AEB

Trumpek oraindik bi hilabete dauzka AEBetako presidente gisa erabakiak hartzeko

  • Donald Trumpek Etxe Zurian jarraituko du urtarrilaren 20ra arte orain arte izan dituen botere eta eskumenekin. Eta hauteskundeen emaitzak ezagutu ahala hartu duen jarrerari erreparatuz gero, AEBetako zenbait hedabide hitz egiten hasi dira jarduneko presidentearen estrategia bikoitzari buruz: batetik, hauteskundeen emaitzak auzitan jartzea azken egunera arte; eta bestetik, presidentetzari behin betiko agur esan aurretik herrialdea baldintza dezaketen erabakiak hartzea.


2020ko azaroaren 9an - 09:49
Emaitza azken minuturaino eztabaidatzea eta bere buruaren aldeko erabakiak hartzea uztartu ditzake AEBetako jarduneko presidenteak datozen bi hilabeteetan (argazkia: Gage Skidmore).
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Lehenengoaren inguruan zalantza ugari dago, baita Trumpen ingurukoen artean ere, CNN telebista kateko iturriek jakinarazi dutenez. Rudy Giuliani New Yorkeko alkate ohi eta aholkularia buru duen  talde legalak kontaketa-aretoetan behatzaile errepublikanoei sartzea galarazi dieten kasu zehatzak dituela dio, baina kontrako aldean, kaltetutako estatuetako agintariek –haietako batzuk errepublikanoak–, adierazpen horiek gezurtatu dituzte eta legeen alorrean trumpistek planteatutako lehenbiziko batailek ez dute eragin handirik izan.

Estatu bakoitzeko behin betiko emaitzak abenduaren 8a baino lehen egon behar du baieztatuta, balizko helegite eta auzi guztiak ebatzita. Baina kontuan izan behar da AEBetan hautesleek ez diotela zuzenean presidenteari botoa ematen, Hauteskunde Elkargoan euren estatua ordezkatuko duten pertsonei baizik eta, hori dela eta, ezinbestekoa dela egun horretarako argi egotea nortzuk diren ordezkari horiek.

Hauteskunde Elkargoa abenduaren 14an bildu behar da estatu bakoitzeko ordezkariek euren botoak eman ditzaten, eta urtarrilaren 6an AEBetako Kongresuko bi ganberen saio batean zenbatuko dira. Mike Pence presidenteordeak emango du presidentearen berri Senatuko presidente gisa, eta agintaldia urtarrilaren 20an hasiko da.

Trumpen jokabideak baldintzatuko du bitarte horretan gerta daitekeen guztia. "Datozen bi hilabeteetan azken lau urteetan baino gauza gehiago ikusiko ditugu", adierazi du Miles Taylor aholkulari ohiak Washington Post egunkarian.

Gobernu-taldeko kideen artean "purga" berri baten zurrumurru etengabeez gain, litekeena da Trumpek bere eskumenak erabiltzea indultuak emateko edo etorkizuneko edozein ikerketaren aurrean bere buruari immunitatea emateko. Presidentea ikertzen aritu den Andrew Weissmann fiskal ohiak Washington Post-i adierazitakoaren arabera, baliteke Trumpek kargua utzi arteko tarte hau baliatzea bere burua, ingurukoak eta bere negozioak legez babesteko.

Azkenik, kontratazio publikoen bidez hurrengo administrazioa baldintzatzeko neurriak ere har ditzake Trumpek datozen bi hilabeteetan, beste alderdi bateko presidentea bulegoan sartzen denean potentzialki haren kontra egin dezaketen langile publikoz inguratuta egon dadin. Gauzak honela, Joe Biden presidente hautetsiaren taldeak ez du inolako laguntzarik espero trantsizio ordenatu bat egiteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
2025eko abenduaren 17
Venezuelaz

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!