Sindikalismo dekoloniala, ere, eraikitzen


2021eko apirilaren 07an - 10:11

37 greba egun. Michelin multinazionalaren multinazional azpikontrata bat, Ferrovial. Langile migratuak (Maroko, Mauritania, Ghana, Benin, Nigeria, Mali, Senegal, Togo...), erabateko prekaritatea. David Goliaten kontra Arabako lautadan, Araian, zehatz esateko. Sindikatu bat: ELA. 37 greba egun, eta garaipena (3.600 eurotik gorako soldata-igoerak bost urtean, kontratu partzial guztiak lanaldi osoko bihurtu, norberaren aukerako hamalau ordu urtean ordainduta, plusen hobekuntza, laneko bajetan %100 kobratzen hasi...).

Ez dakit zuei, baina niri hau pasada bat iruditzen zait. Ezaugarri hauetako gatazka batean, protagonista horiekin eta zeuden baldintzetan, horrelako garaipen bat ziztu bizian zabaldu beharko litzateke Euskal Herri osoko txoko guztietan, estatu osoan eta munduan zehar, batez ere hau da dagoena-ren garai hauetan, langile pobreen garaian, beldurraren garaian. Baina, gatazka eta garaipen honi buruz, inork ez daki ezer.

Segur aski, akordioa lortuta hurrengo zereginei heldu dietelako gatazka eraman duten pertsona eta lan-taldeak, egunerokotasunari erantzunez, eginez. Eta egiten dena komunikatzearena non gelditzen da? Imajinatzen dut lanpetuegi dabiltzala eta komunikazioaren gai horri ez diotela hainbesteko garrantzirik ematen...

"Sindikalismo dekoloniala eraikitzen da sindikalismo dekoloniala eginez: afiliatuz, kolektiboa eraikiz, antolatuz, borrokatuz, grebak eginez lantoki prekarizatuenetan, arrazializatuenetan"

Akats bat, bai. Baina nahiago dut akats hau kontrakoa baino. Gehiago gustatzen zaizkit egin eta esaten ez dutenak, esan baina egiten ez dutenak baino. Horrek ez du esan nahi borrokak eta garaipenak ezagutaraztea funtsezkoa ez denik, Araian lortu den hau, prekaritateaz kutsatutako beste edozein lantokitan erreplika baitaiteke.

Ferrovialeko langileek irabazi duten borroka honek, langileen artean pertsona arrazializatu asko izanda, gogora ekarri dit Bilboko NH eta Barceló-Nervión hoteletako pisuko zerbitzarien borroka (47 greba egun eta garaipena), Iruñeko Navarplumakoena (41 greba egun eta garaipena), Bilboko portuko eta Donostiako Anoeta estadioko obretako langileenak (grebarik gabe, baina afiliazio eta antolaketa lanarekin)... guztiak langile migratuek protagonizatutako borrokak. Gogora ekarri dit ere Inditex-eko ELAko ordezkariek Myanmarreko kate bereko langileen egoera salatzeko egin zuten lanketa.

Eta neure buruari galdetzen diot: nola eraikitzen da sindikalismo dekoloniala? Teoriarekin eta eztabaidarekin? bai. Ideologiarekin eta prestakuntzarekin? baita. Diskurtso eta aliantzekin? baita ere... baina ez da nahikoa.

Sindikalismo dekoloniala eraikitzeko garrantzitsuena praxia da. Sindikalismo dekoloniala eraikitzen da sindikalismo dekoloniala eginez: afiliatuz, kolektiboa eraikiz, antolatuz, borrokatuz, grebak eginez lantoki prekarizatuenetan, arrazializatuenetan. Sindikalismo dekoloniala sindikalismo feminista eraikitzen den modu berean eraikitzen da: praktikatik.

