Tortura eta polizia lotzen dituen marrazki bat zentsuratzen saiatu da Ertzaintzako ERNE sindikatua

  • Getxon Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin lotuta antolatu duten erakusketako lan bat ez da ERNE Ertzaintzako sindikatuaren gustukoa eta erretiratzeko eskatu du, polizia torturarekin lotzen duelako.


2019ko abenduaren 04an - 10:43
Elihu Duayer artista brasildarrak egindako lanak asaldatu du ERNE sindikatu poliziala.
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Ertzaintzako ERNE sindikatuak zentsuratu egin nahi izan dituela salatu du nazioarteko komikigileak biltzen dituen Cartoon Movement elkarteak. UNESCO Etxearen eskutik Getxon ikusgai dagoen erakusketa batek haserretu du polizia autonomikoaren sindikatua: Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalarekin lotutako 30 marrazki ikus daitezke bertan eta, Cartoon Movementek bere webgunean esplikatu duenez, Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoarekin lankidetzan egindako proiektua da.

Erakusketako irudi bat, Elihu Duayer artista brasildarrarena, ez da, ordea, ertzain batzuen gustukoa. Giza Eskubideen Adierazpenaren 5. artikuluarekin lotuta –torturaren eta tratu txarren biktima ez izateko eskubidea–, hiru polizia marraztu zituen Duayerrek istiluen kontrako uniformez jantzita eta Giza Eskubideen Adierazpenaz barre egiten.

Cartoon Movementek salatu duenez, ERNEk eskatu du marrazki hori erakusketatik ken dezatela, ez dutelako torturarekin loturik agertu nahi. Marrazkilarien elkarteak esplikatu duenez, Getxoko Udalak ERNEri erantzun dio ez daukala marrazkia kentzeko asmorik, honek ez daukalako Ertzaintzarekin zerikusirik. UNESCO Etxeak ere, ildo berean, esan du beste herrialdeetako poliziaren jarrera islatzen duela marrazkiak, ez Ertzaintzarena.

Sindikatu polizialaren erreakzioa ikusita, ordea, ez da burugabekeria pentsatzea oso hemengoa den gaia ukitu duela komikigile brasildarrak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Adierazpen askatasuna
Eguneraketa berriak daude