Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta
Alberdania, 2025
----------------------------
Josten ikasteko eskuliburua. Hori da haurdun dagoen emakume batek idatzi duena bere alabarentzat. 18 urte betetzean emango dio, bizitzan zehar josi eta desjosi beharko dituen jantziak egokitu ditzan. Baina hori baino gehiago da liburu hau. Historiaurrean hasiko da, Miren eta Txomin edo María eta Domingo izango dira protagonistak, mende askoan, orratza eta haria hartuko dituztenak euren garaian dituzten oihalekin janzteko. Belaunaldi batek hurrengoari pasatzen dion jantzia izango da hari nagusia. Jantzi horri konponketak egingo dizkiote eta ondorengoek haien gorputz eta izaeretara moldatuko dituzte.
97. Irun Hiria Saria irabazita, 2001ean argitaratu zen lehen aldiz Yolanda Arrietaren liburu hau Alberdanian: Jostorratza eta haria. Gazte literaturatzat jo zen eta ez zuen zabalkunde handirik izan. Hori dela eta, oharkabean pasatu zen lan berezi hau. Oraingoan, Iratxe Retolazaren hitzaurrearekin eta Ainara Azpiazuren azalarekin plazaratu da.
“Zer gara? Berez gurekin datorrena ala bizitzan zehar egiten goazena?” galderak daude idazlearen sarrera-hitzen hasieran. Narrazioa ordea honela hasten da: “Demagun urteak zuntza direla. Eta, denbora, zuntz horrexekin egindako oihala”.
Genealogia bat egiten da, aitita-amamak, aiton-amonak, gurasoak eta seme-alabak agertuko dira, haien bizitzaren zertzeladak ezagutuko ditu irakurleak eta ondareari buruzko gogoeta egiteko aukera emango digu testuak. Izan ere, zer jasotzen dugu aurrekoengandik? Zer egiten dugu horrekin? Zer utziko diegu ondorengoei?
Bestalde, arropak eta joskintza izango dira gure historiara hurbiltzeko modua. Ingelesek esango lukete herstory egin duela Arrietak liburu honetan, fikziotik eta jakintza (ustez) femenino bati balioa emanda. Izan ere, joskintza emakumeen kontua dela sinesten da gaur egun, eta horren ondorioz, ez da aintzat hartzen, ez du prestigiorik. Baina hori Ilustraziotik aurrera izan da, Clare Hunterren Hilos de vida (Bizitzaren hariak) liburuan irakur daitekeenez. Horrez gain, Hunterrek dio jostean memoria gordetzen dela, gorputzaren eta emozioen bidez kultura eta komunitatea aldarrikatzen dela eta tradizioa komunikatzen dela. Hori da, hain zuzen, lan honetan aurkituko duzuna.