UPN

Sayas eta Adanero, defentsarik onena Esparzari eraso egitea

  • Sergio Sayasek eta Carlos García Adanerok UPNren Berme eta Diziplina Batzordearen aurrean deklaratu zuten astelehenean eta orain batzordeak bost eguneko tartea du zer egin erabakitzeko.


2022ko otsailaren 08an - 01:01
Carlos García Adanero UPNren egoitzara sartzen. (Arg.: Navarra Televisión)

Ostegunean UPNko zuzendaritzak agindutakoaren auka bozkatu zutenean, bi diputatuek bazekiten alderdian barne gatazka gogorra piztuko zela. Gudu horretan daude orain, eta oraingoz ezin jakin nola amaituko den, baina bakoitza bere borroka prestatzen ari da.

Joan den ostiralean bildu zen UPNko zuzendaritza eta erabaki zuen diputatu aktak eskatzea Adanero eta Sayasi, eta egin ezean, alderditik kanporatzeko ekinbidearekin hastea. Larunbatean UPNren Kontseilu Politikoak exekutiboaren erabakia berretsi zuen, gehiengo oso handiz.

Ostiralean, halaber, Diziplina Batzordeak bere lanari ekin zion militante baten salaketa jasoz eta bi diputatuei espedientea irekiz. Astelehen arratsaldez bi diputatuak entzun zituen eta orain instrukzio faserako bost egun ditu salaketa zehatz bat egiteko eta neurriren bat proposatzeko. Gero, beste pertsona batzuek zigorraz erabakiko dute, estatutuen arabera.

Interpretazioen lehia

Adanero eta Sayasek iragarri dute ez dituztela haien diputatu karguak itzuliko, ez dutelako egin ez zuzendaritzaren aurka ezta UPNren estatutuen aurka ere. Javier Esparza UPNko lehendakariak eta bere zuzendaritzak guztiz kontrakoa diote. Oraindik orain, UPNren webgunean bi diputatuei egiten zaizkien salaketak gogorrak dira: “Alderdiko organoen erabakiaren aurka erabaki dute; eta erabaki dute hori guri iruzur eginez, eta horren erakusle da lehenik esan zutela boto diziplina onartuko zutela, baina azkenean ez dutela egin”.

Salaketak, baina, larriagoak dira, beste hirugarren batzuekin aritzea leporatzen baitiete: “Berretsi dugu bi diputatuek beren botoaren berri eman dietela beste indar politiko batzuei, eta haiek bazekiten bitartean, UPNko zuzendaritzak ez zekien”. UPNko estatuen 109. artikuluaren arabera, hirugarrenei informazio konfidentziala pasatzea “oso larria” da.

Lan Erreformaren aurkako botoa ematea UPNren estatutuaren aurka doan ala ez erabakitzea ez da lan makala Diziplina Batzordearentzat, baina beste kontu batzuk errazagoak dira. Oraintsu aipatutako puntu oso larriaz gain, 108. artikuluko “g” atala ere argia da falta larria zer den zehaztean: “Alderdiko gobernu edo ordezkaritza organoek edo haren talde instituzionalek emandako aginduei edo irizpideei muzin egitea”.

Baina “j” atala are eta zehatzagoa da oraindik akats larriez: “Alderdiaren organoek onartutako edozein erabakiren aurka doan jarduera politikoa, eta zehazki, araubidea jarraituz instituzioetan eman beharreko boto ofiziala agindu eta ez denean bete”.

Argiagoa gaitza da. Esparzak azkar bideratu nahi du kanporaketa, baina dena ez da horren azkar joanen. Nahi badu, Diziplina Batzordeak joko zelai oso argia du kanporaketaren hautuan aurrera egiteko, eta ez egitea are eta larriagoa izango litzateke Esparza eta haren zuzendaritzarentzat, Adanero eta Sayasen desafioa biderkatu egingo delako.

Hala ere, badira arrazoi ugari pentsatzeko ez dela hori gertatuko eta Diziplina Batzordeak bi diputatu matxinoak kanporatu egingo dituela, hauek akta entregatu ezean. Orduan, ordea, justizia administrazioaren ohiko epaitegietara joko dute bi diputatuek, eta hor bide luzea irekiko da.

