Trapagarango Amazon Flex instalazioko langileak autonomo faltsuak direla salatu du UGTk

  • Amazon Flex enpresako langileak autonomoak ez direla salatu du UGT Euskadik, multinazionalak Trapagaranen (Bizkaia) duen instalazioko langileen “kontratazioetan iruzurrak” izan direla argudiatuz.

Amazonen Lezamako instalazioa.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

UGT Euskadik salaketa jarri du Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren aurrean, Amazon Flex enpresak duela gutxi Trapagaranen ireki duen instalazioan autonomo faltsuak daudela esanaz. Sindikatuaren esanetan, langileak autonomo izatera “behartzen” ditu multinazionalak, Amazonek berak aukeratzen baititu banatzaile bakoitzak banatu behar dituen paketeak, eremuak eta ordutegiak.

Sindikatuak salaketak jarri ditu Madrilen eta Valentzian, hango Amazonen instalazioetan ere autonomoak izatera behartzen omen baitituzte langileak. Amazonek dena ukatu du, eta borroka legalean murgilduko dela adierazi du.

Langileak Gizarte Segurantzaren Erregistro Orokorrean izena emanda egon behar direla esan dute, eta ez, orain dauden bezala, RETA autonomoen erregistro berezian. Horrez gain, sindikatuak gehitu du langileen kontratuak Bizkaiko Errepideetako Merkantzia Banatzaileen hitzarmenarekin bat egin behar duela, edo bestela Amazonen hitzarmenarekin. Kasuaren nolakotasunak ikusita, Glovo, Deliveroo edo Ubereats bezalako enpresek erabiltzen dituzten “trikimailu” berberak erabiltzen dituztela esan dute.

UGTren eskakizunak

Instituzioen berehalako inplikazioa eskatu du, eta Espainiako Lan Ministerioari eskatu dio langileen eta Gizarte Segurantzaren aurkako iruzurrak ahalik eta lasterren geratzeko mekanismoak martxan jar ditzala, “estatuaren sistema produktiboko hainbat sektorerengan eragina” duela argudiatuz: “Enpresa handiek gizartearekin eta ekonomiarekin duten ardura ekiditen jarraitzen dute, eta ezin dugu gehiago itxaron”, dio sindikatuak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Prekarietatea
Eguneraketa berriak daude