Tas-Tas irrati libreak 21 urteko jarduna etengo du

  • Bilboaldean 21 urte emititzen daramatzan Tas-Tas irrati libre eta komunitarioak itxi egingo ditu ateak. Udara arte lanean jarraituko duten arren, irailetik aurrera jarduna eten egingo dutela adierazi digu Mikel Estarrona irratiko kideak: "Atzean dauden arrazoiak ondo azaltzea oso konplexua da", dio, baina azalpen laburra ematen duen komunikatua atera dute, bazkideei zuzendua.


2013ko apirilaren 16an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Mikel Estarrona: "Irratiak duen zerbitzu eta funtzio publikoaz ari bagara, irrati komunitarioak beharrezkoak dira".

Komunikatuaren arabera, "Tas-Tas Irrati Librearen 21 urte luzeko bizitzan bidalitako mezurik triste eta mingarriena hauxe izango da, ziur aski. Datozen hilabeteetan gure irrati librea ez da berriz airean egongo eta Elkartea ere desagertu egingo da; hauxe baita, pasa den 2013ko martxoak 24ean eginiko Ezohiko Batzarrean hartu zen erabakia". Gaineratzen dutenez, "gauden egoeran ezin dugu gure helburuak garatzen jarraitu ezta daukaguna mantendu ere. Horregatik proiektua amaitzea erabaki dugu. Dena den, Tas-Tas izeneko elkarte- eta irrati-saiakuntza honetan parte hartu dugun ehunka lagunok pozik egon behar dugu 21 urte baino gehiago etengabe, kosta ahala kosta, lizentziarik gabe, eta herri-mugimenduko beheraldietan uhinei eutsi egiteaz gain, gure irratia geurean eta nazioartean ere ezaguna izateagatik eta gaur egun, irrati libreen eta Euskal Herriko elkarte-mugimenduaren historian bere lekua duelako".

Udan emango diote amaiera proiektuari: "Denboraldia amaitu arte programen emisioa mantenduko duzuelakoan gaude. Aste Nagusian Zaratas konpartsa eta txosna berriro elkar ikusteko, agurraren festa egiteko eta, nola ez! azken balantze ekonomikoa ondo ixteko topagunea izango dira".

Mikel Estarronari ARGIArako egindako elkarrizketan, irrati komunitarioen beharra azpimarratu zuen: "Irratiak duen zerbitzu eta funtzio publikoaz ari bagara, irrati komertzialen helburu nagusia negozioa egitea da, errentagarritasuna; irrati publikoen xedea bai izan beharko luke zerbitzu publikoa, baina ikusten dugu une bakoitzean boterean dagoenaren interesen menpe daudela; eta hortaz, misio hori bete dezakeen sektorea komunitarioa da: ez du irabazi asmorik eta herritarren parte-hartze askea sustatzen du, komunikazioa eskubide unibertsala delako eta herritarra ez delako hartzaile edo kontsumitzaile hutsa".

Diala erregularizatu beharraz ere mintzatu zitzaigun: "Nire ustez, diala bere kabuz erregularizatu dadin utziko dute, eta hori arazoa da, oihanaren lege bilakatuko baita: indartsuenak biziraungo du eta ahulena desagertu egingo da. Denak ez gara sartzen, Bilboaldean esaterako saturatuta dago diala, batzuek besteak oztopatzen dituzte, eta azkenean indartsuenak ahulena zapalduko du, potentzia handiagoko frekuentzia jarriz adibidez".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Irrati libreak
2024-04-02 | ARGIA
Arrosa sareak Basaburuan egingo ditu aurtengo topaketak, Esan Erran irratiaren eskutik

Arrosa Irrati Sareak Nafarroan ospatuko du lehen aldiz komunikazio librearen aldeko eguna. Mende laurdena bete berri duen Esan Erran irrati txikian dute hitzordua, apirilaren 13an, Basaburuan. "Guretzat elkartzeko egun bat da, elkar gehiago ezagutu eta elkarlanaz... [+]


2023-11-20 | ARGIA
Hala Bediren web orria martxan da berriz ere

Ikasturtearen hasieran zibereraso bat jasan eta hainbat astez webgunea berreskuratzeko lanetan jardun ondoren, bueltan da Hala Bedi irratiaren web orria. Dagoeneko hasi dira ohiko edukia argitaratzen: Arabako aktualitate albisteak, magazinen edukiak, irratsaioen podcastak,... [+]


2023-08-17 | Hala Bedi
Hala Bedi Irratiak 40 urte bete ditu

Hala Bedi Irratiak 40 urte bete dituela ospatu zuen abuztuaren 6an, lau hamarkada lehenago lehen irrati emisioa egin zuen egun berean.


Eguneraketa berriak daude