Tripako mina izateraino

Argazkia: DOKE antzerki taldea

2023ko urriaren 13an - 10:00

Hemen ez du inork ordaintzen

Autorea: Dario Fo.

Itzulpena: Josemari Velez de Mendizabal.

Zuzendaria: Vene Herrero.

Aktoreak:  Maider Alcelay, Itziar Rosado, Xabi Latorre, Garbiñe Nuñez, Arantza Ezkurra, Mariasun Pagoaga, Itsaso Nuin, Asier Alonso.

Konpainia: DOKE antzerki taldea

Noiz: Urriaren 8an.

Non: Aretxabaletako Zaraia aretoan.

------------------------------------------------

Txakurren jana bazkaltzeak eragin dezake, goseak edo emanaldiaren hasieratik amaierara bitarteko barre algarek: tripako mina.

Dario Fo: aktore eta dramaturgo italiarra, bere lan politikoengatik ezaguna, gai serioak satiraz, umorez eta modu nahikoa esplizituan adierazteko abilezia duena. Arte eszenikoak maite dituen ororentzat opari bat da Hemen ez du inork ordaintzen bezalako obra bat ikustea gaur egun, eta euskaraz, gainera. 1974an argitaratutako lana da, berez, gaurkotasun handia duena. Krisi ekonomiko batean kokatzen du istorioa. Prezioak gora egiten ari dira etengabe, soldatak jaitsi eta kaleratzeak gertatzen. Antoniak, auzoko gainerako emakumeekin batera, jakiak lapurtuko ditu supermerkatuan, zalaparta eraginda. Bere lagun Margaritari kontatuko dio gertatutakoa, baita elikagaiak eskaini ere. Bi horiek haurdunaldi goiztiarra dutela asmatzen hasiko dira Poliziaren aurrean, baita haien senarren aurrean ere, eta gezurra handitzen joango da, gehiegikeriara eta absurdora iritsi nahian. Juanek, Antoniaren bikotekideak, nahiago du gosea pasa janaria lapurtzea baino, langilearen sakrifizioaren eta betebeharraren izenean. Dena hasiko da korapilatzen, Polizia baitute atez ate etxeak miatzen. Barreek gezurren tamaina hartuko dute.

Kontrastea dakarten pertsonaiak ditugu, ongi finkatutakoak, dramari hamaika zertzelada emateraino, pertsonaien garapen interesgarriago baterantz eta ikusleari hurbilagoa den zerbait erakutsi nahian, istorioaren parte eginez: suminduta dagoen emakumea, beldurrez baina berdina egiten duen laguna, ezkertiar kontsideratzen den senarra, soldata igotzeko borrokan dagoen laguna, polizia enpatikoa eta guardia zibila.

Lanak helburu argia dauka: kapitalismoa seinalatzea eta publikoa langile klasearen botereaz jabetzea, subjektu horrekin identifikatzea. Langabezia eta inflazioa aitzakia hartuta matxinada aipatzea, kontrola bereganatzeko beharra, alderdi politikoek eta sindikatuek kaka-zahar guztia kudeatzen saiatzen ari diren bitartean, lasaitasuna eta ordena hori mantentzen. Emakumeen ahotsetik hitz egiten du, gainera, haiek baitira, orokorrean, erosketak egiten dituztenak eta hortaz, prezioen igoerak lehen lerrotik ezagutzen dituztenak. Haiek dira protagonistak eta borroka abiatzen dutenak, proletalgoaren mesedetan. Honi dagokionez, izenburua ezin-hobea da, “inork” dioenean “denok” esan nahi duelako. Eszenan azaltzen ez diren arren auzoko emakume guztiak aipatzen dituelako, senarrekin hitz egiten amaitzen dutelako gero, ugazaben esplotazioaren eta kapitalismoaren pare kokatzen duelako proletalgoa osorik. Guztiak ari dira Poliziaren eta aurreiritzien aurrean gezurretan. Horrek ematen dio Dario Foren obrari zentzua: ez dela soilik kontakizunean gelditzen eta erabaki artistiko orok baduela oinarri politiko eta sozial bat. Obra arina, dibertigarria, sakona eta esanguratsua da aldi berean.

Antzezlana ikusteko aukerarik ez baduzu, gidoia irakurtzea gomendatzen dizuet.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
Zubiburu mahai ingurua. Daniel Landart eta Arantxa Hirigoen
“Antzerkia emana izateko da, gordetzeko baino”


2024-05-29 | Reyes Ilintxeta
Estefanía de Paz Asín
“Hildakoak erreskatatzera eta berpiztera etorri naizela sentitzen dut”

"Garai batean, nire herrian, kateme guztiek Remigia izena zuten, kateme belaunaldi oso bat, Iruñeko ikuspegi panoramiko ederrenak konkistatu zituztenak”. Horrela hasten da Remigia Etxarren funanbulistaren bizitza kontatzen duen Argako erregina antzezlana... [+]


Eguneraketa berriak daude