Ibiltzean egiten da bidea, nahiz eta inoiz ez iritsi helmugara (garrantzitsuena prozesua da). Sektore feminizatuen sindikalizazioaren kasua ezagunagoa da, batez ere, Bizkaiko zahar-egoitzetako greba ospetsuagatik (378 greba egun eta garaipena). Baina baita soldata arrakalaren aurka lortutako garaipen sindikalengatik ere, Gipuzkoako komisaria eta epaitegietako garbiketan (9 hilabeteko greba eta garaipena), Elorrioko Udaleko garbiketan (5 hilabeteko greba eta garaipena), Zarauzko Udaleko garbiketan (oraingoan grebarik gabe, baina aurreko greba arrakastatsu bati esker), eta baita ere pandemia betean Lidl-eko langileek lortutako garaipenagatik ere.

Bidea egiten jarraitzen dugu gainera: udazkenetik hona Hego Euskal Herriko hiru zaintza-greba, Gipuzkoako zahar-egoitzetako borroka (247 greba egun jada), Arabako eta Nafarroako egoitzetako langileen grebak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileen grebak...

Kapitalismoak, patriarkatuak eta arrazakeriak sakon zeharkatzen gaituzte, zaila izango zaigu gainetik guztiz erauztea. Gure sindikalismoa motz geratuko da beti, akatsak egingo ditugu, jarraituko du izaten nagusiki zuria eta gizonezkoena; kostako zaigu egunen batean esatea, "badugu, jada, sindikalismo feminista dekoloniala".

Galeanok zioen bezala, utopiak aurrera egiteko balio du, nahiz eta eskuetan dugula uste dugunean ihes egin. Eta aurrera urratsez urrats egingo dugu, praxitik, borrokatik borrokara, garaipenetik garaipenera, txikiak izan arren. Horrela egiten da aurrera, klase borrokan, ere, emakume eta pertsona arrazializatuei protagonismoa emanez. Eta berri on bat: praktika eta emaitza onak kutsatu egiten dira.

Konplikatua da, badakit. Egoera zaila da, hainbeste dira herrialde pobretuetatik bizimodu hobe baten bila datozen langileen beharrak, eta hainbeste behar horiek esplotatuz aberastu nahi duten enpresariak! Horregatik da hain garrantzitsua borroka bakoitza, garaipen bakoitza komunikatzea. Umiltasunetik, bai; lortutakoaren txikitasunetik, bai; baina jakin dadila, ikus dadila. Argia egin dezala. Bada irtenbidea.

 

* Unai Oñederra Manu Robles-Arangiz fundazioko kidea da

 

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Erabakimena

Balirudike dena kontrolpean dagoela, badakitela guri nola sinetsarazi edozer, ez dugula inoiz, berez, guk nahi duguna egiten. Iragarki konstante batean bizi bagina bezala, esaten dugu “aukera berdintasuna”, eta pentsatzen dugu esaten ari garela “aukera... [+]


2024-04-21 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Eraikinaren gorputza

Baltimore ibai gaineko zubiaren erorketa urte bukaerako oroimeneko irudien artean jasoko da, zubi baten erorketa ikuskizun zirraragarri eta salbuespenekoa baita. Zeren eta zubiak eta eraikinak ez dira berez erortzen, lehergailu edo artefaktu baten eztandak bat-batekotasunaren... [+]


2024-04-21 | Diana Franco
Teknologia
Indarkeriatik deskonektatu

Eremu digitalak, gizakion dinamiketatik edaten duen heinean, gizarte eredu ezberdinetan aurkitu ditzakegun antzeko arazoak ditu. Pertsonen arteko arazo asko botere kontua izan ohi da; botere arazoek indarkeria dakarte zenbaitetan. Esate baterako, indarkeria matxista.

Eremu... [+]


Etxebizitza arazoa eta lan-mundua

Etxebizitza duina izatea gero eta zailagoa da. Berdin du esaldi hori noiz irakurtzen duzun, urteak pasa eta arazoa gero eta larriagoa da.

Nola izan daiteke bizitzeko oinarrizkoa den eskubidea, teorian hainbat legek babestutakoa, EAEn eskubide subjektibo moduan onartu berri... [+]


Eguneraketa berriak daude