Usurbilen Ucin lantegiak eragindako kutsaduraren kontra mobilizatuko dira ostiralean

  • Usurbilen, muturren aurrean eraikitzen ari zaizkien Zubietako erraustegiaz gain, beste kutsadura iturri batek ere kezkatzen ditu herritar asko: Ucin aluminio industriak isurtzen duenak. Herritarren kexuei agintariek jaramonik egiten ez dietela eta, mobilizazioa deitu dute ostiralerako, uztailak 20, Mikel Laboa plazan.

Ucinen lantegiak Usurbilen aluminioa ekoizten du bobinatan. (Argazkia: Noaua)

2018ko uztailaren 19an - 12:10
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Usurbildarrak aspalditik dira kexu Ucinek eragiten dituen usain txarrengatik. Atxegalde auzoan nozitzen dituzte gehien, 634 errepidearen beste aldean baitaukate fabrika, baina herriko kaxkora ere iristen dira ke eta usainak. "Urteak daramatzagu UCINek atmosferara isurtzen duen ke kutsatuaren ondorio larriak jasaten", salatu du usurbildar talde batek etxez etxe banatu duen agirian. "2004ean jaso zituen udalak herritarren lehen kexak. Geroztik, hamalau urte luze pasatu dira, eta herritarrok aurkeztutako kexa kopurua izugarria da. Nahikoa da. Nazka, nazka eginak gaude".

Herritarron ustean, Ucin eten gabe ari da jolasean ikuskapenak egiteko eskuduntza daukan Usurbilgo udalarekin, batean hitza eman eta hurrengoan jan, eta Jaurlaritzak ere ez du bere obligaziorik betetzen: "Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak, berea duen papera betetzen du: ingurumena babesteko itxura plantak egin txostenetan, eta gero praktikan, aukera duen guztietan,  beste aldera begiratu, enpresarioa ez kaltetzeko. 2010ean enpresari eman zion Ingurumen Baimeneko txostenean jasotzen duena, gero, ez du UCINek betetzen, baina Ingurumen Saileko teknikariak beti oso lanpetuta daudenez, ikuskapenik ez dute egiten, ez zaie isurketei inongo jarraipenik egiten".

Herritarrok idatzian usurbildarrei dei egiten diete ostiral arratsaldeko 19:00etan Mikel Laboa plazan elkartu eta protesta azaltzera honako leloon inguruan: “Ez etsi, UCIN-i hortzak erakutsi”. “Errausketarik Ez, Ez Zubietan, Ez UCINen, Ez inon”.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2025eko irailaren 3
Plastikoaren birziklapenaren iruzurra
Industria petrokimikoaren 'gerrillariak' Genevan

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!