Sortu, birfundazioaren oinarriak

  • Gatazkaren ustezko konponbidearen aparretan abiatu zen Sortu, duela ia sei urte. Gainera, EH Bilduk arrakasta politiko handia lortu zuen lehen urratsetan. Baina aparrak lokatz bilakatu ziren eta, PPren gobernua aurrez aurre, lubakian harrapatua geratu zen izar berria. Hortik dator berfundazioa.

Xabier Letona @xletona
2016ko azaroaren 06a
Nafarroako Sortuk urriaren 1ean Berriozarren egindako ekitaldia berfundazioaren berri emateko.
Nafarroako Sortuk urriaren 1ean Berriozarren egindako ekitaldia berfundazioaren berri emateko. Argazki Press

Arrakastaren ondoren hauteskunde emaitza txarrak ere etorri ziren ezkerreko independentismoan. Hainbat arrazoi tartean, gertuko asko ere urrutiratzen hasi zitzaizkion. Estrategia politiko-militarretik soilik estrategia politikora iragateko jauzia itzela zen, eta ez zuen asmatu horretarako kultura politiko berririk sortzen. Hori da orain birfundazioarekin egin nahi duena. Uztailean hasi zen prozesuan, kongresua egingo du urtarrilaren 22an eta Konferentzia Politikoa 2017ko irailean.

    Arnaldo Otegik gidatutako 34 pertsonak prestatu dute Zohardia ponentzia, kongresurako oinarri ideologikoak, ildo politikoa eta antolakuntza eredua finkatuz. ‘Zohardia’ GALek hildako Josu Muguruzak Egin-en erabilitako goitizena zen. “60 urteko borrokaldi oparoaren ondoren”, Sortuk dio herri honen egoera argi gorriak pizteko modukoa dela, “oldarraldi neoliberalaren aintzinean eta tresna burujaberik gabe”, Euskal Herriak atzerapausoak eman dituela hainbat alorretan. Herri honen pultsua motel nabari du, baina aldi berean, Euskal Errepublikaraino iristeko baldintzak ere sumatzen ditu.

Ondorengo lerroak ponentzietako testuetan oinarritzen dira, baina ez dira haien laburpena, doinu zahar eta berrien arteko kontraste txiki bat baino, Sortu berriaren melodiaz irakurleari hainbat pista emango dizkiola pentsatuak. Ponentzia gehiago aurkezteko aukera irekia dago, baina hiru alorretan aurkeztu behar dira: ideologikoan, ildo politikoan eta antolaketan; eta zuzendaritza taldea ere aurkeztu behar da. Ez da espero inork beste ponentzia oso bat aurkeztea.

Abian. Sortuk, LABek eta Ernaik egindako hausnarketa prozesua izan zen eta martxoan bukatu zenean, Ezker Abertzalearen birfundazioa agindu zuen. Sortu egiten ari da berea eta Ernaik –2017ko apirilerako iragarri du– eta LABek ere egin beharko dute haiena.

Sorturen izaera. Iraultzailea, alderdi-mugimendua, demokrazia armonikoaren aldekoa, konfederalista, sozialista, azterketa sozialerako marxismoa darabilena, abertzalea eta internazionalista, feminista, nazio mailakoa, euskalduna.

Euskal Errepublika. Bere eraikuntza egungo errealitate instituzionaletik abiatzen da eta hiru lurralde-esparru ditu: EAE, Nafarroa eta Iparraldea. Egunerokotasunean harremanak estutzeko lana egingo da, baina bakoitzak bere erritmoa eramango du Euskal Errepublikan bat egin arte.

Eredu konfederala. Konfederazioaren gaia beti ibili da dantzan Ezker Abertzalearen testu politikoetan. Aralarrek bere egin zuen sortu zenean, EH Bilduren Euskal Bidean ere agertzen zen 2013an eta orain Sortuk ere bereganatu du. Bi norabidetan: batetik, lurraldeen arteko harreman politiko-instituzionalari dagokiona eta, bestetik, “tokikotasuna estrategikotzat joz botere politikoaren birbanaketa helburu duen praktika politikoari dagokiona”.

Herritarren batasuna. “Sortu ez da Herritar Batasun berria”. Sorturen ustez eginkizun hori EH Bilduri eta EH Bairi dagokie. Haiek dira protagonistak hedabideetan eta mobilizazioetan. Independentziaren bidean Fronte Zabalago baten beharra ere ikusten du, indar politikoez gain, indar sozialak eta sindikalak ere bilduko lituzkeena. Areago, eraldaketa prozesuek, are zabalagoak diren indarren lankidetza ere beharko dutela azpimarratzen da, eta hor kokatzen du Nafarroan aldaketaren aldeko lau indarren gobernu akordioa”. Sorturen ustez, EH Bildu eta Sorturen dinamika ez da behar bezala bereiztu azken urteetan, eta aurrerantzean argi bereizi behar da.

Abangoardiarik ez. ETA, KAS eta Ekinen izaera abanguardia zalea izan da. Haiek finkatutako helburu eta lerro politikoetan egiten zuen gero bidea ezker abertzale osoak. Orain, EH Bildu, EH Bai eta Fronte Zabala eraikitzen laguntzea da Sorturen eginkizuna, “baina hori guztia egitea tentazio oro-zuzendari, abangoardista eta/edo uniformizatzaile orotatik at”. Hainbatetan egiten zaio erreferentzia ideia honi. Burujabetzari buruz, esaterako: “Sorturi ez dagokio bide orri itxi bat aurkeztea (…) Prozesuaren martxa ezin da eliteen arteko akordio aukeren araberakoa izan. Aitzitik, aintzindaritza gizarte zibil antolatuari dagokio”. Baita militantearen figuraz ari denean ere: “Lider lemazainaren garaiak iraganeko kontuak dira”.

Zaharra eta berria. Ezker abertzalearen “azken 60 urteko borrokaldia” goraipatzen du –“biziraupenerako baldintzak sortzea izan da ziklo horren ekarpen historikoa”– baina, “akats historikoa litzateke pentsatzea burujabetza fase berri honetan agortutako tresna, oinarri eta formulen bidez aurrera egin litekeenik”. Molde bereko aipamenak ugariak dira, adibidez: “Hunkigarriak ez izateaz gain, sistemarekin apurtzen ez duten mobilizazioen inertzia hautsi behar da”, “ezetzaren kulturatik sormenaren kulturara igarotzeko urgentzia dugu”, “erresistentzia nortasuna gainditu eta egitasmo nortasunerako jauziaren beharra” edo “jite abangoardistak baztertu eta lidergo demokratikoan oinarrituriko praktika politikoan trebatu beharra”.

Alderdi-mugimendua. “Sortu ez da ez alderdi ez mugimendu. Biak batera da, halere: mugimendu ez konbentzional bat, alderdi forma eta mugimendu ezaugarriak dituena”. Sortuko militanteak parte hartu behar du alor anitzeko gizarte mugimendu, elkarte eta erakundeetan, ez hauek zuzentzeko baizik eta Sorturen helburuak lortzeko ezinbestekoa delako partehartze hori.

Europar Batasuna. “Gaur egungo Europar Batasuna proiektu antidemokratiko eta antisozial bat da” baina “Euskal Estatua EB horretan sartzea nahiz at gelditzea” erreferendumez erabaki beharko lukete euskal herritarrek.

Herrigintza soziala eta komunitarioa. “Herrigintza soziala deritzogu jendarte berriaren eraikuntzan diharduten herri mugimenduen ekimenari (…) Herrigintza espresio honen adibide jator ugari ezagutu ditugu azken urteetan: Gora Gasteiz, fracking-aren kontrako mugimendua, herri harresiak, Gipuzkoa Zutik, mugimendu feministak egindako ekimen andana, errefuxiatuen aldekoak etab.”. Herrigintza komunitarioa da “herri eta auzoak subjektu eratzailetzat hartzen dituen proiektugintza. (…) Azpimarratzekoa da EH Bilduk azken urteetan garatu duen udalgintza”.

Prozedurak. Hauteskunde primarioak egingo dituzte eta parte-hartze telematikoa bideratuko du. Kongresuaren eta konferentzia politikoaren fase hauetan, nahikoa izango da Sorturen orrialdean izen ematea, ondoren prozesuan eta zuzendaritza berriaren hautaketan parte hartu ahal izateko.

Iritzi korronteak. “Sortuk onartzen ditu bere baitan iritzi-korronteak, baina beti ere garbi utzirik ezen hala izateak ez diola automatikoki iritzi-korronte bati eskubiderik ematen zuzendaritza-organoetan ordezkaritza-kuotarik izateko”.

Militantzia. “Ez badugu lortzen erakundeak beste era batera funtziona dezan, nekez lortuko dugu beste era bateko militanteak eta pertsonak sortzea. Erakundea (hots, militanteok, gu geu baikara, lehen eta azken finean, hura eratzen dugunok) ezin da izan jendea txikitzeko makina bat”.

Epeak. Azaroak 5-26, ponentzien eta zuzendaritzaren hautaketa; azaroak 27-abenduak 10, zerrenda irekien bidez nazio eta lurralde zuzendaritzaz besteko ardurak proposatzeko, eta emendakinak aurkezteko epea. Urtarrilak 9-22, ponentziei egindako emendakinen eztabaida eta zerrenda irekien hautaketa, urtarrilaren 22ko kongresuarekin amaituko da. Urtarriletik irailera, Konferentzia Politikoaren etapa egingo da.

Erreportaje honekin batera, Sortuko zuzendaritzako kide Miren Zabaletarekin ere jorratuko dugu birfundazioaren gaia elkarrizketa honetan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Sorturen birfundazioa kanaletik interesatuko zaizu...
ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude