Topa Gaitezen: "Euskaratik eta Euskaraz aritzera goazen gazteak gara"

  • Bizkaiko euskaltzaleen topaketak egin eta hiru astera prentsaurrekoa eman dute Topa Gaitezeneko kideek. Hizkuntzek herriaren garapenean duten garrantziaz jabetuta, hizkuntzaren inguruko hausnarketak piztu nahi dituzte tokian tokian.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.
Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko abenduaren 06an - 10:22

Topa Gaitezen:

Abenduaren 4a da gaur. Ez da hilabete pasa Portugaleteko Merkatuan 100 gazte inguru euskararen inguruan eztabaidatzeko batu ginenetik. Egunak berak luzerako eman zuen, goizeko 10:30etan hasi eta gaueko 20:30etan bukatu ziren prestatuta genituen eztabaida-dinamikak; leher eginda bukatu genuen bai, baina baita esperantzarekin ere, pausu bat aurrera eman duenaren uste sendoarekin. Izan ere, gazte eta euskaltzale bezala izan nahi dugun horren lehen zertzeladak eman genituen eta aurrera egiteko oinarri sendoa jarri. Egun osoko eztabaidaren ondorioa bost hitzetan laburbildu dezakegu: euskaratik aritzera goazen gazteak garela.

Argi baitugu euskarak eta hizkuntzek balio komunikatiboaz gain pertsona eta herri gisa dugun garapenean duten garrantzia. Horrela, euskarak eta hizkuntzak ikuspuntu horretatik aztertzeko ariketa egingo dugun gazteak izango gara, hizkuntzei balio komunikatiboaz gain duten balioa aitortuko dietenak. Horretarako hizkuntzen balio eta ulerkeren inguruko hausnarketak piztuko ditugu, tokian tokiko errealitatera egokitzeko helburuarekin, beharrezko diren hausnarketa baliabideak mahai gainean jartzeko konpromezua hartuz. Eskualdeetatik herrietara, Igorretik Bilbora, gaztetxeetatik ikastetxe eta unibertsitatera. Gazteen arteko saretze eta elkar ezagutza bultzatu nahi dugu, bakoitzaren errealitateak ekarpena egin dezan, gero kolektibo bat eraiki dezagun. Ezin ahaztu, noski, gure aurrekoek egindako lana; horregatik belaunaldien arteko transmisioa sustatuko dugu, iraganeko erabakiak aztertuz etorkizuna irudikatzeko. Saretze, hausnarketa eta baliabideen bitartez, gaur hausnarketa direnak biharko norabidea markatu dezaten.

Hau egiteko ez goaz egitura zurrunik sortzera, mugimendu izan nahi dugu, egunero zabaltzen doan mugimendu bat. Gure oraingo esparruetan euskaratik eragiten hasiko gara, gure egunerokoan sufritzen ditugun zapalkuntzak azaleratzen eta ikusarazten. Euskaratik lan egingo duten mugimendu erreferenteak sortuko ditugu aukera dugun tokietan. Euskararen aferan lanean diharduten eragileekin lan egin eta eragile horien arteko elkarlana sustatuko dugu, zapalkuntza ezberdinen aurka borrokatzen diren gainerako mugimenduekin ere elkarlanean arituz. Gutxinaka-gutxinaka, hausnarketak bideratuz eta hausnarketetan sakonduz komunitatea ehuntzeko, eta komunitatetik herria eraikitzeko.

Abenduaren 4a da gaur bai, Euskal Herria Euskaraldiaren erronkaren osteko biharamunarekin dabil, balorazio eta pentsamoldeekin. Guk baina, Amets Arzallusek aditzera eman bezala, badakigu 12. egunak duen garrantzia; eta euskaraldian gogotsu parte hartu ostean, Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraldatzeko erronkari heldu diogu. Ez da makala egitera goazena, ez horixe! Baina ez da makala ere euskal komunitate saretu batek daukan potentziala. Hemen gaude, eta umiltasun osoz zera diogu, gu lanean hasiko garela, eta bai Bizkaiko gazte guztiei, baina baita Euskal Herriko gazte guztiei ere, euskaratik eta euskaraz aritzeko eta lan egiteko deia luzatzen diegula.

 

Albiste hau Topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskararen erabilera
Jaime Altuna. EHU-ko irakaslea eta ikerlaria
"Euskararen auzia nerabeena baino gehiago da helduena"

Jaime Altunak Hizkuntzaren funanbulistak. Hizkuntza-sozializazioa kirol eremuan adin eta generoan ardaztuta doktoretza tesia uztailean bukatu du. Gaiaren ezagutza sakonetik eta aurrez beste ikerlariek idatzitakotik hurbildu da begirada berezi bezain zorrotzaz Gipuzkoako zenbait... [+]


Biarritzeko turismo-audiogidetan euskararen arrastorik ez

Audiogidak frantsezez, alemanez, ingelesez eta gaztelaniaz daude. Biarritzeko turismo bulegoko zuzendari Genevieve Fontainek argudiatu du euskara ez dela “berehalako eskarietako bat”.


Jon Zapata, 'Haurren aurrean helduok heldu' ekimenaren koordinatzailea
“Haurrek ulertzen dute euskara haurren hizkuntza izanen dela”

Haurren aurrean helduok heldu ekimena urriaren 19tik 29ra egingo da Hego Euskal Herriko 80 herritan. Protagonistak, batez ere, gurasoak izango dira eta bi helburu azpimarratu ditu Euskaltzaleen Topagunea antolatzaileak: batetik, gurasoek hizkuntza ohiturak aldatzeko pausoak... [+]


Iñigo Urrutia
"Gaztelania eta frantsesa armen bidez inposatu zituzten Euskal Herrian"

Euskarafobia legalaren historia legez lege eta arauez arau aztertu du Iñigo Urrutiak (1966, Jatabe-Maruri), Xabier Irujorekin batera. Horren emaitza da Historia Jurídica de la Lengua Vasca (1789-2023) liburu mardula. Irujo atzerrian zegoenez, Urrutiarekin mintzatu... [+]


Eguneraketa berriak daude