren zehaztasunik ez du eman Arriolak. Ingurumen sailak oker hauek denak larritasun maila arinekotzat ditu, bat ezik: 14.a, alegia, kodeak zehaztutakoetatik ezberdinak diren lur eta harri ezberdinak izatea. Arriolak ez du zehazten zein diren aurkitutakoak, kode horretan sartzen ez direnak.

Gasak eta kutsadura ez zituen zuzendu enpresak

2019ko urriaren 11n enpresak erantzun zuen okerdura hauek guztiak zuzendu zituela bi ezik: gasak bildu eta tratatzea antortxan (metanoa erre egin behar dela dio 2013an eraldatutako Ingurumen Baimen Bateratuak), izan ere martxan egonik, denbora gehiago behar dela konpontzeko. Isurketa mailaren bat gainditzea ere ez dute zuzendu. Arriolak ez du azalpenik ematen zein isurketa eta zein mailakoa ari ziren egiten.

Azaroaren 4an ikuskaritza txosten publikoa egin zuen Ingurumen sailak eta betetze maila baxua egotzi zitzaion zabortegiari. Arriolaren arabera, okerdura asko zirelako ezarri zitzaion kalifikazio hori, ez horietakoren bat larria zelako (gogoratu 5 okerduraren berri ez duela eman oraindik).

Ingurumen zuzendaritzako ikuskaritza zerbitzua, zigor espedientea irekitzeko txostena prestatzen ari omen zen otsailaren 6an zabor-jauzia izan zenean. Arriolak esan du otsailaren 14an iritsi zaiola txosten hori berari, arduradun moduan, eta sinatu egingo duela. Zigor espediente horretan iragartzen omen du ikuskaritzak, bigarren zigor espediente bat prestatzen ari direla, zabortegia erori izanagatik.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude