Emakumeak borrokan

Teilatuan ikasi genuen gaua

  • EHUko errektore Nekane Balluerkak adierazi duenez, asteazken gauean San Mamesen Herri Unibertsitatea babesteko asmoz teilatuan eutsi genion 203 ikasleon aurka salaketa aurkeztuko du. Komunikabide gehienek, beste behin ere, arreta eskaini diote hondatutako bi vending makina eta hainbat altzariri, benetan funtsezkoa eta kezkagarria den albistea ezkutatuz: EHUk, asteazken gauean, publikoak diren espazioak formakuntza kritiko eta kolektiborako erabiltzen ari ziren ikasleak kaleratu zituela.

Jose Castillo @josecast23
2017ko otsailaren 27a

Unibertsitate publikoak azken urteotan ateak ireki dizkie enpresa pribatuei, campusetan presentzia eduki dezaten edota ikaskuntza prozesua bera baldintza dezaten, masterrak kasu. Unibertsitate publikoak gero eta burokrazia eta burokrata gehiago biltzen ditu dekanotza eta errektoretzako bulego dotoreetan, baina ikasleok ez dugu eskubiderik hezkuntza alternatibo eta kritikorako espazio bat izateko. Ikasgeletan ikasten ez ditugun jakintza horiek partekatzeko. Horixe baita Herri Unibertsitatea, klase borrokaz, zientzia kritikoaz, arte alternatiboaz, feminismoaz eta akademizismo ofizialak bazterturiko beste hainbat kontuz ikasleok ikasleontzat eztabaidatzeko eraikitzen dugun gunea, eta hori da EHUren zuzendaritzak isilarazi nahi izan duena.

Ikasleok ez dugu inolako parte-hartze prozesurik gelan ikasiko ditugun edukien gainean erabaki ahal izateko, eskoletara joan eta irakasle batek finkaturiko egitarau teoriko bat ikastera mugatzen gara. Hori da antza EHUren zuzendaritzak nahi duen unibertsitate eredua, inolako zentzu kritikorik gabe bertako edukiak barneratu eta nota hobea nork aterako duen lasterketa indibidualistan murgilduko den ikaslearen eredua. Hori dena, unibertsitatetik atera ondoren pilatutako jakintza enpresa pribatu bati saldu eta prekarietatearen munduan murgiltzeko. Zertarako behar dugu emakumezko errektore bat, hainbat ikasle feminismoaz eztabaidatzeko biltzen garenean ertzaintza bidaltzen badigu ikasleak bortxaz kanporatzeko?

Badira ordea, klasean ikasitakoarekin konformatu ez eta euren jakintza partekatu nahi duten ikasleak. Asmo horrekin sortu zen orain lau urte Herri Unibertsitatea, eta urterik urte egitarau zabalagoa eta partaidetza handiagoa izan ditu. Ikasleriaren sektore handi batek hezkuntza sistema indibidualistatik at ikasteko gogoa baduela erakusten duten adibide garbiak.

EHUk, argitaratutako adierazpen ofizialean, jarritako baldintzak bete ez eta ikasleok San Mameseko Ingeniaritza  Fakultateak hartu ditzakeen ikasle kopurua gainditu genuela argudiatu du. Kontua da ez dugula sinesten kanporatzea arrazoi tekniko hutsengatik eman zela, iaz fakultate berean Herri Unibertsitatean zebiltzan ikasle kopurua murritzagoa zelako eta zuzendaritzak kanporatze agindua berdin eman zuelako, han zeuden 41 ikasleei Mozal Legea aplikatuz gainera.

EHUn indarrean dagoen gobernuak duela hilabete batzuk egin ziren hauteskundeetan ikasleen aldetik izan zuen babesa oso murritza izan zen, ikasleria osoaren %3ra ere ez zen iritsi. Orain, errektoretza gobernu berak 203 ikasleren aurkako salaketa jarriko du. Hau da unibertsitate publikoaren demokrazia. San Mameseko teilatuan egon ginenok ordea, argi diogu: Ez dugu hezkuntza publikoa enpresa pribatu edota dekanotza eta errektore taldeetako burokraten esku pribatiza dezaten utziko. Errepresioz gera gaitzakezue, baina iaz 41 bat izan baziren aurten 203 gara, eta honek ez du etenik.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Herri Unibertsitatea  |  EHU  |  Ikasle mugimendua

Herri Unibertsitatea kanaletik interesatuko zaizu...
Eguneraketa berriak daude