Alemaniako SPD eta PSOE Espainiako Trantsizioan (1)

  • Euskaldunok garrantzi handia ematen diogu aspalditxoko historiari, eta ez dut esaten ez duenik, baina azken 40-50 urtekoak ez du gutxiago, eta hor Espainiako Trantsizioa deritzona giltzarri da eskierki, haren ondorio izan baitzen 78ko Konstituzioa. Bost artikulu eskainiko dizkiot gaiari, eta hau da lehenbizikoa. Hasteko, zergatik PSOE? Ez al da agintzen ari Madrilen? Eta EAEn, EAJrekin batean? Eta NFEn, Geroa Bairekin? PSOEren Trantsizioko arrakastaren gainean argibide batzuk eskainiz ekingo diot artikulu sorta honi.


2021eko uztailaren 26an - 08:27
Azken eguneraketa: 10:29

1975eko apirilaren 18an, Bonnen izan ziren PSOEko Felipe Gonzalez, Nicolas Redondo eta Carlos Pardo, eta Alemania Federaleko alderdi sozialdemokratatik (Sozialdemokratische Partei Deutschlands; SPD) zuzendaritzakoak, famatuena Willy Brandt (Antonio Muñoz Sanchez: El amigo alemán. RBA. Barcelona. 2012). Felipe Gonzalezek konbentzitu egin zituen, aleman sozialdemokraten estrategiarekin erara zetorrelako Gonzalezek trantsizioaz zuen ikuspegia, eta hiru eratako laguntza ematea erabaki zuten: ekonomikoa (liberatuen ordainketa, lokalena; laguntza inportantea), pedagogikoa (ikastaroak koadroak hezteko) eta diplomatikoa (Espainiako gobernuarengan eta Internazional Sozialistan PSOEren alde eraginez). Hein handi batean laguntza horren guztiaren ondorioz igaro zen PSOE 1975ean testimonial izatetik, bi urteren buruan, 1977ko ekainaren 15eko bozetan, oposizioko alderdi nagusia izatera –PSOEk botoen %29, eta PCEk %9–.

Alemania Federaleko alderdi sozialdemokratak 1959an baztertu zuen marxismoa, eta 60ko hamarkadan, Ekialdeko estatu komunisten aldera bezala Europa Hegoaldeko diktadurenera –Grezia, Portugal, Espainia–, errotikako oposizioa baztertu eta hurbilketa politika jarri zuen abian, eta Europako mendebaldeko Internazional Sozialistan bera zenez nagusi, haren estrategiek pisu handia zuten gobernu komunistetan, eta halaber, diktaduretan ere.

Okzitaniako Tolosan bizi ziren PSOEko militante zaharrak, Francoren matxinadaren aurkako gerra galdurik. Haien burua Rodolfo Llopis zen eta hasieran harekin izan zituen harremanak SPDk, baina ohartzean haiek Franco eraistea beste xederik ez zutela, distantzia hartu zuten aleman sozialdemokratek eta Tierno Galvan irakaslearen PSI-PSPra hurbildu ziren. 1972an, Felipe Gonzalezek eta Alfonso Guerrak, Llopis eta haren sokakoak baztertu zituztenean, hasiera baten aleman alderdi sozialdemokratak ez zien kasu handirik egin, baina Portugalgo 1974ko apirileko Krabelinen Iraultza-k ezkerrera jo zuenean, Spinola jenerala bazterturik, Portugalgo Alderdi Komunista nagusi zela, Mario Soares politikariaren Alderdi Sozialistari laguntzen hasi ziren eta Espainian gorago esan bezala, 1975eko apirileko bilera hartatik aurrera ekin zioten PSOEri laguntza handia emateari. Aleman sozialdemokraten helburua Europa Hegoaldeko diktaduretan alderdi komunistari indarra kentzea, eta alderdi sozialdemokratak sustatzea. Gogora Gerra Hotzaren aroan zirela, eta Alemania bitan zatitua zela. Nola konbentzitu zituen Felipe Gonzalezek SPDko liderrak?

Laburkiro, Gonzalezek esan zien Espainiako egoera eta Portugalgoa biga zirela: Espainiako egoera soziopolitikoa egonkorra zen, Espainiak ekonomia indartsua zuen eta armada leiala gobernuarekiko. Franco hil ondoan ere ez zela iraultzarik gertatuko esan zieten, eta beraiek ere ez zeudela prest bazterrak nahasteko, hots, baztertzen zuten diktaduraren amaiera bat-batekoa. Haien nahia zen monarkiaren gobernua izatea Francoren erregimena desmuntatu eta, oposizioarekin batera, Espainian demokrazia burges zentralista eraikiko zuena. Komunistei buruz aditzera eman zieten PCE alderdi lehiakide nagusitzat jotzen zutela eta garaitu beharrekotzat trantsizioan, eta euren alderdiaren egiturak sendotzeak Santiago Carrilloren alderdiaren ahultzea ekarriko zuela. Ezkerrean hegemoniko izan behar zuten. Komunistek 100 liberatu baino gehiago zituzten, eta beraiek bi baino ez. Era berean, UGT indartu behar zen, CCOO ahuldu eta hegemonia sindikala lortzeko.

Aleman sozialdemokratei transmititu zien inpresioa izan zen, funtsean, gizon nazionalista zela –bete-betean asmatu zuten–, dogmatismo orotatik askea eta ez-marxista, eta ausarkeria zeritzola Espainiako ezkerra batzeari; horrek, 1936an bezala, polarizazioa ekarriko zuelako. Kaleko mobilizazioak ere ez zituen aipatu Gonzalezek; haren asmoa zen posizio pribilegiatua lortzea oposizioan, goitik, alderdi aparatuetatik demokrazia burgesera heltzeko, eta gizartean zegoen presioak erradikalizaziora jotzea saihesteko. Aleman sozialdemokratek, diruz, hezkuntzaz eta diplomaziaz lagundu behar zuten, PSOEk Batzorde Exekutibo indartsua eduki zezan, alderdian oinarriak ez baizik eta buruek agindu zezaten, eta monarkiaren gobernuarekin negozia zezan trantsizioa.

Eta dakigun bezala, lortu ere lortu zituen bere xedeak Felipe Gonzalezen PSOEk. Arrazoi horiengatik baztertu zuen Junta Democrática delakoa, komunisten menpean zegoelakoan, eta eratu zuen Plataforma. Luzeegi joko liguke 1975etik 1977ra aleman sozialdemokraten eta espainiarren arteko harremanen berri emateak; azpimarratu nahi nituzke ildo nagusiak: PSOEren xedea ez zen izan trantsizioan oposizio demokratikoa batu, indartu eta gizartea mobilizatuz frankismoa eraistea eta oinarri demokratikoekin errepublika berria eraikitzea, baizik eta Francok hautaturiko Juan Carlos erregeak marrazturiko erreformari babesa ematea. Hasteko, beren aurkari nagusi PCE eta Carrillo deklaratu zuten –beste eskala baten, ardatz nazionalean, EAJ eta ezker abertzalearen artekoa ekartzen dit gogora–, eta frankista erreformistei armadaren eta frankista porrokatuen aurka laguntza eman zieten. Horretan erabakigarri gertatu zitzaien SPD alderdi sozialdemokrata aleman indartsuaren laguntza hirukoitza: ekonomikoa, pedagogikoa eta diplomatikoa.

Hurrengo artikuluan, 1977ko hauteskundeen garrantzia.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
#1
Gorka Bereziartua
#3
AEK koordinakundea
#4
Ruben Sánchez Bakaikoa
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Gorka Roca Torreri babes agiria

Heldu den martxoaren 26an, Gorka Roca Torre epaituko dute Baionako auzitegian Unescoren izenean burutu bi ekintzetan esku hartu izanagatik. Seinaletika euskarriak ezabatzea, margotzea, kentzea... Euskal Konfederazioak bere jardueran lehenesten dituen ekintza motak ez badira ere,... [+]


Materialismo histerikoa
Zer da berria

Ez dira taberna batean ausartu, baizik eta Instagramen, Facebooken, edo email batean (mundu digitalean ere badira zaharkituak: email hori Hotmailekoa izan daiteke oraindik, pentsa). Zuzeneko lehen musuen ondoren, Whatsapp eta Telegram bidez, poltsikotik iritsiko zaizkie laztan... [+]


2024-03-17 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Komunitatea

2024ko Arkitektura Pritzker Saria arkitekto japoniar bati esleitu zaio: Riken Yamamoto-ri. Bere izena tekleatzen baduzue, bere izenari lotuta dauden eraikin irudiak ez dira bereziki deigarriak. Deigarria dena da Pritzker sariak oraindik ere eraikin berriak eta oparoak egitearen... [+]


2024-03-17 | Diana Franco
Teknologia
Zirkuitua hackeatu

Martxoaren 8a dela eta, berri eta iritzi ezberdinak irakurri ditut. Berdintasunerako bidean lan handia egiten ari da gure gizartea, eta publikoki berdintasunerako bidean feminismoa onartua den borroka bada ere, gizarteko mikrokosmosetara jaisterakoan, bada oraindik berdintasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude