Larunbatean gaueko hamabitan amaitu zen Sortu alderdiaren ponentzia eta zuzendaritza taldeak bozkatzeko epea. 'Zohardia' Ponentziak eta Arnaldo Otegik gidaturiko zuzendaritza lantaldeak babes handia lortu dute bozketan, botoen %91 eta %86 lortuz.
Bozkatzeko aukera zuten lagunen %71,4k hartu du parte. Ponentziak botoen %91,2 izan du alde, %3,3 aurka eta %5,6ak zuri bozkatu dute. Sortuk hurrengo egunetan datu zehatzagoak emango dituela adierazi du.
Txostenarekin batera, zuzendaritza taldeak ere bozkatu dira eta ildo ofizialak aurkezturiko proposamenak bozkatzaileen sostengua lortu du, botoen %86,5arekin –%4,7 aurka agertu da eta %8,8k zuri bozkatu du–. Beraz, zuzendaritza nazionalaren zati bat finkatuta geratu da. Herrialdetako ekipoek ere nagusitasunez lortu dute babesa, denen artean botoen %83,1era iritsiz.
Atzoko bozketarekin zuzendaritza lantaldeko kideen erdia hautaturik geratu da. Guztira 29 lagun egongo dira taldean eta horietatik hamalau jada finkatu dira: Arnaldo Otegi (idazkari nagusi), Sonia Jacinto (antolakuntza), Arkaitz Rodriguez (ekintza politikoa), Pello Otxandiano (herrigintza), Gotzon Elizburu (komunikazioa), Gorka Elejabarrieta (nazioartea), Kizkitza Gil de San Vicente, Zuriñe Gojenola, Nuria Alzugarai eta herrialdeetako arduradun Oihana San Vicente (Araba), Ibon Arbulu (Bizkaia), Haimar Altuna (Gipuzkoa), Eneko Aldana (Iparraldea) eta Miren Zabaleta (Nafarroa).
Igandean zabaldu zuten txostenari emendakin partzialak egiteko eta zerrenda irekien bidez Kontseilu Nazionala osatzeko hautagaiak proposatzeko epea. Fase honi abenduaren 10ean emango diote amaiera. “Birfundazio” kongresua urtarrilaren 21ean egingo dute. Ordura arte zabalik dago alderdiaren eraberritze prozesuan parte hartzeko epea.
Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.
Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!