Uztailaren hasieran egingo dira selektibitateko probak

  • EHUko fakultateak, ikastetxeak eta Barakaldoko BEC eraikina baliatuko dira Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketak egiteko. Lehendabiziko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an gauzatuko da. Bigarrena, aldiz, hilaren 20, 21 eta 22an. Hezkuntza esparruko eragile ugarik euren aldarrikapenak plazaratu dituzte azterketaren baldintzei dagokionez.


2020ko ekainaren 12an - 12:45
Ikasleak selektibitateko frogan. Argazkia: euskadi.eus

Euskal Herriko Unibertsitateak informatu duenez, uztailaren hasieran ekingo diote ikasleek selektibitateko frogei. Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (USE) azterketaren ohiko deialdia uztailaren 6, 7 eta 8an izango da. Ezohiko froga, aldiz, hilaren 20, 21 eta 22an gauzatuko da. EHUren fakultateak, bigarren hezkuntzako hainbat hezigune eta Barakaldoko BEC zentroa izango dira azterketarako prestatuko dituzten guneak.

EHUren hitzetan, “azterketa berrantolatzeko lanetan” aritu dira azken hilabeteotan. “Mugikortasuna eta pertsonen arteko distantzia” izan dituzte prebentzio eta segurtasun neurrien afera nagusi. Horregatik, proba aurrera eramateko protokoloa luzatuko die unibertsitateak ikastetxeei. Hala nola, maskararen erabilpena eta segurtasun distantziak errespetatzea. Bertaratzen diren guztiek eskuak urarekin eta xaboiarekin edota bertan eskainiko den gel hidroalkoholikoz garbitu beharko dituztela ere ohartarazi dute.

Edukiari lotuta, ikasturte hasieran ezarritako ereduak, orientabideak eta ebaluazio eta zuzenketa irizpideak mantentzen badira ere, azterketak “berregituratu” egin direla eman du aditzera EHUk. Horrek bi helbururi erantzuten diola dio unibertsitateak: “azterketa malgutzea” eta “aukera berdintasuna bermatzea”. Berregituraketa horrek azterketa bakoitzaren “hautazkotasuna handitzea” suposatuko omen duela jakinarazi dute.

Eragileen eskakizunak

Gora Ikasleon Borroka, LAB, Steilas, FeSP UGT, Sortzen, Ikastolen Elkartea eta Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak administrazioari “aldebakartasunez” jokatzea eta ikasle ugari "ezjakintasun eta informazio faltan” uztea egotzi diote. Azterketa “baldintza duinetan” egitea aldarrikatu dute manifestu bateratuan. Birusaren aurrean “segurtasuna” eta ebaluazioari begira “aukera berdintasuna” eskatu dute ikasleentzat. Ikasle Abertzaleek, bere aldetik, joan den apiriletik aldarrikatu dute "ohiko selektibitate eredua bertan behera geratzea”, hots, “ikasleei erraztasunak emango dizkien ebaluazio modua aplikatzea”. Honakoak izan dira egin dituzten eskakizun zehatzak: "daten aurrerapena", "ikasle guztiek klase presentzialetan emandako edukiarekin egitea" eta "azterketa presentziala izatea".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Selektibitatea
Elkarretaratzeak egin dituzte selektibitatearen aurka Hego Euskal Herriko campusetan

Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko mekanismoa dela salatu du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Bitarteko gutxien dituzten ikasleen heziketa prozesuan oztopo bat gehiago dela azpimarratu dute.


16.722 ikaslek ekin diete unibertsitatean sartzeko probei

Urtero moduan, unibertsitatera sartzeko probak egiten hasi dira Hego Euskal Herrian, 3.822 ikasle aurkeztu dira Nafarroan eta 12.900 Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan.


"Ikasleon etorkizuna proba bakar batean jokatzera kondenatzen gaituen unea heldu da"

Unibertsitatean sartzeko proba egingo dute laster Euskal Herriko milaka ikaslek. Lehia sustatu eta memorizazioa lehenesten duen proba dela salatu du Ikama ikasle mugimenduak: “Espektatiba eta desira jakin batzuk sortzen ditu ikasleongan, etorkizuna gure esku dagoela... [+]


2020-06-23 | ARGIA
Nafarroan gaur hasiko dituzte unibertsitatera sartzeko frogak

Ekainaren 23tik 26ra egingo dituzte selektibitateko azterketak, aurreko urteetan baino bereziagoak izango direnak. Ikasle eta irakasleek osasun neurri bereziak hartu beharko dituzte eta galdera gehiagoren artean aukeratu ahal izango dute, hirugarren ebaluazioan aurrez aurreko... [+]


2020-06-18 | Arrosa Sarea
Lier (Gora Ikasleon Borroka)
"Ikasleon hitza ez da kontuan hartu selektibitatearen inguruko neurriak hartzerakoan"

Selektibitatea hurbiltzen ari da, eta ezjakintasuna nabaria da.


Eguneraketa berriak daude