"Garai berrirako politika berria behar zen, hori ez zuen behar beste hausnartu ezker abertzaleak"

  • Miren Zabaletarekin (Iruñea, 1981) mintzatu gara 35 urte bete dituen egunean. Bateragune auzia dela eta sei urte egin ditu espetxean –iazko urrian atera zen– eta orain Sorturen birfundaziorako zuzendaritza taldean dago.

Miren Zabaleta Sorturen Zohardia txostena landu duen taldeko partaidea da. (Arg.: X. Letona)
Miren Zabaleta Sorturen Zohardia txostena landu duen taldeko partaidea da. (Arg.: X. Letona)

Sorturen zeregin nagusietakoa Ezker Abertzalea dinamizatzea da. Nor da ezker abertzalea gaur egun Sorturentzat?

Ezker abertzalearen proiektu historikoarekin bat egiten duena. Herri honetako independentista, aurrerakoi eta ezker zale guztiek badugu aliantzarako espazio bat: EH Bildu eta EH Bai. Aralarrekin, esaterako, hor egin dezakegu topo.

Hitz egin al duzue Askatasunaren Bidean eta Eusko Ekintzarekin?

Batzuekin aritu gara eta beste batzuekin egotea ere gustatuko litzaiguke. Esan bezala, gure ustez EH Bildu eta EH Bai izan beharko lirateke halakoekin konfluentziarako espazioak. Euren burua independentista eta ezkertiartzat duten eragileekin beharrezko harremana izango du Ezker Abertzaleak.

Sortu eta bost urtera birfundatu behar da Sortu. Zer egin du gaizki?

Euskal Herrian zabaldu den ziklo politiko berrian jarraitzeko urratsak eman eta anbizioari eustea Sorturen lorpenak dira; horretan asmatu zuen. Garai berriari ekiteko politika berria behar zen eta hori ez zuen behar beste hausnartu Ezker Abertzaleak, hori izan zen akatsa eta horrek eraman gaitu birfundaziora.

Zohardia txostenean diozuenez, ezker abertzalearen komunitatean Sorturen konfiantza eta sinesgarritasuna ukituta geratu dira. Zergatik?

Ezkertiarrak, independentistak eta ezker abertzalekoak diren sektore eta pertsona askorentzat Sortu urruneko erreferentzia bilakatu da. Guk, aldiz, horiei guztiei erakutsi nahi diegu Sortu haien tresna eraginkorra izan daitekeela.

2011n gatazkaren konponbidea bere jardun politikoaren lehen lerroan jarri zuen Sortuk eta emaitzak txarrak izan ziren. Orain bestela jokatu nahi da, baina zein leku izango du gatazkaren konponbideak praxi politiko berrian?
Lehentasunezko esparrua izango da, baina lehentasun hori prozesu soberanista eta independentista orokorrago baten baitan kokatuko dugu. Autokritika argia izan da: gatazkaren ondorioak etengabe lehen lerroan jartzen baditugu, Estatuari gure jarduna baldintzatzeko giltza ematen diogu. Gatazkaren ondorioen eremua desblokeatzeko baldintzak herri honetan lortu beharreko akordioetan daude eta, bereziki, prozesu burujabe-independentista garatzeko norabide horretan.

Euskal Errepublika nahi duzue 2026rako, baina galdera ikurra ere jarri diozue datari.
Gure ustez herri honetan badira baldintzak prozesu independentista abiarazi eta helmugara eramateko. Horregatik, data jartzea garrantzitsua zen, independentziaren gaia sine die luzatzen den gogoeta gisa utzi gabe. Galdera ikurrak esan nahi du lehenago edo geroago izan daitekeela, baina denbora erronka horrek laguntzen du eman nahi zaion irismena, abiada eta dimentsioa ematen.

Bateraguneko kide izateagatik sei urteko kartzela zigorra ordaindu diozue Estatuari. Ezker Abertzalearen barruan ordaindu behar izan duzue bidesaririk?
Ez. Ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketaren aurpegi-ikonoak bilakatu gara, bereziki Arnaldo Otegi, baina Zutik Euskal Herria milaka militanteren artean egindako bide eta erabakia izan zen. Niretzat ohore handia izan da, nahiz eta, beste hainbat euskal militantek bezala, espetxean larrutik ordaindu genuen.


ASTEKARIA
2016ko azaroaren 06a
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: Sorturen birfundazioa
2017-01-09 | ARGIA
37 pertsonatik 15 hautatuko dituzte datozen egunetan Sortuko zuzendaritza osatzeko

Urtarrilaren 29tik 20ra egingo da hautaketa eta internetez egin ahal izango da. Sorturen zuzendaritzak 29 lagun ditu eta hamalau aukeratuta daude jada.


Sorturen 'Zohardia' ponentziak eta zuzendaritza proposamenak babes handia lortu dute "birfundazio" kongresura begira

Larunbatean gaueko hamabitan amaitu zen Sortu alderdiaren ponentzia eta zuzendaritza taldeak bozkatzeko epea. 'Zohardia' Ponentziak eta Arnaldo Otegik gidaturiko zuzendaritza lantaldeak babes handia lortu dute bozketan, botoen %91 eta %86 lortuz. 


Sortu, birfundazioaren oinarriak

Gatazkaren ustezko konponbidearen aparretan abiatu zen Sortu, duela ia sei urte. Gainera, EH Bilduk arrakasta politiko handia lortu zuen lehen urratsetan. Baina aparrak lokatz bilakatu ziren eta, PPren gobernua aurrez aurre, lubakian harrapatua geratu zen izar berria. Hortik... [+]


2016-11-04 | ARGIA
Sortuk 'Zohardia' ponentzia defendatuko duen zuzendaritza-talde gaztea proposatu du

Sortu birfundazio prozesuan murgildurik dago. Zuzendaritza nazionalaren eta herrialdeetakoen proposamenak aurkezteko epea amaituta, proposamen bakarra dago: Zohardia. Arnaldo Otegik gidatuta, talde gaztea aurkeztu dute.


Eguneraketa berriak daude