Esparza jo mugan

Azken finean, berriro ikusten da bi parlamentariek Esparzaren aurka jo nahi zutela osteguneko erabakiarekin. “Esparzak ez badaki alderdia zuzentzen, agian berak dimititu beharko luke”, zioen zorrotz Sayasek iragan ostiralean. Astelehen honetan urrutirago joan zen eta hitz gogorrak izan zituen UPNko zuzendaritzak PSOErekin egindako bideaz: “Makurrarazi dugu hainbeste politika, irizpide argiak izateari orain transfugismoa esaten zaiola”, idatzi zuen bere Twitter kontuan.

Sayasek azpimarratu duenez, urtarrilaren 31ko UPNren zuzendaritzan onartu zen “PSOErekin ituna egingo zela alderdi sozialista eta EH Bilduren arteko harremanak higatzeko, eta akordio hori ikusgai egitea Nafarroako herritarrentzat. Akordio horren prezioa Maya Arbuiatzea bazen, ez zen nahikoa. Eta prezioa Iruñeko Udalarentzat dirua bada, azoka-trukea zen”.

Adanerok ere atzo gogor jo zuen Esparzaren taldearen aurka: "Asteazkenean badirudi ezkutuan mantendu zela PSOErekiko akordioa, ostegunean esan zen baietz, egon zela, eta astelehen honetako adierazpenen arabera, badirudi ez dagoela akordiorik. Beraz, jakin nahi dut PSOErekiko akordiorik baden eta zer dioen, uste baitut UPNko zuzendaritzari, bere boto emaileei eta gizarteari iruzur egin zaiela”.

Eta Vox adi eta kontent

UPNko barne soka-tira honek nola bukatuko duen ez dago garbi. Gerta liteke Esparzak di-da bideratzea krisia eta hurrengora arte –2023ko foru hauteskundeetan foru gobernura sartzea lortzen ez badu harenak egin duelako–, edo UPN barne gatazka latzean katramilatzea.

Edozein kasutan, gero eta ahots gehiago entzuten dira esanez Navarra Sumarenak egin duela. Eta guztiari so, Vox pozarren UPNko laban dantzari adi-adi eta sareak prest, kala horietan zer eta nola arrantzatu irudikatzen.


Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Kanal honetatik interesatuko zaizu: UPN
1936an fusilatutako trenbide-langileak irudikatzen dituen erraldoi bat zentsuratu du Zizur Zendeako eskuinak

Zizur Zendeako Udala (Nafarroa) UPNren hautagaitza batek gobernatzen du. 1936an Iruñean fusilatutako trenbidegileak ordezkatzen dituen Konpartsa Txikiko erraldoi baten presentziari betoa jarri dio.


Erriberako UPNkoek haserre hartu dute Ibarrolak UPN gidatzeko egindako iragarpena

Cristina Ibarrolak iragarri du UPNko lehendakaritzarako hautagaitza aurkeztuko duela datorren apirilaren 28an alderdiak egingo duen kongresuan. Alderdiaren Erriberako lerroetan iragarpena ez bide da ongi hartu.


Euskarazko kultura eskaintzak erdaldunak diskriminatzen dituela dio Eguesibarreko UPNko alkateak

Eguesibarreko EH Bilduk kritika egin zion UPNko udal gobernuari, Gabonetako programazioan euskarazko ekitaldi gutxi zirelako, eta Xuriñe Peña alkateak erantzun zion euskarazko ekitaldiak baztertzaileak direla euskaraz ez dakitenentzat.


Asiron hasi da udal taldea prestatzen eta UPN kalera doa

UPNk oso gogor erantzun dio PSNri Iruñeko Udaleko zentsura mozioa dela medio eta inoiz ez bezalako irainak zuzendu dizkie sozialistei. EH Bildu, aldiz, ostiral goizean hasi da biltzen oposizioko taldeekin, datorren udal taldea osatzeari begira.


Eguneraketa berriak daude