Tuterako Udalaren traben gainetik, zonifikazioaren aurkako eguna egingo dute larunbatean

  • Urriaren 22an egun osoko egitaraua antolatu dute Errigora, Agerraldia eta Hordago herri ekimenek, euskara ardatz hartuta, baina ostegunean jakinarazi dute udalaren traben erruz ezingo dutela aurreikusitako Deskontrolen kontzertua egin. Halere, 17:30ean Tuterako kaleak hartuko dituzte manifestazioan, Zonifikazioari hordago. ¡Que viva el euskera de Cortes a Bera! lelopean.

Tuterako kaleetan egingo dute manifestazioa, Hordagok deituta. / Argazkia: Hordago.

2022ko urriaren 21an - 09:12
Azken eguneraketa: 10:42

Larunbata izango da Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskaltzaleak batzeko eguna, eta denen artean zonifikazioari aurre egiteko hainbat ekintza antolatu dituzte. Errigorak goizean auzolana prestatu du Ablitasen, urtero bezala, nafar ekoizleen uztarekin betetako saskiak osatzeko. Arratsaldean, berriz, Tuteran izango dute hitzordua, Hordago herri ekimenak manifestazioa antolatu baitu zonifikazioa ezabatzea eta nafarren eskubideak exijitzea xede. Norbanakoez gain, manifestazioarekin bat egin dute hainbat eragile, talde politiko eta sindikatuk.

Jarraian elektrotxaranga eta Deskontrolen kontzertua iragarri zituen Agerraldiak, baina ostegunean jakinarazi dute Tuterako Udalaren oztopoekin ez dagoela baldintzarik “kontzertu jendetsu, alai eta partehartzailea egiteko”. Hiru ekimenek Euskalgintzaren Kontseiluarekin eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiarekin batera eman dute prentsaurrekoa, eta salatu dute ez direla bakarrak udalaren trabak jasan dituztenak kultur ekitaldiak antolatzeko. Zehaztu dute maiatzetik daramatela baimenak eskuratzeko prozesu luzean, baina udalak oztopoak besterik ez dituela ipini.

“Minduta bai baina ez diogu hau penatuta. Izan ere, udaberrian, baldintza egokiak ziurtatuta, egin egingo dugu kontzertua. Tutera eta Erriberako euskaltzaleok nahi dugulako eta beharrezko jotzen dugulako. Jendetsua, alaia eta partehartzailea izango da; euskaltzaleon ekimenez plazaratua eta euskararekiko fobiarik ez duten guztiei irekia”, azpimarratu dute antolatzaileek.

Eragileek azpimarratu dute "bat egiteko garaia" dela: "Bada garaia Nafarroa hegoalde eta erdialdeko sektore zabalak euskararekin berradiskidetzeko eta euskararentzat aldekotasun berriak biltzeko". Zonifikazioari hordagoa botako diote, euskaldunek ez ezik euskararen aldeko jarrera duen herritar orok; Hordagok ekimen zabala izatea du helburu, herritarren eskubideak defendatzeko asmoz. Horregatik, leloa ere nafar hegoaldeko eta erdialdeko pertsona guztiei zuzenduta dago: ¡Que viva el euskera de Cortes a Bera! ozen aldarrikatuko dute Tuteran.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zonifikazioa
2024-02-29 | ARGIA
Euskalgintzaren Kontseiluak dio euskara "mespretxatzen eta gutxiesten" duela Nafarroako Kontseiluak

Eremu mistoko Osasunbideako zerbitzuetako lanpostuetan euskararen ezagutza meritu gisa baloratu ahal izatearen aurka agertu da Nafarroako Kontseilua azken irizpen batean. Otsailaren 21ean eman zuen argitara. Aldiz, ingelesa, frantsesa eta alemanaren ezagutzak puntuatzen du... [+]


2023-02-13 | ARGIA
Zonifikazioaren aurkako aldarria egin dute Mañerun, eremu mistora sartzeko ezetza jaso ondoren

Mañeruko herritarrek, udalbatzak babestuta eta Hordago taldeak deituta, elkarretaratzea egin dute zonifikazioaren aurka. Hamar egun pasatu dira eremu mistoan sartzeko proposamenari atea itxi ziotenetik Navarra Sumak eta PSNk.


2023-02-02 | ARGIA
Mañeru eremu mistora pasatzea eragotzi dute PSN eta Navarra Sumak, eta euskarafobia leporatu diete kalean

Mañeru eremu "ez euskaldunetik" mistora pasatzeko eskaria egin du aho batez udalbatzak urtarrilean, eta horretarako Nafarroako Parlamentuan gehiengoaren babesa behar du. Ostegunean egin dute bozketa, eta bertan behera gelditu da udalbiltzaren nahia PSNek... [+]


Eguneraketa berriak daude