Turismoak beroketa globala bultzatzen duela azpimarratu du ikerketa batek

  • Berotegi efektua eragiten duen gas-igorpen globalaren %8 turismoari dagokiola azpimarratu du garraioa, janaria, ostatua eta bidaiarien erosketak kontutan hartu dituen ikerketa batek, Le Monde Diplomatique-k jaso duenaren arabera.


2018ko maiatzaren 8an - 16:38
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Australia, Txina eta Indonesiako zenbait ikerlarik astelehenean Nature Climate Change aldizkarian argitaratutako ikerketa batek jakinarazi duenez, turismo globalak eragiten duen “karbono arrastoa” kontuan hartzekoa da. Ikerlariok aztertutakoari jarraiki, turismoa da berotegi efektua eragiten duen gas-igorpen totalaren %8 ingururen arduraduna, aurreko kalkuluak baino hiru aldiz handiagoa den ehunekoa izanik.

Jasotako emaitzak lortzeko ikerketa honek izan duen originaltasuna, ikuspuntuari dagokionez, hurrengoa izan da: garraioarekin zuzenki lotutako igorpenak (hegazkinek darabilten kerosenoa edota autoen gasolina edo diesela) bakarrik ez, bidaiariek kontsumitutako ondasun eta zerbitzuekin lotura dutenak (catering-ak, hotelak edo erosketa askotarikoak kasu) ere aztertu dituzte. Ikuspegi hau kontuan hartuta ehun eta hirurogei herrialderen artean 2009-2013 epe-tartean emandako fluxu turistikoaren gaineko datuak bildu dituzte ikerketa honetan Menfred Lenzen (Sidney-ko Unibertsitatea, Australia) eta ikerketan berarekin aritu diren lagunek. Hauen arabera, sektore turistikoari dagozkion gas-igorpenak igo egin dira, 2009ko CO2aren baliokide ziren 3.900 milioi tonatik 2013ko 4.500 milioi tonara.

Nazioarteko bidaiak baino karbono igorpen iturri handiagoak dira herrialdeen baitan egiten diren bidaia eta egonaldiak, ikerketaren arabera. AEB dago gas-igorpenen zerrendan lehenengo postuan, “turismo igorpen” izendaturikoen laurdenaren arduraduna baita. Hauen atzetik doaz lehenengo 10 herrialdeen zerrendan Txina, Alemania, India, Mexiko, Brasil, Kanada, Japonia, Errusia eta Erresuma Batua. Ikerketaren autoreek uhartetar estatuen egoeraren gainean arreta jartzera dei egiten dute, Maldivak, Seychelleak, Maurizio eta Zipre helmuga exotiko ezagunak izanik CO2 igorpen nazionalen %30etik %80ra artean sortzen baitu masa-turismoak.

Ikertzaileen arabera, turismoaren sektorean karbono arrastoa murrizteko xedez orain arte egindako ahaleginak ez dira nahikoak izan kurba leheneratzeko. Epe ertainera gainera, garapen bidean dauden herrialdeen bizi-maila hobetzeak eragiten duen mundu mailako turismoaren etengabeko hazkundea dela medio, badirudi ingurumen-inpaktua larriagotu egingo dela. Egoera hau izanik, irtenbide bakarra karbonoari bidaiaren kostua handiagotzen duen zerga inplementatzea litzatekeela diote ikerlariek.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kutsadura
2025eko irailaren 3
Plastikoaren birziklapenaren iruzurra
Industria petrokimikoaren 'gerrillariak' Genevan

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!